Karguak eta lanbideak
Historialaria, abokatua, Oñati eta Lekeitioko parrokia-elizetako onuraduna, Oñatiko Unibertsitateko Dekretuko katedratikoa
Ibilbidea
Haren gurasoak, Sebastian Perez del Puerto eta Mari Lopez de Hernani, Oñatira etorri ziren bizitzera Lekeitiotik eta Hernanitik, hurrenez hurren. Hala ere, familia-lotura zuten bertako leinu garrantzitsu batekin: Lazarraga leinuarekin, hain zuzen ere, haren amaren aldetiko amona baitzen Mari Perez de Lazarraga o Elazarraga. Beraz, Juan Perez de Lazarraga historialari eta idazlearen urruneko ahaidea zen. Handikien leinu horietan ohikoa zenez, hezkuntza egokia jaso zuen (haren anaia Sebastian ere abokatua zen). Gainera, 1540an Oñatin sortu zen Sancti Spiritus Unibertsitatea, gauza guztiz egokia, era horretako ikasleek hezkuntza osatzeko aukera izan zezaten, urrunera joan gabe. 1577rako batxilerra zen, eta 1581ean Legeetan Doktore titulua zuen. Valladolideko Entzutegian azterketa egin zioten 1589an, eta Zuzenbideko katedra bat eskuratu zuen Oñatiko Unibertsitatean. 1591ean, behinik behin, hainbat kargu bete zituen udalean, diputatu eta errejidore gisa, ordena txikietakoa izan arren. Ondoren, Oñatiko parrokiako onuraduna izan zen. 1598an Calahorrako apezpikuaren bikarioa izan zen. 1603an Lekeitioko parrokiako onuraduna zen. Zakarra eta gatazkatsua izan behar zuen, auzi askotan sartuta ibili baitzen, hasi Oñatiko udalean eta Lekeitioko parrokiako kabildoraino.
Haren lan historiografikoaz dakigunaren arabera, 1588an, Oñatiren, Lekeitioren eta Euskal Herriaren historiari buruzko Apuntamientos edo oharrak jaso zituen. Jatorrizko testua ez da aurkitu, eta ezagutzen duguna da Rafael Floranesek zuen kopia baten laburpenaren argitalpena. Dirudienez, xv. mendearen erdialdera jazotako gertakari historiko batzuen berri solte eta askotarikoak ziren. Bandoen arteko gatazkaren garaikoak ziren, eta haien interpretazio sasi-legendarioa egiten zen. Kontatu zituen gertakari batzuk bere familiaren esperientzietan oinarritzen dira, eta haien berri izango zuen, ez dokumentuen bidez, ahozko transmisio zuzenaren bidez baizik. Esaterako, Oñatiko lehenengo kondea, Iñigo Velez de Gebara, arrantza egiteko erreka bat berarentzako bakarrik emateko eskatu omen zion batzarrari; eskariari kontra egin ziotenetako bat Sancho Gartzia Garibai Agirre izan omen zen, Emilia Agirreren anaia, «nire hirugarren amona», dio Puerto Hernanik. Era berean, Oñatiko «leinu ospetsu eta errotuen» zerrenda egitean, Lazarragak, Uribarri eta beste hainbat ospetsu aipatu ondoren, ez zituen ahaztu Puerto eta Hernani deiturak, bi horiek kanpotarrak zirela argitu bazuen ere. Oso interesgarria da Puerto Hernanik bere Oharrak osatzeko erabilitako iturrietako batzuk herri kantak izatea (adibidez Sandaili-rena), berak kontakizuna indartzeko erabili zituenak. Ziurrenik, kontatu zituen gauzak eskualdean bertan gertatu eta han jaso zituen berak. Nabarmendu behar da kopla horien balio historiko eta filologikoa, baina zenbait arazo ere badira, horien inguruan. Arazo nagusia da Rafael Floranesek bere lana osatzen erabili zuen Apuntamientos horien kopiaren letra txikia eta irakurtzen zaila zela, eta gainera, jakintsu hark ez zekiela euskaraz. Beraz, uste izatekoa da akats asko sartuko zuela transkripzioan.
Gainera, Rafael Floranesen esanetan, 1597an, Puerto Hernanik hiru Euskal Probintzien historia bat idazteko asmoa zuen, eta haren liburutegian hainbat zirriborro gordetzen omen zituen, baina ez dirudi historia hori burutzera iritsi zenik. Ez dago argi hori kontatu zuenean lehen aipatutako Oharrak aipatzen ari zen, edo bi lan desberdin ziren.
Azkenik, obra historiko garrantzitsu baten kopista izan zen Puerto Hernani: Crónica del Reyno de Navarra lana, Karlos Evreux Trastámarak, Bianako printzeak, idatzi zuena. Yanguasek Puerto Hernaniren kodizea aipatzen duenean dioenez, hura «mejor ordenado y [es] menos estéril [que los demás códices existentes] en hechos históricos relativos al reinado de Carlos 3.º» zen.
Obrak
Apuntamientos. Laburpenaren argitalpenaren izena «Apéndice de las memorias que tiene la Provincia de Guipúzcoa en obras inéditas de Lope García de Salazar y otros autores, por don Rafael de Floranes», in Compendio historial de la M. N. y M. L. Provincia de Guipuzcoa compuesto por el Dr. Lope Martinez de Isasti, beneficiado de la iglesia de San Juan Bautista del lugar de Lezo. En Madrid año de 1625 y 1626. Con si vida y varios suplementos, notas y adiciones por D. Rafael Floranes Robles y Encinas, Señor de Tabaneros, Donostia: Ignacio Ramon Barojaren Inprimategia, 1850. Beraren berrarg. «Apéndice las memorias…», in Floranes, R., eta Ispizua, S. (sar. eta ohar.), La supresión del obispado de Alaba y sus derivaciones en la historia del País Vasco, Madrid: Artes Gráficas Mateu, 1919, 159.-253. or.
Crónica del Reyno de Navarra compuesta por el Príncipe D. Carlos de Navarra; trasladada y concertada por el Doctor Pedro Puerto de Hernani, Cathedratico de la Universidad de Oñate, año 1597. José Yanguas y Mirandak argitaratu zuen Crónica zuzendua eta oharrez hornitua, kontserbatzen diren haren hainbat kodize erabilita. Crónica de los Reyes de Navarra. Escrita por D. Cárlos Príncipe de Viana y corregida en vista de varios códices, é ilustrada con notas, por D. José Yanguas y Miranda, secretario de la Diputación provincial de Navarra é individuo de varios cuerpos literarios, Iruña: Teodoro Ochoaren Inprimategia, 1843.
Bibliografia
Orcástegui Gros, C., La Crónica de los reyes de Navarra del Príncipe de Viana. Estudio, fuentes y edición crítica, Iruña: Vianako Printzea Erakundea, 1978.
Zumalde, I., Oñatiren Historia, Donostia: Probintziako Inprimategia, 1957.
Aipamen bibliografikoa
Madariaga Orbea, J., “Sáez de Puerto Hernani, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 447-449.





