Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Varios autores anónimos del siglo VIII continuaron con la obra del Fredegario hasta el año 768.
Ibilbidea
Aurreko sarrera batean ikusi dugun bezalaxe, vii. mendekoKronika franko anonimoari ––hiru egilek idatzi eta berrikusitakoari–– «Fredegarioren» kronika esan zitzaion, xvi. mendetik aitzina. Hasierako kronika hura bat-batean bukatzen da 642. urtean, eta zehatz ez dakigun une batean ––vii. mendearen bukaeran, beharbada––, egile anonimo batek obrari segida ematea erabaki zuen, gertakariak 680. urtera arte dokumentatuta. Handik gutxira, beste idazle batek hartu zion lekukoa, baina jatorriz austrasiarra zela besterik ez dakigu, eta 680tik 733ra bitarteko albisteak erantsi zituen, betiere Liber Historiae Francorum liburua iturri nagusitako erabilita. Txildebrando nobleak Austrasiako beste egile bati eman zion hirugarren zatia idazteko enkargua, eta kronikari ezezagun horrek 751ra arte luzatu zuen Chronica. Azkenik, Txildebrandoren seme Nibelungok obraren azken zatia idazteko agindua eman zuen, eta lana 768an bukatzen da, bi gauza aipatuta: errege Pepin Laburraren heriotza, eta haren bi seme Karlomanen eta Karlosen (Karlomagno) tronuratzea. Fredegarioren lanari jarraipena eman zioten egileak vii. mendearen bukaerakoak eta viii.ekoak izan ziren, eta horregatik esaten zaie continuatores edo Pseudofredegarius. Bada, haien literatur ekarpenak ezinbesteko lekukotasunak dira, erakutsi nahi duten garai historikoa ulertzeko. Haien kontakizunean, aipatzekoa da zeinen garrantzi handia duten agintari frankoen eta duke akitaniarren arteko tira-bira eta borrokaldiek. Akitaniarrak, gainera, aski goiz bermatu ziren baskoiek eskainitako indar militarrean, karolingioen politika zentralistari aurre egiteko ahaleginean.
Ingurune akitaniar-baskoiari buruz ageri diren erreferentziak ugariak dira berez, nahiz eta Pirinioez iparraldeari soilik dagozkion. Baskoiek Akitaniako dukeen armaden osaeran izandako eginkizun nabarmena aipatu behar da. Errege Txilperiko II.ak, adibidez, aberastasunak —munera— eta regnuma(Akitaniako errege-titulua ote?) eskaini egin zizkion Eudes Akitaniako dukeari (dux), Karlos Martel maiordomo karolingioaren aurkako gerran laguntzearen ordainez. Eudesek, orduan, waskoi direlakoez osaturiko armada bat igorri zuen. Maiordomoa, ordea, Akitaniako lurraldean sartu egin zen, Eudesen armadaren erasoa eragotzita (Contin.107). 742 aldean, Eudesen seme eta oinordeko Hunaldo dux edo dukea matxinatu egin zen, Akitania aldeko baskoiek lagundurik (wascones in regione Aquitania), baina porrot egin zuen, bai Bourgesen, bai Lochesko edo Luccako castrumean(Contin. 111). Ildo berekoak dira Pepin Laburraren eta Hunaldoren seme Waifre akitaniar dukearen arteko borrokaldiez mintzo diren albisteak, esaten baita soldadu waskoi haiek duxarenzerbitzuan jardun zutela, 761.-765. urteetan, Narbonatik hurbil (Cont. 127), bai Borgoinako eskualdean —Burgundian— (Cont. 128), bai Garonaz haratago —ultra Garonnam— (Cont. 130). Halaber, Narbonatik hurbil gertaturikoez esaten da baskoien zati bat zalduneria-tropak —equites— zirela, eta lehentxeago, Garonaz iparraldean izandako ekinaldietan, berriz, garnizio-lanetan aritu zirela Akitanian barna barreiatutako hainbat gotorlekutan; besteak beste, Clermonteko castrumean, Bourgesen eta Thouarsko gotorlekuan. Soldaduok, antza, beren familiak eraman zituzten berekin. Izan ere, errege Pepin Laburra gotorleku haiez jabetu zenean (761.-762. urteak), gotorlekuak defenditzen zituzten baskoiak preso hartu eta Frantiako iparraldera deportatu zituzten, emazte eta seme-alabekin batera (Contin. 125-126). Zenbaitetan, hala ere, erkidego baskoiak beren kasa errenditu ziren agintari karolingioen aurrean, dukeen kausatik urrunduta; horixe gertatu zen, konparaziora, 743.-744., 766. eta 768. urteetan. Hiru aldietan, aski izan baitzen Pepin Laburrak bere armada Garonaz bestaldean ––oro mehatxagarri–– kokatu izana, Wasconia inbaditzeko asmoz; izan ere, baskoiek berehala jo zuten Pepinengana bake eskean eta haren aginteari men egiteko (Contin. 114; 131; 134). Baskoiek Garonaz haratago egindako erasoaldirik biltzen duen kapituluetako batean dago jasoa Isidoro Sibiliakoak baskoien jatorriaz emaniko azalpen okerra, hots, lehenago baskoiei bakzeo zeritzela —qui antiquitus vocati sunt Vaceti— (Contin. 130).
Jarraitzaileek bildutako beste gertakari batzuen arabera, baskoien lurraldea iheslari eta erbesteratuen babeslekua izan zen. 673. urteari buruzko aipamenean, adibidez, kontatzen da zer-nolako purga egin zuen Neustriako maiordomo Ebroinok bere etsai politikotzat jo zuen jende ororen kontra. Horrela, tortura, erbesteratze-kondena eta heriotza-zigorretatik ihesean, aristokrata franko batzuek Loira ibaia zeharkatu zuten —Ligere transgressi—, baskoien artean babesteko —Vasconos transfugerunt— (Contin. 96). Handik urte askotara, 750 aldean, Grifo ––erregearen erdi anaia–– in Wasconian errefuxiatua zela jakinarazi zitzaion Pepin Laburrari, Waifre dukearen babespean, hain zuzen (Contin. 118). Akitaniako dukeen aurkako gerran, hala ere, inoiz ere ez zen argi adierazi frankoen armadek Garona ibaia gurutzatu eta baskoien lurraldeari eraso egin izana. Gehienez ere, armadak, hainbat aldiz, ibai-bazter hartan kokatu ziren, eta Bordele, Agen eta inguruak hartu zituzten. Azkenean, Akitaniako Dukerria 768an desagertu zen, Waifre erail izanaren ondorioz, bere aldekoek traizio egin baitzioten, lurraldea errege Pepinen mendean utzita (Contin. 135). Waifreren betiko etsaia, hala ere, hurrengo urtean hil zen, eta Akitania konkistatu berri hura Pepinen seme Karlomanen eta Karlosen artean banatu zen (Contin. 136).
Obrak
Collins, R., Die Fredegar-Chroniken, Monumenta Germaniae Historica, Studien und Texte, 44, Hannover: Hahnsche Buchhandlung, 2007.
Krusch, B., Fredegarii et aliorum chronica. Vitae sanctorum, Monumenta Historiae Germanica, Scriptorum rerum Merovingicarum, Tomus II, Hannoverae: Impensis bibliopolii Harniani, 1888.
Larrañaga, K., Euskal Herria Antzinate Berantiarrean eta Lehen Ertaroan. Materiale eta agiriak, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1992.
Bibliografia
Besga, A., Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.
Collins, R., Los vascos, Madrid: Alianza, 1989.
Lanz, J., Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.). Doktorego-tesia, Gasteiz: EHU-UPV, 2017.
Rouche, M., L’Aquitaine des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une région, in Paris: Ecole des Hautes Études en Sciences Sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.
Torregaray, E., «Vascones y vacceos: una historia de confusión», Santos Yanguas, J., eta Cruz Andreoti, G. (ark.), in Revisiones de Historia Antigua VII. Romanización, fronteras y etnias en la Roma Antigua: el caso hispano, Gasteiz: UPV/EHU, 2012, 457.-475. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. ” Fredegarioren kronika delakoaren jarraitzaileak”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 186-188.





