Mondragon Unibertsitatearen Zorrotzaurreko campusak hartuko du, urtarrilaren 23 eta 24an, Iura Vasconiaeren XXIII. Sinposioa, oraingo honetan Baskonian historian zehar izandako nazioarteko harremanak ardatz hartuta.
Mikel Mancisidor zuzendari, Iura Vasconiae Fundazioak arloko aditu nagusiak biltzea lortu du. Gai hau gutxi ezagutzen bada ere, interes handikoa da, akademikoentzat ez ezik, baita Baskonia osatzen duten lurraldeen historiaren funtsezko zatia den gaian sakondu nahi dutenentzat ere.
Hasteko, nazioarteko komunitateko beste subjektu batzuekin nazioarteko ordezkaritza, akordio edo itunak beren kabuz eta beraientzat, berdintasunean, ezartzeko gaitasuna gauzatu zuten zenbait lurralderen adibideak emango dituzte hizlariek. Halaber, Europako erresumen edo nazioen arteko aro modernoko zenbait itun, Baskonian ondorioak izan dituztenak, ere aztertuko dituzte. Eta, azkenik, Baskoniako erakundeek nazioarteko harremanen edo are gobernantza multilateralaren arloetan parte hartzeko zereginak egin dituzten egoera garaikideagoak aztergai izango dituzte.