Karguak eta lanbideak
Legelaria, soziologoa eta politologoa
Ibilbidea
Miguel Sanz Amigot eta Maria Escartin y Mainerren semea, 1885ean Emilia Tovar y Rocarekin ezkondu zen. Emaztea Lizarragako kondesa zen heinean, konde ezkontide izan zen.
Bigarren Hezkuntza Ustaritz eta Iruñean burutu zuen, Filosofia eta Letretako eta Zuzenbideko ikasketak Zaragozan eta doktoradutza Madrilgo Unibertsitate Zentralean (1880).
Bere ibilbide intelektuala Berrezarkuntzaren testuinguruan hasi eta garatu zen, erregimenaren gertukoa izateaz beste, harekin aktiboki konprometituta ere egon zegoelarik. Horrela, orduko bizitza publikoan esku hartze zuzena izan zuen, erakunde desberdinetan kargu garrantitsuetan arituz eta auzi sozial eta politikoen inguruko eztabaidetan parte hartuz. Alderdi kontserbadorreko kidea, Granada eta Bartzelonako Gobernadore Zibila, Lan Ministroa eta Espainiako Bankuko gobernadorea izan zen. Ildo berean, Zientzia Moral eta Politikoen Akademiako kide eta idazkaria izan zen, erakundea 1903-1923 bitartean senatuan ordezkatuz, eta baita Erreforma Sozialen Institutuko kide eta lehendakaria ere.
Bere pentsamoldeak eta hau oinarrian izan zuten lanen mutzo eta ekintza soziopolitikoak lotura estua izan zuten orduko kontestuarekin, bereziki, gizarte industrialetik eta honen baitan ematen den lan eta kapitalaren arteko gatazkatik sortutako auzi sozialarekin. Hura ulertu eta azaltzeko eta haren aurrean erantzunak proposatzeko bidean, hainbat pentsamendu-korronteren eragina jaso zuen. Notomismotik eratorritako organizismo sozialaren zantzuak gizarteaz zuen ikusmoldean atzeman daitezke, banakotasuna multzoan naturalki integratzen dela bezalako ideietan, adibidez. Baina bereziki nabarmena izango da Leon XIIIaren Rerum Novarum (1891) entziklikaren erreformismo sozial katolikoaren eragina. Proletalgoa aktore politiko gisa hartzen ari zen paperaren aurrean, irtenbide erreformista baten alde egiten zuen, ordena publikoa mantentzea eta langileriaren bizi baldintzak hobetzea bateragarri egitea bilatuz. Ildo horretan, teoria indibidualista zein sozialista iraultzaileak arbuiatzen zituen eta estatu-interbentzionimoa eta ekintza indibiduala elkarren osagarritzat hartzen zituen.
Autore gisa, izaera eta tematika desberdinetako lan aunitz burutu zuen bere ibilbidean zehar. Bere ibilbide intelektualaren hasieran lan historikoei heldu zien, Ensayo crítico sobre el imperio de Carlomagno (1878) edota Misión de Polonia en la Historia de Europa (1884) bezalako lanekin. Filosofia eta zientziaz ere gogeta egin zuen, Indicaciones acerca de la doctrina evolucionista y su aplicación en las ciencias morales y políticas (1898) edota Federico Nietzsche y el anarquismo intelectual (1898) lanetan eta politikara gerturatu zen, De la autoridad política en la sociedad contemporánea (1894) eta La lliberté et progres dans leur relaions avec la régime démocratique et la vie international (1923) obrekin. Dena-dela, guztien artetik izaera soziologikoko obrak nabarmentzen dira, zeinetan aipatu ikusmolde soziala luze eta sakon garatu zuen. Zentzu honetan aipatzekoa da auzi sozialaren inguruko trilogia, Nuevas doctrinas. Socialismo de estado. Crisis agrícola. Proteccionismo arancelario (1890), El estado y la reforma social (1893) eta El individuo y la reforma social (1896) obrek osatzen dutena, edota Las asociaciones sobreras y el catolicismo (1894).
Auzi sozialaren inguruko trilogia hura izan zen zabalpen eta eragin handiena izan zuena. Bere pesamoldearen funtsa argien jasotzen duen obra da ere. Lehenbiziko bi lanen gai nagusia estatuaren interbetzioa zen eta berauetan honek gizakien artean justizia egiteko harreman ekonomikoen ordenean erabiltzen ahal zituen tresnak aztertzen ziren. Liberalismo ortodoxo eta sozialismoaren aurrean berezko jarrera hartze bat proposatzen zuen, zeinean estatuaren ekintza, industrialismo modernoak eragindako arazoei aurre egiteko eta klase babesgabeen egoera hobetzeko irtenbide gisa planteatzen zen. Langileriaren egoera eta honen zorigaitzak aztertuta, estatuak langileei babes legala eman behar ziela ikusarazten zuen eta langileriaren integratze sozial eta politikoa lortzearren, ekintza legegilearen bitartez boterearen gehiegikeriak galarazi behar zirela aldarrikatzen zuen. Emakume eta umeen lan orduak mugatzea, lanaldien iraupenaren eta igandeko atsedenaren arautzea, langile segurtasun eta higiene neurriak bermatzea, zerga eta merkataritza politikak finkatzea edota zerbitzu publikoen antolaketa, langileen lan eta bizi baldintzak hobetzen ahal zituen estatuaren interbentzioaren adibide gisa aztertzen ziren.
Trilogiaren azkeneko lana izan zen espainiar estatuan zein nazioartean eragin eta oihartzun handiena izan zuena. Edizio bat agitaratu zen frantsesez, arrakasta nabarmenarekin. Aurrekoen ildoa jarraitzen zuen arren, berrikuntzak agerikoak ziren, autorearen pentsamoldearen garapena adieraziz. Oraingoan auzi soziala subjketuaren ikuspuntutik lantzen zen, jabe, kapitalista edota industrialei esparru sozioekonomikoan gertatzen ziren arazoei irtenbide bat emateko lagungarriak izan zitezkeen neurriak proposatzen zitzaizkielarik. Jarrera estatalistetatik jarrera moralizatzaileagoetarako bilakaera honetan iturri berrien lanketak, irakurketa berriak kasu, eta, bereziki, Europako herrialde ezberdinetan ematen ari ziren erreforma sozialeko esperientzia desberdinen ezagutzak zerikusirik izan zuten.
Bere pentsamoldean Baskoniarekiko lotura erregionalismoaren inguruko planteamenduetan ikusten da. Nafar jatorriari esker eskualdearen berezitasunak, 1841eko Lege Hizartuak ezarritako mekanismo administratiboek ezarritako markoarenak, lehen eskutik ezagutzen zituen eta oinarri hauei Bartzelonako Gobernadore Zibil gisa izan zuen esperientzia gehitu zitzaien. Zientzia Moral eta Politikoen Akademiaren baitan eginiko zenbait ekarpenetan gai honen aurreko bere jarrera hartzea azaldu zuen. Ez zen espainiar estatua antolatzeko aukera federalitaren aldekoa izan, baina estatuaren batasunaren eta erregionalismoari egindako kontzesioen arteko oreka bat bilatzearen alde egiten zuen, autonomia administratiboa sentimendu erregionalista bideratzeko tresna gisa hobetsiz. Antolaketa deszentralizatuaren onurak nabarmentzen zituen, erakundeen funtzionamendua errazten zuelako eta hiritarrei zerbitzuak eraginkorki eskaintzeko aukerak ematen zituelako.
Sanz Escartinen pentsamoldea aztertzeak Espainian XX. mende hasieran abiatutako erreforma sozialeko mugimenduaren oinarri ideologikoak eta ekintza praktikoak hobe ezagutzeko aukera ematen du. Bere obraren eragina katolizismo sozialaren esparruan izan zen bereziki nabaria, Elizaren pentsamolde sozialaren oinarriak zabaltzeko ere baliagarria izan zelarik. Rerum Novarum entziklikak eta honek irudikatzen zuen erreformismoak espainiar estatuan izan zuten harrera adierazteaz beste, orduko gizartearen auzi garrantzitsuak ere jaso zituen.
Obrak
Ensayo crítico sobre el imperio de Carlomagno, 1878.
Misión de Polonia en la Historia de Europa, 1884.
La cuestión económica. Nuevas Doctrinas. Socialismo de Estado. Crisis agrícola. Protección arancelaria, Madrid: Imprenta de Antonio Pérez Dubrull, 1890.
El Estado y la Reforma Social, Madrid: Imprenta de la Soc. Edit. de S. Francisco de Sales, 1893.
Las Asociaciones obreras y el catolicismo, Madrid: Imp., Funf. y Fáb. de tintas de los Hijos de J. A. García, 1894.
De la autoridad política en la sociedad contemporánea, discursos de ingreso, Madrid: RACMP, 1894.
El individuo y la reforma social, Bartzelona: Librería de Francisco Puig y Alfonso, 1896.
Indicaciones acerca de la doctrina evolucionista y su aplicación en las ciencias morales y políticas, Madrid: Imp. del Asilo de Huérfanos, 1898.
Federico Nietzsche y el anarquismo intelectual, Madrid: Imp., Funf. y Fáb. de tintas de los Hijos de J. A. García, 1898.
La liberté et progrès dans leur relations avec la régime démocratique et la vie international, Paris: Marcel Guiard, 1923.
Bibliografia
ALZOLA Y MINONDO, P., Examen crítico de lo libros del señor Sanz y Escartín, Madrid: Imprenta y litografía del Asilo de Huérfanos, 1896.
CAMPO SÁNCHEZ, C., Eduardo Sanz y Escartín: el reformismo de un católico conservador, Miscelánea Comilas, 134 (2011), 177-205. or.
MONEREO PÉREZ, J. L., El catolicismo social conservador: Eduardo Sanz y Escartín, Colección Crítica del Derecho. Derecho vivo, 40 zk., Granada: Comares, 2010.
PUJOL EQUÍSOAIN, G.L., La sociedad y el regionalismo en el pensamiento de Eduardo Sanz y Escartín (1855-1939), PV. Anejo, 10 (1988), 377-382. or.





