Iura Vasconiaeren web-orriak, Euskal Herriko zuzenbidearen gordailu handienak, beste sei argitalpen jasotzen ditu

  • Hasiera
  • /
  • Iura Vasconiaeren web-orriak, Euskal Herriko zuzenbidearen gordailu handienak, beste sei argitalpen jasotzen ditu
Alt
05 Eka 2024

Iura Vasconiaeren web-orriko online eta doako argitalpenen atala handitzen ari da, eta Euskal Herriko zuzenbide publiko eta pribatuarekin lotutako liburuen gordailu handiena da.

Beste argitaletxe batzuen argitalpenen bilduman, ezinbesteko lan batzuk sartu berri dira. Hauek, hain zuzen ere: Génesis de la Ley de Territorios Históricos (Fuentes documentales), Virginia eta Carlos Tamayorena, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratua; La autonomía vasca contemporánea. Foralidad y estatutismo 1975 – 1979 eta Génesis del Estatuto de Gernika, biak ere Virginia Tamayorenak, IVAPek argitaratuak. Baita Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren kuestioaren egoerari buruzko ihardunaldien hitzaldien bilduma ere. 1993an antolatu zituen Iura Vasconiaeren aurrekoa izan zen Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutuak, eta Arabari, Bizkaiari, Gipuzkoari, Iparraldeari eta Nafarroari lotutako arloko espezialistak bildu zituen.

Autogobierno de Vasconia bilduman, Autogobierno de Vasconia. Desarrollo y crisis (1978-2006) lanaren zazpi liburukiak eskuragarri daude jada. Virginia Tamayorena da lana, eta batera argitaratu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Iura Vasconiaek.

Beste argitaletxe batzuen argitalpenen atalean, gainera, The Bilbao Consulate and its Ordinances lana igo berri dugu. Margarita Sernarena da lana, eta Center for Basque Studies Press University of Nevadak (Reno) argitaratu du.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Virginia Tamayori, Carlos Tamayori eta Margarita Sernari gure web-orrian beren lanak jasotzeko aukera eman digutelako, bai eta Iura Vasconiae Fundazioaren web-orrian beren lanak izateko baimena eman duten gainerako egileei ere –ikertzaileen eta publiko orokorraren eskura daude lan horiek horrela–. Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, argitalpen horien babesle eta argitaratzaileei.

Bilaketak egiteko aukera eman duen PDFa

Igo berri diren argitalpen guztiak PDFan daude eta bilaketak egiteko aukera ematen dute. Horrela, errazago egin dezakete lan Euskal Herriko zuzenbide publiko eta pribatuaren eta haren garapen autonomikoaren arloko ikertzaileek eta horretan interesa dutenek.

Bide batez, gogoratu nahi dugu eskuratu daitezkeela, orobat, Notitia Vasconiae hiztegiaren gaztelaniazko lau liburukiak orain dela hilabete batzuetatik. Lan handi horretan, Kristo aurreko 200. urtetik gaur egunera arte Euskal Herriaren bilakaera deskribatu duten edo haren protagonista izan diren 1.100 historialari, jurista eta politikari baino gehiagoren irudia eta obra jasotzen da, eta etengabe eguneratzen dugu. Baita I. liburukiaren euskarazko edizioa ere, Antzinaro, Erdi Aroa eta Aro Modernoa jasotzen dituena. Laster, II. eta III. liburukiak (euskaraz) eta I. eta II. liburukiak (ingelesez) igoko ditugu, dagoeneko paperean daudenak. Hiztegirako sarbidea errazteko, ahotsen araberako bilaketa egin daiteke, hainbat eremurekin.

Iura Vasconiae Fundazioaren kalitate handiko lanak biltzeko lan honi esker, Euskal Herriaren bilakaerarako funtsezkoak diren gai hauetan interesa duten ikertzaileen lana errazagoa izango delakoan gaude.