Noël d’ Anjou: “Mikel Aranbururen liburuak gure foru federalismo fiskaleko ereduaren ikuspegi integrala eskaintzen du”

  • Hasiera
  • /
  • Noël d’ Anjou: “Mikel Aranbururen liburuak gure foru federalismo fiskaleko ereduaren ikuspegi integrala eskaintzen du”
Alt
21 Aza 2024

Bilboko Burtsa zaharraren eraikinean Convenio / Concierto El sistema financiero y tributario de las Haciendas Forales, liburuaren aurkezpena egin dute. Liburua batera .argitaratu dute IVAPek eta Iura Vasconiaek. Ekitaldia Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Sailak antolatu dute eta gure presidente Roldán Jimenok egin ditu aurkezle-lanak. Ekitaldian Mikel Aranburu egileak berak hartu du parte, eta harekin batera izan dira, halaber, besteak beste, Pedro Luis Uriarte oraingo Ekonomia Itunaren egilea eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ogasuneko foru-diputatuak. EAEko Ogasuneko sailburu Noël d’ Anjou arduratu da ekitaldiari itxiera emateaz erakundeen ordezkari ugari aurrean zituela.

Iura Vasconiaeren presidente Roldán Jimenok, egindako sarreran, goraipatu egin zituen bai Pedro Luis Uriartek, bai Mikel Aranburuk bi sistema bereziak —hala Ituna nola Hitzarmena— defendatzeko izandako gaitasuna nahiz dedikazioa, eta nabarmendu egin zuen, halaber, argitalpen gutxik ematen dutela Mikel Aranbururen argitalpenak egindakoa bezalako konparazio-ikuspegia Nafarroako Hitzarmenaren eta Ekonomia Itunaren artean, eta argitalpen hori erreferentziako eskuliburua bihurtu dela munduan parerik ez duten finantza-autonomiako bi eredu bereziotara hurbildu nahi dutenentzat.

“Ekonomia- eta finantza-autogobernua ongizate eta garapenaren sinonimo da”. Ideia nagusi hori hartuta, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak adierazi du foru-fiskalitatea dela lorpen horien ardatz nagusia. Balorazio hori partekatu du Mikel Aranburuk, Foru Ogasunen finantza eta zerga sistemari buruz idatzi duen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Ekitaldia “Iura Vasconiae” Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute.

Argitalpen-lan horrek “gure foru federalismo fiskaleko ereduaren ikuspegi integrala eskaintzen du”, adierazi du d'Anjouk. Eredu horrek bi sistema ditu (Ituna eta Hitzarmena), eta bi sistema horiek “sorreratik bertatik oso lotura estua dute elkarren artean”, ohartarazi du Mikel Aranburu irakasleak eta Nafarroako Gobernuko Ogasun sailburu ohiak.

Iritzi hori bera adierazi da Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasuneko foru-diputatuarekin, Itziar Gonzalo de Zuazo Arabakoarekin eta Itziar Agirre Gipuzkoakoarekin egindako mahai-inguruan. Esku-hartze horiek izendatzaile komuna izan dute: erakundeek “denbora eta baliabideak eskaini behar dizkiote gure autogobernu-tresna nagusiaren balioa eta azterketa zabaldu eta sozializatzeari". Aldi berean, Ekonomia Itunaren araubidearen egungo errealitateari eta etorkizuneko erronkei buruzko ikuspegia eman dute, Nafarroako Hitzarmenera ere zabal daitezkeenak.

Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Pedro Luis Uriarte Ogasuneko sailburu ohiak eta “Ekonomia Itunaren eminentziak” —d’Anjouren hitzetan— eta Roldan Jimeno Iura Vasconiae elkarteko presidenteak.

D’Anjouk nabarmendu duenez, “finantza-autogobernuak erantzukizuna, zorroztasuna eta autoexijentzia eskatzen ditu kudeaketan”. Erantsi duenez, “eredu horrek ez dio inori kalterik egiten, izaera solidario sakona baitu eta bere lege-babesak instituzio-indarra ematen baitio, Konstituzioan zalantzarik gabe ainguratzen den heinean”.

Ekonomia Itunaren historia eta gaurkotasuna, osotasunean, Hitzarmenik gabe ulertzen ez dela abiapuntu izanik —eta alderantziz—, ekitaldi honetako parte-hartzaile bakoitzak bere ikuspegia eman du, foru-fiskalitatea ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntze aldera. Hala, aditzera eman denez, legitimitatea “ez dago soilik kudeaketaren emaitzen mende”; herritarren babesa funtsezkoa da “gure autogobernu-sistema indartzen dela eta garatzen jarraitu ahal izango dela bermatzeko”.

Foru-fiskalitatea zabaldu eta dibulgatu behar bada ere, Anjouren iritziz, oso beharrezkoa da jakinaraztea prozesu horretan “zerga-administrazio modernoak, gertukoak eta oso informatizatuak eraiki direla, eta ahalegin handia egiten dutela zergadunei eta eragile ekonomikoei segurtasun juridikoa emateko”.

Finantza-autonomiako prozesu horrek, halaber, ezaugarri nagusi bat du bi aldetatik: aldebakarreko arriskua. “Foru-ogasunek dirua biltzen dute, eta baliabide horiekin, eta aldebakarreko arriskuarekin, Estatuko Administrazio Orokorrarekin dituzten betebeharrei erantzuten diete (kupoa, ekarpena eta beste finantza-fluxu batzuk), baita gastu-politika propioei ere”, gogorarazi du Ogasun eta Finantzetako sailburuak.

Ekitaldiaren itxieran, Noël d’Anjou sailburuak joan den astean Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioei buruz hitz egin du, akordio horiek balioan jartzen baitituzte “bai Ekonomia Itunaren eredua, bai Euskadiko erakundeen eta Estatuaren arteko finantza- eta zerga-erlazioak zuzentzen dituen aldebikotasuna”, eta aitortzen baitute “Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak betetzen duen eginkizun nagusia, gure autogobernuaren ekonomia- eta finantza-esparruan eragina duten gai nagusiei buruzko topaketa, eztabaida, elkarrizketarako gune lasai gisa eta akordiorako gune gisa”.

Alt