Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZANTZIOKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Teodosio enperadorea hiltzean (395. urtea), Inperioa bere bi semeen artean banatu zen: mendebaldea (pars occidentalis) Honoriorentzat izan zen, eta Ravena hiria izan zen Inperioaren egoitza; ekialdea (pars orientalis), berriz, Arkadiorentzat izan zen, eta Konstantinoplan zuen egoitza nagusia. Hasieran, bi enperadorek erabateko sintonian gobernatutako inperio bakarraren ikuspegia zen nagusi, baina Mendebaldeko eta Ekialdeko inperioen arteko bereizketa politiko, kultural eta linguistikoa handituz joan zen v. mendean.

Senideen, emazteen edo gorteko handikien tutoretzapean jarduten zuten enperadore ahulak izan arren, Ekialdeko Erromatar Inperioa (Bizantzio izena historiografia modernoaren asmakuntza da) gai izan zen bisigodoak eta geroago etorri ziren inbasio barbaroak Mendebaldeko Erromatar Inperiorantz desbideratzeko, eta, hala, Ekialdeko Inperioko administrazio- eta finantza-aparatuaren eraginkortasunari hein batean eustea lortu zuten. Hala ere, Bizantzioko agintariek Inperioaren batasuna ahultzen zuten erlijio-eztabaidak kudeatu behar izan zituzten, bai eta zenbait etsairi aurre egin ere; esate baterako, persiarrei ekialdean eta hunoei iparraldean. Hunoek, hain zuzen ere, baldintza umiliagarriak ezarri zizkieten borrokak geldiarazteko, eta Inperioa dirurik gabe utzi zuten. Pars occidentalisen gertatzen zen moduan, Konstantinoplako agintarien indar militarra haien zerbitzura zeuden armada barbaroen mende zegoen, eta kanpoko zenbait buruzagik erabateko eragina izan zuten Inperioko politikan, hala nola Aspar alanoak. Magister militum gradua lortu zuen Asparrek, eta Martzianok (450-457) Bizantzioko tronua eskuratzea ahalbidetu zuen, bai eta haren ondorengo Leon I.aren (457-474) bidea erraztu ere. Nolanahi ere, Leon I.ak bat-bateko politika-aldaketa egin zuen, atzerriko armaden mende egoteari uztea lortu baitzuen, isauriarrei bizitza politikoan sartzeko eskatuta. Isauriarrak Anatoliako erdigune menditsuko komunitate bat ziren, Inperioaren mugen barrukoa. Leonek Isauriako armadak erabili zituen bere boterea sendotzeko, eta bere alaba menditarren buruzagiarekin, geroago Zenon enperadorea izango zenarekin, ezkondu zuen. Odoakro heruloak Mendebaldeko azken enperadorea tronugabetu zuenean, jarrera adeitsua eta adiskidetzailea izan zuen Ekialdeko Inperioarekiko, eta magister militum per Italiam ere izendatu zuten, nahiz eta, praktikan, kargu hori guztiz sinbolikoa zen. Hala ere, urte batzuk geroago, ostrogodoak Balkanetako lurraldean sartu zirenean, Bizantzioko agintariak ez ziren duda-mudatan ibili herri hori Odoakroren Italiara desbideratzeko, eta ostrogodoak Italiara iristean, buruzagi heruloak zuela gutxi sortutako erresuma amaitu zen.

491n, Anastasio enperadoreak isauriarren nagusitasuna amaiarazi zuen, eta administrazio- eta ekonomia-erreforma sakonak egin zituen: baliabideen kudeaketa hobetu zuen eta Inperioko kutxak berriz betetzea lortu zuen. Anastasioren erregealdian, aurre egin behar izan zien erlijio-liskarrei, gerra zibilei eta herritarren zenbait matxinadari, bai eta persiarren mehatxuari ere. Anastasioren ondorengo Justino I.ak (518-527) antzeko arazoak izan zituen, eta, neurri batean, erlijio-eztabaida konpondu zuen, Erromarekin batasun eklesiastikoa berregitea sustatu ondoren. Justinoren iloba Justiniano I.a izan zen haren ondorengoa. Justinianok erromatar zuzenbidea kodetzea bultzatu zuen (Codex Justinianus), bai eta legegile klasikoen lanak Digesta obran biltzeko prozesua ere. Halaber, paganoen aurkako zenbait neurri onetsi zituen eta industria eta merkataritza sustatu zituen; izan ere, nabarmen handitu ziren merkataritza-trukeak ekialdeko ondoko herrialdeekin eta Txinarekin. Arlo militarrari dagokionez, enperadore berriak haren jeneral Belisariok eta Narsesek gidatutako zenbait kanpaina jarri zituen martxan, iraganean Mendebaldeko Erromatar Inperiokoak izandako lurraldeak berreskuratzeko. Kanpaina horiek oso arrakastatsuak izan ziren. Hain zuzen ere, Afrikako erresuma bandaloa konkistatu zuten (534), bai eta Hispaniako hegoaldeko eta hego-ekialdeko kostaldeko lur-zerrenda bat (554) eta Italiako zati handi bat ere, 555ean amaitu zen gerra luze baten ostean. Hala, Bizantzioko Inperioaren hedadura geografiko handiena lortu zuten. Baina gerra-ahalegin horiek finantza-akidura eragin zuten, eta egoera horrek matxinadak ugaritzea sustatu zuen, eta, horrelako egoeran, askoz zailagoa zen ekialdeko eta Balkanetako mugak persiarretatik eta eslaviarretatik babestea. Hori guztia dela eta, Justinianok Inperioa erabat lur jota utzi zuen, eta lortutako lurralde-konkistei eustea oso garestia zen. Italian berreskuratutako eskualdeetako asko galdu egin ziren, lonbardiarrak 568. urtetik aurrera (enperadorea hil eta hiru urte geroago) egiten hasi ziren presioaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, Ravenako exarka-herri bizantziarrak 751. urtera arte iraun zuen. Iberiar penintsulan kuarteleratutako azken tropak bisigodoek 624. urtean kanporatu zituzten behin betiko. Afrikako lurraldeei, berriz, denbora-tarte batez eutsi zieten, musulmanek 698. urtean konkistatu zituzten arte. Administrazio-erreforma eta erreforma militar ugari aplikatuta, Justinianoren osteko enperadoreek v. mendean sortutako egiturak eraldatu zituzten, eta estatu berri bat sortu zuten, eskura zituzten baliabideetara hobeto moldatuta. Probintziak eta armada berrantolatu zituzten, kanpo-politika ez zen hain erasokorra izan, -administrazioa militarizatuz joan zen, eta grekoa hizkuntza ofizial bihurtu zen behin betiko.

Aldi horretan, Akitania-Baskonia ingurunearekin lotutako gertaeren berri jaso dituzten egile bizantziarrak hiru baino ez dira. Haietako biren (Zosimo eta Iordanes) lanetan, obra historiografikoak izan arren, erreferentzia labur eta lausoak jasotzen dira, eta lurraldeari buruz ematen duten informazioa garrantzi txikikoa da. Baina Ravenan —Bizantzioko exarka-herriaren Italiako hiriburua— idatzitako obra kosmografikoak, egile ezezagunekoak, Mendebaldeko Pirinioetako bi isurialdeei buruzko informazio geografiko baliotsua ematen du, nahiz eta informazio hori tentu handiz erabili behar den, egile ezezagunekoa, bakarra eta agian anakronikoa dela kontuan hartu behar baita.

Bibliografia

Cabrera, E.: Historia de Bizancio, Barcelona: Ariel Historia, 1998.

Conant, J.: Staying Roman. Conquest and identity in Africa and the Mediterranean, 439-700, Cambridge: Cambridge University Press, 2012.

Gregory, T. E.: A history of Byzantium, Malden-Oxford-Carlton: Blackwell, 2005.

Louth, A.: «Justinian and his legacy (500-600)» in Shepard, J.: (arg.): The Cambridge history of the Byzantine Empire c. 500-1492, Cambridge: Cambridge University Press, 2008, 99.-129. or.

Vallejo Girvés, M.: Hispania y Bizancio. Una relación desconocida, Madrid: Akal, 2012.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 139-141.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP