Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

BERDECO HIRIART [BERDEKO HIRIARTE], Gustave (Jean Baptiste Etienne Gustave Berdeco d’Hiriart) (Garrüze, Nafarroa Beherea, 1855 – Garrüze, 1899ko martxoak 11).

Karguak eta lanbideak

 Abokatua eta historialaria

Ibilbidea

Gurasoak Jean-Baptiste Berdeko eta Marie-Caroline Hiriart izan zituen. Pauline de Laurentekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten gutxienez: Jeanne, 1892an hil zena, eta Adolphe Rene, 1895ean jaio zena.

Gustave Berdeko abokatua zen, eta haren familiako kideak hautetsiak izan ziren hainbat kargutarako, Garrüzen, gutxienez 1750etik aitzina.

Euskal Herriko ohitura moralei buruzko artikulu bat idatzi zuen, eta Donibane Lohizunen 1897an euskal tradizioei buruz egindako kongresuan aurkeztu zuen. Hartan, Berdekok bildu zituen nazio baten zimendutzat jotzen dituen elementuak, bereziki Euskal Herriak dituen klima eta geografia perfektuak, non herritarrek beti izan duten zibilizazio aitortu bat eta independentzia handia. Euskaldunen ustezko kristautze berantiarraren data ere begi onez ikusten du Berdekok, hari esker sortu omen zelako fede gazte eta heldu gabe bat, euskaldunak latinizatu edo erromatartu beharrik gabe. Artikulua panegiriko moduko bat da. Van Gennep etnografoarentzat hain garrantzitsua zen terminoa erabili gabe, modu emozionalki eta historiatik kanpoko ikuspegi batetik, «igarotze-errituak» deskribatzen ditu, ezkontza adibidez, euskaldunen ohitura moralak nabarmentzeko. Auzoen arteko harremanen garrantzia ere azpimarratzen du, horiek ere erritualizatuta zeudelako. Ohitura moral horietan ikusten ditu «egungo zibilizazioaren aitzindariak diren urratsak». Testua baliotsua da, garai hartako zirkulu kontserbadoreetako giroari eta jarrera ideologikoei buruz iradokitzen duenagatik.

1892an monografia interesgarri bat argitaratu zuen Berdekok: Garris, sa foire et son marché izenburukoa. Liburua hasten da euskal esaera ezagun batekin: «Ezinezkoa da elkar ulertzea, Garrüzeko azokan bezala». Izan ere, Garrüzeko azoka elementu garrantzitsua da liburuan. Oroitzapen historiko labur bat egiten du Garrüzeri buruz eta hango gazteluari buruz, hiriaren setioa eta Donapaleuko sutea gogoratuz. Hango elizari buruz mintzo da, hango abade laikoei buruz eta ospitalearen ordenako zaldunei buruz, eta azokaren jatorrira iristen da ondoren, haren pribilegioak, dekanoen gortea, Uharteko baroia eta falkoneriaren aipamenak eginez. Garai hartan hango biztanleek ordezkariak bidaltzen zituzten Nafarroako Estatuetara. Berdekok toponimia ere aztertzen du, «Garrüze» izenean gain eta harri luze elementuak ikusten dituela adieraziz, alegia, «gain luze eta harritsua». Jean-Baptiste Orpustanek ere «ertz harkaiztsua» esanahia ikusten du izen horretan.

XVI. mendeko erlijio-gerrak aipatzen dituenean, «erlijio-jazarpenaren» garaian euskaldunek ministro protestanteak eta haien 40 soldaduak «Gora Eliza Katolikoa» oihukatuz preso hartu zituztenekoa gogoratzen du. Egoera lasaitzeko, Joana Albret erreginak bere seme Enrike IV.a bidali zuen, eta errespetuz hartu zuten, errege-erregina nafarren eta Cid Campeador espainiarraren leinukoa zelakoan; bertako biztanleek gaztelua oparitu zioten erreginaren semeari. Hala ere, gatazkak berriro piztu ziren Joana Albreten erruz, prozesioak eta mezak debekatu zituelako (hiltzeko zigorraz mehatxatuz). Matxinada batean, Donapaleun, 1569an, hiru matxino urkatu zituzten. Berdekok horretan ikusten du «euskaldunen matxinadaren ikuskizun miresgarria» eta 1793ko Vendée eskualdeko chouan delakoen gerrarekin konparatzen du. Orduko liskarrak eta Nafarroako zaldunek Bearnon sartu eta Nay hiria erre zutenekoa kontatzen du, ziurtatuz «errepresaliak izanen zirela bera (Luxe) biktima eta ikusle izan zen okerrengatik». Beste kapitulu batean hainbat gotorlekuren antzinatasuna aipatzen du, besteak beste, Pellegrin eta Urdos, Sorhoueta, Montlau, Pedeluxe eta Goienetxea, eta udalerrian karguak izan zituzten hainbat pertsonaren izenak ematen ditu. Berriro ere hitz egiten du Arnaud de Laguingeren parte-hartzeaz gurutzadetan, 1130ean, hara abiatu baitzen mairuak Espainiatik kanporatzera laguntzeko Pirinioez bestaldeko kristauei, eta Fragako setioan hil zen, 1149an. Berdekok honako gogoeta hau egin zuen nobleziari buruz: «Esan dezagun de delako partikula ez dela nobleziaren froga. Ez du deus adierazten, izen patronimikoarekin batera «noble» hitza ez bada ageri antzinako izkribuetan. Guztiz noblea izan daiteke pertsona, de zorioneko partikula izenean eraman gabe ere, eta herritar xumea izan daiteke, de partikula izenean eramanda ere, izan ere, partikula hori Iraultzaren aitzineko garaiko izen guztiei atxikia agertzen baita». Dubaratek lan hau goretsiz egin zuen aipamenean, ohar hori oso egokitzat jo zuen.

Berdekok erakutsi zuen Garrüze oso leku oparoa zela. Hango urteko azoka XI. mendean jadanik ospatzen zen, eta Nafarroako errege-erreginen pribilegio anitzez gozatzen zuen. 1548an lehenengo aldiz agertu zen Uharteko baroia, azokaren babesle gisa. Hango protagonisten eginkizunak zehazten ziren, eta han saltzen ziren gauzak ere bai. Bertan elkartzen ziren katalanak (armak, barne zirela labana malgukidunak), Nafarroa Garaikoak (ardoa eta olioa), zuberotarrak (ahuntzak eta ardiak), bearnesak (barazkiak eta ontziak), lapurtarrak (behikiak, lastairuak eta kapak), Bastidako artisauak (iltzeak, zintzarriak)… liburuaren bukaeran, azokan ikusten du euskaldunen arteko adiskidantzarako lekurik egokiena. Feria gainbeheran hasi zen 1766 aldera.

Ondoren, Garrüze eta Donapaleuko auzo herriak aurrez aurre jarri zituen gatazka luzea deskribatzen du Berdekok, batez ere azokaren ospakizunaren inguruan piztu zena. Bi entitateen arteko etsaigoa herritarren memorian atxikia dago, izan ere, bizirik dirau XXI. mendean ere, eta Berdekok iraupen horren froga eskaini nahi zuen bere lanean. Berdeko, jakina, Garrüzeren alde agertzen da, eta herriak pairatu izan dituen gorabeherak aletzen ditu, bai eta Donapaleuk haren kontra asmatu izan zituen azpikeriak ere. Orain denbora asko ez dela, 1997an, Donapaleutik bereizteko beti adierazi izan zuen gogoa beteta ikusi du Garrüzek.

Berdeko ez da historialari profesionala, baina haren monografiak bere azoka handiagatik ospe handia duen hiri bat ezagutzeko aukera ematen digu, eta halaber, hobeki ulertzeko bi herrien arteko aurrez aurrekoak eta erresuminak, aspalditik heldu direnak, eta historiografiak aintzat hartu behar dituenak. Antzinako Erregimenaren alde ere agertzen da, XIX. mendearen bukaeran erlijioa eta «modernitatea» auziaren inguruko giro tenkatuan hark planteatzen zituen alternatibekin ados baitago.

1887tik aitzina Eskualduna astekariarekin lankidetzan aritu zen Berdeko, erredaktore eginkizunak betez, harik eta 1899an hil zen arte.

Obrak

Histoire d’une cité basque-navarraise. Garris, sa foire et son marché, Donapaleu: Clèdes, 1892, 32 or.

«Les coutumes morales au Pays Basque», Congrès sur la tradition au Pays Basque, Paris: Le Cougy, 1899, 179-190. or, (berrarg. Elkar 1982).

Bibliografia

DUBARAT, V., Berdekoren transkripzioa 1892 Etudes Historiques et Religieuses du Diocèse de Bayonne argitalpenean, I, 1892, 592-593. or.

ORPUSTAN, J.-B., Nouvelle toponymie basque: noms des pays, vallées, communes et hameaux de Labourd, Basse-Navarre et Soule, Pessac: Presses universitaires de Bordeaux, 2006, 244 or.

ITURRIAK

GÉNÉALOGIE ET HISTOIRE DES FAMILLES PAYS BASQUE-ADOUR MARITIME. Garrüze. Heriotza-taulak, 1892-1904 aldia. http://www.ghfpbam.org/GSP/HTML/COMMUNES/Garr/Garr_S12.htm. (2021eko otsailak 20).

GÉNÉALOGIE ET HISTOIRE DES FAMILLES PAYS BASQUE-ADOUR MARITIME. https://www.ghfpbam.org/chercherActe.php?maZone0=Garris&maZone3=&maZone1=berdeco&prenom1=&maZone2=&prenom2=&maZone4=&dateInf=1850&dateSup=1900&Type=DECES&type=S&Mode=&Tri=&premier=o&Submit=Chercher+ (2021eko otsailak 20)

P. S. [Gustave Berdecoren nekrologia], Eskualduna, 613. zk., 1899-3-17, 1. or. https://lab.prentsa.eu/Eskualduna-17-03-1899-Treizieme-annee-No-613?lang=fr (2021eko otsailak 20).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP