Karguak eta lanbideak
Erlijioso frantziskotarra, irakurle erretiratua, Tolosako frantziskotarren komentuaren zaintzailea eta Kantabriako probintzia frantziskota
Ibilbidea
Antzuolan (Gipuzkoa) sortu zen, 1647an, apaiz-ikasketak amaitu ondoren Arantzazuko (Gipuzkoa) komentu frantziskotarreko komunitatean egon zen, eta handik, 1651n Arrasateko (Gipuzkoa) komunitatera joan zen, eta 1659an Gasteizkora, huraxe baitzen Kantabriako probintzia frantziskotarraren sorrerako komentua, eta haietan guztietan aritu zen Arte edo Filosofiako irakurle, lehenbizi, eta ondoren Teologia eta Kanonetakoa. Azkenik, 1665ean erretiroa hartu ondoren, Tolosako frantziskotarren komentura joan zen, eta hango zaintzailea izan zen 1668tik 1671ra. Haren esku onagatik, 1671n igo zuten Kantabriako Probintziaren definitzaile kargura, 1673 arte. Tolosako komentuan egon zen 1690ean hil zen arte.
Eduki askotarikoak biltzen zituzten memorial ugari idatzi zituen. Haietako bat 1663an eskaini zion Filipe IV. ari, Andre Maria Sortzez Garbiaren defentsan, Juan Martinez de Prado katedradunaren aurka. Ondoren, 1669ko maiatzaren 8an Memorial edo Tratatu Apologetiko bat aurkeztu zuen Tolosan bildutako Batzar Nagusien aurrean. Azkenik, 1670 eta 1672 bitartean lau memorial idatzi eta Batzar Nagusietara bidali zituen, bere ordenarentzat eskatuz limosnak biltzeko eskubidea esklusiban, kaputxinoen aurka, horiek ez zirelako mendikanteak.
Memorial edo Tratatu Apologetiko hori idazten hiru urte eman zituen. 1666an eskatua zuen baimena Tolosako artxiboan gordetako dokumentuak aztertu eta kopia egiteko, interesgarriak irudituz gero; Probintziako erakundeek baimena eman zioten, Antonio Aialdeburu artxibozainari ahal zuen guztian laguntzeko aginduz. Azkenik, Batzar Nagusietan aurkeztu zuen 1669an eta, bigarren saiakera batean, 1673an, biak ere zapuztuak. Aurkibidea besterik ezagutzen ez badugu ere, badakigu bederatzi tratatu jasotzen zituela, hogeita bederatzi azpiataletan banatuak, eta gipuzkoarren doktrina politikoaren ildo ofiziala fideltasunez jaso zuela.
Iñurrigarrok defendatu zuen Vardulia Gipuzkoa zela, eta alderantziz; ildo beretik, tubalismoa, eusko-kantabrismoa eta foralismoa defendatu zituen. Varduliatik hasi zen Tubal Iberiar penintsula populatzen, era horretan probintzia bihurtuz «Espainia osoaren bihotza», eta euskara ekarri zuen, kantabriarren hizkuntza, eta erlijiositatea, horrela aurreratuz kristautasunaren etorrera penintsulara, Done Jakue apostolua iritsi eta bertan predikatu baino lehen ere. Teoria itun-zaleak ere bere egin zituen, jakina, borondatezko entregaren formula aldeztuz. Antonio Lupián y Zapataren dokumentu faltsuan oinarrituta, gipuzkoarrak sortzetik beretik independenteak izan zirela zioen, ez erromatarrek eta ez godoek ere ezin izan zituztelako azpiratu. Azkenik, Gipuzkoako foru-erakundeen defendatzaile porrokatua zen, eta haren ustez, bizitzea egokitu zitzaion garaiko foruak, xvii. mendekoak, Gipuzkoak Gaztelarekin elkartu aurretik izan zituenen jarraipena ziren. Foru horien gainetik nabarmentzen zen kaparetasun unibertsala, haren ustez arrazista ez zena, beste lurralde batzuetako kapareen inkorporazioa onartzen zuelako, jakina, aurretik frogatuta; kaparetasun hori, gainera, ez zen zikintzen lan mekanikoetan arituta ere.
Memorial hori agertu zen testuinguruan, 1668ko Mutrikuko Batzar Nagusiek beren egonezina agertu zuten Moret apaizaren Investigaciones del Reino de Navarra lanaren edukiagatik. Horregatik, batzorde bat sortu zuten, Donostia, Tolosa, Azpeitia, Getaria, Urretxu eta Elgoibarko batzarkideez osatua, guztien buru zela Pedro Ignacio Velez Idiakez, eta haren ondoan korrejidorea. Batzordeak irizpen bat eskatu zien, aipatutako liburuari buruz, Pedro Idiakez, Juan Idiakez Isasi eta Francisco Fernando Iñarra letradunei, Tolosan 1669an bildu beharreko Batzar Nagusientzat. Une eta testuinguru horretan, motu propio, erakunde probintzialen eskaerarik edo agindurik gabe, Iñurrigarrok aurkeztu zuen bere Tratatu Apologetiko edo Memoriala. Horren aurrean Batzar Nagusiek erabaki zuten testu hura Juan Idiakez Isasiri igortzea, Gorteko historialari onenei erakuts ziezaien eta haien irizpena eman zezaten, tartean zela Joseph Pellizer. Testua inoiz ez zen iritsi haren eskuetara, eta dirudienez, beste asko bezala, ez zuen zentsuraren bahea igaro eta galdu zen inoren lekuetan.
Obrak
Tratado Apologético de los sucesos de guerras que tuvieron los Cántabros, dominando en España los Carthaginenses y los Romanos: y del Escudo de Armas que V. S. tiene. Argitaragabea.
Bibliografia
Abascal Palazón, J. M., eta Cebrián Fernández, R., José Vargas Ponce (1760-1821) en la Real Academia de la Historia, Madrid: Real Academia de la Historia, 2010.
Aragón Ruano, A., eta Alberdi Lonbide, X., «El control de la producción histórica sobre Gipuzkoa en el siglo xvii. Un instrumento de defensa del régimen foral», in Vasconia, 25 (1998), 37.-52. or.
De Tejada, F. E., eta Percopo, G., La Provincia de Guipúzcoa, Madrid: Minotauro, 1965, 113.-115. or.
Echegaray, C., Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1893, X. libk., 44.-47. or.
Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Diccionario Enciclopédico Vasco, Donostia: Auñamendi-Estornés Lasa Anaiak Argitaletxea xx. libk., 2003, 63. or.
Larrinaga, J., «La Historia inédita de Guipúzcoa del franciscano padre Iñurrigarro a través de su Índice impreso de 1670», in Euskalerriko Adiskideen Elkartearen aldizkaria, Riev, II. urtea, 1. Koadernoa (1946), 193-217. or.
Llorente, J. A., Noticias históricas de las tres provincias vascongadas en que se procura investigar el estado civil antiguo de Álava, Guipúzcoa y Vizcaya y el origen de sus fueros. Parte I. Estado civil Antiguo, Madrid: Imprenta Real, 1806, I. libk.
Madariaga Orbea, J., Apologistas y detractores de la lengua vasca, Donostia: Euskal Herriaren Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2008.
Orella Unzué, J. L. (koord.), Gipuzkoa versus Castilla. Conquista, pacto y derechos históricos, 1200-2000, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2001, 63.-64. or.
Aipamen bibliografikoa
Echeberria Ayllón, I., Aragón Ruano, A., “Iñurrigarro, Bernardino de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Diccionario de historiadores, juristas y pensadores políticos de vasconia, T. I, Marcial Pons, Madrid, 2019, pp. 458-459.





