Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

BERNADOU, Jean-Baptiste Charles (Baiona, 1841eko ekainak 25 – Cauterets (Pirinio Garaiak), Frantzia, 1901eko abuztuak 10).

Karguak eta lanbideak

Negozio-gizona, politikaria, artxibozaina eta historialaria

Ibilbidea

Jean-Baptiste Charles Bernadou 1841eko ekainaren 25ean jaio zen Baionan, familia gaskoi batean. Gurasoak Jean Heron Bernadou (1801-?), Baionako dendaria, eta Felicite Rouy, haren emaztea, ziren.

Negozio-gizona, politikaria eta, 1893tik 1900era bitartean, Baionako zinegotzia izateaz gain, idazle eta saiakera-egilea ere izan zen, Euskal Herriari arrunt atxikia, grinaz bizi baitzituen hemengo kultura eta historia. Hainbat artikulu idatzi zituen eskualdeko aldizkarietan, esaterako Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne edo Revue de Gascogne aldizkarietan. Haren lanik garrantzitsuenak Azpeitia, les fêtes euskariennes au pays de Saint-Ignace (1894) eta Zazpiak bat (1895) dira. Zazpiak bat liburua 1895ean argitaratu zuen, bere eginez Arturo Campionek (1854-1937) 1876an ezarritako goiburua eta Jean Jaurgainek (1842-1920) sortutako armarria, zazpi euskal herrialdeak irudikatzen dituena. Horrenbestez, azpimarratu egin zituen Espainiako euskaldunen eta Frantziako euskaldunen arteko loturak, eta Euskal Nazioa egiaz bazela: «Et tous, la main dans la main, de Pau à Bilbao et de Bayonne à Saint-Sébastien, à Pampelune et à Vitoria, nous pousserions d’un même coeur le vieux cri des Eskualdunac Zazpiak bat!» [Eta guztiok, eskuz esku, Pauetik Bilbora eta Baionatik Donostiara, Iruñera eta Gasteizera, bihotz bakar batez aldarrikatuko dugu euskaldunen oihu zaharra, Zazpiak bat!] (Bernadou, 1895).

Baionako zinegotzi aukeratu zuten kontserbadoreen zerrendatik, 1893ko maiatzaren 3-10 bitarteko udal-hauteskundeetan eta 1900eko maiatzaren 6-13koetan.

Cauteretsen hil zen (Pirinio Garaiak) 1901eko abuztuaren 10ean, 60 urte zituela.

Obrak

. «M. Dulaurens et les archives de Bayonne», BSSLAB, (1880) 3-38. or.

Le Congrès archéologique de Dax-Bayonne, impressions et souvenirs, Baiona: Lamaignère, 1888, 53 or.

Archives municipales de Bayonne 1 – Livre des établissemens, (hitzaurrea), Baiona: A. Lamaignère inpr., 1892.

M. Henri Durant, Baiona: A. Lamaignère inpr., 1894.

«Grandes fêtes internationales du Pays Basque. Ville de Saint-Jean-de-Luz les 26, 27, 28, 29 août 1894», Donibane Lohizuneko Jai Batzordea, liburuxka, 1894.

Azpeitia, les fêtes euskariennes au pays de Saint-Ignace, Baiona: A. Lamaignère, 1894, 119 or.

Zazpiak bat, Baiona: L. Lasserre, 1895, 186 or.

Archives municipales de Bayonne 2-1474-1514, Délibérations du Corps de Ville, Registres Gascons, Baiona: A. Lamaignère inpr., 1896.

Emile Boeswillwald et ses collaborateurs à Notre-Dame de Bayonne, Baiona: L. Lasserre inpr., 1896, 43 or.

Les fêtes de la tradition basque à Saint-Jean-de-Luz, Baiona: A. Lamaignère, 1897, 100 or. Archives municipales de Bayonne 3-1514-1530, Délibérations du Corps de Ville, Registres Français, Baiona: A. Lamaignère inpr., 1901.

 

Bibliografia

ITURRIAK


ARCHIVES DÉPARTEMENTALES DES PYRÉNÉES ATLANTIQUES, Parrokien eta egoera zibilaren erregistroak, 1739-1873 eta 1874-1899. On-line.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP