Argitaratu da Iura Vasconiae aldizkariaren 11. alea

  • Hasiera
  • /
  • Argitaratu da Iura Vasconiae aldizkariaren 11. alea
Alt
17 Abe 2015

Argitaratu berria da Iura Vasconiae aldizkariaren 11. alea eta eskuragarri dago gure liburutegi birtualean. Ale honetan daude jasota Euskal Herriko lurraldeetako Zuzenbide historiko eta autonomikoaren XII. sinposioan aurkeztutako hitzaldiak. Sinposioaren gaia autogobernuak gerra zibila hasi zenetik 1978an Espainiako Konstituzioan onartu zuten arte izandako bilakaera izan zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko gaur egungo egoera instituzionala, bakoitza bere argi-itzalekin, trantsizioaren lehen urteetan izandako gertakarietan dago oinarrituta.

Erbesteko Euskal Gobernuaren legitimotasuna babes hartuta, 1976-1979 urteetako ahalegin handienak Gipuzkoako eta Bizkaiko kontzertu ekonomikoa berreskuratzera eta Arabakoari eustera bideratu ziren. Etorkizun autonomikoa prestatu beharra zegoen, behin-behineko egitura instituzional bat ezarrita eta egitura hark lagundu egin behar zuen, batetik, herrialdea normalizatzen eta, bestetik, 1978ko Estatuko Konstituzio berriaren eztabaidan Euskal Herriko lurraldeen estatus berezia babesten. Nafarroak, aldiz, eutsi egin zion hitzarmen ekonomikoari eta 1841eko abuztuaren 16ko Legean oinarritutako araubideari. Konstituzioak aukera eman zuen bi erkidegoek estatus berezia izan zezaten, lehen xedapen gehigarriaren bidez.

Aldizkariak, horrez gain, Varia ataleko bi artikulu, aipamen bat eta María Ángeles Larreari eskainitako In memoriam bat ere baditu.