Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

NAVAGGIERO, Andrea (Andrés Navajero, Andrés Navagero, Andrés Navaggiero, Andreas Navagierus) (Venezia, Italia, 1483 – Blois, Frantzia, 1529). Veneziako enbaxadorea eta historialaria

Karguak eta lanbideak

Veneziako enbaxadorea eta historialaria

Ibilbidea

Nobleziako familia bateko semea zen, eta Paduan eta Venezian jaso zuen hezkuntza. Errepublika horretako kronikari ofiziala izan zen, eta, geroago, enbaxadore, Karlos I.aren aurrean. 1525ean, Veneziako gobernuak aginduta, erresuma hispanikoak bisitatu zituen, egoera politikoaren berri izateko eta enperadorearekin negoziatzeko, Hadriano VI.a aita santuak sortu nahi zuen defentsa-ligarekin bat egin zezan. Veneziara itzuli ondoren, Frantziako Frantzisko I.aren gortera bidali zuten, beste diplomazia-misio batera (1528), eta Bloisen hil zen hurrengo urtean.

Espainian zortzi hilabetez egindako bidaldia Il viaggio fatto in Spagna et in Francia lanean jaso zuen. 1563an argitaratu zuten lan hori, eta Penintsulatik  Giambattista Ramusiori bidali zizkion bost txostenekin osatzen da. Lekuak eta ohitura etnografikoak xehetasun eta objektibotasun handiz deskribatu zituen. Baskoniari dagokionez, 1528ko maiatzaren 21ean, Arabara iritsi zen, Miranda de Ebro (Burgos) bisitatu ondoren. Geldialdiak egin zituen Gasteizen, Dulantzin eta Agurainen. Gero, Gipuzkoan sartu zen, San Adrianetik. Segura, Tolosa, Hernani eta Hondarribia hiribilduak zeharkatu ondoren, Lapurdirantz jarraitu zuen, eta Baionan gelditu zen. Navaggierok historia sozial eta etnografikoko xehetasun asko adierazten ditu, hala nola «Gasteizen gaztelaniaz mintzatzen dira, baina euskara ulertzen dute, eta herri gehienetan, hizkuntza horretan mintzatzen dira». Gipuzkoako Segura hiribilduko emakumeen orrazkerak xehetasun handiz deskribatzen ditu —«ezkondu arte, lurralde horretako neskek ile motza daramate, eta, apaingarri moduan, ile-xerlo batzuk baino ez dituzte uzten»—. Ohitura hori zuten Gipuzkoa osoan eta Bizkaian. Baiona xehetasun handiz deskribatzen du. 1528ko maiatzaren 30ean iritsi zen hiri horretara, eta bere kontakizunaren arabera, «hiri gotortua da, eta artilleria-pieza asko eta onak ditu; harresiak ondo eraikita daude, eta hiria ingurune zertxobait zingiratsu batean dagoenez, are gotorragoa da alde horretatik. Itsasontziak hiriraino heltzen dira, ibaia nabigagarria baita 600 tonako itsasontzientzat, bai eta hortik gorako batzuentzat ere. Baionan, sagardo asko eta asko egiten da, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala. Ibaiko eta itsasoko arrainak ugariak dira, eta izokinak oso onak eta ederrak dira». Halaber, arrantza-baliabideak aipatzen ditu, eta nabarmentzen du balearen bat ehizatzen zutela urtero Lapurdiko hiriburuan eta Donibane Lohitzunen, eta ehiza arriskutsu horren deskribapena eta ondorengo merkataritza-ekoizpena deskribatzen du.

Hau dio Navaggierok: «herrialde honetako gizon-emakumeak oso alaiak dira, denak, Espainiakoak ez bezala, haien izaera, funtsean, oso serioa baita. Hemen, barrezka dabiltza beti, eta dantzak eta jokoak antolatzen. Horrenbestez, bi lekuen artean hain distantzia txikia egonda ere, alde handia dago izaeran. Etxeen aurrean, abereek zeharkatu ezin duten itxitura bat dago. Hor, itzal ona ematen duten mahats-parrak daude, eta lekua oso ondo hareaztatuta eta lehortuta dago, eta ezin da inolako irregulartasunik ikusten; finean, oso ondo apainduta dago».

Lapurdiren eta Landen deskribapena amaitzeko, Navaggierok dio —akatsa eginez— eskualde osoa, Baiona eta Akize kenduta, Albreteko jaunarena zela eta orain Nafarroako erregearena dela. «Eskualdearen idortasuna eta zailtasunak kontuan hartuta, Pirinioetatik Bordeleraino, muga hau indartsuagoa da Espainiarekiko aldetik; izan ere, soldadu-kopuru txiki batek ezin izango luke ezer egin, eta kopuru handi batek, berriz, ez luke zerez bizi izango. Lurralde honek, gainera, beste abantaila bat du: bertakoak Frantziako soldadurik onenak dira».

Obrak

Bayonne et Le Pays Basque en 1528 (Extract du voyage d’un Ambassadeur Venitien en France et en Espagne), Bayonne, 1886.

García Mercadal, J. (arg. eta itz.): Viajes de extranjeros por España y Portugal: desde los tiempos más remotos, hasta fines del siglo xvi, vol. II, Madrid: Aguilar, 1952.

Navagero, A.: Viaje a España del magnífico señor Andrés Navagero (1524-1526): embajador de la República de Venecia ante el Emperador Carlos V, Alonso Gamo, J. M.ª (arg.), Valencia: Castalia, 1951.

— Viaje a España. González García, A. (arg.), Madrid: Turner, 1983, 89.-96. or.

Bibliografia

Barrena Osoro, E.: «Hugo de Oporto y Andrés de Navagero: testimonios de la evolución caminera gipuzcoana medieval» in Caminería hispánica, 1 (1993), 269.-274. or.

Chevallier, R.: «Un panorama de l’archéologie espagnole au xvi siècle: note sur le Voyage en Espagne d’Andrea Navagero (1524-1526)» in Mélanges de la Casa de Velázquez, 27-1. libk. (1991), 139.-147. or.

Martínez Artola, A.: «Navagero, Andrea», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Onlineko argitalpena: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/navagero-andrea/ar-97901/ (2018ko azaroaren 15ean egindako kontsulta).

Urquijo, J. de: «Sobre el tocado corniforme de las mujeres vascas (siglo xvi)» in Revista Internacional de los Estudios Vascos, 13 (1922).

Aipamen bibliografikoa

Chicharro Lázaro, A., “Navaggiero, Andrea”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 718-720.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP