Ibilbidea
Eskuizkribua Frantziako San Bertin abadian (Nord-Pas-de-Calais) aurkitu izanari zor zaio lanari Annales Bertiniani esatea. Hasieran, Ludoviko Pioren gorteko hainbat eskribauk idatzia, Prudentzio Troyeskoak segida eman, eta Hinkmaro Reimskoak bukatu zuen, 882. urtera bitarte. Geroago, dena den, zenbait berrikuspen egin zitzaizkion, eta orduan, behin betiko forma eman zitzaion. Annales Regni Francorum izenburuko urte-liburuen segidako lana da eta 830etik 882ra bitarteko epealdiari dagokio. San Bertinen urte-liburuak, beraz, ezinbesteko iturria dira Karlos Burusoilaren erregealdia ezagutzeko, bai Frantziako mendebaldeko erregea izan zen garaian (843-877), bai enperadore karolingioa izaniko urteetan (875-877).
Baskoniari buruzko albisteen artean, askok Pirinioez iparraldeko Baskoniako kondeen eta akitaniarren arteko ika-mikak dituzte aipagai, bai eta Kantauriko kostaldea txikitu zuten bikingoen erasoaldiak ere. Hegoaldeko Baskoniari dagokionez, berriz, Aznar kondeari buruzko albistea da nabarmentzekoa, «modu izugarri batean» zendutakoa. Haren anaia Antso Santxez izan zen Aznarren ordezkoa (836. urtea). Bi anaiak Akitaniako errege Pepin I.aren etsaiak izan ziren.
Obrak
Waitz, G. (arg.), Annales Bertiniani, Hannoverae: Impresis Bibliopolii Hahniani, 1883. Ingelesezko itzulpena: Nelson, J. L., The Annals of St. Bertin, Manchester: Manchester University Press, 1991
Bibliografia
Gras, F.; Viellard, J., eta Clémencet, S., Hincmar, Annales Bertiniani, Paris: Société de l’Histoire de France, 1964.
Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 276.-278. or.
— «El País Vasco en la segunda parte de los Annales Bertiniani», in Nafarroako Historia Orokorrari buruzko Hirugarren Biltzarraren Aktak (1994ko irailaren 20tik 23ra), Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998, 1.-16. or.
Aipamen bibliografikoa
Vega López, F., “Annales Bertiniani”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp.
203-204.





