Ibilbidea
Kronika hori Al Andaluseko gertakari nagusiei buruzko albiste historiko, pasadizo eta interpolazioen bilduma da, betiere Ṭāriq eta Mūsā Penintsulan sartu zirenetik ‘Abd al-Raḥmān III.aren agintaldia bukatu arte. Halaber, badira monarkia bisigodoaren azken urteei buruzko datuak, bai eta musulmanen sarrera eragin zuten inguruabarrei buruzkoak ere.
Nobela-moldean kontatutako historiatzat jotzen da, etsenplu emateko idatzia. Ez du aitzinsolasik, eta nola-halako erregulartasunik eza dario testuari, hala egituran eta hizkeran nola estiloan. Balŷren agindupeko siriarrak Al Andalusen sartu izanari eskaini zaizkio orrialdeen erdiak baino gehiago, eta hain zuzen ere, Balŷk Ekialdetik alde egin zuenetik Yūsuf gobernadore ohiaren heriotzara bitarteko gertakarien berri ematen da, bai eta a‘Abd al-Raḥmān I. aren erregealdiko azken hogeita hamar urteen berri ere. Datuok gorabehera, kronikak funtsezko garrantzia du, iturri baliotsua baita Al Andasluseko konkista ezagutzeko, aipatu ‘Abd al-Raḥmān I.aren heriotzara bitarte, betiere, eta Luis Molinak adierazi duen bezala, oinarrizko kroniketako bat da ii./viii. mendearen historia ikasteko.
Obrak dakartzan hainbat datu eztabaida-iturri dira erudituen artean: noiz idatzi zen, zati-kopurua, zatiok noiz idatzi ziren eta nork eginak diren. Horiez gain, bestelako desadostasunak ere badituzte obraren itzultzaileek eta adituek iturri idatzien eta ahozkoen jatorriaz; aditu gehienen ustez, iturriak partekatuak dira. E. Lévi Provençal eta L. Molina, ordea, ez dira iritzi berekoak.
Al Andalusi dagokionez, musulmanak lurralde hartara iritsi zirenez geroztikoak dira kronikan jasoak dauden albisteak, erreferentzia-unea Alfontso VI.aren erregealdia delarik. Badira Penintsularen iparraldeari buruzko aipamenak, bai eta iparraldeen bizi ziren herriei buruzkoak ere; haietan esaten da, adibidez, Rodrigo baskoien aurka ari zela borrokan, musulmanak Algecirasko badiatik sartu zirenean, edota espedizioak antolatu zirela «baskoien herrialdera», eta Ximen Azkarraren gaztelua setiatu bazen ere, Rodrigo hartaz jabetu zela. Iturri bereko beste kontakizun batek ‘Abd al-Raḥmān I. aren ospea aipatzen du, Ekialdeko kalifatzarekin hautsi eta bere burua emir aldarrikatu zuena. Iturri horren arabera, egoera horrek matxinada-saiakera batzuk eragin zituen, tributuak ordaintzeari uko eginda; halaxe gertatu omen zen, behintzat, Yusūf al-Fiḥrīt gobernadorearen agindupeko espedizio batekin. Emirrak, Zaragozako eta Calahorrako (781) eragin-eremuko kontrola ziurtatu eta gero, Iruñea suntsitzera jo zuen, eta ondoren, baskoien eta zerretaniarren (Sirtaniyun) eskualdearen kontra, eta Ibn Belascoten herrialdean kanpatu zuen, haren semea bahituta. Gero, bakea eman zion, tributu pertsonala (jizyah) jasotzearen truke. Kronikan, bestalde, aipatzen da zorigaiztoko patuak jo zituela Al Andalusera iritsitako musulmanak. Horretan oinarrituta, historiografiaren arabera, kronika Alfontso VI.aren eta v./xi. mendearen lehen herenaren artean hasi zen idazten, Kordoba hiriko iraultzen garaian, zehazki. E. Molinaren iritziz, ordea, vi./xii. mendetik aurrera idatzi zen, eta, Chalmetak, aldiz, iv./x. mendean kokatu du lanaren jatorria. Bestalde, hainbat proposamen egin dira zati-kopuruari dagokionez, betiere egile posibleei dagozkien datuen arabera. Oliver Lópezek esan du egile guztiak Tammām ibn ‘Alqama familiakoak izan zirela. Azken tesi horri jarraikiz, lanak hiru zati nagusi ditu, hirurak ere Abū Gālib Tammām ibn ‘Alqama al-Ṯaqafī-k idatzi omen zituena. Azken horrek idatzia da lanaren bigarren izenburuan barnebildutako testua, bere bizitzako hiru etapatan ondua («Inbasioaren eta balien historia», Sánchez Albornozek emaniko izenburuaren arabera; «Kronika siriarra» edo «Gerra zibilen historia», Sánchez Albornozi ere jarraikiz. Zehazki, Ekialdetik abiatu eta Al Andalusen hil ziren gerlarien gaineko oroitzapena bizirik mantentzeko idatzi zen eta Yūsuf al-Fiḥrīt gobernadorearen heriotzarekin bukatzen da; «‘Abd al-Raḥmān I. aren erregealdiko urte-liburuak», al-Ṣumailen heriotzarekin hasi eta erregearen heriotzarekin bukatzen dena).
Oliver Lópezek proposatzen du egilea edo egileak ez zirela omeiatarrak, baizik eta Ṯaqlīf tribuko Tammām ibn ‘Alqama familiakoak, eta sei zati zehaztu ditu; azkenak al-Ḥakamen erregealdian idatziak. Egilea Abū Gāib Tammām ibn ‘Alqama al-Ṯaqafīgerlari eta tradizio-idazle siriarra izan zen. Bere herrialdetik alde egin zuen, berbere iparrafrikarren kontra borrokatzeko. 123./741. urtean sartu zen Penintsulan. Ajbār Maŷmū’a lanaren lehen zatia idatzi zuen, bere bizitzako hiru etapatan idatzi ere, eta lehen hiru zatiak, hain zuzen ere, hortik heldu dira. Gerlari baten kontakizuna da, musulmanek Penintsulan egondako etapa guztietan bizi izandakoa, harik eta zahartzaroan ilusioa galtzen duen arte, erregeak izaniko jokamoldearen ondorioz, noiz eta omeiatarren arteko borrokak, indarkeria eta gerra piztutako garaian. Izan ere, gehiegikerien kontrako jarrerak bultzaturik, testua idatzi bai, baina ez zuen argitaratu. Bigarren zatiaren egilea, berriz, Abū Gālib Tammām b. ‘Āmir b. Aḥmad b. Gālib b. Tammām b. ‘Alqama al-Ṯaqafī izan zen (187/803-283/896), Al Andalusen jaioa eta zendua. Elkarren segidako hiru emirren ministroa izan zen, eta poeta, literatoa eta historialaria ere bai. Uste denez, ‘Abd al-Raḥmān II.ari lotutako historialaria ezagutu zuen, hots, ‘Abd al-Malik b. Ḥabīb, bai eta haren dizipuluak ere. Harreman hori omen da gorteko bizitzari buruz idazkian ageri diren pasadizo askoren iturria, eta era berean, garai hartan agintarien aurka izaniko altxamenduen gaineko aipamen zuzenen nahiz zeharkakoen iturria. Familiaren artxiboaz arduratu eta bere arbasoaren kronikari jarraipena eman zion. Bi zati idatzi zituen: lehena «Emir omeiatarren gaineko irudia» kronika, ‘Abd al-Raḥmān I.aren garaitik Muḥammaden heriotzara bitartekoa. Bigarren zatian, Al Andaluseko konkista azaltzen du, Julianen garaitik ‘Abd al-‘Azī b. Mūsā zendu bitartekoa; horrela, behar bezala antolaturik deskribatzen du gertatutakoa, hiztegi askotarikoa eta aberatsa erabilita, datu batzuen gaineko ezjakintasuna ere aitortuta. Gorde den hirugarren idazkiaren balizko egilea Abū Gālib Tammām b. ‘Abd Allāh b. Tammām b. Gālib da (917-987), ulema eta zientzia islamikoan aditua, Toledon jaioa, baina gainerakoan ia ez dakigu deus ere hartaz. Uste denez, ulema horrek ‘Abd al-Raḥmān III.aren kronika idatzi, bere aurrekoaren paperak kopiatu eta ‘Abd Allāh azken emir omeiatarrari dagozkion paperak osatu zituen, betiere walien eta gerra zibilen historiari buruzko datu batzuk erantsita. Dena den, ‘Abd al-Raḥmān III.aren agintaldian bizi izandakoa lehen eskutik idatzi zuen. Nabarmentzekoa da azken kronika horrek ez duela elkarrizketarik, ez ditu gertakariak agertzen, ezta pasadizorik kontatzen ere. Kalifaren jokamoldea kritikatzen du, bai eta haren fanatismo erlijiosoa ere.
Obrak
A History of Early Al Andalus: The Akhbār majmū‘a. James, D. (itz.),London: Routledge, 2012.
Ajbār Maŷmūʿa fī fatḥ al-Andalus, Anonimoa, Parisko Liburutegi Nazionala, 1867. zk.
Ajbār Maŷmūʿa fī fatḥ al-Andalus, bi kopia Madrilgo Liburutegi Nazionalean, 120. zk., P. de Gayangosek eta R. Dozyk egina eta hirugarren bat Leidenen, 996. zk.
Ajbār Maŷmūʿa fī fatḥ al-Andalus, Municheko Liburutegiko kopia, 987. zk.
Ajbar Machmua (Tradizioen Bilduma). Crónica anónima del siglo xi,Lafuente Alcántara, E. (arg.), 1867. Berrargitalpen faksimilea: Madrid, 1984.
Ajbār Maŷmūʿa fī fatḥ al-Andalus, Ibrāhīm al-Abyārī(arg.), Beirut-El Cairo, 1989.
Bibliografia
Díaz y Díaz, M. C.; García Moreno, L. A.; Ruiz Trapero, M., eta Orlandis, J., Las invasiones. Las sociedades. La iglesia, en Historia de España Menéndez Pidal. España visigoda, III-1, Madrid: Espasa Calpe, 1999.
James, D. (itzulpenak, oharrak eta iruzkinak), A History of Early Al-Andalus. The Akhbar majmu’a. A study of the unique Arabic manuscript in the Bibliotheque Nationale de France, Paris, with a translation, notes and comments…, London-New York: Rouletdge, 2012.
Molina, L., «Los Ajbār maymū´a y la historiografía árabe sobre el periodo omeya en al-Andalus», in Al-Qanṭara, 10 (1989), 513.-542. or.
Oliver Pérez, D., «Ajbār maŷmū´a», Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), in Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 2012, 1. libk., 53.-59. or.
Sánchez Albornoz, C., El Ajbār Maŷmūʿa. Cuestiones historiográficas que suscita, Buenos Aires: Instituto de Historia de España, 1944.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Ajbar Maymu`a Fi Fath Al Andalus”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 171-173.





