Baionako Udalean egin da Notitia Vasconiae hiztegiaren III. liburukiaren aurkezpena Iparraldean

  • Hasiera
  • /
  • Baionako Udalean egin da Notitia Vasconiae hiztegiaren III. liburukiaren aurkezpena Iparraldean
Alt
17 Aza 2022

Baionako Udalean egin da Notitia Vasconiae, Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegiaren III. liburukiaren aurkezpena Iparraldean. Yves Ugalde Baionako alkateordea izan zen ekitaldiaren buru, eta bertan izan ziren Eguzki Urteaga Eusko Ikaskuntzaren Iparraldeko lehendakaria, Juantxo Madariaga hiztegiaren egungo zuzendaria eta Xarles Videgain eta Iban Larrandaburu Baskonia kontinentalari dagozkion hiztegiko ahotsak egin dituzten egileetako bi.

Yves Ugalde Baionako alkateordea pozik agertu zen Notitia Vasconiae hiztegiaren ekarpenengatik. Hiztegi horrek, hirugarren liburuki honetan, Baskonia penintsularreko eta kontinentaleko idazle askoren bizitza eta pentsamendua jasotzen ditu, 1876aren (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foruak indargabetu ziren urtea) eta 1936ko estatu-kolpearen artekoak.

Eguzki Urteagak, Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren ordezkari gisa, bere erakundearen eta Iura Vasconiae Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena azaldu zuen. Hitzarmen horri esker, Iparraldeko historialari, legelari eta pentsalari politikoen ahotsen egileak errazago bildu ahal izan dira, eta materialak jasotzeko lana koordinatu ahal izan da.

Juantxo Madariaga Notitia Vasconiae hiztegiaren III. liburukiaren zuzendariak azaldu zuen Iura Vasconiae Fundazioari nola sortu zitzaion hiztegia abian jartzeko ideia, eta zenbaterainoko erronka izan zen Antzinarotik gaur egunera arteko ideia eta ekarpen guztiak argitalpen bakar batean bateratzea. Lan horri amaiera emateko, laugarren liburukia argitaratuko da: 1936tik gaur egunera arteko azken etapa jasoko du, eta laster kaleratuko da.

Xarles Videgainek eta Iban Larrandaburuk hiztegian jasotzen diren Iparraldeko egileen ahots batzuk komentatu zituzten.