Karguak eta lanbideak
Frantziako ekialdeari dagokion bilduma historiko
Ibilbidea
Urte-liburuak latinez idatziak daude. Izenari dagokionez, betiere Marquard Freher eruditu eta diplomazialariak xvii. mendean plazaratutako argitaldariaren arabera, Fuldako abadia beneditarrarekin lotura estua izateari zor zaio urte-liburuen izena, bai eta testuaren zatietako baten egilea Rudolf Fuldakoa hagiografoa izan zelako usteari ere.
Urte-liburuok 714tik 901era bitarteko garaiaz mintzo dira. Garai hori, aldi berean, bost zatitan banatuta dago. Zati bakoitza egile eta scriptorium ezberdin batekin identifikatuta dago; haietariko hiruk ––Seligenstadt, Fulda eta Nideralteichekoek–– zuzeneko lotura dute aipatu herrietako monasterio beneditarrekin. Lehen zatia Seligenstadtekoa da, Eginhardori egotzi zaio eta 714tik 838ra bitarteko gertakariak kontatzen ditu; bigarrena, berriz, Fuldakoa da, arestian aipatu dugun Rudolfek idatzia, uste denez, eta 838tik 863ra arteko urteak daude jasota; hirugarrena Maguntziakoa da, Rudolfen ikasle Meginhardori egotzi zaio eta 864tik 887ra arteko urteak kontatzen ditu; laugarrena, berriz, anonimoa da, Ratisbonakoa (Regensburg), eta 882tik 897ra bitarteko urteei dagokie; eta bosgarrena anonimoa da, Nideralteichekoa, eta 897tik 901era arteko urteak daude jasota. Bi zati anonimoei, halaber, Bavariako jarraipena esaten zaie.
Sarrera gehienak, antza, gertakariak izan eta denbora gutxira jaso ziren. Hori agerikoa da 869. urtetik aurrera. Idazleek, gainera, beste urte-liburu batzuk erabili zituzten iturritako; batzuk desagertuak. Lehen zatiaren egileak, halaber, Annales regni Francorum eta Annales Laurissenses Majores lanak kontsultatu zituen.
Annales lanaren narrazioan ekialdeko frankoen ikuspegi historiko eta politikoa dago jasota. Urte-liburuok, beraz, mendebaldeko frankoen ikuspegia jasoa duen «San Bertinen urte-liburuak» lanaren ekialdeko baliokideak dira. Politikaz gain, egileak gizarte-gaiez ere mintzatu ziren, eta hein txikiagoan bada ere, baita eliz kontuez ere.
Fuldako urte-liburuetan bost aldiz aipatuta dago Wasconia; guztiak ere Seligenstadteko zatian. Lehen aipamena 744. urteari dagokio, eta esaten da Karlomanek eta Pepin Laburrak Hunaldo Akitaniako duke matxinatua behartu zutela waskoien artera ihes egitera. Bigarrena, berriz, 778. urteari dagokio eta Karlomagnok Hispanian egindakoak kontatzen ditu: Zaragozarako espedizioa, Iruñeko suntsiketa, sarrazenoen Ibinalarabi (Ibn al-Arabi) eta Abitauro (Abu Tauro) prefektuen bahiketa, eta Frantzian, waskoien eta nafarren aurka borrokatu izana. Hirugarren aipamena, 816. urtekoa da eta kontatzen du waskoiek beren aberri-jatorriari berez dagokion apetak eraginda huts egin zutela, baina bi espediziotan hainbesteraino azpiratu zituzten, non, ederki kostata ere, baskoiak errendizioa eta bakea eskatzera behartuta egon baitziren. Azken bi aipamenak 819. urtean jaso ziren: batetik, Lupo Euskalduna erbestera kondenatu zuten, traizio egin izanagatik, eta bestetik, enperadorearen seme Pepinek waskoiak garaitu eta azpiratu zituen.
Urte-liburuok hainbat eskuizkributan gorderik daude, baina oso litekeena da ale anitz galdu izana. Zaharrena ix. mendearen bukaerakoa da, Leipzigen dago eta Nideralteicheko zatia dago jasota; horregatik, pentsatu da autografoaren jatorrizko testua izan litekeela. Gainerakoak, berriz, xi. mendeetakoak dira; haien artean, Sélestadt, Worms eta Vienakoak dira nabarmentzekoak. Geroagoko kopiak ere badira; xvi. eta xvii. mendeetakoak, hain zuzen.
Obrak
Kurze, F. (arg.), Annales Fuldenses sive Annales regni Francorum Orientalis. In Monumenta Germaniæ Historica, Scriptores rerum Germanicarum in usum scholarun separatim editi 7, Hannover: Hahnsche Buchhandlung, 1891.
Walkowski, G. K. (arg.), Annales Sacri Romani Imperii. Roczniki Rzeszy. Bydgoszcz: Walkowski, 2014.
Traducción al inglés: Reuter, T. (arg.),The Annals of Fulda, Manchester-New York: Manchester University Press, 1992 (ez dauka Seligenstadteko zatia).
Bibliografia
Corradini, R., «Die Annales Fuldenses-Identitätskonstruktionen im ostfränkischen Raum am Ende der Karolingerzeit», in Corradini, R.; Meens, R.; Pössel, Chr., eta Shaw, Ph. (argk.), Texts and Identities in the Early Middle Ages, Wien: Österreichische Akademie der Wissenschaften, 2006, 121.-136. or.
Kurze, F., «Præfatio», Kurze, F. (arg.), Annales Fuldenses sive Annales regni Francorum Orientalis. In Monumenta Germaniæ Historica, Scriptores rerum Germanicarum in usum scholarun separatim editi 7, Hannover: Hahnsche Buchhandlung, 1891, 1.-14. or
— «Die Annales Fuldenses», Neues Archiv der Gesellschaft für ältere Geschichtkunde, 36 (1911), 343.-393. or.
Mckitterick, R., History and Memory in the Carolingian World, Cambridge: Cambridge University Press, 2004.
Walkowski, G. K., «Wstęp», Walkowski, G. K. (arg.), Annales Sacri Romani Imperii. Roczniki Rzeszy, Bydgoszcz, 2014.
Aipamen bibliografikoa
Dulska, A. K., “Annales Fuldanses.”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 204-205.





