Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

GONZALEZ DE ECHAVARRI VIVANCO [GONZALEZ DE ETXABARRI BIBANKO], Jose Maria (Gasteiz, 1875eko ekainak 11 – Valladolid, 1950eko abenduak 20).

Karguak eta lanbideak

 Legelaria eta politikaria

Ibilbidea

Merkataritza Zuzenbideko katedraduna Valladolideko Unibertsitatean, errektore han bertan 1929an eta, Burgosko Gobernuak Dekretuz ezarrita, 1936ko urriaren 10ean. Abokatua, publizista eta senataria Arabatik 1918, 1919-1920, 1921-1922, 1922 eta 1923 urteetan. Politikari integrista bezala nabarmendu zen eta, ondoren, tradizionalista.

1895ean El Diario de Álava sortu zuen, eta bertako zuzendari izan zen zortzi urtez.

Merkataritza Zuzenbideari buruzkoak dira bere argitalpen profesional garrantzitsuenak, eta arlo horren erakusle ospetsua izan zen. Kodifikazio Batzorde orokorreko (bigarren saila, merkataritzakoa) kide zela zenbait lege-proiektu idatzi zituen.

Oso gazte zela hasi zen argitaratzen propaganda katolikoaren esparruan, familiarengandik jasotako sinesmen integristetan oinarrituta. Ama, Frantzian erbestean jaioa, Vivanco jeneral karlistaren alaba zen; Gonzalez de Echavarrik haren memoria militarrak argitaratu zituen Zumalakarregiri buruzko liburu batean, azken horren heriotzaren mendeurrenean. Eztabaida publikoak izan zituen esparru katolikoaren barruan. Liburu eta liburuxka moralizatzaileetan gai anitz landu zituen; besteak beste, antzerkia eta zinematografoa, hipnosia eta kriminalitatea, dibortzioa eta delinkuentzia.

Foru Zuzenbide zibilari buruzko argitalpen batzuk bereziki interesgarriak dira, nahiz eta bere ekoizpenaren garrantzitsuena ez izan.

«Instituciones jurídicas navarras» (Revista de los Tribunales, 1904) ongi idatzitako sei orrialde dira, Nafarroako atzera-eskuratze familiarraren azterketa tekniko eta juridikora zuzendutakoak gehienak. Aurrez, «eskualdeetako zuzenbide zibil tradizionala» errespetatu beharrari buruz bere iritzia azaldu zuen, hori ez baitzegoen beharrezko batasun politikoarekin kontraesanean. Nafarroako Zuzenbide zibilari, ohituretatik sortua eta jakituriaren eredu ziren bildumetan zabaldua, «ez zaio soilik begirunea zor, baita miresmena ere».

Atzera-eskuratze familiarrari dagokionez, legelari liberalek asko gaitzesten zuten eta haren aurka egin zuten sarri, trafiko juridikoa oztopatu eta iruzurrak errazten zituelako; Echavarrik Nafarroarentzat defendatzen zuen («niri berdin zait Gaztelan erakunde hori beharrezkoa ote den»), familiaren batasuna eta kohesioa sendotzen zituelako. Testu historikoak aipatuz, izatez haren izaera lehentasunez erosteko eskubideari buruzkoa dela azaltzen du, «zoritxarrez batzuek atzera egiteko ahalmenarekin nahasten dutena». Tradizioz, urtebete eta egun batekoa da erabil daitekeen aldia, eta horrela mantendu behar da gaur egun, nahiz eta Prozedura Zibilaren Legeak (1885ekoa), egiazki Foru Zuzenbideko eskualde guztietan behartzen duenak, atzera-eskuratzeetarako bederatzi eguneko epea ezarri, Nafarroako epea zuzenbide substantibokoa baita, eta prozesu-legeak ezingo luke aldatu. Bi gai nagusiri heltzen die jarraian: «nork egin dezake atzera, eta zer gauza izan daitezke atzera egingarriak»; eta amaitzeko, fruitu naturalen banaketari buruzko azalpen bat ematen du, Iruñeko Gorteek 1509an jada konpondutako arazoa.

Lan hori, atzera-eskuratze familiar nafarraren doktrinari ekarpen laburra, zuzena eta egokia, uste dut ez dela inoiz kontuan izan foralista nafarren aldetik.

1919an argitaratu zuen Valladoliden, izenburu honekin: El Derecho Civil Foral. Interpelación al Ministro de Gracia y Justicia Señor Conde de Romanones sobre la publicación de los apéndices al Código Civil comprensivos del Fuero de Ayala, Fuero de Vizcaya y restante legislación foral. Discursos parlamentarios, 1918ko maiatzak 22an Senatuan emandako hitzaldia. Bere helburua zen argitaratu zitezela lehenbailehen 1888ko Kode zibilaren oinarrien Legeak lantzea agindutako Kodearen eranskinak: hogeita hamar urte igaro ziren eta ez zegoen ezer eginda. «Ia eskualde guztiek», dio, foru legislazioari buruzko lanak idatzi eta bidaltzeko eskaera bete dute, baina hala ere «Eranskin horiek ez dira Gorteetara ekarri lege-proiektu gisa».

Interes berezia dute hizlariak berriki egindako bi Biltzarren inguruan emandako albiste eta hausnarketek: Donostiako Abokatuen Biltzarra eta Bartzelonako Biltzar juridikoa. Donostiakoa Abokatu espainiarren Lehenengo Kongresua izan zen (1917ko irailak 1-9). Haren seigarren Atala, Victor Praderak zuzendua, Zuzenbide zibil foralari eskainia egon zen eta bertan adierazi zen «ezinbestekoa zela Foru Eranskinak argitaratzeari buruz 1888ko oinarri-legean ezarritakoa betetzea». Echavarri ados agertu zen ondorioetako askorekin, baita Auzitegi Gorenean foru-legedien aplikazioari buruzko gaiak soilik hartuko zituen Kasazio Sala bat ezartzea proposatzen zuenarekin ere, «baina Altxorraren eskasia ikusita ez da posible eskakizun hori errealitate bihurtzea; aldiz, lor daiteke Erregistroen Zuzendaritza Nagusian haiei buruz aritu eta informatuko duen atal bat eratzea», Biltzarrak ere proposatu zuen moduan.

Bartzelonako Biltzarreko ondorioek ere balio izan zioten bere eskaerarako argudio gisa; eskaera hori antolamendu juridiko desberdineko lurraldeen arteko batasun nazionalaren barruko bizikidetzan oinarritzen zen, baina ezin izan zuen adierazi gabe utzi desadostasun politiko oso garrantzitsu bat: «ez zait onargarria iruditzen proiektuen eraketa eta erreforma Mankomunitate kataluniarrari enkargatzea», ondorio haietan esaten zen eta jada egiten hasi zen moduan. Izatez, Kataluniako Mankomunitatearen eta nazionalismo kataluniarraren inguruko jarduera izan zen eztabaida piztu eta ondorengo esku-hartze guztiak eragin zituen datu politikoa (Romanones, Maura, Royo Villanova, eta Soler March eta Junyent Rovira senatari kataluniarrak).

Echavarri, alderdi integristaren ordezkari gisa aurkezten zena, edozein motatako separatismo ororen aurka zegoen. Alde batetik, «beharrezkoa bada ere eskualdeei beraien bizitza juridikoa bizitzen uztea», bestetik, eskualdeen ondare juridiko horren existentziak «helburu bakarra zuen, gure handitasun guztien jatorria den Aberri espainiarra handiagotzea».

Romanones ministroaren erantzuna, Kodifikazio Batzordean Eranskinei buruzko ekimenik ez egotearen arrazoia Kataluniak eta Galiziak beren eranskinak bidali ez izana izan zela esanez, arrazoitsuki ezeztatu zuen Echavarrik: oinarrien Legearen 6. artikuluak «lege-proiektu bat edo batzuk» aurreikusi zituen eranskinentzat, beraz, ez zegoen oztoporik aurkeztutakoak izapidetzeko.


Obrak

(Hautaketa). 

«Instituciones jurídicas navarras», Revista de los Tribunales, 1904, 201. or.

Comentarios al Código de Comercio, 5 libk., hainbat argitalpen, Valladoliden argitaratzen hasi zena: Imp. de Emilio Zapatero, 1915.

«El Derecho Civil Foral. Interpelación al Ministro de Gracia y Justicia Señor Conde de Romanones sobre la publicación de los apéndices al Código Civil comprensivos del Fuero de Ayala, Fuero de Vizcaya y restante legislación foral», Discursos parlamentarios, Valladolid, 1919, 5-15. or. (Diario de las Sesiones de Cortes, Senado, 1918ko maiatzak 22, 43. zk., 1510-1512. or.).

El problema de la escuela en el País Vascongado: después del Congreso de Pamplona: dos cartas y breve glosa a un acuerdo de la Junta de Estudios Vascos, Donostia: Tip. Donostiarra, 1921, 28. or.

«Las instituciones jurídicas y administrativas vascas en la enseñanza universitaria del País» (laburpena), II Congreso de Estudios Vascos: recopilación de los trabajos de dicha Asamblea celebrada en Pamplona del 18 al 25 de Julio de 1920, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1920, 219. or.

MIGUEL ROMERO, M.-rekin Comentarios a la Ley de Suspensión de pagos, Valladolid: Imp. Emilio Zapatero, 1923.

1332-1932, Fiestas centenarias del Canciller Ayala en Vitoria: Ayala y su tiempo / Discurso pronunciado en… el Teatro Príncipe… por el Excmo. Sr. D. Jose Ma[ría] Gonzalez de Echavarri y Vivanco, Valladolid: Tip. Andrés Martín, 1932, 16 or.

Centenario de la Campaña Carlista. Zumalacárregui. Estudios críticos a la luz de documentos inéditos. Vivanco (memorias de su vida militar). Último período de la Campaña, Valladolid: Martín, 1935.

Glorias alavesas: Discursos y conferencias, Gasteiz: Casa Martín, 1946.

Foru Zuzenbide zibilari buruzko euskal aldizkari baten sortzailea eta zuzendaria; ezin izan da identifikatu, baina agian, 1895ean sortu zuen Diario de Álava egunkariarekin erlazionatuta egongo zen.

Ez da bera egilea, baina bai bere ekimenez eta Valladolideko Unibertsitateko errektore zela bere agintepean egina: Informe sobre la situación de las provincias vascongadas bajo el dominio rojo-separatista (Valladolid: Universidad, 1938) 263 or., 104 irudirekin.

Bibliografia

AROZAMENA AYALA, A., «González de Echavarri y Vivanco, José María», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/gonzalez-de-echavarri-y-vivanco-jose-maria/ar-67283/ (2020ko azaroak 12).

PETIT, C., «González de Echávarri y Vivanco, José María (1875-1950) », Diccionario de catedráticos españoles de Derecho (1847-1945). Online arg.: https://humanidadesdigitales.uc3m.es/s/catedraticos/item/14855 (2023ko uztailak 27) eta paperezko arg. Derecho ex cathedra. 1847-1936, Madrid: Dykinson, 2019.

ITURRIAK

Diario de las Sesiones de Cortes, Senado, 1918ko maiatzak 22, 43. zk., 1510-1512. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP