Karguak eta lanbideak
Idazlea, filantropoa eta feminista
Ibilbidea
Senarraren abizenagatik da ezaguna, baina haren izena Marie Coulomb zen, Emile Coulomb bankaria (Paris, 1793-1837) eta Henriette Lefebvre (Estrasburgo, 1795-Paris, 1849) senar-emazteen hirugarren alaba. Oso gazterik geratu zen umezurtz, eta bere ahizpek proposatzen zizkioten ezkontza guztiak errefusatu ondoren, 1857an Charles Abadia Ürrüstoikin, ezkondu zen; zeini, bere amak Baigorriko Etxahuz gaztelua erosi zion 1850an. Ezkontza hark buruhauste ugari eragin zituen Abadia familian, Maria protestantea zelako. Familia politikoari hitz eman behar izan zion seme-alabak erlijio katolikoan heziko zituela, baina ez zuen hitza bete, eta familiak haiekikoak egin zituen.
Etxahuz gaztelua izan zen bikotearen egoitza 1871ra arte, urte hartan Parisera lekualdatu baitziren, haien seme-alaba Lisette (1859-1902), Arnaud Michel (1860-1918) eta Henriette Maiderren (1861-1941) ikasketengatik. Udan Euskal Herrira itzultzen ziren. Marie Etxauzeko anderia izenaz ezagutzen zuten ingurukoek. Herrialde berria ezagutzeko aukera izan zuen, bai bertako jendearekiko zuzeneko harremanagatik, bai garai hartako euskal gaien ikastunen lanen irakurketengatik, bai lan haien egileekiko harremanagatik ere, eta berehala bertakotu egin zen.
1909an argitaratu zen haren Causeries sur le Pays Basque, la femme et l’enfant izeneko liburua. Han jaso zituen herrialdean barna egin zituen ibilaldiak, baserriz baserri, bertan bizi zirenak ezagutuz, haien bizimoduak eta haien bilakaerak, izan ere, aldaketa sakoneko garai haiek, ezinbestez, ezkutuko zoko haietara ere iristen ziren. Arreta berezia jarri zuen emakumearen eta umeen egoeran. Lisette alabaren ondoan egiten zituen mendi-txango haiek, eta hango emaztekiekin izaten zituen solasaldien gaineko oharrak hartzen zituen, haien kezkak jasoz, munduari buruz eta naturari buruz zuten ikuskera eta bizi zituzten gorabeherak, eta, hasiera batean, bere artikuluak Biarritz Thermal astekarian argitaratzen hasi zen; aitzinago, artikulu horiek Causeries sur le Pays Basque liburua osatuko zuten.
Hiru lerro nagusiren inguruan ardazten da lana: nekazarien bizimoduen eta pentsamoldearen ikerketa, batik bat emaztekiei zegokienez; deskribatzen ari den mundu horretan gertatzen ari diren aldaketak azpimarratzea; eta nekazarien bizimoduaren gorespena, hiri modernoko bizitzaren alderdi okerrekin kontrajarrita.
Marie Coulombek ikuspegi feminista batetik idazten du, eta genero- berdintasunaren inguruan euskal familian sumatzen dituen alderdiak azpimarratzen ditu, bereziki herentzia transmititzeko sistema, izan ere, ipar Euskal Herrian lehenjaioaren oinordetza-eskubidea zen araua, oinordekoaren sexua edozein zelarik ere, eta beraz, baserrietan emakume anitz ziren oinordeko. Emakume haien bizkortasuna, indarra eta ausardia ere goretsi zituen, eta «Escualdun Emazteki Azcarra» izenaz aipatu zituen. Haien bizkortasuna eta erresistentzia nabarmendu zituen, haien adibidetzat jarriz Katalina Erauso, haren bizitza osoa eredugarritzat ezin hartu bazuen ere, euskal emazteki azkarren eredua harengan ongi hezurmamitzen zelakoan. Dohain haiei erreparatuta, teoria bat asmatzera ere ausartu zen, alegia, antzina berdintasuna ote zegoen bi sexuen artean, giharren indarraren ikuspuntutik, ondoren mendez mende emaztekiek galdu izanen zutena. Marie bera eta haren alaba Lisette kirolari kementsuak ziren, egunero ariketa fisikoa egiten baitzuten, eta mendi-ibilaldi oso luzeak. Lisettek bizikletaz egiten zituen Baigorritik Donibane Lohizunera bitarteko 60 kilometroak.
Marie Coulomb emakume kultua da, eta ipar Euskal Herriko euskal ikastun ospetsuenen eremuan mugitzen da, haien lanak aipatzen baititu, ziurrenik ere, haietako gehientsuenekiko kontaktua duelako; esaterako, bere lanean aipatzen ditu Cordier, O’Shea, Webster, Mme. de la Villehelio, Duvoisin, Herelle, Francisque Michel, Van Eys, Vinson, Chaho eta Leon. Eta garaikide ez dituenen artean, besteak beste, Estrabon, Larramendi, Humboldt, Oihenart eta Pierre de Lancre aipatzen ditu.
Lanaren bigarren zatia umeei eskaini zien, eta hor aletu zituen haurren inguruan, batez ere hasierako hilabeteetan, zeuden sineskeria guztiak, hil-hurren zen zibilizazio baten zantzurik txikienak ere jaso nahian. Gainera, baserrietan umeek egiten zuten lana azpimarratzen zuen, umetatik irule aritzen ziren neskatoak, eta eskolara oso gutxitan joaten zirela, haien lana beharrezkoa zelako etxean, eta hori konparatzen zuen hiriko burgesen seme-alaben nahikeriazko heziketa bigunarekin.
Gazteei ere eskaini zizkien hainbat orri. Harrika eta makilka egiten zituzten jolasak nabarmendu zituen, inoiz hildakorik ere eragiten baitzuten. Baina batez ere, gai bati buruz hitz egin zuen, inola ere aipatu gabe utzi ezin baitzuen, kezka handia eragiten zuelako: emigrazioa. Mugaz bi aldeetako egile anitzek, beren liburu eta artikuluetan, emigrazio-sozietateetako agenteen lana salatzen zuten, herrialdean barna ibiltzen zirelako gazteak «harrapatzen», Amerikako etorkizun oparo baten promesak eskainita.
Marie Coulomb Emakume Frantsesen Kontseilu Nazionaleko (CNFF) kide zen, eta parte hartu zuen Frantziako eta Belgikako lehenengo kongresu feministetan. Emakumeen eskubideen aldeko aktibista izan zen, sufragio eskubidearen defendatzailea, eta hainbat egunkari eta aldizkaritan idazten zuen, batez ere, La Femme aldizkarian, haietan aztergai izaten zituela, Euskal Herriari eta bertako emakumeei buruzko lanez gain, kezka eragiten zioten beste hainbat gai, esaterako, alkoholismoa, prostituzioa, eta emakumearekin, osasunarekin eta familiarekin lotutako beste hainbat. Emakume Liberatuen Patronatuaren Obrako idazkari nagusia izan zen: erakunde horren eginkizuna zen kartzelan zeuden prostitutak bisitatzea, eta handik ateratzen zirenean haiei laguntza ematea. Lan hori guztia Parisen 1889an argitaratutako Cinquante années de Visites à Saint-Lazare izeneko liburuan islatu zuen. Liberatuen Obra hori kokatu behar da feminismora filantropiaren bidetik iritsi ziren emakume protestanteen borroka handiaren testuinguruan, horren adibide direla, besteak beste, Josephine Butler britainiarra eta Isabelle Bogelot frantziarra.
Parisen hil zen 1913an, eta haren gorpuzkinak Abadia senideen ama Elizabeth Thompson of Park irlandarraren panteoian ehortzi zituzten, Père Lachaiseren hilerrian, alegia, lehenago haren senar Charles, 1901ean hila, eta bien alaba Lisette, 1902an hila 43 urte zituela, ehortzi zituzten leku berean.
Obrak
Causeries sur le Pays Basque. La femme et l’enfant, Paris: F. R. de Rudeval, 1909.
Berrarg. Donostia: Elkarlanean argitaletxea, 1998. Gaztelaniazko argitalpena: Charlas sobre el País Vasco, la mujer y el niño, Donostia: Auñamendi, 1959.
Cinquante années de Visites à Saint-Lazare, Paris: Fischbacher, 1889.
Bibliografia
VALVERDE, L., «Lehen emakume feminista euskaldunak», Argia, 2005eko martxoaren 13a, 9. or.
ITURRIAK
Biarritz- Thermal, Biarritz, 1893-1898.
Biarritz-Thermal et Biarritz-Salin, Biarritz, 1898-1914.
La Femme. Journal Bi-mensuel, Paris, 1879-1912.





