Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

SARRERA

Ibilbidea

Bidaiei buruzko literatura, literaturaren alderditik erakargarria izatetik harago, ezagutzen eta oroitzapenen berri izateko iturri bikaina da, dela erreferentzia erakargarri eta bultzatzailetzat hartuta, dela bide eta aurkikuntza berriei buruzko informaziorako eta laburpenerako gidatzat hartuta. Ezaugarri horrek aukera ematen digu literatura horretara jotzeko, gure historiaren beste aurpegi bat ikusi eta ulertu ahal izateko, bidaiari historikoek mendez mende finkatutako irudiaren bidez. Bidaiarien kontakizunek, abentura-liburuek bezala —izan ere, sarritan, bidaiei buruzko liburuak izaten dira—, betidanik piztu dute gizakien jakin-mina, eta eguneroko monotonia nolabait apurtu nahi duen premia hori suspertu dute.

Donejakue bideak, edo apostoluaren figurak, interes handia pizten dute beti; izan ere, apostoluaren hilobira joateko erromesaldien historiarekin lotuta, mendez mende, oso ondare aberatsa eratu da Santiagora daramaten ibilbide guztietan zehar, santuak piztutako debozioaren adierazle. Testuinguru horretan, Donejakue bidea banakakoen eta jende-multzoen bat-egite fisikoaren eta espiritualaren eredu ikusgarriena izatera iritsi zen, Italiako, Germaniako edo Eskandinaviako muturretatik Galiziako Finisterreraino. Debozio-bidea, baina ondasun, sentimendu, ezagutza, uste irmo eta ametsen bidea ere, Donejakue bideko erromesaldien ibilbidea europar galtzada adierazgarriena izan zen.

Ibilbide horrek Europako mosaiko politiko-kulturala elkartasun sakoneko erreferentzia komun batera bideratu zituen debozioen arrastoaren behin betiko kondentsazioa erakusten du. Santiago de Compostela Gizadiaren Ondarea da, hirira daraman bidea bezala, eta, zenbait mende igaro ondoren, jakin-minen eta itxaropenen ikusmuga misteriotsu eta ezabaezin hura berregiten du. Eta Hispaniako penintsularen sarreran, Nafarroak aspalditik bete dituen bidegurutze–funtzioek ekarritako sedimentu konplexua erakusten du. Zubiak, ospitaleak, aterpeak… horiek guztiak eskuzabaltasunez eskaini dizkie maila orotako erromesei eta bidariei, eta haien patuak markatuko zituzten, agian betirako. Elementu horiek guztiek -historia-abentura bereizi baten bidez arragotutako identitate kolektibo bat harmonizatu dute, garaien erritmo aldakorrean hausturarik izan gabe.

Bidea Europa osoan eta Mediterraneoko beste aldeko itsasertzean presentzia duen errealitate fisiko bat da. Codex Calixtinusaren (xii. mendea) lehen liburuko XVII. kapituluan, aipamen luze bat dago, agian neurriz gehiegizkoa, baina merezi du hemen gogora ekartzea: «Leku honetara, herri barbaroak eta munduko klima guztietako biztanleak etortzen dira. Hain zuzen ere: frankoak, normandiarrak, eskoziarrak, irlandarrak, galiarrak, teutoiak, iberiarrak, gaskoiak, bavariarrak, nafar fedegabeak, euskaldunak, godoak, proventzarrak, garaskiarrak, lorrenarrak, gautak, ingelesak, bretoiak […] mairuak, etiopiarrak, filipotarrak, kapadoziarrak, korintoarrak, elamdarrak, Mesopotamiakoak, libiarrak, Zirenekoak, Panfiliakoak, Ziliziakoak, juduak eta mundu osoko hizkuntzetako, tribuetako eta nazioetako pertsonak etortzen dira». Izan ere, munduko leku guztietatik iristen ziren erromesak, eta, beraz, asko eta asko ziren erromes horien abiapuntuak eta egiten zituzten ibilbideak.

xvi. mendea, nolabait, erromesaldien gainbeheraren mendea izan zen; -debozio-forma berrien ondorioz, erromes-ibilbide hau eta beste batzuk bigarren mailan geratu ziren. Hala eta guztiz ere, badugu bidaiarien kontakizun interesgarrien berri. Gehienak, literatura odeporikoa delakoaren adibideak dira. Literatura–mota horretan, bidaia batean izandako gertaerak eta ikusitako gauzak jorratzen dira, eta Donejakue bideko erromesaldiarekin lotutako -literatura-genero adierazgarrienetako bat da. Izan ere, gertaera eta esperientzia pertsonalen oroitzapenez gain, bidaiarekin lotutako geografia-, historia- eta -ingurumen-datuak ematen dira, bai eta erromesek leku batzuetan eta besteetan jasotako arretari buruzko informazioa ere. Aro Modernoko mende horietako bidaiarien artean, Andrew Boorde nabarmenduko dugu, ingeles bidaiaria, medikua, fraide kartusiarra eta idazlea. Bitan joan zen Santiago de Compostelara, lehenbizikoa 1532an izanik. 1547an The fyrst Bokeof the Introduction of Knowledge lana argitaratu zuen. Bidaiarientzako Europako lehenbiziko gidatzat hartzen da lan hori. Gida laburra da, eta Errenazimentuaren garaiko Europako erresuma eta eskualde nagusien deskribapena jasotzen du. Bitxia da, halaber, Jakue Sobieski Janinakoa diplomazialari, bidaiari eta hispanista poloniarrak egindako bidaia. 1611n iritsi zen Compostelara, gaztetan egindako sei urteko bidaia luze baten barruan. Poloniako nobleziakoen ohitura zen horrelako bidaia egitea gaztetan, hezkuntza hobetzeko.

Domenico Laffi, Boloniako klerikoa, Donejakue bidearen historiako erromes garrantzitsuenetako bat da, bigarren erromesaldiaren ostean, 1670ean, argitaratu zuen lana dela-eta. Viaggio in Ponente a San Giacomo di Galitia e Finisterre per Francia e Spagna da lan horren izenburua, eta, zalantzarik gabe, Italiako literatura odeporikoaren testu garrantzitsuena eta adierazgarriena da. Horrez gain, oso interesgarria da Donejakue bidearen historiarako, erromesaldien inguruan sortutako erakundeak xvii. mendean bizirik jarraitzen zutela erakusten duelako, eta Laffiren ibilbidea bat datorrelako, oso aldaketa txikiekin, Aymeric Picaud xii. mendean Erromesen gidan (Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinusdelakoaren V. liburua) jasotako ibilbidearekin. Bidaiari frantses batek, Guillermo Manier-ek, jostuna lanbidez, Donejakue bidetik hasi zuen Espainiako bidaia, 1726ko abuztuaren 26an, 22 urte zituela, eta hamar urte geroago idatzi zuen bere kontakizuna (1736). Manier-en ibilbidea 1890ean argitaratu zen, Pèlerinage d’un paysan picard à St. Jacques de Compostelle au commencement du xviiie siècle izenburuarekin. Beste bidaiari frantziar batek,  Jean Bonnecaze-k, Pardieskoak (Biarnoa, Pirinio Atlantikoak), Santiagorako erromesaldi bat egin zuen beste hiru lagunekin batera. 1748ko maiatzaren 1ean abiatu zen eta abuztuaren hasieran itzuli zen, gurasoen etxera —hila zela uste zuten—, gorabehera eta zorigaizto ugari pairatu ondoren. Pirinio Atlantikoetakoa zen Jean Pierre Racq ere, eta 1789an egin zuen Santiago de Compostelarako erromesaldia. Itinéraire de Bruges à Compostelle lana idatzi zuen, apostoluaren hilobira egindako bidaiaren gida deskribatzailea.

Gaur egun, Donejakue bidea kultura arteko bere alderdia aldarrikatzen duen fenomenoa da, eta, aldi berean, metafora politiko bihurtu da, Europak zer izan behar duen azaltzen laguntzeko: gure indibidualtasunekiko, herriekiko eta tradizioekiko errespetua, horiek guztiak hartzen dituen eta berezko identitatea duen ibilbide batekin batera, mundura proiektatzen duen identitate europarra. Pentsamenduz eta literaturaz betetako gertaera historiko bat, bidaiarien iritziak, prosak eta bertsoak gehitzen doana: Aymeric Picaud, Erasmo, Goethe, Alejo Carpentier, Álvaro Cunqueiro, Cees Noteboom, etab. Bide horretan, denentzako lekua dago, Codex Calixtinusak dioen moduan (afrikarrak, persiarrak, arabiarrak, juduak…), mestizajea sustatzen baitu, kulturen nahaste heterogeneoa eta indargarria, etengabe elkarrizketaren eta elkar ulertzearen bila.

2004an, jubileu-urte konpostelarra amaitzear zegoela, Konkordiako Asturiasko Printzearen Saria eman zioten Donejakue bideari. Beste sari bat, nazioartean eman dizkioten sarien zerrenda luzean gehitzeko; izan ere, 1987an, Europako Kontseiluak Europako Lehenbiziko Kultura Ibilbidea izendatu zuen, eta 1993an, berriz, Unescok mundu-ondarearen zerrendan sartu zuen.

Bibliografia

Herbers, K.; Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itzulpena): Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999.

Jusué Simonena, C.: Santiago en Navarra: imagen, memoria y patrimonio, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.

Martín Duque, A. J. (zuz.): Camino de Santiago en Navarra, Iruñea: Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipala, 1991.

Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª; Uría Ríu, J.: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1948, 3 libk.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 715-717.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP