Arrakastatsua izan da Gernikako Estatutuari buruzko oroitzapenezko jardunaldia

  • Hasiera
  • /
  • Arrakastatsua izan da Gernikako Estatutuari buruzko oroitzapenezko jardunaldia
Alt
31 Urr 2023

Iura Vasconiae Fundazioak antolatuta eta IVAPen eta UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen elkarlanarekin, Gernikako Estatutuari buruzko oroitzapenezko jardunaldia egin da urriaren 23an, herri-erreferendum bidezko onarpena ospatu baino bi egun lehenago, eta arrakastatsua izan da, bai hizlarien kalitateagatik, bai bertaratuen kopuruagatik. Ikasle, akademiko eta ordezkari politiko ugarik parte hartu dute, eta, Zuzenbide Fakultateko gradu-aretoa txikia geratu denez, UPV/EHUren Donostiako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan egin behar izan da jardunaldia.

Iura Vasconiae Fundazioko presidente Roldán Jimenok eta IVAPeko zuzendari Maite Barruetabeñak aurrezpena egin eta gero, autonomia-estatutuen historiaren errepaso bat egin du eta indarrean dagoenaren (Gernikakoaren) jatorriari buruz hitz egin du Gregorio Monreal irakasleak. Arloko aditu garrantzitsuenetako bat da Gregorio, eta aipatu estatutuaren jatorriaren protagonistetako bat ere bai. Deustuko irakasle Santiago Larrazabalek Estatutuan bilduta dauden eta kolore bateko eta besteko gobernu zentralak gutxika-gutxika transferitzen joan diren eskumenak zerrendatu ditu. Juanjo Álvarez katedradunak egungo testuingurua gaindituta autogobernuan aurrera egiten lagun dezaketen formulei buruzko pistak eman ditu.

Mahai-inguru bat ere egin da, Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle Maite Zelaiak moderatuta, eta bertaratuek adi-adi entzun dute. Lehen lerroan, aktibo dauden karguen artean, hiru kongresukide, senatari bat, foru-diputatu bat eta batzarkide bat izan dira, sentsibilitate politiko ezberdinen ordezkari, eta adituek esandako guztia gogoan hartu dute.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik itxi du ekitaldia, eta gogoratu du orain dela 44 urte onartu zela Estatutua erreferendum bidez eta aldi luze honetan Estatuak ez duela bete lege organiko bat eta oraindik ere egiteko daudela transferentzia garrantzitsuak.

Alt
Alt
Alt