Karguak eta lanbideak
Jurista eta enpresaburua
Ibilbidea
Aitaren aldeko aitona Jose Txurruka Ezenarro izan zen (Mutriku, 1790eko otsailak 18 – Zaragoza, 1849ko ekainak 25), hau da, Julian Txurruka Elortzaren semea, abokatua eta hainbat urtetan Mutrikuko alkate izandakoa (1787, 1790, 1794 —frantses inbasioaren aurka borrokatu zenean—, 1797, 1800, 1815 eta 1827). Aita bezala, Jose ere Zuzenbidean lizentziatu eta abokatua izan zen; gero, Bergarako barruti judizialeko lehen auzialdiko epailea, Hirurteko Liberalean. Epailetza hura eman zitzaion, beste meritu batzuen artean, Reflexiones a las Cortes sobre la ley de elecciones de Ayuntamientos lanaren egilea izan zelako (Madrilen, 1821ean argitaratua). Gero, absolutismoa berrezarri zenean, zigortu zuten. Ondoren, ordea, Gipuzkoako Diputazioak diputatu nagusiaren aholkulari izendatu zuen (1825). Handik hiru urtera, Mutrikuko alkatea izan zen; aurrerago, Gipuzkoako diputatu nagusia, Iruñeko entzutegiko magistratua eta Zaragozako entzutegiko presidentea, Gipuzkoako diputatua Gorteetan 1843an, Kongresuko presidenteordea 1845-1846an eta Erresumako senataria. Halaber, Karlos III.aren Errege Ordenako zalduna izan zen eta Isabel Katolikoaren Errege Ordena Amerikarraren Gurutzea eman zioten. 1828an, Maria del Carmen Brunet Fernandez de Arroiaberekin ezkondu eta, horrela, Donostiako familiarik gorenetako batekin ahaidetu zen.
Cosme Txurruka Dotresen aita ere Cosme zen, jurista eta magistratua —Burgosko Entzutegiko Salako presidentea izana, bai eta Valladolideko eta Donostiako Salako presidentea ere. Granadako Lurralde Entzutegiko presidentea zela, hartu zuen erretiroa—. Euskaltzale ezaguna izan zen eta, 1897an, Gipuzkoako Diputazio Probintzialari egindako proposamen baten egilea, euskararen akademia bat sor zezan. Anaia, Evaristo Txurruka Brunet izan zen, ingeniari ospetsua eta Bilboko portuko obra-zuzendaria. Bada, Mutrikuko konde titulua eman zioten bere lanaren esker onean (eta haren semeak, Alfonso Txurruka Calbetonek, El Abrako konde titulua jaso zuen, 1969an); beste anaia bat, Alejandro Txurruka Brunet, Cadizko Itsas Barrutiko kapitain jenerala izan zen, itsas armadako almiranteorde mailara iritsi, eta Gerra eta Itsas Armadako Kontseilu Goreneko kidea ere bai.
Azken buruan, Cosme Txurruka Dotres Gipuzkoako familiarik seinalatuenetako batean jaio zen, familia hark itsasgizon, militar eta goi funtzionario nabarmen askoak eman baitzituen: arestian azaldu dugun bezala, aitaren aldeko aurre-aurreko guztiak juristak eta eragileak izan ziren tokiko nahiz probintziako bizitza publikoan XIX. mendean zehar; eta Julian Txurruka birraitona, berriz, Cosme Damian Txurruka Trafalgarko itsas guduko heroiaren anaia.
Cosme Txurruka Dotres, beraz, Cosme Txurruka Brunet (Mutriku, 1830eko urtarrilak 18 – Donostia, 1898ko urtarrilak 17) eta Maria Ventura Dotres Zinza (Paris, 1846ko urtarrilak 4 – Donostia, 1920ko irailak 24) senar-emazteen lehensemea izan zen. 1893an abokatu-titulua eskuratu eta, hurrengo urtean, Madrilgo Abokatu Elkargoan sartu zen. Anai-arrebak ere nabarmendu ziren (Maria del Pilar, izan ere, Joaquin Carrion Garagartzarekin ezkondu zen, hau da, Gipuzkoako Diputazioko presidentearekin; Felix, berriz, Armadako Infanteriako teniente-koronela eta Gipuzkoako Mikeleteen burua izan zen, Gerra Zibilean hila; María del Carmen, bestalde, Juan Antonio Güell Lopez Del Pielagorekin ezkondu zen (Güellko II. kondea, Comillasko III. markesa eta San Pedro de Ruiseñadako VI. kondea), hots, jurista, idazle, enpresaburu eta Bartzelonako alkatearekin; eta Pablo, azkenik, Aycinenako IV. markesarekin ezkondua, hainbat herrialdetan izan zen enbaxadore eta Vatikanon ere bai (Karlos III.aren Gurutze Handia, Isabel Katolikoarena, eta San Raimundo de Peñafortekoa; Historiaren Akademiako kidea, Erregeren Ganberako Aitoren Seme, Santiagoko Ordenako Zalduna).
1910eko ekainaren 21eko Errege Dekretuaren bidez eman zitzaion Cosme Txurrukari Churrucako Kondetza (Gaceta de Madrid, 173. zk., 1910eko ekainaren 22an argitaratua). Noblezia-titulu espainiarra da, errege Alfontso XIII.ak Cosme Damian Txurruka Elortzaren ohorez sortua. Cosme de Txurruka Dotres Bartzelonan bizi eta han ere hil zen, Tabacalera de Filipinas-ko zuzendariordea eta Administrazio Kontseiluko idazkaria baitzen (hura Espainiako lehen multinazional handitzat jotzen da, Bartzelonan 1881ean sortua; lantegiak zituen Filipinetan eta, merkataritza-bulegoak, dozena bat herrialdetan, mundu erdian ardoa eta azukrea salduta), herrialde hartan hainbat urtez egon eta gero. Hil zenean, Erregearen asteko maiordomoa zen eta Isabel Katolikoaren Gurutze Handia emana zioten. Semeak eta ilobak jarraitu zioten konde-tituluan (lehenik, Cosme eta Ricardo semeak; azken hori arkitekto ospetsua, Isabel Colon de Carvajalekin ezkondua; gero, Ricardo semeak jaso zuen titulua eta, ondoren, haren arreba Maria Isabelek; zehazki, Churrucako V. kondesa da gaur egun).
Cosme Txurruka Dotresek lan foruzale dibulgatzaile bat idatzi eta 1915ean plazaratu zuen: Fueros de Guipúzcoa. Breve exposición de los mismos, según se sostienen en el libro titulado «Nueva recopilación de los Fueros, Privilegios, buenos usos y costumbres, leyes y órdenes de la M. N. y M. L. provincia de Guipuzcoa» publicado en Tolosa el año 1867. 318 orrialdez hornitua, Gipuzkoako Foruen edukia ezagutaraztea izan zuen helburu eta, horretarako, jatorrizko testu foralaren laburpen osoa egitea hobetsi zuen, azalpen laburrak emanda eta noizbehinka iruzkin pertsonalak eginda, betiere Foruen eta haren berrespenen azalpenean idazkera korapilatsurik erabili gabe. 308 orrialde ditu, bai eta hitzaurrea (16 orrialde) eta azken gogoetak (10 orrialde) ere.
Lanaren hitzaurreak («La razón de estas páginas» izenburukoa) foru erregimena aldarrikatzen du («Haren onuragarritasuna, arraza baskongadoaren muineraino sustraiturik, belaunaldiz belaunaldi transmititu zen ia gaur eguneraino; horren ondorioz dira gizabanakoa, familia, Gipuzkoako udalerria eta probintzia jende orok miretsi eta maitaturiko arketipoak») eta abolizioaren kontra jo zuen: «Beharrezkoa izan da XIX. mendea iristea, gure agintariek —Frantziako Iraultzaren eta zentralismo kaltegarri eta begirune gabearen maxima eta printzipio liberal baina suntsitzaileez aserik, abantaila ulertezinak dituen batasun baten izenean, baina benetan sentimendu basati mendekatzaile bati erantzunez— beren boterea baliatu ahal izan dezaten, arraza oso baten mendeetako obra gizon baten keinu harroaren bidez eta, obrari berari begiratu ere egin gabe, suntsitzeko». Alabaina, kontua ez da Foruak hitzez hitz mantentzea: «Ez dut nik esaten, eta ez dut uste inork esango duenik, Foruak ziren bezalakoak izan behar zirela beti. Naturala da denbora haien gainean igaro izana eta haiek aldatzea. Giza legeak ez baitira betierekoak. Baina legegileak, dena zigortu eta suntsitu ordez, zegoena hobetu nahi izan balu, egungo garaiaren mailara ekarriz, jokatu zuenaz oso bestelako moduan jokatuko zukeen. Mendeak eskaturiko ezinbesteko erreforma hura probintziak berak egingo zukeen modu zientifiko eta zuhurrean, erregearen eta haren gobernu arduratsuak onetsirik, eta ez zukeen izango izan zuen helburu suntsitzailea». Foruen aldeko sentimendua mantentzen zela jaso zuen; bere aurreikuspenen arabera, areagotu egingo zena. Izan ere, «bihotz baskongado asko eta adimen batzuk biltzen ari dira oraindik definitu gabeko eta kolore zurbileko baina gure begietarako erakarpen-ahalmen handia duen entseina baten inguruan, eta bildu ere, bai grina handia, bai konbentzimendu handi samarra, bai eta zintzotasunez maite duen jendetza zintzo eta kementsua ere, eta laster, maite duen huraxe lortu nahiko du biziki. Hirietan eta bertako gune literario eta politikoetan nagusiki altxatzen ari den entseina horrekin, hasi da jendea hautestontzietara joaten, eta, normala denez, haren aldekoen kopuruak gora egin behar du egunez egun. Haien borrokak, laster, garaipenak izanen dira», baina desio du mugimendua ez dadila «uholde hondagarri» bihurtu.
Hitzaurrearen puntu horretan, egileak bere liburuaren helburua argitu zuen: «Oraindik ere olaturik eta denboralerik osatu ez baina nola-halako indarra duen korronteak sortu dituen mugimendu horren ondorioz, asko hitz egiten ari da Gipuzkoan bere Foruez, eta aise da ikustea oso gutxik ezagutzen dituztela (…). Hortik heldu da Foruen gaineko ezagutza zabaltzen laguntzeko nire nahia, betiere nire bitartekoen arlo xumean, haien irakurketa jende guztiarentzat erraztuta, hori ia ezinezkoa baita gaur egun publikoarentzat oro har; izan ere, Soraluze ospetsuak bere Historia de Guipúzcoan Foruez egindako zerrenda txit laburraz gain (…) eta Zuzenbideko tratatugile batzuek ondutako azterlan juridikoaz landa, ez dut tankera orokorreko obretan libururik ezagutzen (ez dut esan nahi ez dagoenik), probintziako borondate oneko gizonek aipatu irakurketa egin ahal izan dezaten, ez bada iturrian bertan edanez, hau da, Foruak berak irakurriz, eta oso gutxik dute hori egiteko astia, testua zaila, astuna eta nahaspilatua delako eta eginkizun nekeza delako behar adina ale topatzea». Foru xedapenen laburpena osatu ondoren (lanaren zatirik handiena hartzen du), Foruen berrespenei eskainitako atal bat dator, bai eta bukaerako orrialdeak ere, 1839ko Legeaz aritzeko («Orduan jada ordezturik (…) Gaztelako Erregeen botere absolutua Espainiako Gorteen boterearekin, hain zuzen Gorteei zegozkien Foru haien berrespena egitea, eta horrelaxe egin zen 1839ko urriaren 25eko Legearen bitartez (…); lege hori gure lege zaharren berrespena da (…). Lege itundu bat da, eta Hitzarmenaren ondorioa izan zen; ez, ordea, Kapitulazioaren ondorioa»), bai eta 1876koaz ere («Uztailaren 21eko Legea bete egin zen, Probintziarako duen alde kaltegarriari dagokionez; baina 4. artikulua ez da bete, oraindik ez delako eman gure foru erregimenerako beharrezkoak eta komenigarriak diren erreformak ezartzeko xedapenik»).
Lanaren hitzaurrea Euskal-Erria aldizkarian eman zen, honako sarrera honekin «Churrucako Kondeak Fueros de Guipúzcoa izeneko liburua argitaratu berri du, erabat interesgarria. Euskaldun horrek aukera duen orotan agertzen du modu nabarmenean euskal herriko gauzei eta ohiturei dien maitasuna. Foru dokumentatu eta iruzkindua da, izaera kritiko oso estimagarriaren bidez ikusia. Foruaren gaineko azterketa berria da. Modalitate egoki-egokia da, foru legeria gutxien prestaturik dauden adimenen eskura jartzeko».
Obrak
Fueros de Guipúzcoa: breve exposición de los mismos, según se contienen en el libro titulado «Nueva recopilación de los Fueros, privilegios, buenos usos y costumbres, leyes y órdenes de la M.N. y M.L. provincia de Guipúzcoa”, publicado en Tolosa en 1867, por el Conde de Churruca, Madrid: Tip. de la Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1915.
Bibliografia
«Fueros de Guipúzcoa por el Conde de Churruca», Euskal-Erria, 73 (1915), 407-412. or.F





