Gernikako Estatutua onartu zeneko 44. urteurrena dela eta, Iura Vasconiaek jardunaldi bat antolatu du mundu akademikotik haren jatorriari, bilakaerari eta autogobernuaren etorkizuneko itxaropenei buruzko hausnarketa egiteko.
Donostiako Zuzenbide Fakultateko paraninfoak hartuko du urriaren 23an, urteurrena baino bi egun lehenago, hitzordu hau. Bertan, Gregorio Monreal katedradunak, Estatutuaren genesiaren ezagutzaile sakonak, eta Santiago Larrazabal katedradunak, betetze-mailari buruz hitz egingo duenak, ponentzia bana emango dute. Juanjo Alvarezek autogobernuaren etorkizuneko garapen-bideak jorratuko ditu. Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio amaiera saioari.
Iura Vasconiae fundazioak antolatutako jardunaldi honek IVAPen (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea) eta UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen laguntza du.
Jardunaldia jarraitu nahi dutenek posta elektroniko honen bidez eman dezakete izena: iuravasconiae@iuravasconiae.eus, edukiera bermatzeko asmoz.





