Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

GALINDEZ SUAREZ, Jesus (Madril, 1915eko urriak 12 – ?, 1956).

Karguak eta lanbideak

Legelaria, irakaslea eta politikaria. Euzko Jaurlaritzaren ordezkaria Dominikar Errepublikan eta Estatu Batuetan

Ibilbidea

1915ean Madrilen jaio arren, Jesus Galindezek amurrioartzat izan zuen beti bere burua, handik baitzetorren aitaren aldeko bere familia eta han igarotzen baitzituen udak; hain zuzen ere, denborarik gehiena, gerra zibila arte, Madrilen bizi izan zen, gurasoen bizileku zen hirian. Jaio zenean hil zitzaion ama. Aita ideologia kontserbadoreko medikua izan zen, eta ez zuen semearen eusko nazionalismoarekin bat egin.

Jesus Galindezek Chamartín-eko jesuiten ikastetxean egin zuen batxilergoa eta Zuzenbide karrera Unibertsitate Zentralean, 1936ko ekainean lizentziatu zelarik. Ikasle aparta izan zen, hori frogatzen dute 1933-34ko bere lehenengo argitalpen juridikoek, Foru Zuzenbideari buruzkoak (Aiarako Forua), eta 1936an Felipe Sanchez Roman katedradun eta politikari errepublikano gailenaren Zuzenbide zibileko katedrako laguntzaile izateak. Bigarren Errepublikaren urte haietan, ideia abertzaleei jarraiki Euzko Ikasle Batzan, EAJri atxikitako ikasle-elkartea, izena eman zuen Madrilen.

Bere belaunaldiko beste gazte askori bezala, gerra zibilak erabat aldatu zion bizimodua. Gerraren lehenengo zatia Madrilen igaro zuen, oso aktiboa izan zelarik EAJren Ordezkaritzan, Euskal Milizietan eta, 1936ko urrian Euzko Jaurlaritza sortu zenetik, Euzkadiren Ordezkaritza Nagusian. Gerra humanizatu asmoz, bere lana Madrilgo espetxeetako euskal presoak askatzera eta jazarriak, batez ere apaizak eta mojak, babestera bideratu zuen. Horrela kontatu zuen bere oroitzapenetan, Los vascos en el Madrid sitiado (1945), eta, kontakizun literario modura, Estampas de la guerra (1951) liburuan, «gerraren alderdi humanoa, gordina, propaganda politikorik gabea» izan nahi zuena. Irudi horietan 1937ko irailean Madril utzi ostean bizi izandako beste gerra-eszenatokikoa ere sartu zuen: Aragoiko frontea, 142. Eusko-Piriniotar Brigada Mistoko teniente izan baitzen. Gainera, Justizia Ministerioko Preso eta Desagertuen Saileko lege-aholkularia izan zen, ministroa EAJko Manuel Irujo (bere «aita politiko»tzat zuena) diputatua zenean.

Francoren Armadak Katalunia konkistatzeak Frantziara igarotzera behartu zuen 1939ko otsailean; han, Vernet-les-Bains kontzentrazio-esparruan preso egon zen, baina ihes egitea lortu zuen. Juan Usabiaga apaizaren Landetako etxe batean denbora labur batez egon ostean, Galindezek Bordelen Dominikar Errepublikara ontziratzea lortu zuen. 1939ko azaroan iritsi zen hara eta 1946ko urtarrila arte egon zen erbesteratua.

Han igarotako sei urteak erabakigarriak izan ziren bere bizitzan. 1930az geroztik Rafael Leonidas Trujillo diktadorearen agintepean zegoen herrialde hartan geratu zen euskaldun bakanetakoa izan zen. Tirano anker horrek errepublikano espainiarrak onartu zituen gehiengo beltza edo mulatoa zuen dominikar populazioa «zuritzeko». Uhartera iritsi bezain pronto, Galindez Euzko Jaurlaritzaren Ordezkaritzan idazkari sartu zen. Horko zuzendaria Eusebio Irujo zen, Manuelen anaia, eta 1940an hura Venezuelara joan zenean, Galindezek ordezkatu zuen karguan.

Galindez ondo integratu zen Dominikar Errepublikan, Eskola Diplomatiko eta Kontsularreko Lege Zientzietako irakasle eta Lan Zuzendari Nagusiaren laguntzaile teknikoa izan zen. Santo Domingon (Ciudad Trujillo orduan) gauzatu zuen bere legelari alderdia, Nazioarteko Zuzenbidean espezializatuta, eta Foru Zuzenbideari buruzko azterketei heldu zien berriro, hainbat liburu argitaratuz Buenos Airesko Ekin argitaletxean; besteak beste, La aportación vasca al Derecho Internacional (1942) eta El Derecho Vasco (1947, ordurako Estatu Batuetan bizi zela). Lehena Francisco de Vitoriaren, Nazioarteko Zuzenbidearen aitaren, eta Simon Bolivarren, Amerikako nazioen askatzailearen, lana aldarrikatzera zuzendua dago. Bigarrena, Foru Zuzenbidearen laburpen historiko bat da, Erdi Aroan sortu zenetik 1936ko Autonomia Estatutura arte. Sarreran aipatzen duen moduan, ez da ikerketa-lan bat, jendarteratzekoa baizik: «Iragana laburbildu nahi dut, ildo orokorrak azpimarratuz, gure arrazaren bizitzan berezkoak diren betiereko instituzioak ateratzeko; eta etorkizun hurbilerako proiekzioarekin amets egitea». «Euskal Zuzenbidearen oinarrizko eta betiereko printzipioak» adieraziz amaitzen du: autonomia organikoa, demokrazia kontzientea, ohituraren joko zabala, baserria, oinarrizko unitate suntsiezina, berme indibidualak eta solidarioak. Galindezen ikuspegi historikoa argi eta garbi ikusten da XIX. mendeko hiru pertsonaiari egindako eskaintzan: Tomas Zumalakarregi jenerala, «karlismo aitzindaria»; Jose Maria Iparragirre olerkaria, «foruzaletasun ameslaria»; eta «Sabino Arana apostolua», «abertzaletasun eraikitzailea».

Gainera, 1945ean, Euzko Jaurlaritzaren enkarguz, «Euskal Foru Zibil bat idazteko oinarrizko Proiektu» zabal bat idatzi zuen; 1948an Biarritzen egindako Eusko Ikaskuntzaren VII. Biltzarrean (orduko aktak 2003an argitaratu zituen Eusko Ikaskuntzak) azaldu zuen bere testu hori. Baskonia osoa hartzen zuen Zuzenbide zibileko lehenengo proiektu orokor eta bateratua izan zen eta, beraz, etorkizuneko euskal Estatu independente batean gauzatu ahal izango zatekeen. Nafarroa eta Bizkaiko Foru idatziak nahiz Araba eta Gipuzkoako ohiturazko Zuzenbidea hartu zituen kontuan. Zuzenbide saxoian, eta ez latindarrean, inspiratu zen Galindez, 1804ko Kode frantsesa eta 1889ko espainiarra ohiko euskal Zuzenbidearen aurkakoak zirela uste baitzuen. Arrazoi horregatik, nahiago zuen Foru deitzea eta ez Kodea. Lau Foru ezarri zituen: hiru berezi (Nekazaritzakoa, Soziala eta Merkataritzakoa) eta ohiko Foru Zibil bat; horien oinarriak bost «liburutan» azaltzen zituen, pertsonalitateari (naziotasuna barne), familiari, ondasunei, betebeharrei eta dohaintzei eta oinordetzei buruzkoak. Horietan testamentua egiteko erabateko askatasuna azpimarratzen zuen «gure baserriaren sustraiak berak zuzenean zauritzen dituen» Kode zibileko jaraunspen-erreserben sistemen aurrean.

Galindezen izaera polifazetikoa nabaria zen bere kazetari lanean, erbesteko aldizkari eta egunkari dezentetan idatzi baitzuen, eta idazle lanean: literatura-sari bat lortu zuen eta Cinco leyendas del trópico (1944) liburua argitaratu zuen. Uharteko bere jarduerei eta bidaiei esker oso ondo ezagutu ahal izan zituen Dominikar Errepublika eta Trujilloren erregimena; baita diktadoreak asko jazartzen zuen bere aurkako oposizioa ere, batzuetan baita herrialde barruan eta kanpoan hilketak eginez ere. Hori zela eta bere egoera korapilatu egin zen eta alde egitea erabaki zuen. Galindezek Europara itzuli nahi zuen, baina Jose Antonio Agirre lehendakariaren ustez beharrezkoagoa zen Estatu Batuetako Euzko Jaurlaritzako Ordezkaritzan.

1946ko urtarrilaren 13an Jesus Galindez New Yorkera iritsi zen. Hiri horretan bizi izan zen bere bizitzako azken hamar urteetan, Latinoamerikako eta Europako herrialde batzuetara egindako bidaia batzuk salbu. Han, Anton Irala ordezkariaren laguntzaile lanetan aritu zen, baina hura Frantziara joan zenean 1949an, Galindez izan zen ordezkaria 1956an desagertu zen arte. Washingtoneko Pedro Beitiaren laguntza izan arren, nahiko bakarrik geratu zen New Yorken (ezkongabea zen); horren adierazlea da euskal Ordezkaritzaren egoitzan bertan bizi zela: Bosgarren Etorbideko, 30. zenbakiko, 15. solairuko, F apartamentuan.

Estatu Batuetako hamarkada hori heldutasun-garaia izan zen politikari, legelari eta publizista gisa, eta gaztea izan arren, jarduera frenetikoa izan zuen esparru oso desberdinetan. Lehendakariaren kolaboratzaile funtsezkoenetakoa bilakatu zen, bidaia eta gestio politiko garrantzitsuetan lagunduz; besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Francoren erregimena gaitzestea lortzeko 1946an erakunde horretako lehen idazkari nagusiarekin, Trygve Lie norvegiarrarekin, izandako elkarrizketan begirale gisa izan zen Galindez. Agirrerekin zuen harremana hain zen estua, lehendakaria erbestean idazten ari zen Euskal Herriaren Historiaren zati bat idazten laguntzen ziola Galindezek.

Jesus Galindezen beste egiteko batzuk konprometituagoak eta arriskutsuagoak ziren. Dominikar Errepublikako urteetan EAJren eta Euzko Jaurlaritzaren Informazio Zerbitzuan sartu zen. Zerbitzu horrek aliatuen alde espiatzen zuen Bigarren Mundu Gerran, inteligentzia-zerbitzu iparramerikarrei eta britainiarrei nazien aldeko sektoreen eta komunisten jardueren berri emanez. Gerra Hotzean, espioitza hori komunistengana bideratu zen, hala nola, erbesteratu espainiarrengana, eta Galindez Rojas goitizeneko Federal Bureau of Investigation (FBI) delakoaren agentea zen. Euskal Zerbitzu horren lanaren truke, Administrazio iparramerikarrak erbesteko Gobernua finantzatzen laguntzen zuen. Hori nahikoa ez zenez, gutxitzen joan baitzen Estatu Batuak Francoren erregimenera gerturatzen ari zen heinean, Galindez dibisekin trafikatzen ere ibili zen merkatu beltzean, Agirreren Gobernua ekonomikoki mantentzeko.

Estatu Batuei, NBEri eta nazioarteko politikari buruz oso ongi informatua zegoen gizona zenez, Galindezek aurreikusi egin zituen Eisenhower presidentearen Estatu Batuen eta Francoren Espainiaren arteko Madrilgo Itunak (1953), eta kritikatu egin zituen. Bere ikuspuntu ezkorra errealitatetik hurbilago zegoen Agirreren beti baikorra baino, lehendakariak agintari iparramerikarrengan konfiantza baitzuen oraindik ere. Berrogeita hamarreko hamarkadan, Espainia NBEn eta nazioarteko beste erakunde batzuetan onartzea galarazteko egindako ekintza politiko antifrankista sutsuak porrot egin zuen.

Kazetari gisa, Jesus Galindez nazioarteko gaien analista politikoa izan zen, eta kronikak idatzi zituen Mexikoko Excelsior egunkarian eta Latinoamerikako beste batzuetan. Gainera, erbesteko prentsan artikulu ugari idazten jarraitu zuen euskal gai politiko, historiko eta juridikoei buruz; batez ere, EAJren Alderdi (Baiona) eta Euzkadi (Caracas eta Santiago), eta Euzko Jaurlaritzako Euzko Deya (Mexiko, Buenos Aires eta Paris) aldizkarietan. Horietako asko 1980ko hamarkadan Euskadin argitaratutako lau liburutan bildu ziren.

Frantziara egindako bidaietako batean sei txosten aurkeztu zituen (hiru Ameriketako euskaldunei buruz eta beste hiru Foruei buruz) arestian aipatutako Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrera. Demokrazia kristauaren nazioarteko kongresuetan ere parte hartu zuen. Bere ideia federalista eta demokristauengatik, Agirre, Manuel Irujo eta Javier Landaburu (Pariseko taldea) buru ziren EAJren alde berritzailean kokatu zen, eta ez Baionan egoitza zuen Sabindiar Batzako sektore aranatarrenean.

Galindezen jarduera antikomunistak bateragarriak ziren Latinoamerikari buruzko bere ideia antiinperialistekin: Estatu Batuek Guatemalan izandako esku-hartzea gaitzetsi zuen. Azpikontinente horretako aditu izatera iritsi zen, eta horren froga da bere Iberoamérica. Su evolución política, socio-económica, cultural e internacional (1954) liburu garrantzitsua, Columbiako Unibertsitatean egindako ikasketen fruitua; hain zuzen ere, unibertsitate horretako irakasle izan zen Latinoamerika Nazioarteko Harremanetan eta Zibilizazio Hispanoamerikarraren Historia ikasgaietan.

Latinoamerikar munduarekiko interesa areagotu egin zen Erdialdeko Amerikako, Dominikar Errepublikako eta Puerto Ricoko jende asko bizi zen New Yorkeko auzoetara egindako bisitekin; begiko zituen azken horiek eta Harlem hispanoko beraien erritualak. Haiekin izandako harreman estuari esker Idazle eta Olerkari Iberoamerikarren Zirkulua sortu zuen eta bertako presidente izan zen; han landu zuen bere gaitasun literarioa (olerkiak idazten zituen 1938an Bartzelonan Ensueños izeneko liburu bat argitaratu zuenetik).

Dominikar Errepublikari buruzko ezagutza handiak, bertan bizi izan zelako eta New Yorken bizi eta Trujilloren aurkari ziren dominikarrekin harremanak zituelako, eta Columbiako Unibertsitatean ibilbide akademikoa egin nahi zuelako (horretarako beharrezkoa zen doktore titulua), Trujillo’s Dominican Republic izeneko tesia idatzi zuen, eta 1956ko otsailean onartua izan zen. Aldizkari batean argitaratutako aurrerakin baten bidez Trujillok tesiaren berri izan zuen: lehenbizi, aurkezpena eragozten saiatu zen Estatu Batuetako bere agenteen bidez eta, ondoren, jatorrizkoaz jabetzea erabaki zuen Galindez bahituta. Ez zuen lortu, Columbiako Unibertsitateak Filosofiako Doktore titulua eman baitzion in absentia ekainaren 5ean, eta apur bat geroago, tesia gazteleraz argitaratu baitzen Txilen, eta geroago ingelesez eta frantsesez argitaratu zenez zabalkunde handia izan zuen. La Era de Trujillo: un estudio casuístico de dictadura hispanoamericana Trujilloren erregimenari buruzko oso ongi dokumentatutako ikerketa bat da, eta ondorio honetara iritsi zen: «Tirania pertsonal bat da», izan ere, Dominikar Errepublika «Trujilloren jabetzako lursail handi bat baita».

Hilabete batzuk lehenago, 1956ko martxoaren 12ko gauean, Jesus Galindez betirako desagertu zen New Yorken eta haren gorpua ez zen inoiz agertu, eta beraz, ezin dira jakin haren heriotza lazgarriaren data eta lekua. Bere apartamentuan bahitua izan zela dakigu, eta, narkotizatuta, bi pilotuk, bata iparramerikarra eta bestea dominikarra, hegazkinez eraman zutela Dominikar Errepublikara. Han, zantzu guztien arabera, ankerki torturatu eta erail zuten Trujilloren lekaioek, eta ziur aski, bere gorpua Karibe itsasora botako zuten, diktaduraren aurkako beste batzuen modura, marrazoen bazka izan zedin. Krimen hori Trujilloren akaberaren hasiera izan zen; bi pilotuak eta beste sei lekuko hiltzea agindu zuen, eta bera ere tirokatuta hil zen, 1961ean, pilotu dominikarraren anaia batek prestatutako segada batean.

Galindez kasua deiturikoak oihartzun handia izan zuen Estatu Batuetan eta nazioartean, batik bat Latinoamerikan, oso ezaguna eta estimatua baitzen han, eta izen handiko egunkari eta aldizkariek eman zuten haren berri; besteak beste, The New York Times eta Lifek. Haren galera oso kolpe gogorra izan zen Agirre lehendakariarentzat eta haren Gobernuarentzat, funtsezko politikaria baitzen, eta ordutik aurrera New Yorkeko Ordezkaritza gainbeheran joan zen. Hango artxiboa, Galindezen apartamentuan zegoena, berreskuratzea oso zaila izan zen, eta ez zen guztia lortu; izan ere, FBIk dokumentazio asko konfiskatu zuen eta haren zati bat oraindik ez da desklasifikatu.

1952an, Jesus Galindezek bete ezin izan den bere testamentu olografoa idatzi zuen: «Kristau eta euskalduntzat jotzen dut nire burua. Hori horrela, ahal denean, nire arbasoen sinesmenen arabera eta nire lurrean ehorztea nahi dut. Eta otoi eskatzen diot nire gorpuaren eta ondasunen kargu egiten denari, nire gorpuzkinak egunen batean Amurriora eraman daitezela (…) han lurperatzeko», «nire Aberriko mendiak ikusten diren» bere aitaren Larrabeobe lursailean. Toki horretan hilarri bat ezarri zen 1986an, hainbeste maite zuen lurrean gogoan duena, 1999an Gasteizen ezarritako Jorge Oteiza eskultorearen monumentu batek bezala.

Erailtzean, Trujillok gaur egunera arte iraun duen euskal askatasunaren eta askatasun unibertsalaren martiri eta ikur bihurtu zuen Galindez, diktaduren aurkako bere borrokagatik. Germán Arciniegas intelektual eta politikari nabarmenak, Columbian irakasle izan hura ere, idatzi zuen moduan, Jesus Galindez «ez dago hilda, bizirik baita, lehen baino biziago, gizon askeen kontzientzietan ugaldu baita». Hala da, 1956az geroztik omenaldiak jaso zituen EAJren eta Euzko Jaurlaritzaren aldetik, bere prentsan etengabe gogoratuz. Bere lanak berrargitaratu egin dira, batez ere La Era de Trujillo. Hainbat hiritako kaleek bere izena daramate, baita giza eskubideei buruzko sari batek ere. Haren bizitzak, batez ere amaiera lazgarriagatik, idazle aparten eleberri onenak inspiratu ditu; besteak beste, Manuel Vazquez Montalban-en Galíndez (1990) eta Mario Vargas Llosa Literatura Nobel saridunaren La fiesta del chivo (2000). Zinera eraman izan da Ana Diez-en dokumental batean (Galíndez, 2002) eta Gerardo Herrero-ren film batean (El misterio Galíndez, 2003). Artikulu eta liburu askotan, kazetari eta historialariek Jesus Galindezen biografia ikertu dute, pertsonaia interesgarri bezain konplexua; besteak beste, Elena de Souchere-k (Crime à Saint-Domingue, 1972).

Obrak

La M. N. y M. L. Tierra de Ayala, su Señorío y su Fuero, Madrid: Juan Bravo, 1933.

La legislación penal en Vizcaya, Bilbo: E. Verdes Achirica, 1934.

La aportación vasca al Derecho Internacional, Buenos Aires: Ekin, 1942.

Cinco leyendas del trópico, Ciudad Trujillo: Imp. La Opinión, 1944.

Los vascos en el Madrid sitiado. Memorias del Partido Nacionalista Vasco y de la Delegación de Euzkadi en Madrid, desde septiembre de 1936 a mayo de 1937, Buenos Aires: Ekin, 1945 (berrarg.: Buenos Aires-Tafalla: Ekin-Txalaparta, 2005).

El Derecho Vasco, Buenos Aires: Ekin, 1947 (berrarg.: Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2008).

Estampas de la guerra, Buenos Aires: Ekin, 1951.

Iberoamérica. Su evolución política, socio-económica, cultural e internacional, New York: Las Americas Publishing Co., 1954.

La Era de Trujillo: un estudio casuístico de dictadura hispanoamericana, Santiago: Ediciones del Pacífico, 1956 (berrarg.: Bilbo: Ekin, 1991. Edizioak ingelesez eta frantsesez).

La Tierra de Ayala y su Fuero, Buenos Aires: Ekin, 1957.

Presencia vasca en América: recopilación de trabajos de Jesús Galíndez publicados en la prensa vasca del exilio, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1984.

Características del Derecho Vasco: recopilación de artículos sobre Derecho Vasco, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1985.

Artículos políticos (1943-1956), Bilbo: Alderdi, 1985.

Artículos históricos, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1987.

Bibliografia

BASALDUA, P. de, Jesús de Galíndez: víctima de las tiranías de América, Buenos Aires: Mac-Co, 1956 (berrarg.: Jesús de Galíndez: el delegado vasco víctima de Trujillo, Bilbo: Ereintza, 1981).

BERNARDO, I. eta GOIOGANA, I., Galíndez: la tumba abierta. Guerra, exilio y frustración, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 2006 (1. arg.: Galíndez: la tumba abierta. Los vascos y Estados Unidos, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1993).

DIOS UNANUE, M. de, El caso Galíndez. Los vascos en los Servicios de Inteligencia de EEUU, New York: Cupre, 1988 (berrarg.: Tafalla: Txalaparta, 1999).

ELÓSEGUI, A., El verdadero Galíndez, Bilbo: A. Saldaña Ortega, 1990.

LÓPEZ DE MATURANA, V., «Jesús Galíndez», in PABLO, S. de, GRANJA, J.L. de la, MEES, L. eta CASQUETE, J. (koord.), Diccionario ilustrado de símbolos del nacionalismo vasco, Madrid: Tecnos, 2012, 385-394. or.

MOTA ZURDO, D., Un sueño americano. El Gobierno Vasco en el exilio y Estados Unidos (1937-1979), Oñati: HAEE-IVAP, 2016.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP