Ibilbidea
Liburuki honetan ageri den Nafarroako autoreen obra historiko eta juridikoa mende erdi luzeko aldi kronologikoan kokatzen da, 1876tik 1936ra bitartean. Bi gudaldi garrantzitsuk mugatzen dute denbora-esparru hori; lehena, bigarren karlistaldi handiaren amaiera, eta 1936koa, 1931ko erregimen errepublikanoaren aurkako matxinada militarraren hasiera. Bien artean ekoizpen tematiko historiko-juridiko bat dago, garai politiko berri baten hasierak, Borboi dinastiaren berrezarpena, eta mende amaierarekin eta XX. mendearen lehen hereneko masa-gizartearen erronkekin bat zetozen interes intelektual, sozial eta kulturalen pixkanakako agerpenak ezarritakoa.
Monarkiaren garaia, Primo de Riveraren diktadura eta demokrazia errepublikanoan zehar, bi data haien artean dimentsio politikoaren eta kulturalaren artean sor zitezkeen adierazgarri eta harremanaz haratago, erabakigarriena mende erdi luze horretan zehar Mendebaldeko kulturaren eremuan diziplina historikoa eta doktrina juridikoa garatzeko egin ziren funtsezko aldaketak izan ziren, Nafarroako lan idatzietan islatu zirenak.
Bidezkoa litzateke garai horretan guztian euskal lurraldeetan mundu intelektualean gertatutakoari euskal kultura garaikidearen urrezko aroa esatea. Idazleak, folkloristak, hizkuntzalariak, ikerlariak, kazetariak eta baita historialariak eta legelariak ere elementu aktiboak izan ziren XIX. mendeko azken guda zibilaren ondoren nabaritzen den eta erregimen errepublikanoa eraitsi arte luzatu zen berpizkunde kulturalean. Idazle-talde hark aurreko hamarkadetako gaiak, egiteko moduak eta narrazio-moduak jaso zituen herentzian, eta nabaria zen historia militarreko eta erlijiosoko gertaeretan zeuden elementu erromantikoen eragina; baina XIX. mendearen amaiera baino lehen, praktika eta interes historiografiko berriak agertu ziren, eta horiek XX. mendearen lehen herenean zehar itxura hartzen hasi ziren. Historia pentsatzeko modu zahar eta berritzaileen uztartzea izan zen erudizioak, tokiko historiarekiko dedikazioak eta artxibategi-lanari begirako ikerkuntzan gero eta gehiago jardun zuen erreprodukzio dokumental historiko hutsak bat egin zuten garai hartako ezaugarri nabarmenetako bat.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian gertatu bezala, herrialdearen berezko erakundeentzat gerra karlista-liberalak suposatu zuen etenak eta Espainiako gobernuak Canovas del Castillo kontserbadorea buru zela planteatu zuen azken irtenbideak markatu zuten Nafarroan gai historikoei buruzko ekoizpena. Motibazio politikoa eta informazioarekin, saiakerekin, kultura-sorkuntzarekin eta ikerketarekin lotutako eremuetan emandako ekimen zerrenda zabala hasiera-hasieratik uztartu ziren, gerraren ondoren kaltetuta zeuden herriaren erakundeen eta legeriaren defentsan parte hartzeko asmo nabariarekin. 1876-1877an Euskal Probintzietan foruak indargabetzeak, eta 1877ko Tejada Valdosera izeneko hitzarmenetik abiatuta, 1841ean onartutako Nafarroako Foruak Aldatzeko Legearen erreformak, euskal erakundeen etorkizunari buruzko zalantzazko itsaso batean murgildu zituen lau probintzietako elite politiko eta intelektualak. Gerrak gizarte-haustura handia egiaztatu bazuen, foru-abolizioak eragin handia izan zuen uneko pentsatzaileen kontzientzian, eta belaunaldi hartako intelektualei herrialdearen hondamenaren ebidentzia eman zien ordena askotan. Hori izan zen 1876ko belaunaldia, horrela izenda baliteke, identifikatu zuen marketako bat.
Foru-galeraren sentimendua, herria ulertzeko eta funtzionatzeko modu baten galera, iraunkorra izan zen hainbat hamarkadatan gerraren garaiko autore batzuen lanean, hala nola Aranzadi, Altadill, Usaiz edo Campion, haiek berek 1876ko abolizioaren ondorengo idazkietan gogorarazi zuten bezala. Gobernu zentralak hartutako foru-politika indargabetzailea, nola karlisten aurkako hala euskal liberalen aurkako erantzun orokorra izan zelako egiaztapen latza izan zen, eta horrek eragina izan zuen bai gerra eragin zutenengan, buruzagitza karlistari, bai haien aurka borrokatu zirenengan, liberalak. Gudaren hasieraren erruaren esleipen orokor eta bereizi gabe hori foruzaletasuna proposamen politiko berri gisa sortzearen eta lau probintzietako espektro politikoko talde garrantzitsuenetan antizentralismoa errotzearen jatorrian egon zen. Berezko erantzun intelektuala berehala argitaratu zen La Paz egunkarian, Madrilen 1876an, helburu esplizitu batekin: «sortu gintuen herrialdeko foruak eta erakunde ohoragarriak defendatzea». Kultura-elkarte berriak sortzeko bultzada handia, Nafarroan esaterako Nafarroako Euskara Elkartea (Asociación Euskara de Navarra) (1877), eta haren aldizkari homonimoa, Revista Euskara (1878-1883), ez legoke ulertzerik gerraren ondoren sortutako foruen aldarrikapenaren humusa gabe. Eragin zuzena izan zuen tokiko politikan, izen bereko alderdi bat eta prentsa foruzaleak agertu baitziren, Euskadiko eta Nafarroako federazioaren defentsarako eta foruak berreskuratzeko, hala nola El Arga (1879-1881) eta Lau-Buru (1882-1886). Politikaren arloan foruzaletasuna arriskuan egon zen, epe ertainean, 1886an karlismoak hauteskundeetara itzultzea erabaki zuenean; orduan amaitu ziren Nafarroako euskara elkarteak sinbolizatu zituen lehen kultura-ekimenak. Ordurako, oso ahul zegoen elkartea, Nafarroako liberalek parte ez hartzeko erabakia hartzeagatik, eta erabat kaltetuta 1880an liberalismoak foruzaletasunarekin hautsi ondoren.
Jarduera politikoak elikatutako aldizkako argitalpen, egunkari eta kultura-aldizkari sorta horretan sartzen da historiarekin eta jurisprudentziarekin lotutako ekoizpenari dagokiona, Borboien Berrezarkuntzatik eta gobernu zentral kontserbadore eta liberalen politikatik eratorritako aldaketen aurrean sortutako ziurgabetasunez betetako mundu baten isla. Honen gainean proiektatu ziren liburuki honetan jasotako egileen ekarpenak, normalean artikulu laburrak, iraganeko oroitzapenak, euskararen jatorriari buruzko hurbilketa errazak, elezahar eta kutsu foruzalea zuten ipuin formako narrazio laburrak, iruzkin laburrak dituzten dokumentu historikoen argitalpenak, monografia xumeak eta antzeko beste ekarpen batzuk. Denboran aurrera egin ahala, XIX. mendea amaitu baino hiru bosturteko lehenago, azterketa mota berriak agertu ziren, zabalagoak, dokumentatuagoak, asmo handiagoko saiakerak; German Gamazo Ogasun ministroak 1893an egindako eskakizunen inguruan egindako foru-defentsako argitalpen monografikoek erakusten duten bezala; izan ere, lehen eskutik erakutsi zuten berak egindako Ogasun erreformak protesta ikaragarria eragin zuela, denboran luzatu zena. Ideologia desberdinak zituzten zenbait autoreren lanak, hala nola, Hermilio de Oloriz, Gervasio Etayo eta Gregorio Iribas, mugimendu polifazetiko horren testuinguruan kokatzen dira, ministro hark aurkeztutako estatuaren aurrekontuen proiektuaren aurkako Nafarroako estatus fiskala mantentzeko.
Aurreko hamarkadetako forma historiografikoak bizirik bazirauten ere, beste egiteko modu batzuetan egin zen aurrerapena, idazkera historikoak islatu zuen bezala. Tokiko erudizioari eutsi egin zitzaion, kondairetan oinarritutako literaturaren arrastoak geratu ziren oraindik, baina, oro har, ikerketaren alorrean aurrera egin zen. Zalantzarik gabe, Arturo Campionen lanak ondo irudikatzen du XIX. mendearen azken laurdeneko historia idazleen lehen belaunaldi honetako autoreak mugitu zituzten interes eta moduen bilakaera. El genio de Nabarra (1884-1888) eta Celtas, Iberos y Euskaros (1897) lanek bien arteko aldea erakusten dute, artxiboko eta bibliografiako dokumentazio kontsultaren dentsitateari erreparatzen badiogu, lehenengoan ezer gutxi, zehatzagoa bigarrenean.
XX. mendearen sarrerak esparru sozialean eta politikoan ere berritasunak nabarmendu zituen. Horren adierazgarri txiki baina esanguratsua Nafarroako hiriburuan lehen gune sozialista eratzea izan zen. Espektro politikoa zabalduz zihoan; agerikoa zen talde errepublikano txikien biziraupena Tafallan eta Tuteran, Iruñean ez ezik; horri nekazarien aldarrikapeneko gizarte-mugimenduen eragin nabarmena gehitu zitzaion, produkzio intelektualean kontuan hartzeko arrastoa utzi zutenak, bai kontserbadore-aldaeretan, Nekazarien Federazio Katoliko Sozialak (Federación Católico Social Agraria) (1910) bai erreformistetan, herri-mugimenduak sinbolizatuak.
Gizarte-auzia indartuta agertu zen Nafarroako historiaren une hartan, ez hainbeste ekonomia-garapen industrialaren mende, baizik eta nekazaritza-ekonomia areagotzearen mende, hemeretzigarren mende amaierako krisiaren ondorio negatiboetatik askatuz joan zen heinean. Hor aurki ditzakegu sozialki berritzaileak diren bi gai, historiografian isla handia izan zutenak.
Horietako bat gizarte-mugimendu nekazari-katolikoari lotuta agertzen da. Mugimendu hori mendearen hasieran sortu zen, eta garapen izugarria lortu zuen, nahiz eta banaketa geografikoari dagokionez desberdina izan Nafarroako erdialdean eta Iruñerrian. Gai hori kooperatibismo antolatuaren garapenera lotuta agertzen da, izaera sozioekonomikoa duten helburuetatik abiatuta, hala aurrezkiaren eta maileguaren helburuetatik nola zerbitzu-eskaintzatik. Helburu horien adierazle sendoenak landa-kutxak eta nekazaritza-sindikatu katoliko izena hartu zutenak izan ziren, denbora-tarte laburrean antolatu eta geografikoki zabaldu ziren dozenaka erakunde.
Une hartako beste arazo garrantzitsua nekazari pobreek eta landa-langileek adierazi zuten lur-gosearekin estu lotuta zegoen, baita garapen teknikoak ordura arte abereentzako larreak ziren landa-eremu zabalak landatzeko aukera eman zuenean ere. zuzenketaren auzia, herriek, udal-korporazioek eta nekazariek beren herri-jabetza zaharra itzultzeko egindako eskaera ez zen, inola ere, berria Nafarroako historia garaikidean. Hain zuzen, 1850eko hamarkadara arte izan zuen jatorria, eta 1880tik aurrera protesta-mugimendu handiak eragin zituen.
Korralizera auzia, herriek, udal-korporazioek eta nekazariek beren herri-jabetza zaharra itzultzeko egindako eskaera ez zen, inola ere, berria Nafarroako historia garaikidean. Izan ere, 1850eko hamarkadan izan zuen jatorria, eta 1880tik aurrera protesta-mugimendu handiak eragin zituen. XX. mendearen lehen hamarkadetan nekazaritza-ekonomia izugarri suspertu zen, eta, horren ondorioz, jabetza-galtzeak kaltetutako udalerriek ondasun komunalen eta norbanakoen ondare erraldoietan jarri zuten arreta, Napoleonen gerraren amaieratik pribatizazio-prozesu batzuen bidez kendu baitzizkieten. Horrek guztiak monografiak agertzea eragin zuen, ia beti gizarte-errealitate mingarri haren tratamendu juridiko historikoan interesatuta zeuden eta tokiko bizitza gatazkatsuaz kezkaturik zeuden juristen lanak, lurraldearen hegoaldeko hereneko herri askotan ematen hasia zen egoera. Zentzu juridiko zorrotzagoan, Victoriano Lacarra, edo ikuspegi juridiko-sozialetik, berriz, Arin Dorronsoro eta Montoro Sagasti, herri-jatorriko lurraren jabetza handi berriaren egituratik eratorritako arazoei erantzuten zien gizarte-historia baten abiarazleak izan ziren. Guztiek lan sendoak argitaratu zituzten, nekazari-talde handiek eta haien udal-ordezkariek bizitako errealitate bat erakutsi eta salatzeko asmoz.
Gizarte-gaietan egindako sartu-irten handi horrek handitu egin zuen ikertzaile nafarren gai-aniztasuna, baina ez zuen nobleen genealogiak osatzeko, mirespenak kontatzeko, parrokietako albisteak idazteko edo eliza-dokumentazioaren inbentarioak idazteko erabiltzen zen historiografia tradizional ezagunena ordezkatu. Nafarroan Ondare historiko, arkeologiko edo artistikoari buruzko ohar eta artikulu labur zorrotzak ere argitaratu ziren, eta Nafarroako Monumentu Historiko Artistikoen Batzordeak (Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra) (CMHAN) arreta eskaini zion. Azken hau 1844ko dekretu goiztiarrarekin sortu zen, eta, 1895az geroztik, Boletin moduan argitaratu zen aldizkari propioa izan zuen. Aldizkari honek hiru fase izan zituen, eta 1936an amaitu egin zen. Monumentuak babestu eta zaharberritzeko lan hori hainbat artikulu eta monografiatan islatu zen, batzorde probintzial horren Boletinaren indizeek erakusten duten moduan.
Garai hartan lan historiko edo juridikoa argitaratu edo ekoitzi zutenen artean, berrogeita hamar autore nabarmenetik gora izan ziren azalpen-formak hartu zituztenak, eremu historiko hutsean, oro har, narraziozkoak eta deskribatzaileak izan ziren. Liburuki honetan jasotako lan-multzoaren lehen ezaugarri generikoetako batek nabarmentzen du ekoizpenaren egiletza ez dela akademikoa nagusiki. Espainian, XIX. mendean, Diziplina historikoak, berez, ez zuen izan unibertsitate-ikasketetan aitortutako estatus autonomorik, eta hori ez zen legez gertatu 1900ean Antonio Garcia Alix ministroak egindako unibertsitate-erreformaren legea aldarrikatu arte. Ordura arte, Humanitate, Filosofia eta Letretako ikasketek ez zuten aldaketarik izan Moyano legetik, ia mende erdi lehenagotik. Aldiz, ikasketa-plan berriarekin, 1900az geroztik historiaren azterketa espezializatuagoa eta zientifikoagoa egin ahal izan zen, Rafael Altamirak berak bere garaian azaldu zuen moduan. Horri esker, eduki historikoko irakasgaiak Zuzenbideko fakultateetatik atera eta beren curriculumaren garapena egituratzen hasi ziren.
Garcia Alixen ikasketa-planarekin, unibertsitateko goi-mailako irakaskuntza-erakundeek gizartearekin harreman hurbilagoa izan zuten; unibertsitate-hedapeneko jarduerei, ikasketak zabaltzeko batzordearen antolaketa eta bere beka-politikari, edo instrukzio publikoko ministerioa sortzeari esker izan zen hori posible. Irakaskuntzako erakunde libreak eta kulturaren eta hezkuntzaren arloko izaera erreformistak gero eta garrantzi handiagoa izan zuten aldaketa horiek babesten, iritzia eta laguntza emanez.
Hala ere, XX. mendearen hasieratik aurrera, diziplina-curriculuma instituzionalizatzeko fase hori unibertsitate-erakundeak zituzten lurraldeetan besterik ezin izan ziren gauzatu, eta hori ez zen Nafarroaren kasua, ezta Euskal Probintziena ere. Azpimarratzekoa da, goi-mailako irakaskuntzaren etorkizuna baldintzatu baitzuen, unibertsitate-erakunde publikoak zituzten eta ez zituzten tokietan egindako azterketa historikoek izandako bilakaeraren eta garapenaren arteko urruntasuna. Penintsulako euskal lurraldeetan, denboran urrun geratu zen oraindik abiatu gabeko «Euskal Herriko unibertsitate baten proiektua, Nafarroako Foru Aldundiak 1866an Bizkaia, Araba eta Gipuzkoakoei proposatua»; Deustuko unibertsitate pribatua baino ez zegoen, 1886an Jesusen konpainiak sortua, eta Bizkaiko hiriburuan zegoen goi-mailako ingeniari industrialen eskola teknikoa (1897). Horixe zen euskal lurraldeetako unibertsitate-ikasketen egoera 1900ean Espainiako unibertsitate-erreforma onartu zenean. Eusko Ikaskuntzak (1918) Euskal Herriko unibertsitate bat sortzeko saiakera laudagarria egin zuen elkartea sortu eta handik gutxira, eta errepublikaren garaian berriro mahaigaineratu zuten gaia, hala ere, proiektua eten egin zen estatu-kolpearen eta gerra zibilaren hasieraren ondoren.
Nola edo hala, orduko kultura-erakundeek, garaiko arazo garrantzitsuak aztertzeko eta, mende-hasieratik, euskararekin zerikusia duten ikasketak sustatzeko bilerak eta hitzaldiak suspertzeko ekimenak izan arren, ez zuten gaitasunik izan euskal lurraldean goi-mailako hezkuntzako ikastetxe publikorik ez zegoelako. Aldiz, bai Espainian bai Katalunian, 1907an sortu zen zientzia-ikasketak eta ikerketak zabaltzeko batzorde berriak, edo Institut d’Estudis Catalans erakundeak, 1907an jaioa eta 1911n zabaldua, ahalegin handiak egin zituzten goi-mailako zientzia-ikerketa lantzeko, eta balio handiko intelektual eta zientzialarientzako gune emankor bihurtu ziren. Horri esker, unibertsitate-egoera hainbat esparrutan osatu ahal izan zuten.
Bi erakundeak, hala eta guztiz ere, Eusko Ikaskuntzaren aurrekari eta inspirazioa izan ziren (EI), eta gerora kide izanen ziren horietako batzuk, unibertsitate propiorik ez zegoelako kezkatuta, lau probintzietarako unibertsitate-proiektu bat diseinatu zuten arrakala hori konpontzeko, beraz, Oñatin (1918) egindako EIren I. kongresua autonomia politikoa eta euskal unibertsitate publiko baten beharra aldarrikatzeko giroan ospatu zen. Herrialdearen garapen kultural eta zientifikorako funtsezko gai hori baztertu egin zen Primo de Rivera generalaren diktadurak eztanda egin zuenean.
Nolanahi ere, halako egoerak ugariak izan ziren aztertzen ari garen aldian historiografiak Nafarroan hartu behar izan zuen izaeran, berezko unibertsitate-testuingurutik urrun, eta idazkera historikoaren eremu desberdin eta zabalago batera bideratzen du arreta: esparru akademikotik kanpo egindako obra historikoa jasotzen duen eremura, hau da, unibertsitate-erakundeetan garatutako historiografiak ebaluatzeko erabiltzen den ikuspegitik urrun.
Azterketa eta ikerketa modu sistematizatuan garatzeko erakunde-esparru egokirik ez izateak ez du esan nahi liburuki honetan agertzen diren autore horiek, bakartuta lan egin zutenik, beren aurkikuntzak komunikatu eta hedatzeko plataformetatik kanpo egon zirenik, edo uneko kultura-zentro garrantzitsuetatik, hala nola Paris edo Madrildik, deskonektatuta egon zirenik. Autore horien karakterizazio profesionala 1876 baino lehenagoko tarte historikoetan antzemandako jarduera-kategoria komunetan sartzen da hein handi batean. Maila historikoko argitalpenak notarioek, militarrek, politikariek, irakasleek, artxibozainek, arkitektoek, lurjabeek, apaizek, udal-idazkariek edo kazetariek idatzi zituzten. Oso ohikoa zen jarduera horietako batzuk pertsona berak uztartzea eta, aldi berean, ikerketan eta dibulgazioan ekarpenak egitea. Eguneroko prentsa gero eta ugariago batean eta gai anitzeko aldizkarietan parte hartzea, ia denak lau probintzietan kokatuak, lankidetza historikoak zituzten goiburuen zerrenda bezain aktiboa izan zen: La Paz, El Arga, Lau Buru, Irurak bat, La Avalancha, Diario de Navarra, El Noticiero bilbaíno, Hermes, El vasco, Euskal-Erria, La España Regional, El Eco de Navarra, Euskalerriaren Alde, RIEV, Boletín de la CMHAN, Revista de Historia y Genealogía Española, El Tradicionalista, La Lealtad navarra, El Pensamiento navarro, Euzkadi, La Voz de Navarra edo El Día. Hedabide horietan lan txiki batzuk agertu ziren, txikiak luzeran eta helburu handirik gabe. Literatura historiografikoaren zerrenda osatzen dute, eta parametro historiografikoetatik hartu beharko lirateke. Prentsan egindako kolaborazioek eta izaera historiko-kulturaleko erakunde garrantzitsuetako kide izateak —Historiako Errege Akademiako kide gisa (Real Academia de la Historia) (RAE), Nafarroako Monumentu Historiko-artistikoen Batzordeko kide gisa, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiari (Real Academia de Bellas Artes de San Fernando) lotua, edo Eusko Ikaskuntzako kide gisa (EI)—, sozializazio profesional moduko bat ahalbidetu zuten, kontaktu eta informazio-sare bat eratuz, XIX. mendearen azken laurdenean autore horien pentsamendua hedatu zuena. XX. mendea hurbildu ahala, beste leku eta lurralde batzuetatik jaso eta trukatzen ziren aldizkako argitalpenen, buletinen eta bibliografiaren inguruko albisteek, zehaztasun gutxirekin bada ere, kontaktuen mapa, elkarrekiko erreferentzien egiaztapena eta mugitzen ziren mundu intelektuala marrazten dituzte. Zehaztasun handiagoz aztertu ahal izango da hori, azterketa espezifikoak eta monografikoak amaitzen direnean, bai autore eta argitaratu zituzten aldizkari garrantzitsuenei buruz, bai haien lanari eta harremanei buruz.
Nolanahi ere, denboran aldatuz doan jokabide bat dago gai historiko-juridikoen kultibadore horien artean, eta XX. mendearen hasieran argi geratu zen garai bateko jakitun lokalaren edo dibulgatzaile hutsaren aurrean, ia aurreko garaietako historialari-mota bakarra, autore batzuk agertu zirela, informazio eta kultura-esparru berrietan murgiltzen hasi zirenak, eta esparru lokalistako ekarpen historikoetan kokatu ezin diren irudiak sortu zirela. Autore hauek kultura historiografiko berrirako elementuak eratzen lagundu zuten pixkanaka, hala ere, epe ertainera ez zen amaitu, muga instituzionalengatik eta arazo politikoengatik.
Metodoa barneratzen eta historia mendebaldeko diziplina profesional gisa eratzen ari zen prozesu orokor eta lasaia izan zen, eta, horren ondorioz, nafar idazleek nolabaiteko harremana izan zuten, Frantziako eskola metodikoaren eta, beraz, alemanaren ekarpenen erreferentziak iritsi ahala. Ez zen aldaketa sistematikorik eman eskola positibista haren postulatuetarantz, berez, Revista Euskara aldizkarian eztabaida-oihartzunak izan zituen eskola, baina Frantziaren eta Espainiaren historiografian positibismo historiografikoa sendotzea ezinbesteko erreferentzia-puntua izan zen, jatorrizko historiografia horrek doktrina haren luzapen filosofiko hutsa errefusatu arren.
Ezagunak ziren historia patriotiko eta positibisten zale ziren historialari frantsesek grinaz enuntziatu eta defendatutako proposamenak, baina Nafarroako esparru intelektualean aplikatzeak ez zuen jarraitzaile leialik izan, bai ordea kritika biziak. Zientzia historikoak Natur Zientziak modura duen naturalizazio zentzudunaren aurkako jarrera, XIX. mendearen amaierako positibismo soziologikotik defendatua, Julien Vinsonen eta Arturo Campionen artean sortutako eztabaida latzaren osagaia izan zen. Liburuki honetan agertzen diren autore gehienen lana sakonki ez ezagutzeak dakarren beharrezko zuhurtasunetik, metodologia berriak aplikazio motela izango du ia lurralde historiografiko guztietan, baina, XX. mendearen hasieratik, haren inperioa etengabe hazi egingo da Europako historialarien eta gizarte-zientzia berriak lantzen dituztenen artean, soziologoak zein antropologoak izan. Historiografiak Nafarroan izandako ibilbideak, aldiz, ez zien bide horiei irmoki jarraitu.
Beste alde batetik, argitaratutako obran tokiko historiari, parrokiari edo monasterioari buruzko gaiak aurkitzen ditugu (Albizu, Lacunza, Zapatero), nobleziaren genealogiari buruzko lanak (Argamasilla de la Cerda, Conde de Rodezno), artxibategi, bibliografia eta dokumentazio-lanak (Arigita, Azcona, Oriz); hitzaldi eta saiakera politikoen argitalpena mantendu egin zen (Los Arcos, Sanz Escartin, Pradera), edo Zuzenbide kanonikoarekin edo izaera erlijioso pastoral eta historiko monakalarekin zerikusia zuten gai ideologikoenak (Cadena, Fabo, Gancedo, Gomez Rodeles, Munarriz). Gai horiei kezka berriak erakusten zituzten argitalpenak gehitu zitzaizkion, hala nola monumentu-ondarea berreskuratzeko eta aztertzeko ekarpenak, Nafarroako Monumentu Historiko-artistikoen Batzordean aurrekari argia zuena, arkeologiaren, historiaurrearen eta aurkikuntza megalitikoen hasierarekin, eta erromanizazioaren aztarnekiko interesarekin bat zetorrena (Iturralde, Ansoleaga, Altadill), eta baita artearen historiarekin (Larumbe, Altadill), antropologiarekin (Nicasio Landa), geo- grafia orokor eta gizatiarrarekin (Altadill, Urabayen) eta haren dibulgazioarekin (Garcia Abadia, Ibarlucea), paleografia eta diplomatikarekin (Nuñez de Cepeda), Nafarroako zuzenbide zibil eta prozesalarekin edo tokiko administrazioari lotutako Zuzenbidearekin (Alonso Arbe, Lacarra, Manuel Aranzadi, Arvizu, Echaide, Morales, Oroz Zabaleta, Compains, Urisarri); biografiak argitaratzen jarraitu zituzten (Arigita, Oloriz, Bizi-Dill, Azcona), edo kooperatibismoarekin (Cuadra), korralizerarekin eta komunalarekin (Iribas, Arin, Montoro) lotutako gai juridikoak, eta baita foru-aldarrikapenekin eta zuzenbidearekin lotutako gaiak ere (Escudero, Garran); hori guztia ekoizpen historiografiko haren jarraibideak argi uzten zituzten aldizkari eta monografietan argitaratu zen. Gai batzuk edo besteak denboran nagusitzea une politikoaren ondorio zuzena izan zen kasu batzuetan (Oloriz, Gervasio eta Jesus Etayo, Navascues, Campion), bai eta, beste batzuetan, adierazitako data historikoen oroitzapenek bultzatutako kultura-garapenaren ondorio ere, ingurune horretan sortutako eztabaidak bultzatuta, Navas de Tolosako batailako edo Nafarroaren konkistako mendeurrenen inguruan sortu zen jarrera publizistarekin gertatu bezala, baita Amaiurko setioaren inguruan sortutakoarekin ere.
Hemen bildutako lanen eduki historiografiko eta juridiko-historikoa xehetasunez ezagutzeak etorkizuneko arreta eskatzen du egungo historiografiatik abiatuta, haien ezaugarriak nabarmendu eta lorpenak eta mugak ebaluatzeko. Ia esparru juridiko eta historiko guztietan erakutsitako ekarpenez gain, guztiek autore bakoitzaren historiaren ideia adierazten dute, eta, horiek aztertu ondoren, Nafarroako idazleen unibertso mentalari argitasuna emango diote historiari eta beren erakundeei buruz zuten pentsamenduari dagokionez.
Gizonak izan ziren izaera historiko-juridikoko ekoizpenaren ia autore bakarrak, eta salbuespen nabariren bat izan zuten, hala nola Matilde Huici Navaz (irakaslea eta pedagogo feminista nabarmena ezkutuan). Hori ez da harritzekoa hiriburuko kultura eta adimen-zirkuluen testuinguru maskulinoan, non kultura-produktuen ekoizpenaren eta hedapenaren zatirik handiena biltzen baitzen. Gainera, ordura arte ezkerreko aukera ideologiko eskasen presentzia sinbolizatzen duen idazlea, kasu honetan sozialismoarena. Historialari eta legelari nafarra kontserbadore, katoliko, liberal, karlista, foruzale edo euskal nazionalista izan zen batez ere, nahiz eta, bere pentsamendu historiografikoari dagokionez, haien artean kointzidentzia sendoak egon, oro har garaiko historiografiari eragiten dioten ezaugarriak irudikatuta. Bistan da bilakaera handia eman zela 1876an gerra karlista liberala amaitu berritan idatzi zenaren eta lau hamarkada geroago islatuko zenaren artean, gizarte-auzia kazetaritza- eta politika-agendan bolo-bolo zebiltzanean, edo lehen Mundu Gerra amaitu eta esparru politiko autonomista berri bat eskatzen hasi eta 1839ko Foruen berrespen-legearen eta 1841eko aldaketaren inguruko eztabaidak indarrez piztu zirenean. Nafarroako Foru Aldundiaren eginkizunaren inguruko indar ideologikoa, azken lege horretatik eratorritako kudeaketa administratiboan oinarritua, aldarrikapen autonomikoen adierazpenari eta hemeretzigarren mendeko lege haien kritikari bide eman zien, arazo politiko eta ideologikoak sortuz, Nafarroaren historia garaikidea zalantzan jartzean, bai eta erresuma Espainiaren konkistagatik desagertzean ere. Horrek guztiak arrasto zabala utzi zuen probintziako prentsan, 1912tik 1923ra arte, behintzat.
Autore horien guztien lanaren zati handi bat ikerketa historiko zorrotzaren ingurukoa da, inferentzia, hurbilketa, interpretazio ideologiko edo gogoeta orokorretatik abiatuta. Hau guztia nabarmena da liburuki honek jasotzen duen aldi kronologikoaren lehen hamarkadetan, eta horrexegatik orain dela gutxira arte ez dira kontuan hartu idazkera historiko haren ekarpenak. Eragozpen hori hala bada ere, izaera historikoko lan gisa hartzen da bere termino guztietan, beste lurralde batzuetan gertatzen zen bezalaxe; izan ere, beste lurralde horietan, antzeko egikera duten historialari-formak erabiltzen ziren, eta horien azpian ideia bat zegoen, idazleen, legelarien eta historialarien belaunaldi horiek historiaren ikuskera erakusteko modua, hain zuzen.
Diziplina historikoaren profesionalizazio urriak ikerketa historikoaren bilakaera markatu zuen. XX. mendean Nafarroako historiografiaren eta Espainiako, Frantziako edo Kataluniako historiografiaren arteko distantzia handitu egin zela agerian geratu zen, azken hauek finkatzeko bide motel baina etengabea hasi baitzuten. Nafarroan eta, beraz, Euskal Herri osoan, ez zen historialarien komunitate zientifiko bat sortzeko baldintzarik eman, hau da, diziplina-praktika arrunten bidez elkartua, ibilbide akademiko arautuan oinarritua, aldizkari espezializatuetan ekarpenak eta eztabaidak egiten zituena, biltzarretan elkartua, doktoretza-tesiak egin edo mintegietan parte hartzen zuena. Horrek guztiak hasitako ikerketaren kalitatean eragin zuen, anbizio handiko ikasketa-plan eta proiektuak gauzatzeko baliabiderik ez zuen eta. Egoera hori agerian geratzen da autore horiek utzi duten corpusaren azterketan sartu ahala. Berriro ere, dokumentuen deskribapenean oinarritutako historia-idazkera baten eta eskuragarri dauden iturrien tratamendu sistematikoan oinarritutako idazkera baten arteko aldea, egia historikora hurbiltzea eskatzen duten arau metodologikoetatik abiatutakoa (objektibotasuna xede duen aukerako erregulazio gisa ulertuta), argi eta garbi nabaritzen da lehenengoaren aldera egin zuela. Azkenean, jatorrizko idazle gutxi sartu zen mundu horretan, irizpide metodologiko sendoz armatuta, beren gaitasun, interes eta baliabide ekonomikoek ahalbidetzen ez zutenean behintzat.
Kultura-elkarte garrantzitsuak sortu ziren, Nafarroako hasierako euskara elkartearen aurrekaria zutenak, hala nola Eusko Ikaskuntza (1918) eta Euskaltzaindia-Euskararen Akademia (1919), eta elkarte hauek euskal lurraldeetako mundu intelektualean aldaketa handiak ekartzeko asmoa zuten ekimenak antolatu zituzten. Nabarmenak izan ziren, egindako ekarpenengatik, EIk antolatutako Eusko Ikaskuntzen kongresuak; gizartearen, ekonomiaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloan herrialdeko gai garrantzitsuenei aurre egiteko asmo modernizatzaile argia izan baitzuten. Hau guztia bertan behera geratu zen Primo de Rivera jeneralaren diktadurarekin, horrela, eguneroko errealitatearen ezagutza eta esparru soziopolitikoaren arteko zubi-lana egin nahi zuen dinamika bertan behera geratu zen. Proiektu global horretan bete-betean sartzen ziren azterketa historikoen berrikus zitekeen garapena eta haren berrikuntza, hala ere, diktadurak dena eten egin zuen. Erregimen errepublikarra ezartzearekin batera, ekimen horietako batzuk berraktibatu egin ziren, besteak beste, euskal unibertsitate publikoaren proiektua, baina 1936ko gerra zibilaren ondoren ezarritako diktadurak berriro ere zapuztu egin zuen. Horren ondorioz etorritako errepresioak eta beldurrezko giroak etorkizun oparoko hainbat historialariren ahotsa isilarazi egin zuten, hala nola Jesus Etayorena. Aurreko belaunaldietakoak desagertuak ziren edo ez ziren aktibo mundu intelektualean (Altadill 1935ean hil zen eta Campion 1937an). Diziplina profesionalizatzeko irizpide sendoetan oinarritutako obra bati ekin zioten historialari gazteak, hala nola, Jose M. Lacarra edo Jose Ramon Castro, erregimen militarrak utzitako egoera berrira egokitu behar izan zuten.
1936ko galera ekonomikoak aurreko hiru hamarkadetan hasitako ikerketa historikoa profesionalizatzeko bide sigi-sagatsu haren porrota ekarri zuen, eta garai hartako pentsamendu historiografikoaren korronte berriei lotutako ibilbide bat irekitzen saiatu zen iraganari buruzko gogoeta-sormena itzali egin zuen.
Bibliografia
ELORZA DOMÍNGUEZ, A., Ideologías del nacionalismo vasco. De los Eúskaros a Jagi-Jagi (1876-1937), Donostia: Haranburu, 1978.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., La construcción de una nacionalidad. El Autonomismo de Eusko-Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.
GARCÍA-SANZ MARCOTEGUI, Á., Diccionario biográfico de los Diputados Forales de Navarra (1840-1931), Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1996.
IRIARTE LÓPEZ, I., Tramas de identidad. Literatura y regionalismo en Navarra (1870-1960), Madrid: Biblioteca Nueva, 2000.
LÓPEZ ANTÓN, J. J., Arturo Campión entre la historia y la cultura, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1999.
MAJUELO GIL, E., La idea de historia en Arturo Campión, 2011. Online arg.: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/publicaciones/la-idea-de-historia-en-arturo-campion/art-20759/ (2021eko ekainaren 4an kontsultatua), Tafalla: Txalaparta Ed., 2015.
NIEVA ZARDOYA, J. L., Hermilio de Olóriz o la Navarra olvidada, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2013.





