Euskal Herriko 2.000 urteko baino gehiagoko pentsamendu politiko guztia biltzen duen hiztegiaren aurkezpena egingo da ostegun honetan Bergarako Irizar jauregian

  • Hasiera
  • /
  • Euskal Herriko 2.000 urteko baino gehiagoko pentsamendu politiko guztia biltzen duen hiztegiaren aurkezpena egingo da ostegun honetan Bergarako Irizar jauregian
Alt
31 Urr 2023

Antzinarotik gaur eguneraino Euskal Herriko pentsamendu politiko guztia biltzen duen argitalpena aurkeztuko da ostegunean (hilaren 2an), 19:00etan, Bergarako Irizar jauregian. Urteak eman dira lan hori idazten eta 30 bat unibertsitatetako 300 akademikok parte hartu dute. Paperean nahiz Interneten kontsulta daiteke.

«Notitia Vasconiae hiztegia ezinbesteko tresna bat da bai Baskonia osatzen zuten lurraldeak juridikoki nola antolatu diren, bai Euskal Herrian 2.000 urtez bizikidetzan edo lehian egon diren joera ideologikoak ezagutu nahi dituenarentzat», esan du Juantxo Madariaga irakasleak (Iura Vasconiae Fundazioak bultzatu duen argitalpenaren zuzendarietako bat da).

Bera arduratuko da lana Bergaran, ostegunean, aurkezteaz, eta, gogora ekarri duenez, herrialde gutxik egin dute beren historiako historialarien, juristen eta politikarien irudia eta lana argitalpen bakar batean biltzeko lana.

«Lau liburukitan eta 3.500 orrialdetan baino gehiagotan bildu ditu Iura Vasconiae Fundazioak Kristo aurreko 200. urtetik gaur egunera arte gure antolamendu juridikoari eta politikoari beren ezagutzen ekarpena egin dioten 1.199 historialari, jurista eta politikari. Ikaragarrizko ahalegina egin du horretarako, eta Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du. Euskal Herriaren bilakaera politikoaren edozein etapan murgildu nahi duenak bi aukera ditu; batetik, liburukiak kontsultatzea eta, bestetik, Iura Vasconiaeren webgunean bilatzea, egileen bilatzaile erraz baten bidez» adierazi du Juantxo Madariagak. Esan du, gainera, Bergaran egingo duen aurkezpenean, hiztegian jasota dauden eta herri horretakoak diren egileak ere aipatuko dituela.