Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

EGAÑA JAUREGI, Bernabe Antonio (Madril, ca. 1753 – Azpeitia, 1804).

Karguak eta lanbideak

Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Aldundiaren Idazkaria

Ibilbidea

Domingo Ignacio Egaña Gonzalez-Cid eta haren lehenbiziko emazte Maria Antonia Jauregi izan zituen gurasoak. 1778ko irailaren 29an Maria Josefa Urrizola Lizardi getariarrarekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten,  Ignacia Abdona (1780), Jose Maria Victoriano (1782), Maria Brigida Juliana Dominica (1783), Julian Demetrio Ramon (1788), Ignacio Antonio (1788) eta Josefa Ignacia Egaña Urrizola (1790).

Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta 1786rako Errege Kontseiluetako abokatua zen. Madrildik Gipuzkoara etorri zen, aita Domingo Ignacioren atzetik, eta gaztea zela harekin batera jardun zuen Probintziako Idazkaritzan, horren bidez lortuz «ditudan argi eta eskarmentu eskasak, Jaun Horren bulego eta paperak erabiliz, ohore hori izan baitut azken hamaika urteetan», Probintziari urtarrilaren 12an idatzitako gutunean adierazi zuenez. Baina ez zen izan aitaren izkribatzaile hutsa izan. Haren laguntzaile zela, Idazkaritzako ofizial nagusi izatera iritsi zen, eta laguntza handia eman zion hark bere Prontuarioa, gero El Guipuzcoano Instruido izenez ezaguna izango zena, prestatzen ari zela. Gainera, beste hainbat eginkizun ere bete zituen Probintziaren aginduz.

Aita Domingo Ignacio Egaña 1786an hil zenean, Bernabe Antoniok, haren  lanpostua betetzeko, txosten bat igorri zuen Probintziara urtarrilaren 12an, Idazkaritzaren eginkizunak betetzeko eskainiz bere burua, Mutrikun egitekoa zen hurrengo Batzar Nagusia bitartean. Gainerako aktak eta despatxuak Ignacio Mandiolaren esku geratuko ziren, hildakoaren azken garaian maiz izaten ziren «huts egiteen eta gaixoaldien» kasuetan bezala. Horretarako, Idazkaritzako ofizial-eginkizunean hamaika urtez hartutako eskarmentua argudiatu zuen. Lanpostu hutsa betetzeko, erreginaren ohorezko dama Maria Agustina de Ramery andrearen laguntza izan zuen, Madriletik gutuna bidali baitzuen hark ekainaren 29an, idazkari postua Bernabe Antonio Egañarentzat eskatuz.

1786ko uztailaren 1ean berak bidali zuen gutuna Mutrikun bildutako Batzar Nagusira, esanez urte asko zeramatzala Idazkaritzan, bertako ofizial nagusia zela, 1781eko Ordiziako Batzar Nagusiak izendatuta, Gipuzkoako historiari buruzko hainbat enkargu eta izkribu egin zituela, eta lanpostua behar zuela, «zazpi anai-arreba umezurtz zituelako». Horregatik guztiagatik, Batzar Nagusiak, uztailaren 3an, «bertan ziren guztien adostasunez», erabaki zuen Batzarren eta Diputazioen idazkaria izendatzea, Foruen 1.  ataleko 11. tituluak ematen zien ahala baliatuta. Erabaki zuen, halaber, izendapena berresteko eskatzea Gaztelako Errege Kontseilu Gorenari, eta «Erregearen Idazkari» titulua emateko. Horretarako, uztailaren 18an, Probintziak idatzi zion Gortean zuen eragileari, alegia, Blas de Torres Errazkin jaunari, baina hark hilaren 31n erantzun zuenez, ez zen komenigarria titulu hori eskatzea, «egun ez baita ematen garai bateko erraztasunez».

Izendapenaren berrespena 1786ko irailaren 18an eman zuen Kontseiluak, besteak beste Campomanes kondearen sinadurarekin. Baina Bernabe Antonio Egaña izan zen Gipuzkoako Batzar eta Diputazioetako lehenengo idazkaria  «Erregearen Idazkari» titulua eramango ez zuena, 1619an Probintziak erregearen mesede hori lortu zuenetik.

Idazkaritza bere gain hartu zuen Tolosako Batzar Nagusiaren eskutik, eta bere eginkizuna eraginkortasunez eta zorroztasunez bete zuen Bernabe Antoniok. Aldi berean, Instituzio gipuzkoarrei buruzko lana osatzen ari zen, neurri batean okertu zena, Konbentzioko gerraren (1783-1785) gorabeheren eraginez. Frantsesen inbasioaren ondorioz, Gipuzkoako Gobernu-organoak modu larrian zatitu zituzten gertaera horietan, Bernabe Antonio Egañak Probintziako idazkari eginkizunean jarraitu zuen, Konbentzio frantsesaren menpeko aldean. Izan ere, Getariako Batzarrak Konbentzioari igorritako gutunean ageri diren 41 sinaduren artean, 38. lekuan, haren sinadura ageri da, hala nola, abuztuaren 14an Jose Fernando Etxabe Romero diputatu nagusiak bidalitako Batzarraren deialdian, eta ondoko beste ofizio batean ere.

Ez dakigu gerra hartan Bernabe Antonio Egañak jokatu ote zuen funtzionario soil baten gisan edo bere gogo foruzale eta ilustratutik, izan ere, ez zuen deus ere aipatu bere lanean, gerraren hasieran itxi zuelarik haren erakusketa. Azkenean, Aldundia frantsesek okupatutako eremuan geratu zelarik, azpiratutako herrietako prokuradoreak Batzarrean elkartu ziren, 1794ko irailaren 1ean, eta bertan hiru diputatu nagusi berri, kontsultore bat eta idazkari bat izendatu zituzten. Bernabe Antonio Egaña bere kargutik kanpo geratu zen, horretarako izendatu zutelako Mateo Heriz, Errege Kontseiluetako abokatu eta lizentziaduna.

Basileako bake-ituna sinatuta amaitu zen gerra, eta frantsesek Gipuzkoatik alde egin zuten, 1795eko uztailaren 22an. Urte haren bukaeran, Zestoan bildutako lehenengo Batzar Nagusian, bere lehengo kargura itzultzeko aukera eman zioten Bernabe Antoniori, «Herizekin txandaka arituz hainbat urtez», bizi ziren bitartean. Soldatako 12.000 errealak erdi bana hartuko zituzten, gehi Dohaintzaren Tertzioaren Gordailuko 200 dukatak, eta ordainsaria karguan ari zenarentzat izango zen.

Garai hartan, Probintziak bertako paperak ordenatzeko agindua eman zion Bernabe Antonio Egañari, «desordenatuak eta nahasiak baitzeuden»; eta lana gogorra izan bazen ere, 1800eko ekainaren 30ean Tolosako Batzar Nagusian aurkeztu zuen egindako inbentario alfabetiko-kronologiko «mardula».

Txandaka aritzeko sistemak arazoak ekartzen zizkien (abokatu aritzea galarazten zien) eta soldata partekatua nahikoa ez izanik, bi idazkariek eskatu zioten, 1801eko uztailaren 11n Zumaian bildutako Batzarrari, konponbidea bilatzeko. Kasua Probintziako korrejidore Alfonso Duran Basazabalen esku utzi zen. Bi idazkariek aho batez eskatu zuten Idazkaritza batentzat izatea bakarrik, bizi zen artean, eta ondoren bestearen esku geratzea, hura bizi bazen, betiere; soldata erdibana izango zen, ordura arte bezala, baina gainsariak karguan ari zenarentzat bakarrik; ordezko bat jarri behar zela lanera ezin joan edo gaixotasun arazoetarako, eta hirugarren ofizial izkribatzaile bat ere bai, Probintziaren kontura, (eguneko zilar-kobrezko bederatzi errealeko soldatarekin); halaber, beren alargunen etorkizunerako pentsioa eskatzen zuten, 300 dukat urteko, bakoitzarentzat; eta karguan ari ez zenak etxera itzultzeko eskubidea izan behar zuen, Probintziako Batzarretara joan beharrik gabe.

Batzarrak proposamena onartu eta bi idazkariei eskaini zien berek aukeratzeko nor geratuko zen lehenik Idazkaritzan. Mateo Herizek Bernabe Antonio Egañaren esku utzi zuen erabakia, «karguan zaharrena zelako», eta Egañak karguan jarraitzeko gogoa adierazi zuen. Hala erabaki zuen Batzarrak uztailaren 11n, eta Kontseiluak onespena eman zion, 1801eko urriaren 31n.

Urte gutxiz aritu zen karguan Bernabe Antonio Egaña, osasunez eskas zebilelako. Seme Jose Mariaren laguntza zuen ofizial izkribatzaile gisa, eta alarguna zen zenbait urte lehenagotik. 1803ko abenduaren 31ko Aldundiaren batzarrera joan zen, baina 1804ko martxoaren 10erako aurreikusia zegoena ez zen bildu, hura gaixo zegoelako. Martxoaren 12an, Aldundiak haren heriotzaren berri eman zuen eta Mateo Herizi eskatu zion Idazkaritzaren ardura hartzeko.

Hil zenean, Gorteko eragile Blas de Torres Errazkinek nahigabe handia adierazi zuen «pues le amaba tiernamente por su integridad y vella intención», Probintziarentzat galera handia zela gehituz. Antzeko iritzi zenbaiten eraginez, Probintziak pentsio bat ezarri zuen artean gazteak ziren seme-alabentzat.

Bernabe Antonio Egaña oso gaztetik erakutsi zituen kemen eta kultura handiak, aita Domingo Ignacio Egañaren babesean hezitakoak, hari lagundu baitzion El Guipuzcoano Instruido lanaren eginkizunean.

Bizi zen bitartean eginahalak egin zituen, lan guztietan, euskal eta batez ere gipuzkoarren foruen berezitasuna zabaltzen, argudio historiko eta juridikoak erabiliz, eta xviii. mendeko foraltasun gipuzkoarraren defendatzaileen erreferente zehatz eta argia bihurtu zen. Azpeitian hil zen, 1804ko maiatzaren 12an.

Bernabe Antonio Egañaren lana funtsezkoa da Gipuzkoako xviii. mendea ulertzeko. Batez ere haren azken lanean, Instituciones y colecciones histórico-legales pertenecientes al gobierno municipal, fueros, privilegios y exempciones de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa, izenekoan, egilearen lekukotasun fidagarri, zehatz eta egiatia agertu nahi duela erakutsi zuen. Bere garaiko gaiak izanik, eta, batez ere, Batzar eta Diputazioetako erregistroak eta Probintziaren artxiboko dokumentazioa erabiltzen zituenez, garai haren egiazko notario baten eginkizuna bete zuen, Konbentzioko gerraren urte latzetan izan ezik.

Legegizon ikasia izateak balio berezia ematen dio haren lanari, garai hartako Zuzenbidearen agerpen fidela osatu baitzuen. Bi liburukitan idatzi zuen lana, orrialdeak iruzkinez osatuz —bigarrena amaitu gabe utzi zuen—, eta haren seme-alabek eraman zuten Diputaziora, 1814an. Lanari buruz hitz egin zuten hainbat Batzarretan, eta batzorde bat osatzea erabaki zuten, irizpen bat eman zezan. Azkenik, 1816ko uztailaren 11n, Zestoan bildutako Batzarrak erabaki zuen ezen «interesa mucho se conserve […] en la Secretaría para instrucción de la Diputación».

Bernabe Antonio Egañak, bere lanean, Gipuzkoako erakundeen egitura osoa aztertu zuen lehenbiziko aldiz, Probintziako multzo gisa ulertuta, eta horretarako bere sistema propioa sortu zuen, erakunde bakoitza aztertuz garapen egoki batean. Lanaren Hitzaurrean «Forua» kontzeptua eta gipuzkoarren Zuzenbidearen gainerako iturriak aztertu zituen. Lehenbiziko liburukian, hamalau ataletan aztertu zituen bertako Zuzenbide publikoko erakundeak, eta bigarren liburukian, bi ataletan, gipuzkoarren noblezia eta kaparetasuna aztertu zituen, eta haien jatorrizko askatasuna, ohiko petxak eta zergak ordaintzeko salbuespena; amaieran, azterlan oso ongi dokumentatu bat egin zuen Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrari buruz.

Batzar Nagusien erabakiz, lan hura Idazkaritzaren erabilera hutserako gorde zenez, ez dute ezagutu ahal izan ikerlariek 1992an argitaratu zen arte, lan mardula, garrantzitsua eta egun ere indarrean dena izan arren. Zama ideologikoa handiagoa den zatietan, garai hartako pentsamenduaren erakusgarri argia da, nolabait Gipuzkoako pentsaera «publikoa» agertzen baitu. Diputazioak ez baitzuen alferrik onetsi Egañaren lana, eta Batzar eta Diputazioetako idazkaria zen, funtzionarioa, alegia, gizon «publikoa», erakunde probintzialak gogotsu defendatu zituena, uste osoa zuelako haien balioan eta eraginkortasunean.

Bernabe Antonio Egañaren ekoizpen historiografikoa egiaz azpimarragarria da. 1784an, Derechos del Señorío de Vizcaya y Cuatro Villas de la Costa de la Mar a la pesquería de bacalao y ballenas en Terranoba izeneko lana idatzi zuen, bertan defendatzen zuela herri haien eskubidea arrantza mota haietan aritzeko, frantsesek beren burua jotzen baitzuten Ternua eta Groenlandiako aurkitzaile, eta «euskaldunak» esatean lapurtarrak eta biarnesak bakarrik zituztelako gogoan.

1788an Tolosan inprimatu zuen, Francisco de La Lamaren inprimategian, bere bigarren lana, Continuación de la Memoria que sobre las fábricas de anclas, de palanquetas, de baterías de fierro, la fandería y otros establecimientos de la Provincia de Guipúzcoa dio a luz Don Juan Antonio Enríquez, del Consejo de S. M., su Secretario, Ministro General de Marina y Juez de Arribadas de Indias en los puertos de dicha Provincia. Bertan aitortzen zuenez, hura egin zuen «Ministroaren eginahalak lortu ezin izan zituen zenbait notizia osatzeko» eta era horretan, haren  «tiro pozoitsuei» aurka egiteko, Koroarekiko Gipuzkoak zuen fideltasuna erakusten zuten datuak emanez, eraso haien ezintasuna eta eskaskeria agerian jarriz eta Foruak gorde eta bete beharra azpimarratuz.

1786an Mutrikuko Batzar Nagusiari idatzi zion, herriek bidaltzen zituzten Notizia Geografikoak prestatzen eta koordinatzen ari zela esanez, Historiaren Errege Akademiara bidaltzeko, Gipuzkoaren Deskripzio Orokor batekin batera. Diccionario histórico-geográfico del País Vasco lanaren sarreraren egile Manuel Abellak 1802an adierazi zuenez, Bernabe Antonio Egañak «laudorio berezia merezi zuen, hiri nagusi gehienak deskribatu zituelako, eta Probintziaren topografia eta herri guztien berri zehatza eman zuelako, Batzarretan botoa emateko eskubidea duten suak eta han betetzen duten aulkia ere zehaztuz».

Obrak

Instituciones y colecciones histórico-legales pertenecientes al gobierno municipal, fueros, privilegios y exempciones de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa. Amaitu gabea, Díez de Salazar Fernández, L. M., eta Ayerbe Iribar, M.ª R. (arg.), Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia 1992.

Disertación sobre el descubrimiento de Terranova, 1772.

Continuación de la memoria, que sobre las Fábricas de Anclas, de Palanquetas, de Baterías de Fierro, la Fandería, y otros establecimientos de la provincia de Guipúzcoa, dio a luz D. Juan Antonio Enríquez del Consejo de S. M. su secretario, Ministro general de Marina, y Juez de Arribadas de Indias en los Puertos de dicha provincia. Escribíala D. -, Secretario de Juntas y Diputaciones de esta Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa, para suplemento de varias noticias que no pudo adquirir el zelo de aquel Ministro, Tolosa: Francisco de la Lama, 1778.

Derechos del Señorío de Vizcaya y Cuatro Villas de la Costa de la Mar a la pesquería de bacalao y ballenas en Terranoba, 1784.

Estado general de la cantidad de fanegas de trigo, que se cogieron en cada uno de los pueblos, y uniones [de Gipuzkoa], 1787.

Continuación de la Memoria que sobre las fábricas de anclas, de palanquetas, de baterías de fierro, la fandería y otros establecimientos de la Provincia de Guipúzcoa dio a luz Don Juan Antonio Enríquez, del Consejo de S. M., su Secretario, Ministro General de Marina y Juez de Arribadas de Indias en los puertos de dicha Provincia, Tolosa: Francisco de La Lama, 1788.

Bibliografia

Ayerbe Iribar, M.ª R., «Los Egaña, una saga de foralistas guipuzcoanos (s. xviii-xix)», Notitia Vasconiae, 1 (2002), 189.-216. or.

Díez de Salazar Fernández, L. M., «Las “Instituciones” públicas de Guipúzcoa, una obra inédita de Bernabé Antonio de Egaña (h. 1752-1804)», in Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Aldizkaria, Riev, , 41. libk., 1.-2. zenbakiak (1985), 97.-149. or.

Díez de Salazar Fernández, L. M., eta Ayerbe Iribar, M.ª R., «Introducción», Díez de Salazar Fernández, L. M., eta Ayerbe Iribar, M.ª R. (arg.), «Bernabé Antonio de Egaña», in Instituciones Públicas de Gipuzkoa, s. xviii, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1992.

Aipamen bibliografikoa

Ayerbe Iribar, R. Mª., “Egaña Jauregui, Bernabe Antonio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 479-483..

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP