Karguak eta lanbideak
Diplomazialaria, bidaiaria eta hispanista
Ibilbidea
Poloniako Joan III.a Sobieskiren aita izan zen —Joan III.a, gainera, Lituaniako duke handia izan zen, Poloniar-Lituaniar Batasuna delakoan—. Erdi Aroaren amaieran, ad sanctum Jacobumera joateko erromesaldiak abiatzen ziren Itsaso Baltikoaren eremutik, Dantzigetik eta Revaletik baino haragotik. Alde horretatik, Poloniak Europako beste leku batzuekin ezarri zituen konexio politikoak eta dinastikoak lagungarriak izan ziren apostoluaren gurtzarekiko estimazioa handitzeko. Hain zuzen ere, xiv. mendetik daude dokumentatuta poloniar erromesek Santiagora bidaiak egin zituztela. Jakue Sobieski izan zen Compostelara iritsi zen poloniar nabarmenena (1611); Poloniako nobleziaren ohiturak betez, sei urteko bidaia egin zuen Europan zehar gaztaroan, bere hezkuntza hobetzeko.
Sobieski 1607an abiatu zen Krakoviatik, eta Praga, Nurenberg, Estrasburgo eta Parisen egon zen. Parisen, zenbait urtez geratu zen latina, greziera, matematika, historia eta zenbait hizkuntza ikasten. Ingalaterrara, Herbehereetara eta Flandriara ere joan zen, eta 1611ko otsailean, Espainiarako bidaia hasi zuen. Hala, otsailaren 1ean, muga zeharkatu zuen, Baionatik eta Urdaxetik igarota, eta, gero, Amaiurtik eta Beruetetik igarota, Iruñera iritsi zen. Iruñean, Sobieski eta haren zerbitzariak ostalari andre desleial baten biktima izan ziren, eta gertaera hori xehetasun handiz deskribatu zuen. Sobieskiren kontakizuna oso adierazgarria da, eta agerian jartzen du zenbatekoa zen erromesen eta ostalarien arteko tentsioa Donejakue bidean. Sobieskik Iruñeko benta batean hartu zuen ostatu, eta bere dirua armairu batean gorde zuen giltzapean, ostalariak emandako giltza erabiliz. Baina, dirudienez, ostalariaren emazteak eta alabak giltzaren kopia bat zuten. Ostalariak poloniarrei lagundu zien, hiriko zitadela zaharrean paseo bat egitera, eta, bitartean, amak eta alabak den-dena lapurtu zioten Sobieskiri. Poloniar nobleak lapurreta salatu zuen erregeordearen aurrean. Erregeordeak, Sobieski Krakoviakoa zela jakitean, adeitasunez hartu zuen, eta funtzionario bat bidali zuen kasua ikertzera. Ostalaria errugabea zen, eta, harrituta, poloniarrekin zitadelan zegoela esan zuen. Emakumeek, berriz, ez zutela ezer egin esan zuten, baina Sobieskiren morroia lapurreta egiteko erabili zuten giltza lurrera bota zutela ohartu zen. Denak, aita, ama eta alaba, atxilotu zituzten.
Gero, Sobieskik xehetasun handiz deskribatzen du nola egiaztatu behar izan zuen bere nortasuna funtzionarioaren aurrean: «Orduan, galdetu zidan nola egiazta nezakeen ni neu nintzela esaten nion pertsona hura. Nire jaun Segismundo III.ak igorri zidan pasaportea erakutsi nion, bai eta Frantziako erregeak emandako pasaportea ere. Pasaporteak irakurri zituen, eta “Barkatu, jauna”, esan zidan, “baina nork daki hemen adierazten dena zu zeu zarela?”; paper guztiak eta Lisboarako eta Sevillarako kanbio-letrak erakutsi ondoren, «funtzionarioak barkamena eskatu zidan, eta ez sinestea gaizki ez hartzeko esan zidan, horrela egin behar baitute funtzionario onek». Geroago, apezpikuaren mandatari baten esku-hartzeak, poloniarrari errudunen heriotza ez eskatzeko erregutuz, ostalariak salbatu zituen, eta diru guztia itzuli zioten Sobieskiri.
Iruñetik joan zen —«ez nuen atzera begiratu ere, Jainko onari eskerrak eman baino ez nuen egin, nire ondasun guztiak berreskuratu nituelako»—, eta, handik, Garesera, Lizarrara, Logroñora eta Santo Domingo de la Calzadara joan zen. Hor, beste erromes askok bezala, urkatuaren mirari ospetsuaren xehetasunak kontatzen ditu; Frantses Bidetik jarraitu zuen bidaia, eta gero, San Salvador Bidetik desbideratu, eta Oviedora joan zen, eta handik Santiagora, Iparraldeko Bidetik. Zaldiz joaten ziren erromesen ohitura zaharra betez, Poloniako noblea zalditik jaitsi zen hirira iritsi baino milia bat lehenago, umiltasuna eta errespetua adierazteko, eta oinez sartu zen Compostelan. Katedralak txundituta utzi zuen: «Donejakue apostolua aldare baten azpian dago. Artzapezpikutegi hau oso aberatsa da, eta kleriko-kopuru handia du. Kalonjeak kardinalak bezala jantzita daude, eta zazpi baino gehiago dira». Ospitale bikaina deskribatu zuen, eta kristandadeko onenekoen parekoa zela adierazi zuen. Gero, Padrónerantz jarraitu zuen, Portugalen sartu zen, eta Andaluzia, Madril, Burgos, Gasteiz eta Gipuzkoan barrena, Frantziara itzuli zen 1611ko uztailean, eta beste bi urte eman zituen herrialde horretan, Poloniara 1613an itzuli aurretik.
Poloniar nobleak, bidaiatik itzuli ondoren, bere ibilbide militar eta diplomatikoa hasi zuen, eta bere prestakuntzagatik eta hitz-jarioagatik nabarmendu zen. Bidaiariak ohar labur batzuk idatzi zituen bidaian, frantsesez eta espainieraz, eta polonieraz kontakizun zehatzagoa idazteko erabili zituen hogeita bederatzi urte geroago, 1642an hil baino lau urte lehenago. Sobieskiren eskuizkribua Eduardo Raczynsky kondeak argitaratu zuen, Posnanian, Penintsulari buruzko zatiaren gaztelaniazko itzulpena gehituta.
Obrak
Liske, J.: Dos viajes de Jakub Sobieski, el padre del rey Juan III, a través de los países europeos en los años 1607-1613 y 1638. E. Raczynsky-k argitaratutako eskuizkribuaren arabera, Posen, 1833.
— Viajes de extranjeros por España y Portugal en los siglos xv, xvi y xvii. F. Rozanski-ren itzulpenak, jatorrizko testuetatik, Madrid: Casa Editorial de Medina, 1880, 233.-267. or.
Bibliografia
García Mercadal, F.: Viajes de extranjeros por España y Portugal desde los tiempos mas remotos hasta fines del siglo xvi. Recopilación, traducción, prólogo y notas por J. García Mercadal, Madrid: Aguilar, 2. libk., 1952, 323.-334. or.
Herbers, K.; Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.): Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999, 263.-269. or.
Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª; Uría Ríu, J.: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 243.-244. or.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “Sobieski de Janina, Jacobo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 725-726





