Karguak eta lanbideak
Teologoa eta Aragoiko kronikaria
Ibilbidea
Jakan (Huesca) jaio zen, 1619ko uztailaren 16an, eta Jesusen Lagundian sartu zen 1641ean. Eztabaiden irakaslea izan zen Alba de Tormeseko (Valladolid) eskolan (1649-1654). Gero, Valladolidera joan zen, eta, han, Filosofia eta Teologia irakatsi zituen, 1665era arte. Horren ondoren, Salamancako Unibertsitatera joan zen, eta, han, Teologiako katedraduna izan zen hogeita bost urtez.
Aragoiko kronikari nagusia izan zen, eta bere bizitzako azken urteak Aragoiko Koroako monarken azterketa historikoa egiten eman zituen. Bere lana (Los reyes de Aragón en sus Anales Históricos) bi zatitan banatu zuen: lehenbizikoa Madrilen argitaratu zen, 1682an, eta Karlos II.ari eskaini zion; bigarrena Salamancan argitaratu zen, 1684an, eta Segorbeko dukesari eskaini zion. Aragoiko historia osoa hartzen du lan horrek, Fernando II.a Aragoikoaren heriotzara arte (1516). Egilea jakatarra izanda ere, erresumaren jatorriaren gai korapilatsua aztertzean, ez zituen kondairak, ustezko erregeei buruzko erreferentziak eta pertsonaia mitologikoak erabili (hala egin zuen Pedro Tomic-ek), Jerónimo Zurita kronikarien ereduari jarraituz. Pedro Abarcak historiografiari egindako ekarpenetatik, Disputa histórica de los reinados de Pamplona en el primer siglo de España restaurada eta Origen y progresos de la contienda sobre los primeros reyes de Aragón y Navarra llamados los de Sobrarbe lanak nabarmendu behar dira, batez ere.
Lan horietatik lehenbizikoan, viii. mendean Iruñeko erregerik egon zen ala ez aztertzen du. Abarcak dio Jose Moret hartzen duela oinarritzat, «que por su talentto y erudizion pisa mas fuerte y camina despues de los otros con mas luz y tientto». Gai korapilatsua da hori, eta desadostasunak zeuden horren inguruan. Batzuek ez zuten ezer esaten edo errege horien existentziari uko egiten zioten, hala nola, Rodrigo Ximenez Radakoa artzapezpikuak, Pedro Portugalgoa kondeak (Pedro Barcelos), Vianako Karlos printzeak, eta Iruñeko eta Baionako apezpikuek. Beste batzuek, berriz, hala nola Jerónimo de Blancasek eta Briz abadeak, errege horien existentzia defendatzen zuten, eta, horretarako, zenbait froga-agiriak adierazten dituzte. Besteak beste, Choronicón del rey Don Alfonso de León lana (lan horrek 865ean zuen amaiera) eta Leireko monasterioko Libro que llaman de regla lana —1070. urtearen inguruan idatzi zen, eta monasterio horretan hilobiratutako errege-erreginen zerrenda, zenbait errege–pribilegio, Erronkarikoei 822an emandako noblezia-pribilegio bat, eta San Juan de la Peña monasterioko dokumentu bat zituen—. Jakintasun historikoko maisutasuna erakutsiz, birtuosismotik gertuko kritika dokumental zorrotz baten babesa izanda, Abarcak banan-banan ezeztatu zituen Iruñean musulmanen inbasioaren osteko lehenbiziko mendean erregeak egon zirela frogatzeko adierazitako argudio guztiak, eta monarken izenetan eta haien kronologietan egindako akats guztiak frogatu zituen.
Aipatutako bigarren lanean (Origen y progresos de la contienda sobre los primeros Reyes de Aragon, y Navarra llamados los de Sobrarbe), gai bera aztertzen zen, baina Aragoiko lurraldearen esparruan. Gai horretaz aritu ziren historialarien azterketa zorrotza egiten da lan horretan, eta horien artean, monarka horien existentziaren aldekoak eta kontrakoak zeuden. Errege horien existentzia defendatzen zutenen artean, Abarcak Pedro Marsilo (edo Marsilio) aipatzen du lehenbizi. San Juan de la Peña monasterioko fraidea zen, eta monasterio horren eta erresumaren historia bat idatzi zuen 1370. urtearen inguruan. Egile horrek defendatzen zuen Sobrarbeko zazpi errege izan zirela: Gar-tzea Semenez, Gartzea Enekoez, Orti Gartzea, Antso Gartzea, Semeno Gartzea, Gartzea II.a Semenez eta Gartzea Gartzez. Marsiliok dio errege horietatik lehenbizikoa Nafarroan errege zela 758. urtean, eta garai hartan, Aznar kondea zela Aragoiko jauna. Pedro Abarcak ez dio sinesgarritasuna aitortzen egile horri, eta Marsiliok defendatzen duen guztia «itxurapen konplikatuen kate bat dela» dio, eta Jerónimo Zuritak eta Pellicerrek iritzi bera zutela. Abarcaren ustez, Marsiliok ix. mendeko errege batzuen kronologia aurreratu zuen, aurreko mendekoak zirela argudiatuta.
Subirano horien existentzia defendatzen zutenen beste egile bat Pedro Tomic zen, eta, hari buruz, Abarcak esan zuen Katalunian agertu zela, 1444. urtearen inguruan; ez zion sinesgarritasunik onartzen eta honela deskribatu zuen: «ingenio en extremo novelero, o animoso […] que en general, y en juicio de todos los sabios es un escritor de consexas del vulgo». Tomic-ek Marsilok aurkeztutako Sobrarbeko errege eta erregealdiak onartzen zituen, baina haien hasiera lehenagokoa zela adierazi zuen, 718. urtekoa, «de lo qual dize Pellizer: que es raro madrugar, y temeraria anticipacion». Errege horien existentzia defendatzen zutenetik, Gauberto Fabricio aztertu zuen Abarcak gero. Aragoiko Santa Fe monasterioko fraidea zen, eta haren Chronica de Aragon lanari buruz —1499an argitaratu zen—, hau esan zuen Abarcak: «ha sido notada por hyperbolica, ignorante, y lisongera». Marsilok adierazitako eta Tomic-ek onartutako zazpi erregeetatik, Fabriciok lau soilik onartu zituen, eta Sobrarbeko errege titulua aitortu zien, inolako frogarik gabe. Jerónimo Zuritaren garaikide Esteban Garibaik Compendio Historial de los Reyes de Navarra lana idatzi zuen haren ondoren, eta honako hau adierazi zuen: lehenbiziko errege horiek izatekotan «Pamplona y Naxara (Nájera) y Alava»ko erregeak izango zirela, «y haze grande desprecio del titulo de Sobrarbe, atribuyendolo â las ficciones de los auctores Aragoneses». Ambrosio de Moralesek 1586an argitaratu zuen bere lana, eta egile horrek viii. mendean Sobrarbeko erresuma eta erregeak egon zirela defendatu zuen. Egile horri buruz, Abarcak esan zuen sinesgarritasuna eman ziela «izen gutxiko idazleei» (Pedro Tomici eta Gauberto Fabriciori buruz ari zen). Errege eta erreinaldi horien historikotasunaren aldekoen artean, Jerónimo de Blancas dugu —Abarcak «gizon dotorea eta prestua» zela esan zuen—. Ideia hori Comentarios Latinos lanean defendatu zuen, eta 1580ko hamarkadan, erresumako diputatuak konbentzitu zituen Marsilo fraideak aipatutako lehenbiziko lau erregeen erretratuak Aragoiko Diputazioaren aretoan jartzeko. Abarcak banan-banan ezeztatu zituen Blancasek monarka horien historikotasunari buruz adierazitako tesia babesteko aurkeztutako froga guztiak. Abarcak adierazitako azken defendatzailea Juan Briz izan zen, San Juan de la Peña monasterioko abadea. Brizek monasterio horren eta Aragoiko Erresumaren historia bat argitaratu zuen 1620an, baina Pedro Abarcak Brizek erabilitako frogen eta egileen baliozkotasuna ezeztatu zuen. Jerónimo de Blancas izan zen egile horietako bat.
Monarka horien historikotasunari uko egiten ziotenen artean, Abarcak, lehenik eta behin, Pirinioetatik haraindiko bi egile aipatu zituen. Hain zuzen ere, Abarcak dioenez, Juan Briz abadearen liburua argitaratu bezain pronto, «se le oppusieron con auctoridad, y razones, y aun desprecios dos insignes Francêses de la Vasconia Aquitanica vecina nuestra: el uno Arnaldo Oyenarto y el otro el presidente, y Arzobispo Monsieur Pedro Marca […] uno vasco de Navarra la Baxa, y otro Bearnes». Atal horretan, halaber, José Pellicer zegoen, eta Pedro Abarcaren esanetan, hura omen zen «uno de los más eruditos hombres que han visto estos siglos». Annales de España, después de su pérdida lanean, Pellicerrek berriz inpugnatu zituen Marsilo fraideak asmatutako viii. mendeko monarkak, bai eta Pedro Tomicek eta haren jarraitzaileek asmatutako titulua («Sobrarbeko erregeak») ere. Baina, agian, Sobrarbeko viii. mendeko monarken historikotasuna onartzen ez zuten egileen artean, Jose Moret izan zen nabarmenena. Abarcak laudorio kartsuak egin zizkion zenbaitetan, nahiz eta batzuetan nolabaiteko sarkasmoz egin zituen laudorio horiek; esate baterako, Pellicerren iruzkin bat erreproduzitzean, honako hau esan zuen hari buruz: «es el escritor que con más dilatados y vivos esfuerzos hâ tomado por su quenta la refutación de estos reynados: aunque (como le han notado Pellizer, y otros) hallándolos muy falsos para los vecinos, los quiere hazer muy verdaderos para los domésticos». 1675ean, San Juan de la Peña monasterioko fraide batek, La Ripa maisuak, Defensa Histórica por la antigüedad del Reyno de Sobrarbe lana argitaratu zuen, Moretek zuela gutxi argitaratutako lan bati erantzuteko, Moretek erresuma horren historikotasuna ezeztatzen baitzuen. Hala ere, La Ripak ere pentsatzen du Sobrarbeko lehenbiziko hiru edo lau erregeak Iruñeko erregeak zirela.
Zintzotasun intelektual goraipagarria erakutsiz, objektibotasunez eta bere sorlekuarekiko maitasunaren eraginari aurre eginda, Pedro Abarcak aitortu zuen luze eta zabal saiatu zela Aragoiko artxibategietan eta monasterioetan froga dokumentalak aurkitzen, musulmanen konkistaren osteko lehenbiziko mendean Sobrarben erregeak izan zirela argudiatu ahal izateko, baina «arrakastarik gabe».
Halaber, genealogia-zalea zen, eta lan bat egin zuen gai horri buruz, eta Montellanoko konde eta Sardiniako erregeorde Alonso de Solís Ossoriori eskaini zion. Bestalde, Discursos sobre la historia eclesiástica de La Seo y Pilar de Zaragoza lana idatzi zuen, bai eta teologia-tratatuak ere; esate baterako, Tractatus teologici de Scientia Dei.
Obrak
Disputa de los Reinados de Pamplona en el primer siglo de España rrestaurada = su Author Pe. M. Pedro Abarca, Biblioteca Nacional de España, MSS. 1835.
Disputa histórica de los Reynados de Pamplona en el primer siglo de España restaurada, Biblioteca Nacional de España, MSS. 1863, 1.-24. folk.
Disputa histórica del R. P. Maestro Pedro Abarca de la Compañía de Jesús Sobre la existencia de los Pretendidos Reyes de Sobrarbe, Biblioteca Nacional de España, MSS. 1863, 25. fol. eta hur.
Los Reyes de Aragón en anales históricos: distribuidos en dos partes al Rey N. Señor en su Consejo de Aragon/ Por el padre Pedro Abarca: primera parte, Madrid: Imprenta Real, 1682, http://hdl.handle.net/10357/1181.
Segunda parte de los anales históricos de los Reyes de Aragon/por el P. Maestro Pedro Abarca….a la Excelentissima Señora Duquesa de Segorbe y Cardona…, Salamanca: Imprenta de Lucas Pérez, 1684, http://hdl.handle.net/10357/408.
Bibliografia
Burrieza Sánchez, J.: «Pedro de Abarca» in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Onlineko argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/19005/pedro-de-abarca (2018ko irailaren 10ean egindako kontsulta).
Jimeno Aranguren, R.: «Pedro Abarca y su tratado manuscrito Origen y progresos de la contienda sobre los primeros reyes de Aragón y Navarra, llamados de Sobrarbe (c. 1685)» in Pedralbes. Revista d’historia moderna, 31 (2011), 91.-123. or.
Mateu Llopis, F.: Los historiadores de la Corona de Aragón durante la Casa de Austria, Barcelona: Real Academia de Buenas Letras, 1944.
Sánchez Alonso, B.: Historia de la Historiografía española, II. libk., Madrid: Consejo Superior de Investigaciones Científicas, 1944-1950.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., Noain Irisarri, J.J., “Abarca, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 693-696.





