Karguak eta lanbideak
Ofizio Santuko Aguazila, eskribaua, Donostiako artxibozaina, genealogista
Ibilbidea
Azpeitiko Soreasuko San Martinen parrokian bataiatu zuten Domingo Lizaso eta Francisca Azkune Beristainen semea. 1670ean Donostian ezkondu zen Garcia Orozko tolosarrarekin, eta bi seme-alaba izan zituzten. Hainbat kargu bete zituen, esaterako Inkisizioko Ofizio Santuaren aguazil nagusia Donostian eta bere portuetan, eskribau zenbakiduna eta artxibozaina hiri horretan bertan. Juan Carlos Guerrak garrantzi handia eman zion artxibozain karguari, garai hartan kontsultore eginkizuna ere egiten zuelako. Esaterako, badirudi Lizasok eginkizun handia izan zuela Donostia eta Errenteriaren artean Pasaiako portuaren gaineko eskumenagatik piztu zen gatazkan.
Lana ez zen publikatu bere garaian, baina ezaguna zen egilearen jakinduria. Adibidez, Lizasok Gabriel Henaori datu asko eman zizkion Donostiari buruz. Jatorrizko lana galduta, Vargas Poncek kopia bat aurkitu zuen Donostiako Andre Mariaren parrokiako bikarioaren eskuetan, eta bere eskuz transkribatu zuen, eta hori izan zen, gainera, 1813ko sutetik salbatu zen kopia bakarra. Juan Carlos Guerrak 1880an ezagutu zuen eta Aldundiak 1901ean argitaratu zuen.
Lizasoren garaia itsututa zegoen kaparetasun eta genealogia auziekin, eta hori ageri da haren lanean. Lehenengo liburukian Ahaide Nagusien oinetxeak aztertu zituen, gaur arte ere oso baliagarria den informazioa eskainiz. Bitxikeria gisa, bere familiari buruzko datuak ere eskaini zituen, Usurbilgo Atxega leinua aipatuz. Baina lehenbiziko liburuki hori osatu gabe dago, eta hasieran hitz egiten omen zuen 24 leinuetatik 8 bakarrik ageri dira. Bigarren liburukia, funtsean, Donostia eta inguruko Nobleziaren bilduma da, hark berak egindako ikerlanaren emaitza.
Juan Carlos Guerrak bere Hitzaurrean zehaztu zituen zenbait oker alde batera utzita, haren zorroztasunagatik laudatu zuten, bai Henaok, bai Vargas Poncek ere, eta argitalpena hurbil zela, Etxegaraik eta Guerrak ere bai. Egiten ahal diogun laudoriorik onena da egiaztatzea gaur ere adituen informazio iturri zuzena dela.
Obrak
Nobiliario de los palacios, casas solares y linajes nobles de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa, Donostia: Probintziako Inprimategia, 1901. 2 libk. Juan Carlos Guerraren hitzaurrea.
Bibliografia
Abascal Palazón, J. M., eta Cebrián Fernández, R., José Vargas Ponce (1760-1821) en la Real Academia de la Historia, Madrid: Real Academia de la Historia, 2012, 25., 197., 223. eta 584. or.
Camino y Orella, J. A., Historia civil-diplomática-eclesiástica antigua y moderna de la ciudad de San Sebastián, Donostia: R. Barojaren Semeen Inprimategia, 1892.
Del Valle Lersundi, F., «Adiciones al Nobiliario de Lizaso», in Euskal-Erria: Revista Bascongada, 64-65 (1911ko 1. eta 2. seihilekoak), 71.-74., 125.-129., 257.-264., 318.-320., 411.-415. or.
Echegaray, C. de, Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa, Donostia: Probintziako Inprimategia, 1893, 7.-16. or.
Aipamen bibliografikoa
Achón Insausti, J. A., “Lizaso, Domingo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 460-461.





