Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

PURCHAS, Samuel(Thaxted, Essexeko konderria, Ingalaterra, ca. 1575 – Londres, 1626).

Karguak eta lanbideak

 Ingeles erlijioso, geografo eta historialaria. Bidaiei buruzko kontakizunen bilduma handi bat idatzi zuen

Ibilbidea

Cambridgen eta Oxforden ikasi zuen, bikarioa izan zen Thames-Siden -(Essex), eta, geroago, Londresen. Bidaiei buruzko literaturan jardun zuen, eta Ingalaterraren hedapena beste lurralde batzuetan sustatzen. Purchasen kontakizunek balio handia dute dokumentu geografiko gisa. Bere idatzi gehienak Richard Hakluyt-ek hasitako bilduma entziklopedikoen erara egin zituen, eta Europako esploratzaileek mundu osoan egindako bidaien bilduma handi bat osatu zuen, Espainiako eta Portugaleko iturrien itzulpenak ere sartuta. Batzuetan zabartzat eta zorroztasun gutxikotzat jotzen duten arren, bere bildumak balio handikoak dira; izan ere, sarritan, iturri bakarrak dira dagokion garaiko zenbait gertaeratarako.

1625ean, hil baino urtebete lehenago, erromes ezezagun baten ibilbidea argitaratu zuen lau liburukitan, ingelesez eta bertsotan idatzia. Segur aski, erromesa Ingalaterrako iparraldekoa zen, eta Jerusalemera —Compostelatik eta Erromatik igarota— egindako lehorreko ibilbideari buruzko poema idatzi bat utzi zuen, Hakluytus Posthumus or Purchas his Pilgrimes, contayning a History of the World in Sea Voyages and Lande Travells, by Englishmen and others. Poema hori sir Robert Cottons-en liburutegian aurkitu zuten, eta, datari buruz ziurtasunik ez badago ere, uste da xiv. mendearen amaierakoa edo xv. mendearen hasierakoa dela. Ingalaterratik, lehorreko bidea oso neketsua zen, eta klima-aniztasun handikoa. Erromesen kontakizunetan, Landetako lehortasuna nabarmentzen da, edo Pirinioak eta Orreagako igarobidea zeharkatzeko zailtasunak. Erromes batzuek mandoak alokatzen zituzten, beren ekipajea leku horietan garraiatzeko, zaldiak ez baitziren ondo egokitzen eremu horietako orografiara. Zalantzarik gabe, erromesen ibilbideen kontakizunak dira erromesaren eguneroko bizitza eta Donejakue bidearen baldintzak aztertzeko iturririk fidagarrienak.

Honela kontatzen du erromes ezezagun horrek nola zeharkatu zuen Nafarroa: «Plymouth-en itsasoratu, eta Bresteko badian (Bretainia) lehorreratu nintzen. Han, bi egun egon ginen atseden hartzen, eta, gero, Bordelera joan ginen, Race-tik. Hiri ederra da Bordele, eta hiru egun eman nituen han. Handik, Baionara joan nintzen, hori bai hiri ederra, eta handik, Donibane Garazira. Nafarroako hiri garrantzitsuena da eta leku ederrean dago kokatuta, mendi gainean. Hirian sartzeko, atesaria ordaindu behar da. Sinets nazazue, Ebanjelioaren gainean zin egin behar da urre-pieza bakoitzagatik, eta han, lehenik eta behin, Jakak (jakakoak) izan behar dituzu, zure urrea izaten jarraitu nahi baduzu. Emakumeek buru gainean daramaten jantziak mitra baten forma du; oihaleko kapa marradun bat daramate soinean, eta emakume itsusi asko daude. Gero, bideak Orreagako haranera garamatza. Igarobide iluna da hori, bai jauna. Han, jan-edanak izatea oso beharrezkoa da, nire ahoa lehor baitzegoen igarobide horretan. Mendiaren gailurrean, urrun, Andre Mariaren monasterioa dago, agustindarrena, eta han barruan, Errolanen eta Oliverosen putzua dago. Handik, Iruñera zuzenean. Nafarroako Erresumako hiri garrantzitsuena da, hiri handi eta ederra. Barkuak eta gabarrak iristen dira hara ere. Iruñetik, Keer (?) hirira; hogeita hamar miliara dago. Gero, Logroñora, Espainian; horixe da Nafarroako Erresumako azken hiria. Jakakoek ez dute ia baliorik han, marabediak erabiltzen baitituzte. Den-dena letoizkoa da, ez dute zilarrezko ezer. Koroa baten truke 80 marabedi ematen dizkizute, jaun edo mirabe izan». Santo Domingo eta Grañón zeharkatu ondoren, honako hau aipatzen du: «Handik, Garesera joan behar da. Han, gizon batek sarrera zaintzen du. Leku ona eta oso ardo txarra; han, era guztietako elikagaiak daude, bikainak gainera».

Egile ezezagunaren kontakizunean, Donejakue bideko zenbait hiriren izenak ageri dira, batzuetan modu nahasian, hala nola Garesen kasuan. Kontakizunean, ikusten da erromesaren kezka nagusiak honako hauek direla: txanponen balioak eta non trukatu behar diren, jan-edatekoen oparotasuna edo eskasia, erlikiak eta induljentziak. Bertsoetan, deigarriak iruditzen zaizkion berezitasunei buruzko informazioa ageri da; esate baterako, honako hau aipatzen du Asturiasi dagokionez: «Emakumeek ez dute artilerik erabiltzen, baina gorputz osoa larruz estaltzen dute, eta apaingarri bitxia daramate buruan. Gandor moduko bat da, kiribilean jarritako oihal batez estalia, eta haien kopetan gora egiten du, adarbakar baten adarraren moduan. Eta gizonek jipoi laburrak janzten dituzte, oinutsik egoten dira, eta arintasun handiz egiten dute jauzi». Nolanahi ere, esan daiteke kontakizun interesgarria dela, Aymeric Picaud-ek Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinus delakoaren V. liburuko Erromes gidan deskribatutako ibilbidearen ondoren ezagutzen den ibilbideetako bat baita.

Obrak

Hakluytus Posthumus or Purchas his Pilgrimes, contayning a History of the World in Sea Voyages and Lande Travells, by Englishmen and others, 1625, 4 libk

Bibliografia

Iglesias Rábade, L.: «Peregrinos y romeros de la Inglaterra Medieval. La romería popular» in Cuadernos del Cemyr, 6 (1998), 97.-124. or.

Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª; Uría Ríu, J.: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1948, 1. libk., 215.-217. or., III. libk., 122.-126. or.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Puerchas, Samuel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 723-725.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP