Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

LARRAMENDI, Manuel (Manuel de Larramendi, Manuel Garagorri Larramendi) (Andoain, Gipuzkoa, 1690 – Loiola, Gipuzkoa, 1766).

Karguak eta lanbideak

Apaiza, filologoa eta historialaria

Ibilbidea

Andoainen, 1690eko abenduaren 25ean sortu zen, gurasoak Domingo Garagorri eta Manuela Larramendi zituela. Amaren familia Hernanikoa zen, eta han bizi izan ziren gurasoak ia beti, Andoainen igarotako hiruzpalau urte kenduta. Andoainen jaio ziren, hain zuzen, bigarren eta hirugarren semeak, Manuel eta Martin, eta gainerako bost seme-alabak Hernanin jaio ziren. Beraz, Manuel umea Hernanin hazi zen, eta hango eskolara joan zen, eta abizena ere, amaren familiaren Larramendi erabili zuen beti. Aita hil zen urte berean (1700) Manuel txikia Bilboko jesuiten Ikastetxean hartu zuten zerbitzari txiki gisara, amaren ahaide bat, Lagundiko koadjutorea, bitartekari zela. Beraz, amaren familiarra sakristiako arduraduna zenez, hari laguntzen aritu zen Larramendi, meza-mutil, bitartean Gramatika eta latina ikasten zituela. Hamazazpi urte zituela Lagundian sartu zen. Azpimarratu behar da jesuita gisa sartu zela eta ez anaia gisa, ziurrenik Bilbora iritsi zenetik antzeman zizkioten dohain moral eta intelektualengatik. Hari buruz esan zen ikasle saiatua zela, «jatorra eta alaia, baina ondradua eta fidela ezin gehiago».

Berehala egin zuen nobiziotza Villagarcía de Camposen (1709-1710), eta jesuiten ikasleei Filosofia irakatsi zien Medina del Campon (1710-1713). Teologia Salamancan ikasi zuen, kalifikaziorik gorena hartuz (1713-1717). Hogeita zazpi urte zituen Filipe V.aren emaztearen hiletan sermoia emateko agindu ohoragarria jaso zuenean. Ondoren Salamancako Unibertsitatean aritu zen hiru urtez, Filosofiako ikasgaien gainbegirale eta Arteen maisu eginkizunetan. Valladolidera lekutu zen (1720-1721), eta ondoren Palentziara, jesuiten Filosofia irakasle (1721-1724). Ondoren berriz ere Salamancara joan zen, 1728 arte, eta Luis I.aren hiletan sermoia eman behar izatea egokitu zitzaion. «Predikatzaile ospetsu» eta katedradun bikaina zelako oso ezaguna izatera iritsi zen. Ondoren bi ikasturte igaro zituen Valladoliden San Anbrosioren ikastetxean. Hantxe, Pisuergak zeharkatzen duen hirian, argitaratu zuen euskararen antzinatasunari buruzko lana.

Larramendiren bizitzak ezusteko norabide aldaketa egin zuen 1730ean, berrogei urte zituela. Karlos II.aren alargun Mariana Neoburgekoa erreginak deitu zuen bere aitorle izan zedin, eta Filipe V.ak agindua berretsita, Baionara joan zen. Larramendik arreta ematen zuten dohainak zituen, eta erregina alargunak berak ere antzeman zizkion: «Garaia, erakoa, indartsua, lerdena, ikusmen, entzumen, ahots onekoa […] era guztietara handia». Kortesanoek erreginarekiko harremanari buruzko esamesak zabaltzen hasi ziren. Atsekabe handiz, inguru harekin zeharo zapuztuta, gaixotzeraino ere, handik alde egin zuen eta Donostian bilatu zuen babesa (1734), baina ez Mariana erreginaren ohorea Filipe V.aren aurrean defendatu gabe. Irakasle-lanari erabat uko egin zion, eta urte hartan bertan lortu zuen Lagundiak baiezkoa ematea Loiolako ikastetxean bizitzeko zuen gogoari. Urola ibarrean bizi izan zen hogeita hamabi urtez, 1766ko urtarrilaren 29an hil zen arte. Etxe hartako erregistroen arabera, concionator edo predikatzaile aritu zen.

Ez dakigu zuzen esaten zein izan zen Larramendik bere sorterriaren historia, hizkuntza eta erakundeak aztertzen hasteko izan zuen azken arrazoia. Hura bezalako gizon adimentsu eta ikasi batek nekez jasango zituen, noski, Euskal Herriari buruz erresumako eliteek zerabiltzan erdeinuzko leloak. Maiz aipatu zituen Mayans, Armesto, Mariana eta beste hainbat egileren idatziak.

Salamancako aldian, 1728 eta 1729an, euskarari buruzko bi lan argitaratu zituen Larramendik. Lehenengoaren helburua zen hizkuntzaren antzinatasuna eta bikaintasuna nabarmentzea, eta bigarrena euskararen gramatika aitzindari bat zen, non El Imposible vencido izenburupean adierazten zuen benetan uste zuela ordura arte inork erantzun gabeko erronka bat gainditu zuela. Lorpen horregatik bakarrik balitz ere, euskal kulturaren historian leku seinalatua merezi du. Hamarkada bat eta erdi igaro ondoren, ordurako Loiolan bizi zela, hizkuntzari egin zion ekarpenaren gailurra jo zuen Donostian, 1745ean, bere lan handia, Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín hiztegia, argitaratu zuenean, Gipuzkoako aldundiaren laguntzaz. Aipatutako lorpenak Linguistikaren arloan kokatzen dira eta, haien berri ematea eta haien balioespena ez dira Hiztegi honen egin beharrak, baina nahitaez aipatu beharrak dira, Larramendiren izaera intelektualaren zabalera eta sakontasuna adierazten dituztelako. Euskal literaturaren historia liburuek jasotzen dute haren lanek Euskal Herriko letren garapenean izan zuten eragina (Mitxelena, 1960 eta 1988; Villasante, 1961 eta 1979; Sarasola, 1971; Urkizu, 2000).

Historiaren eremuan ere sartu zen Larramendi, erromatarren Kantabriaren zabalera aztertu zuenean. Haren ustez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia haren parte ziren. 1736an Madrilen publikatu zuen Discurso histórico lana, laster interesa galduko zuena, eusko-kantabrismoaren tesia ordurako auzitan jartzen hasia zelako. Mito kantabrista zaharra Lucas de Tuyrekin hasi zen, eta Aro Modernoko lehen mendeetako historiografiak garatu zuen. Baina Jeronimo Zuritak antzeman zuen ez zela zuzena euskaldunak eta kantabriarrak asimilatzea, eta iritzi hori ontzat jo zuten Oihenartek, eta Aita Florezek ere bai, 1796an. Bi herrien arteko lotura erabat baztertu zuen Florezek. Kantabrismoak mendebaldeko Euskal Herrian eragin zuen atxikimenduaren oinarria zen euskaldunen independentzia inoiz ez zela hautsi, erromatarren garaian ere ez. Ideia oso maitatua zen euskaldunen artean, kontrakoa erakusten zuten frogak ugari baziren ere.

Euskal Herriaren historiografia juridiko eta instituzionalean Larramendik egin zuen ekarpena aztertzean, bi lan nagusi aurkitzen ditugu: Corografía eta Conferencias sobre los Fueros izeneko lanak, alegia. Ez bata, ez bestea, ez ziren argitaratu «arrazoi politikoengatik», egileak bere autobiografian azaldu zuenez.

Corografía o descripción general de Gipuzkoa lana ez zen argitaratu 1883 arte. Patxi Altunaren iritziz, 1754an idatzi zen. Jesusen Lagundia, zuhurtasun politikoagatik, ez zen ausartu argitaratzeko baimena ematera. Eta lehen esan dugunez, ez zuen argia ikusi foru-araubidea galdu arte. Larramendik aitortu zuenez, bere garaiko egileen okerrak zuzentzea zen bere asmoa, Bizkaia izena ematen baitzioten euskal hiru probintziei. Jesuita gipuzkoarraren esanetan, gaztelarrek bizkaitar esaten zieten euskal hiru probintzietakoei, aragoitarrek eta katalanek euskaraz mintzo ziren guztiei nafar esaten zieten era berean. Nahasmen hori nagusi zen Salamancako Unibertsitatean, hango ikasketen antolaketan, lau euskal probintzietako biztanleek nazio bizkaitarra osatzen baitzuten. Telletxearen esanetan, haren asmoa zen «un breviario de Gipuzkoa, de guipuzcoanía y de guipuzcoanismo» egitea, eta emaitza xviii. mendeko lanik bikainenetako bat izan zen.

Lanaren 43 kapituluetan zehar, eta estilo zuzen, bizi eta formalismorik gabea baliatuz, gai garrantzitsuei heldu zien Larramendik. Lehenik, Gipuzkoako geografiari. Lurraldea deskribatu zuen, mendiak, errekak, bideak eta herriak, ekonomiaren sektoreak azaldu zituen, balearen ehiza, nekazaritza eta industria, batez ere burdinolak. Eta orrialde asko eskaini zizkien gipuzkoarren bizimoduari, jantziei, festei, dantzei ere ugari, eta lurperatze eta hiletei ere bai.

Ikuspegi soziopolitikotik, Larramendik sentiberatasun handia azaldu zuen kaparetasun orokorraren auziari buruz, orduan nahasita zegoelako, hark handiki deitu zituen oligarkiako sektoreek gainerako herritarrengandik bereizi  nahi zutelako, erresumako nobleziaren ereduari jarraiki. Gogotsu defendatu zuen gipuzkoarren kaparetasun orokorra eta eskulanak edo lanbide mekanikoak bateragarriak zirela. Irizpide horretatik deskribatu zituen Batzar Nagusiak eta partikularrak, bateragarriak zirenak Gipuzkoako Ermandadearekin eta bertako alkateekin. Ordurako, Aldundiak leku zentrala zuen Probintziaren bizitza publikoan. Eta komunitatetik ateratako karguen ondoan, erregearen autoritateak ezartzen zituenak, esaterako korrejidorea, edo errege-armadaren menpeko gotorlekuetako agintari militarra, adibidez Donostiakoa eta Hondarribikoa. Jesuita batentzat auzi delikatua zen estatu eklesiastiko eta ordena erlijiosoen inguruko gaiei heltzea. Azken finean, lana bizkaitar hitzaren inguruko nahasmena argitzea baino askoz urrunago iristen zen.

Garrantzi handiko beste lan bat Conferencias políticas, legales y morales sobre los Fueros de Gipuzkoa, izenekoa izan zen, F. Elías de Tejadak 1964an ezagutzera eman zuena. Telletxea Idigorasek argitaratu eta iruzkinez hornitu zuen handik hogei urtera. Berandutze horren arrazoia zera izan zen, bi mendez ezkutatuta egondako lana ezin argitaratu izan zela diktaduraren garaian ere.

Bizitzan zehar Larramendik ikusi ahal izan zuen Monarkiak nola aldatzen zuen euskal foruen berezitasunari buruz zuen jarrera, eta gogoeta egin zuen, horri buruz eta araubide arrunteko lurraldeen artean pizten zituen errezelo gero eta handiagoei buruz ere. Jesuita hil ondoren, haren idatziak bahitu zituzten, «arrazoi oso larriengatik», eta Valladolid eta Madrilera eraman zituzten, estatuaren artxiboetan gordez, 1964arte

Larramendik ez zuen ideia berririk ekarri Euskal Herrian indarrean zegoen pentsaera tradizionala osatzen zuten gaien gainean (tubalismoa, erlijio naturala eta euskara, estu sinisten zituen jatorrizko euskal independentziaren dogma, kantabrismoa eta nahitaezko bi korolarioak, alegia, Eskubidea autoktonoa zela eta kaparetasun unibertsala). Baina indarrez defendatu zuen Gipuzkoa eta Koroaren arteko harremana itun-bidezkoa zela, erabat sinisten zuelako Probintzia bere gogoz elkartu zela Gaztelarekin. Beste alde batetik, Itunari buruz zuen ikuspegia gogoz eta adimenez defendatu zuen: Probintzia Gaztelaren menpeko zen, baina Foruak erreserbatuta, eta errege-erreginek ezin aldatu zituzten horiek. Horren haritik, ius regis printzipioak «izugarriak eta gorrotagarriak» iruditzen zitzaizkion.

Jesuitaren iritziz, boterearen jatorria Batzar Nagusietan biltzen ziren udaletako ordezkarien multzoan zegoen. Eskubide erreserbatuaren titularitatea zen. Foru erakunde desberdinen erabilerari zegokionez, hierarkia bat ezarri zuen. Ezin utzi ziren inoren esku antzinako gunearen sustraiei zegozkienak:  herrialdearen askatasuna, itsasoz nahiz lehorrez merkataritzan aritzeko eskubidea, kaparetasun unibertsala edo petxa eta zergen salbuespena. Zerbaiten ordainetan lortutako Foru erantsiak ere halakoak ziren. Azalpen gehiagorik gabe, gehienak halakoak zirela ulertarazten zuen. Monarkiarekin negoziatu zitezkeen, ordea, «eratorritako» beste erakunde txikiago zenbait.

Zina egitean erregeak Forua zaintzeko konpromisoa hartzen zuen, eta komunitateak erregea defendatzekoa. Larramendik onartzen zuen Foruen eraberritzea itun bidez egitea, oinarrizko foruak ere bai, baina hutsak eta bidegabeak ikusten zituen alde bakarreko aldaketak. Halako asmoen aurrean, «obeditu bai, baina bete ez» formula ezarri behar zaie, eta, beharbada, Forua «armez eta gerraz» defendatzea zilegi da. Kasu horretan, Gipuzkoa bera bakarrik aski ez balitz, haren iritziz laguntza eskatu behar die «Araba, Bizkaia eta Nafarroako herri adiskideei» eta Frantziako euskaldunei.

Larramendik bere Hitzaldi argitaragabeetan parabola bat jaso zuen, ospetsua egin zena, non planteatzen zuen zein zen gobernu eredurik egokiena Monarkiak, erresistentzia foruzaleaz asperturik, Probintzia bere kabuz babesik gabe utziko lukeen kasuan. Balizko ezohiko Batzar Nagusiak bilduta, gipuzkoarrek frantses protektoratu baten proposamena baztertzen zuten, izan ere, —mugaz bestaldeko euskal herrietan gertatutakoa gogora ekarriz— auzo Monarkia kentzen ari zen «euskaldun eta nafar guztiei antzinako askatasun eta eskubide guztiak». Hobeto ikusten zuen ingelesen babesa, baina Batzarrean bildutakoek denbora gehiago ematen zuten konponbide berritzaile eta iraultzaile bat asmatzen: Pirinioetako Probintzia Batuen Estatua sortzea. Abiapuntua zena bazela hizkuntz komunitate bat, Gipuzkoa baino harago zabaltzen zena. Lehen eta orain, hizkuntza eta nazioaren arteko lotura bat egon zen, eta euskaldunek eskubidea zuten «nazio aske eta beste naziorik edo hizkuntzarik gabekoa», alegia, «euskaldunen nazioa». Gauza berri samarra zen xviii. mendearen erdialdean eskubide politikoak aitortzea nazio kulturalei.

Parabolak aurreikusten zuen diseinuan, Pirinioetako Probintzia Batuen Estatua konfederatua izango litzateke, eta Errepublika, edo hauteskunde-bidezko Monarkia. Monarkia hautatuz gero, «pacta conventa» edo adostutako ituna bete beharko luke, poloniar ereduaren erara. Estatu berria hornitzeko beharko liratekeen osagaiak deskribatzen zituen Larramendik ondoren: armada bat, derrigorrezko zerbitzu militarraren bidez, orduan «Frantzia eta Espainiako Errejimentuetan ari ziren», euskal ofizialen agindupean, bertako itsas armada, bertako Zuzenbidea ezartzea eta gaztelania baliogabetzea, moneta, euskal hizkuntzaren ofizialtasuna, baina lau hizkuntzetako hezkuntza-sistema bat ezarriz. Haren begietara proiektua «bikaina eta mamitsua» zen, baina «denbora asko behar du benetan eratzeko»: bi monarkietatik bakar batek ere ez luke onartuko.

Azkenean Larramendi posibilismora itzuli zen «Gaztelara, gipuzkoarrok, Gaztelara» leloa esanez. Izan ere, Probintziak 556 urte zeramatzan Monarkiaren barruan artikulatuta, eta iraganean «maitasuna, tratua eta elkarrekikotasuna» jaso zituen. Erregeak aintzat hartzen zuen balizko Batzar Nagusi bereziaren txostena, eta desagregazioko Dekretua baliogabetu ondoren, beste bat ematen zuen «zuen antzinako ituna, askatasuna eta Foruak ziurtatzen dizkizuena».

1756 aldera, eta Aro Modernoko historia foralean lehenengo aldiz, bertako egile batek jendaurrean azaldu zuen lehengo sinismenak, aurreko belaunaldietan hain sendoak izan zirenak, Monarkiaren eta euskal foruen arteko harmonia naturalari buruz, hautsi zitzaizkiola. Aurreko egile euskaldunek erabili ohi zuten Gaztelarekiko laudoriozko hitzik ez da ageri. Harrezkero, Gaztela, borboitarrek eraiki nahi zuten Estatu unitarioaren muina, ez zen ikusten euskal foruek behar zuten marko egoki eta berme gisa, arrisku gisa baizik.

Larramendiren pentsaera politikoak gizartean izan zezakeen proiekzioa haren garaian bertan moztu zen, gutxienez haren idatziei zegokienez. Jesusen Lagundiari arriskugarria iruditu zitzaion Corografía inprimatzea planteatzea sikiera, eta Sobre los Fueros de Guipúzcoa eskuizkribua, berriz, bahitu zuten, besterik gabe. Esan izan denez, litekeena da ahoz transmititu izatea, izan ere, Larramendi komentu barruko arazoen bitartekari eta ebazle izan zen, baina predikatzaile ospetsua ere bai, tartean Gipuzkoako Batzar Nagusietan emandako sermoiren bat ere eman baitzuen.

Obrak

De la antigüedad y universidad del vascuence en España; de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas, demostración previa al arte, que se dará a luz desta lengua después de haber probado, lo 1.º, que el vascuence es la lengua más antigua de España, lo 2.º, que el vascuence fue lengua universal de España. Su autor M. D. L., Salamanca: Antonio Joseph Villargordo, 1728. Berrarg. Salamanca, 1740; Bilbo, 1860; Donostia: Roger, 2000.

El imposible vencido. Arte de la lengua bascongada. Su autor el P. Manuel de Larramendi, de la Compañía de Jesús, Maestro de Teología de su Real Colegio de Salamanca, Salamanca: Antonio Joseph Villargordo Alcaraz, 1729. Berrarg. Zuazua, P. de (arg.), Donostia: Establecimiento Tipográfico-Literario de D. Pío Zuazua, 1853. 1729ko edizioaren faksimileen erreprod. : Donostia: Hordago, 1979; Echávarri: Amigos del Libro Vasco, 1984.

Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria. Cuestión decidida si las provincias de Vizcaya, Guipúzcoa y Álava estuvieron comprendidas en la antigua Cantabria. Su autor el M. R. P. Manuel de Larramendi, de la Compañía de Jesús, maestro que fue de teología en el Real Colegio de Salamanca y de extraordinario en su universidad, confesor de la Serenísima Señora Reina viuda de Carlos II, Madrid: Juan de Zúñiga, 1736. Erreprod. faksimilea: Echávarri: Amigos del Libro Vasco, 1984.

Nueva demostración del derecho de Vergara sobre la patria y apellido secular de San Martín de la Ascensión y Aguirre. Refutación seria del hijo de Beasaín, obra joquiseria del Padre Torrubia. Por don Agustín de Bazterrica y don Josef Hipólito de Ozaeta, Madrid, 1745.

Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín, dedicado a la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa, Donostia: Bartholomé Riesgo y Montero, 1745. Berrarg. Zuazua, P. de (arg.), Donostia: Establecimiento Tipográfico-Literario del Editor, 1853. 1745eko edizioaren faksimilearen erreprod.: Donostia: Txertoa, 1984.

Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa, Argitaragabea. Edizioak: Barcelona: Imprenta de la Viuda e Hijos de J. Subirana, 1883; Donostia: Imprenta de la Voz de Guipúzcoa, 1897; Buenos Aires: Ekin Argitaletxea, 1950. 1950eko edizioaren faksimileen erreprod: Echávarri: Amigos del Libro Vasco, 1985; Valladolid: Maxtor, 2010.

Sobre los Fueros de Guipúzcoa. Conferencias curiosas, políticas, legales y morales sobre los Fueros de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa. Tellechea Idígoras, J. I. (ed., sar. ohar eta eranskinak), Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1983, CIV-351. or.

Autobiografía. Tellechea Idígoras, J. I. (ed., sar. ohar eta eranskinak), Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1973.

Disertaciones y dudas sobre las obras de Mayans, de los diaristas matritenses &c.; Fides graeca gallorum, d. g. Argitaragabea.

Obra crítica sobre las opiniones modernas de los franceses rigoristas, &c, s. l., d.g. (argitaragabea); Historia de Guipúzcoa, d.g. Argitaragabea.

Beste hainbat berrargitalpen: Colección de Documentos Inéditos para la historia de Guipúzcoa, VII. lib [Donostia], 1966. Tellechea Idígoras, J. I. (ed., sar. ohar eta eranskinak), Larramendi, M., Obras, I. Corografía o Descripción General de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa. II. Autobiografía y otros escritos. III. Los Fueros de Guipúzcoa y IV. Escritos breves, Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1969-1990.

Bibliografia

Altuna, P., «Aita Larramendiren bizitza», in Manuel Larramendiren hirugarren mendeurrena, 1690-1990, Andoain: Andoaingo Udala, 1992, 3.-26. or.

Elías de Tejada, F., La Provincia de Guipúzcoa, Madrid: Minotauro, 1965.

Elorza, A., «Larramendi, el protonacionalismo de Manuel de Larramendi», in Manuel de Larramendi hirugarren mendeurrena, Andoain: Andoaingo Udala, 1992, 139.-149. or.

Fernández Albaladejo, P., «Manuel de Larramendi: la particular historia de Guipúzcoa», in Saioak, 1. libk. , 1. zk. (1977), 157.-180. or.

Mañaricúa, A. E., Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1973.

Michelena, L., Euskal literaturaren historia, Madrid: Minotauro, 1960.

Monreal Zia, G., «Madurez y crisis del régimen foral», in Manuel de Larramendi hirugarren mendeurrena, Andoain: Andoaingo Udala, 1992, 91.-135. or.

Tellechea Idígoras, J. I., «Apéndice II sobre ¿Por qué no se publicó en el siglo xviii la Corografía de Larramendi?», in Larramendi, M., Sobre los Fueros de Guipúzcoa. Conferencias curiosas, políticas, legales y morales sobre los Fueros de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa, Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones,  1983, 334.-340. or.

Tovar, A., Mitología e ideologías sobre la lengua vasca, Madrid: Alianza Editorial, 1980

Aipamen bibliografikoa

Monreal Zia, G., “Larramendi, Manuel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 468-473.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP