Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

EGUREN BENGOA, Enrique (Gasteiz, 1888ko urtarrilak 13 – Oviedo, 1944ko uztailak 14).

Karguak eta lanbideak

 Oviedoko Unibertsitateko katedraduna, historiaurrelaria eta arkeologoa

Ibilbidea

Gaur egungo Euskal Historiaurrearen garapenean eragin handienetakoa izandako historiaurrelaria izan zen. Telesforo Aranzadi Unamuno eta Jose Miguel Barandiaran Ayerberekin batera euskal historiaurrelarien diziplina anitzeko lehenengo taldea osatu zuen, 1918 eta 1936 artean elkarrekin lan egin zuena.

Bere heziketa akademikoa Gasteizko Santa Maria ikastetxean (marianistak) hasi zuen; han, Luis Heintz, Fidel Fuidio eta Pedro Lorentzekin harremana izan zuen. Bigarren Hezkuntzako Institutuan jarraitu zituen ikasketak; hango zuzendaria Federico Baraibar zen, Arabako megalitismoaren eta arkeologiaren aitzindarietako bat.

Goi ikasketak Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Zientzietako Fakultatean egin zituen, eta Natur Zientzietako Lizentziatura lortu zuen. 1913ko abenduaren 23an defendatu zuen bere doktoretza-tesia «Estado actual de la Antropología y Prehistoria Vasca. Estudio Antropológico del Pueblo Vasco. La Prehistoria en Álava», eta Zientzietako Doktore (Natur Zientzietako Saila) gradua lortu zuen. Lan horren aurkezpena eta defentsa mugarri garrantzitsua izan zen Euskal Herriko Historiaurrearen historiografian. Egurenen tesia Europa osoan antropologiari buruz egiten ari ziren argitalpenen ildoan kokatzen da. Gainera, Euskal Herriko Lurralde baten Historiaurrearen bigarren sintesia jasotzen da bertan, lehenengoa, «La Prehistoria en Navarra», 1911n argitaratu baitzuen Juan Iturralde Suitek, nahiz eta behin betiko idazketa Arturo Campionek egin.

1913 eta 1915 artean Gasteizko Bigarren Hezkuntzako Institutuko Zientzietako Katedrako Laguntzailea izan zen. Garai horretan Rosa Zubiagarayrekin ezkondu zen.

1915ean Botanika eta Mineralogiako Katedra lortu zuen eta 1923an, Biologia eta Geologiakoa; Oviedoko Unibertsitatean biak ala biak. Unibertsitate horretan gauzatu zuen bere ibilbide akademiko osoa, eta kudeaketako kargu garrantzitsuak izan zituen. Horrela, 1915 eta 1921 artean Zientzietako Fakultateko idazkaria izan zen; 1921ean Fakultate bereko dekano izendatu zuten; 1922 eta 1929 artean Oviedoko Unibertsitateko errektoreorde izan zen, 1929 eta 1930 artean Unibertsitate bereko errektore, eta 1930-1931 eta 1940-1944 artean berriz ere errektoreorde izendatu zuten.

Bere ikerketa-lanak Euskal Herriari estuki lotuta egon ziren. 1916an Santimamiñeko haitzuloko (Kortezubi, Bizkaia) labar-margoak aurkitu ziren. Aurkikuntza horrek izandako eragina mugarri garrantzitsua izan zen nazioarteko mailan. Henri Breuil-ek, Frantziako historiaurrelari handienetakoak, ikusi zituen margoak eta benetakoak zirela aitortu zuen. Haitzuloaren sarreran dagoen historiaurreko aztarnategiaren aurkikuntza Enrique Egureni dagokio.

Urte horretan bertan, Jose Miguel Barandiaranek «Exploraciones en nueve dólmenes en la parte guipuzcoana de la Sierra de Aralar» argitaratu zuen Euskalerriaren Alde aldizkarian. Pedro Manuel Soralucek, Donostiako Etnografia Museoko zuzendariak, lan hori ezagututa, Telesforo Aranzadirekin harremanetan jartzeko gomendatu zion, Bartzelonako Unibertsitateko Antropologiako Katedradun hori Aralarko Nafarroako parteko monumentu megalitikoetan lanean ari baitzen. Aranzadik, hurrengo urtean egiteko asmoa zuen indusketa-ekinaldietan parte hartuko zuela baieztatzeaz gain, Enrique Egurenekin hitz egiteko iradoki zion.

Jose Miguel Barandiaranek 1917ko urtarrilean ezagutu zuen Enrique Eguren Gasteizen eta horrela deskribatu zuen: «gizon gazte, lerden eta itxura dotorekoa, izaera geldiezinekoa, eta euskal gizonaren gaur egungo hainbat alderdi eta ibilbide historikoaren sustraiak ezagutzeko interesa duena» (Barandiaran. 1981, 7).

1917an diziplina anitzeko lehenengo taldea eratu zen, Euskal Herriaren Historiaurrea ezagutzeko gertaera garrantzitsuena, ziur aski. Haiek izan ziren gaur egungo Euskal Historiaurrearen sortzaileak, haiek gabe gure ezagutza oso urrun legoke gaur egun dugunetik. Barandiaranek berak Hiru Troglodita Tristeak deitzen zituen lantalde horrek Euskal Herriko haitzulo eta trikuharrietan lan egin zuen 1918tik 1936ra, Santimamiñetik Urtiagara.

1923tik aurrera, Egurenen lana Arabako zenbait trikuharri eta haitzulotako miaketa- eta indusketa-lanak egitera zuzendu zen.

1925ean Aizkomendi (Egilaz), Eskalmendi (Gasteiz) eta Legaire Hegoa eta Berjalaran (Entzia) trikuharrietan induskatu zuen.

1927an Arrobigaña trikuharrian (Altzania), La Leze eta Los Gentiles haitzuloetan eta aire zabaleko Allaran aztarnategian (Egino) induskatu zuen, eta Larrasoleko trikuharria (Aratz) aurkitu zuen. Jose Miguel Barandiaran, Tomas Atauri eta Pedro Lorentzekin batera zortzi trikuharri aurkitu zituen Badaia mendilerroan. Azkenik, Luis Heintz, Jose Miguel Barandiaran eta Pedro Lorentzekin batera, Murube, Zulanzo, Arrodanza, Larrazabal II, Los Picos eta Berjalaran Hegoa induskatu zituen Entziako mendilerroan.

1928an, Jose Miguel Barandiaran, Pedro Lorentz eta Esteban Pinedorekin batera, zundaketak egin zituen El Montico de Charratu haitzuloan (Albaita).

1929an Larrasoil trikuharria (Aratz, Araia) induskatu zuen.

1930ean, Primo de Riveraren diktaduraren ostean euskal nazionalismoa berrantolatzera zuzendutako Hogeien Batzordeko kide izan zen.

1936ko uztailean, Enrique Eguren, Jose Miguel Barandiaran eta Telesforo Aranzadirekin batera, Urtiagako haitzulora (Itziar, Deba) joan zen, 1928an Arantzadik eta Barandiaranek hasitako indusketa-lanak jarraitzera. Han zebiltzala gertatu zen altxamendu militarra eta hasi zen gerra zibila, eta ondorioz, uztailaren 23an bukatutzat eman zituzten lanak. Hura izan zen hirurak elkar ikusi zuten azken aldia. Arantzadi Bartzelonara itzuli zen, Eguren Oviedora eta Barandiaran, Kontzilio Apaizgaitegiko irakaslea zen, baina Gasteiz matxinatuen alde lerrokatua zegoenez, ezin zuen hara itzuli eta Saran (Frantzia) errefuxiatu behar izan zuen; besteak beste, judu-masoia zela salatu zutelako.

Enrique Eguren 1944ko uztailaren 14an hil zen. «Gizon jakintsu eta on hura hil zen, nire bizitzan harremana izandako guztietatik gutxi bezalakoa; baina egindako eta idatzitako lanak eta pertsona bezala izandako portaera eredugarriak bere bizitza luzatzen dute hemen ere, eta gugan eta gure ondorengoengan luzatuko dute» (Barandiaran, 1981. 11).

Enrique Egurenen ibilbidea hiru lerro nagusitan laburbildu daiteke:

Lehena, Unibertsitatearen norabide onean konprometitutako unibertsitario modura. Ez zuen zalantzarik izan hainbat kargu akademiko hartzeko, egoera oso korapilatsua izan arren batzuetan. Unibertsitatearekiko interes horri, bere lurrarekiko atxikimendua gehituta, Euskal Unibertsitatearen sustatzaileetako bat izatera eraman zuen, Eusko Ikaskuntzaren II. Biltzarrean azaldu zuen moduan.

Bigarrena, historiaurrelari eta arkeologo modura. Mota guztietako Historiaurreko aztarnategiak (haitzuloak, harpeak, aire zabalekoak) induskatu zituen, baina batez ere monumentu megalitikoetara zuzendu zen. Bere lehen ikerketetatik, ehorzketa-arkitekturen ezagutzan eta azterketan aitzindari eta ikertzaile garrantzitsuekin kointziditu zuen, Gasteizen. 1832an Arabako Lurraldean aurkitu zen Euskal Herriko lehenengo trikuharria: Egilazko Aizkomendi. Hori dela eta, arabar jakitun eta ikerlari asko monumentu horiek miatzen eta ikertzen hasi ziren. Horien artean Federico Baraibar nabarmentzen zen, Sorginetxe trikuharriaren (Arrizala, Araba) aurkitzailea. Ez da ahantzi behar Pedro Lorentzen lana, sarritan izan baitzen harekin, eta Arabako mendilerroetan tumuluak ikuskatu baitzituzten. Bere doktoretza-tesia hilobi-munduaren eta haietan ehortzitako giza aztarnen ikerketari eskainitako bizitza oso baten hasiera baino ez zen izan. Urte luzez, aipatu den moduan, Telesforo Aranzadirekin (Euskal Herriko arraza-prototipo autoktonotzat Mendebaldeko Pirinear Tipoa definitu zuen antropologoa) eta Jose Miguel Barandiaranekin (etnografoa, historiaurrelaria, arkeologoa) lan egin zuen.

Hirugarrena, nazionalista gisa. Euskal Herriko herritarren kulturaren eta ohituren ezaugarri diren alderdi guztien defendatzaile argia izan zen. Izaera abertzale hori zela eta, Primo de Riveraren diktaduraren ostean euskal anzionalismoa berrantolatzera zuzendutako Hogeien Batzordeko kide izan zen. Dena dela, gerra ostean Erregimenera moldatu zen nolabait, 1942an Asturiasko Aldundiko Lehendakariorde izendatu zutelarik; kargu hori 1944an hil zen arte mantendu zuen.

Obrak

Estado Actual de la Antropología y Prehistoria Vascas. Estudio Antropológico del Pueblo Vasco. La Prehistoria en Álava, Bilbo: Edit. Eléxpuru Hermanos, 1914.

«De la época Eneolítica en Asturias y Avance al Estudios de algunas cuevas de Álava». Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural, 17 (1917), 330-333. or.

«Cabezas Humanas reducidas del Perú», Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural, 18 (1918), 177-196. or.

«Elementos étnicos eneolíticos de Asturias», Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural, 18 (1918), 323-327. or.

«Una bibliografía y unos comentarios», Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural, 18 (1918), 417-425. or.

«Avance al estudio de algunas cuevas artificiales de Álava», Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural, 18 (1918), 539-558. or.

De las poblaciones pretéritas y actuales de Asturias. Discurso en la solemne apertura del curso académico de 1919-1920 en la Universidad de Oviedo sobre prehistoria asturiana, Oviedo: Sucesor de A. Briol. (1919).

«Régimen Autónomo económico-administrativo de la Universidad Vasca», II Congreso de Estudios Vascos: recopilación de los trabajos de dicha Asamblea celebrada en Pamplona del 18 al 25 de Julio de 1920, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1920, 192-206. or.

«El hórreo en el País Vasco», RIEV, 13 (1922), 102-106. or.

«Los dólmenes clásicos alaveses. Nuevos dólmenes en la sierra de Entzía (Encía)», RIEV, 17 (1927), 1-54. or.

«Nuevas investigaciones prehistóricas en Álava», Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, 7 (1927), 17-33. or.

«El túmulo de Oquina: nuevos datos acerca de la prehistoria de Álava», Homenaje a Carmelo Echegaray, Donostia: Gipuzkoako Aldundiaren inprimategia, 1928, 185-198. or.

«A propósito de la estirpe vasca de D. Ignacio Bolívar Urrutia», Memorias de la Real Sociedad Española de Historia Natural, XV (1929), 503-513. or.

«El dolmen de Larrasoil y otros datos para la Prehistoria Alavesa», Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, IX (1929), 107-117. or.

«Las cuevas de La Leze y de Los Gentiles, el yacimiento de Allaran», RIEV, 20 (1929), 256-268. or.

«Sobre algunos nombres de pájaros», RIEV, 25 (1934), 262-271. or.

«Un motivo etnográfico que puntualiza conceptos», Yakintza, 8 (1934), 131-146. or.

La reconstrucción nacional por la tierra y su trabajo, Oviedo: Imp. La Cruz, 1938.

Reflexiones y comentarios, Oviedo: La Cruz inprimategia. (1941).

Consideraciones acerca del factor hombre y sus destinos, Oviedo: Tip. La Cruz, 1942.

Asturias, tierra privilegiada, Oviedo: Tip. La Cruz, 1943.

ARANZADI, T. eta BARANDIARÁN, J. M.-rekin, «Exploración de nueve dólmenes del Aralar Guipuzcoano», Euskalerriaren Alde, VIII, 174 (1918), 207-218. or.; 175 (1918), 248-261. or.; 176 (1918), 296-303. or.; 180 (1918), 484-500. or.

— «Exploración de seis dólmenes de la Sierra de Aizkorri», Euskalerriaren Alde, IX, 186 (1919), 215-221. or.; 187 (1919), 245-262. or.; 188 (1919), 298-312. or.

— Exploración de siete dólmenes de la Sierra de Ataun-Borunda, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1920.

— Exploración de ocho dólmenes de Altzania, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1921.

— Exploración de diez y seis dólmenes en la sierra de Elosua-Plazentzia, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, a, 1922.

— Los nuevos dólmenes de la sierra de Encia, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1922.

— Exploración de seis dólmenes en la sierra de Urbasa (Navarra), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1923.

— Grutas artificiales de Álava, Donostia: Eusko-Ikaskuntza, 1923.

— Exploración de cuatro dólmenes de Belabieta, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1923.

— Exploraciones de la caverna de Santimamiñe (Basondo: Cortézubi). 1ª Memoria figuras rupestres, Bilbo: Artes gráficas Grijelmo, 1925.

— Exploraciones de la caverna de Santimamiñe (Basondo: Cortézubi). 2ª Memoria los niveles con cerámica y el conchero, Bilbo: Diputación de Vizcaya, 1931.

Bibliografia

AGIRRE, I., «Enrique Eguren Bengoa, el tercer troglodita», Euskonews, 65 (2000). Online arg.: https://www.euskonews.eus/0065zbk/gaia6505es.html (2023ko uztailak 27).

BARANDIARÁN, J. M., «Mis recuerdos de D. Enrique de Eguren y Bengoa», Estudios de Arqueología Alavesa, 10 (1981), 7-18. or.

ORTIZ DE URBINA MONTOYA, C., «Enrique Eguren y Bengoa», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/27595/enrique-eguren-y-bengoa (2020ko abenduak 9).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP