Lehendakariak Fundazioa hartu du Notitia Vasconiae hiztegiaren proiektua sakon ezagutzeko

  • Hasiera
  • /
  • Lehendakariak Fundazioa hartu du Notitia Vasconiae hiztegiaren proiektua sakon ezagutzeko
Alt
21 Ots 2024

Iñigo Urkullu lehendakariak Iura Vasconiae Fundazioaren zenbait ordezkari hartu ditu Lehendakaritzan, Notitia Vasconiae Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, proiektuaren berri izateko. Ia erabat amaituta dago proiektua; izan ere, argitaratu dira jada gaztelaniako lau liburukiak eta euskarako eta ingeleseko lehen bi liburukiak, Eusko Jaurlaritzak eta Petronorrek kofinantzatuta.

Euskal Herrian orain arte egin den argitalpen historiografikorik osoena da, eta 1.199 egileren lanak biltzen ditu, K.a. 200etik gaur egunera arte Euskal Herriko errealitate instituzional eta politikoa zuzenean deskribatu edo horretan zuzenean esku hartu zutenak.

Urkullu Iurako bi kiderekin

Eusko Jaurlaritzaren eta Petronorren finantzaketari esker eta ahotsak osatu dituzten 39 unibertsitatetako 300 egileren kolaborazioari esker egin ahal izan da lan hori –akademiko batzuen arabera, «itzela»–. Paperean kontsulta daiteke lana, bai eta Fundazioaren webgunean ere, erraz eta modu intuitiboan: www.iuravasconiae.eus

Gregorio Monreal Fundazioren ohorezko presidenteak, Juantxo Madariaga Hiztegiaren III. eta IV. liburukien zuzendariak eta Luis Elicegui idazkariak eskerrak eman dizkiote lehendakariari herrialde-proiektu honetan erakutsitako inplikazio eta babesagatik. Proiektu honi esker, eskura izango dute akademikoek Euskal Herriaren errealitate juridiko eta politiko konplexu eta berezia, baina ez horiek bakarrik, baita gure historia politikoaren gakoak eta protagonistak ezagutu nahi dituzten interesdunek ere.

Lehendakariak, bere aldetik, oso positiboki baloratu du Iura Vasconiaeren ekimena eta haren irismena, eta Fundazioaren beste jarduera-arlo batzuk ezagutu nahi izan ditu. Ezinbesteko erreferente bilakatu da Fundazioa Baskonia osatzen duten zazpi lurraldeen zuzenbidearen historiaren esparruan.