Karguak eta lanbideak
Kazetaria, historialaria eta ekintzaile politiko eta soziala
Ibilbidea
Karlistaldian Errenteriara destinatutako soldadu liberal baten eta neska errenteriar baten semea izan zen. Bozas oso familia xumean hazi zen. Errenteriatik laster alde egin bazuen ere, beti izan zuen lotura handia jaioterriarekin. Bere kasa ikasia, Evaristo txikitandik hasi zen lanean. Hamabi urte zituela, okindegiko mutila izan zen, ogia Errenterian banatuta 1900era arte. Orduantxe ezagutu zituen gero bere idazlanetan jaso zituen istorioak eta kondairak. Ondoren, inprimategiko mutila eta tipografo-ikastuna izan zen hainbat aldizkaritan eta horrelaxe aurkitu zuen bere zaletasuna, kazetaritza, alegia.
Kazetaritzatik ekinbide politiko sozialistara igaro zen. Oso gazte zelarik, Adelante izeneko astekaria zuzendu zuen Eibarren. Hartan argitaratutako artikulu antimilitarista batzuek eraginik alde egin zuen Amerikara, 17 urte besterik ez zituela.
Amerikan, kazetari aritu zen lanean Argentinan eta Montevideon. El Alcoholismo izenburuko liburuxka argitaratu zuen, arazo hura interesgarria baitzitzaion ikuspegi sozialetik eta erregenerazionistatik. Uruguaiko hiriburuan, La Baskonia aldizkariko berriemailea zelarik, euskal komunitatea astindu zuten eztabaidetan parte hartu zuen, frantses euskaldunei Euskal Zentroko atea zabaldu behar zitzaien edo ez. Atea zabaltzearen alde zeudenekin batera, Euskal Erria izeneko zentro berria sortu zuen 1912ko martxoan. Zentro hartako idazkari izendaturik, ekainaz geroztik izen bereko aldizkaria zuzendu zuen, baina denbora laburrerako, bere lankideekin haserretu baitzen eta bi karguak utzi zituen, ika-mika labur baten ondotik.
Itsasoz bi aldeetan ekintzaile ariturik, mugimendua Uruguain eta Txilen zertan zen azaltzeko artikuluak idatzi zituen Vida Socialista astekarian. Handik gutxira, Argentinako Tres Arroyos hirian kokatu zen, La Voz del Pueblo zuzentzeko. Bertako jauntxoen talde politikoen arteko borroketan esku hartu zuen.
1916an, beste egile askorekin batera, Los baskos en la Nación Argentina obran parte hartu zuen, «Los baskos en el Uruguay» atala onduta. Lanak Argentinako euskal immigrazioaren mende baten Historia bildu nahi izan zuen. Oparo eta dotore ilustraturik, euskal Historiari buruzko atal batzuk idazteaz gain, euskaldunek Amerikako aurkikuntzan eta konkistan izaniko parte-hartzeari buruzko atalak ere ondu zituen, bai eta euskal sustraiko pertsona ospetsu argentinar eta uruguaiarrei buruzkoak ere.
1921eko hasieran, ekimenez beterik itzuli zen Donostiara: hots, Argentinari buruzko hitzaldi polemiko bat Ateneoan; Leitzan astekari bat egiteko saiakera —herriko taldeen arteko borroka azaldu nahian, Argentinakoaren ildoarekin bat—; aldizkari bat egiteko saiakera antzua Círculo Easonense-ren interesak defenditzeko; azkenean, La Voz de Guipúzcoako erredaktore sartu zen, baina egunkaria utzi zuen hilabete gutxiren buruan, 1922an, zuzendariarekiko desadostasunen ondorioz.
1921eko irail eta urrian, «Rentería, en la Leyenda y en la Historia» izenburuko artikuluak idatzi zituen La Vozen. Bada, zortzi kronika horiek bilduz, sakonduz eta, zenbaitetan, moztuz, ondu zuen bere lan nagusia —Andanzas y mudanzas de mi pueblo. Rentería en la Memoria y en la Historia—, 1921eko urrian plazaratua. «Adiskide batzuen eskari adeitsuari erantzunez, nire kronikak bildu ditut liburu txiki honetan, zuzenduak eta handituak irakurlearen martirio handiagorako. Alde historikoa eta biografikoa zabaldu dut, iduri duelako oro har onartzen dela Carlylek emandako teoria biografiak historiaren ezagutzan duen eraginkortasunari buruz. Liburu honetan hogeita bost dira La Voz egunkarian argitaratutako kronikak; horrek ez du fitsik areagotzen liburuaren interesa, baina egilearen ahalmen opiazeo gaindiezin eta imitaezinak uzten ditu agerian».
Liburua 25 kapitulutan egituratua dago; batzuk egilearen beraren eta familiaren historiari eskainiak; beste batzuk, etxekoengandik eta Errenteriara egindako bisitengatik jasotako istorio eta kondairei, eta halaber, bada jaioterriko Historiaren alderdi batzuei eskainitakorik. Bozas buru-belarri aritu zen Errenteriako udal artxibo oparoak gordea daukan dokumentazioa miatzen, bai eta Juan Ignacio de Gamonen lana ere. Horrek herriaren bilakaera jasotzeko bidea eman zion, hura 1320 aldean sortu zenetik, eta hori guztia dokumentazio hartatik beretik bildutako «istorio», auzi eta gertakariekin apailatu zuen. Eta, oroz gain, errenteriar ospetsuen biografia txikien egiazko bilduma egin zuen: armagizonak, marinelak eta bidaiariak, baina, aldi berean, eta era berezi batez, kultur gizonak: olerkariak, filosofoak, hizlariak eta elizgizon ilustratuak. Ez zuen Bozasek euskal kultura herrikoia baztertu, azken kapituluak bertsolari eta euskal idazle errenteriarrei eskaini zizkielako.
Koldo Mitxelenak Evaristoren seme Rodolfok 1976an argitaratu zuen ele biko berrargitalpenaren hitzaurrean ongi esan zuen bezala, «uste dut Evaristo Bozas Urrutiak ez zituela inola ere ondu, kazetaria zen aldetik, idatzitako artikuluak bere jaioterriko Historia letra larriz kontatzeko —gero, liburu batean bilduak—». Ez zuen horrelako xederik izan, baizik eta, kazetaritza-asmo garbiarekin, kronika sorta bat ondu nahi izan zuen, haietan tartekatzeko bai gertakari historikorik nabarmenenak, bai ahozko memoriak transmititutako istorio eta kondaira zaharrak.
1923ko apirilean, El País Vasco egunkaria plazaratu zen, Bozasek zuzendua, probintziako politikan interesatutako baina Diputazioak zuzendutako botere probintzialetik baztertutakoen ekimenez. Kontzertu Ekonomikoa berritzea izan zuen ardatz, euskal autonomiaren alde eginez, Estatuaren lurralde batasunaren baitan. Handik hilabete gutxira, Primo de Riveraren altxamendua zela eta, egunkariak, hasieran, ildo anbibalentea agertu zuen «erregimen somatenista berria» esaten zionari buruz. Aurreko erregimenaren erorketa deitoratu ez eta berriaren asmo erregerazionistak begikotasunez ikusi zituen, baina, hain zuzen ere, Gran Somatén Español erakundea sortu izana kritikatu zuen, beldur baitzen hura ez ote zen alderdiko milizia bat izango, Italiako Alkandora Beltzen antzekoa. Komenigarri iritzi zion diktadurari, baina labur, «izan ere, beldur gara erregimen horrek ez dituela nazioaren idealak ulertuko eta, beldur ere, ez ote den Diktaduran betikotuko». Bada, erregimenak irekitako bide berriak igarririk, Bozas eta Kontseilu Editorialeko kideak bide haietan barneratu ziren.
El País Vasco, beraz, Primo de Riveraren jarraitzaileen talde baten ordezkari bihurtu zen Gipuzkoan. Bozasek, egunkaritik, kanpaina asko abiarazi zituen bata bestearen atzetik «politika zaharra» esaten zionaren aurka: zehazki, integrismoaren eta haien La Constancia egunkariaren aurka nahiz Diputazioko agintarien aurka, 1924an; edo Donostiako Udaleko talde nagusiaren aurka, 1926an. Halaber, Primo de Riveraren Unión Patriótica alderdiaren kontrola hartzeko saialdian esku hartu zuen, 1927an. Kanpaina gehienak porrot hutsa izan ziren eta, 1927ko bukaeran, Bozasen adiskideak alderditik kanporatu zituzten.
Era berean, aurreko urteetan CNTren kontrapisu izateko asmoz sortutako sindikatu libreen antolaketan aritu zen. Sindikatu horiek Bartzelonako «berunezko urte»en protagonista izan ziren, CNTren kontrako borrokarengatik, eta Direktorioaren beraren sektoreen babesa jaso zuten, UGTri aurre egite aldera. Bozasen ekimenez, El País Vasco sindikatu haien organo ofiziosoa izan zen eta probintzian sindikatu horretako taldeak sortzeko lanari ekin zion, arrakastarik gabe ekin ere. 1927ko azaroan, Sindikatu Libreen III. Kongresuan parte hartu zuen. Are gehiago, segurutzat jo zen postu baterako izendatuko zutela Kontsultarako Asanblea Nazionalean sindikatuen ordezkari izateko, baina ez zen izendapenik izan (hura Primo de Riveraren parlamentu korporatiboaren saiakera izan zen).
Bat-batean, 1928ko urtarrilaren 8an, El País Vasco egunkariak iragarri zuen Bozasek zuzendaritza utzi zuela, Argentinara itzultzekoa zelako, Tres Arroyosera, hain zuzen ere. Hango El Diario del Pueblo zuzentzera joan zen, hau da, tokiko boterea bereganatu nahian ari ziren taldeetako baten tresna zuzentzera. Borroka giro hartan, atxiloketak, erailketak eta udaletxearen aurkako erasoak gertatu ziren, bai eta bahiketa bat ere. Bada, Bozas iritsi zenetik, giroa are gehiago gaiztotu zen, kinielen kontura kanpaina bat abiarazi zuelako. 1929ko apirilaren 18an, gauez erredakziora zihoala, haietako batekin topatu eta sekulakoak esan zizkioten elkarri. Bozasek besteari bastoi-ukaldia eman eta, erantzunez, besteak hiru tiro bota zizkion sabelera eta hankara, bertan zerraldo erorita.
Albistea ia hilabete geroago iritsi zen Europara. Erreakzioen artean, Cesar Gonzalez-Ruano jaunak Madrilgo El Heraldon idatzitakoa da nabarmentzekoa. Hauxe esan zuen errenteriarraz: «gizon irekia, atsegina eta bortitza. Bortitza bere eskuzabaltasunean eta abentura-sukarrean. Bizi zen hiriak ito egiten zuen». Hainbat hitz jarri zituen Evaristoren ahotan, egilearen iritziz Bozasen izaeraren guztiz adierazgarriak: «Gazteria ergela da… Nahiago du hemen nazkaz hiltzea, kafeaz ez aldatzeagatik. Gainera, ez dut ulertzen heriotzari beldurra izatea. Heriotza berdin dator Artxandan eta Arequipan.
Sabela zaintzen dizute eta labankada batez edo tiro bortitz pare batez hiltzen zaituzte…».
1928an, azken liburuxka ezaguna plazaratua zuen, «La Tragedia del Emigrante». Sindikatu libreen antolaketan ziharduela, langile espainiar emigranteen egoeran pausatua zuen jada begirada. Argentinara itzulirik, gaiari berriz ere ekin eta langile emigranteak babesteko neurriak hartzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari.
Obrak
El Alcoholismo, 1908. Liburuxka.
«Los baskos en el Uruguay», in Los baskos en la Nación Argentina, Jose R. de Uriarte, La Baskoniako zuzendaria, Buenos Aires, 1916.
Andanzas y mudanzas de mi pueblo. Rentería en la leyenda y en la historia, Donostia: Ed. Jose María Otegui, 1921. Berrarg. elebiduna: Nere herriaren ibillaldiak eta gora-beherak (Errenteria kondairan eta ipuin-zaharretan) = Andanzas y mudanzas de mi pueblo: (Rentería en la leyenda y en la historia); R. Bozas-Urrutiak ikuskatu, oharpenez ornitu ta euskarazko itzupenbatez geitua; Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1976.
La Tragedia del Emigrante, 1928. Liburuxka.
Bibliografia
ALVAREZ GILA, O. (koord.), Organización, identidad e imagen de las colectividades vascas de la emigración, siglos XVI–XXI, Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010, 213 or.
IRUJO AMETZAGA, X. eta IRIGOYEN ARTETXE, A.M., La Sociedad de Confraternidad Vasca Euskal Erria de Montevideo (Urugai), Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2007.
SANZ GOIKOETXEA, E., «Ideologia eta gatazka Montevideoko euskal etxeen eraketetan», Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria, 69 (2009), 25-49. Or.
WIKIPEDIA, «Evaristo Bozas». Online arg.: https://eu.wikipedia.org/wiki/Evaristo_Bozas (2023ko uztailak 22).





