Karguak eta lanbideak
Idazlea, arkeologoa eta kazetaria
Ibilbidea
Arabako Institutu Probintzialean ikasi ostean Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Zentralean.
Amerikara emigratu zuen eta Uruguain ezarri zen; han, irakasle izan zen Florida departamentuko Veinticinco de Agosto herrian. Jada hiriburuan zela, Montevideoko Immigrazio Baskongadoaren Babeserako Laurac Bat elkarteko kide izan zen eta izen bereko organo sozialeko ohizko kolaboratzailea. Europara itzuli ostean berriemaile modura kolaboratzen jarraitu zuen, eusko-nafar eta espainiar errealitate politikoari buruzko artikuluak bidaliz (geroago «Cartas vascas» deitu zirenak), baina baita beste herrialde batzuetako albisteak ere, adibidez, Txina, Ingalaterra, Frantzia eta Errusiakoak.
Montevideoko Laurak Bateko kideek bezala, Fidel Sagarminagak bultzatutako Foruen berrezarpen osoaren doktrina defendatu zuen.
1882an La emigración vasco-navarra argitaratu zuen, Amerikarako emigrazioa kritikatuz eta emigranteek ustez jasaten zituzten gehiegikeriak azpimarratuz; lan horrek gaitzespen zabala izan zuen Uruguaiko iritzi publikoan, prentsa-artikulu askoren bidez, eta Justo L. Ortiz diputatu ofizialistaren La inmigración liburuxkan. Horretan, egileak «Ekialdeko Errepublikaren aurka zehaztasunik ezak, irainak eta baieztapen ankerrak» esan izanaz akusatu zuen. Julian Becerro de Bengoak ere baztertu zuen bere lana, El Anunciador Vitoriano aldizkarira 1882ko abenduan bidalitako eskutitz batean. Uruguain urte luzez bizi izandako Becerrok, bere ustez gezurrak zirenekin suminduta, ondokoa esan zuen egileari eta lana agindu ziotenei buruz: «…Idatz ezazue nahi adina, emigrazioari aurre egiteko, baina egizue gurearen inbidiarik ez duen eta langileek hemen bezain etorkizun ona duten herrialde bat gutxietsi gabe». Bitartean, Laurak Bateko bere lehengo lagunak kexu ziren bere baieztapenekin eta emigrazioarekiko bere jarrerarekin, eta atsekabeturik agertu ziren Arabako Aldundiak liburua argitaratu behar zuela jakitean.
Bere lan polemikoa 1885ean itzuli zuen euskarara Marcelino Soroa Lasak (Euskal Naparren joeara edo emigrazioa) eta 1886an frantsesera itzuli zuen M. Adrien bearnotarrak (L’Emigration Vasconavarraise).
Sarri idatzi zuen Donostiako Euskal-Erria aldizkarian, eta dozenaka artikulu aurkitu daitezke bertan. Montevideoko Laurak Bat aldizkarirako idatzitako Cuentos Vulgares eleberri ezezagunaren egilea izan zen; folletoi bezala argitaratzen hasi zen 1881eko abenduaren 15eko 91. zenbakian eta 1882ko ekainaren 16ko 103. zenbakian amaitu zen.
1912an Gasteizko ohorezko kronikari izendatu zuen Udalak, eta Arabako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzorde Probintzialeko kide izan zen. Baita hurrengo erakundeetako kide ere: Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia eta Historiaren Errege Akademia, Frantziako Arkeologia Elkartea, Normandian, Gurutze Gorria eta Antzerkien Batzorde Ikuskatzailekoa.
1922an Gasteizko banderaren egilea izan zen. Hiri horretako kale batek bere izena darama.
Obrak
La Emigración vasco-navarra con un prólogo de Sebastián Abreu y Cerain, Gasteiz: Diputación de Álava, 1882 (Imp. de la viuda e hijos de Iturbe, 1883; Imp. de la Diputación Provincial de Álava, 1886; L’Émigration vasco-navarraise par M. José Cola y Goiti. Traduction de l’espagnol et préface par Adrien Planté, Pau: Imp. Vignancour, F. Lalheugue, 1886).
Cuentos Vulgares, Montevideo: Laurak Bat, 1881-1882.
La ciudad de Vitoria bajo los puntos de vista artístico, literario y mercantil: seguida del indicador del viajero, Gasteiz: Tip. de la viuda e hijos de Iturbe, 1883.
El futuro Vitoria, Gasteiz: Imp. de la viuda e hijos de Iturbe, 1884.
Euscal Naparren joaera edo emigracioa, José Colá eta Goiti Jaunac erderaz izkribitua; eta Euskarara itzulia Marcelino Soroa Lasa-C. Laugarren argitaratza, Donostia: Pozo eta Compª Moldiskidan, 1885.
Guía de Vitoria, Gasteiz: Imp. de los hijos de Iturbe, 1901.
El Cristo de Abechuco con prólogo de Herminio Madinavéitia, Profesor del Instituto Alavés, Gasteiz: Imp. de los hijos de Iturbe, 1901.
La virgen Blanca con un prólogo del Excmo. Sr. D. Vicente González de Echávarri y un epílogo de Don Ángel Eguileta Arambarri, Gasteiz: Imp. de los hijos de Iturbe, 1901.
La Virgen de «La Encina», Gasteiz: Imp. de los hijos de Iturbe, 1904.
Euskal naparren joaera edo emigrazioa, itzultzailea Marzelino Soroa; edizio honen prestatzaile, Inazio Mujika Iraola, Donostia: Euskal Editoreen Elkartea, 1988.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Colá y Goiti, José», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/artikuluak/artikulua.php?id=eu&ar=31477 (2020ko uztailak 2).
IRIGOYEN ARTETXE, A., Laurak bat de Montevideo, 1876-1898, primera euskal etxea del mundo, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1999.
IZARRA, J., «D. José Colá y Goiti», Euskal-Erria, LXIX, 1086 (1913ko abuztuak 15), 105-111. or.
ORTIZ, J. L., La inmigración en la República Oriental del Uruguay, Montevideo: [s.n.], 1883.
OSSORIO Y BERNARD, M., Ensayo de un catálogo de periodistas españoles del siglo XIX, 1. libk., Madrid: Imp. y Lit. de J. Palacios, 1903.





