Karguak eta lanbideak
Kosmografo ezezagun batek Ravenan VII. mendea idatzitako obra
Ibilbidea
Ravennatis anonymi Cosmographia, edo Ravenate, xiii. mendean idatzitako eskuizkribu baten bidez iritsi da gurera, baina badakigu Ravenan jaiotako edo han bizi zen egile ezezagun batek idatzi zuela vii. mendearen bigarren erdian. Garai hartan, hiri hori bizantziarren mende zegoen. Egileak zenbait mende lehenago idatzitako obretatik ateratako informazioa erabiltzen du, eta zenbait akats, nahaste eta hutsune daude testuan, eta, horregatik, zailtasun nabarmenak sortzen dira testua interpretatzean. Baliteke Ravenatea iii. mendeko dokumentu batean oinarrituta egotea, geroagoko lan batzuekin eguneratu eta osatu zena. Batzuetan, egile ezezagunak bere iturriak aipatzen ditu, baina adierazten dituen egileetako asko ezezagunak dira guretzat, eta susmatzen da egile horietako batzuk asmatuak direla. Egileak Tabula Peutingeriana obrarako erabilitako iturri bera erabili zuela pentsatzen da. Lan horretan Iberiar penintsulari eta Novenpopulaniaren zati handi bati dagokion atala galduta dago.
Azaldu behar duenari buruzko berrikusketa txiki bat egin ondoren, Ravenate obrako kosmografoa ezagutzen den mundua deskribatzen saiatzen da: Asiatik hasten da (II. liburua), Afrikarekin jarraitzen du (III. liburua), eta, hurrengo liburuetan, Europa aztertzen du. Galiako hego-mendebaldearen deskribapenean, sarritan aipatzen du Erromatar Behe Inperioaren garaiko Novenpopulania probintzia —egileak Spanie Vasconia edo Spanoguasconia deitzen du— eta bi Akitaniak —batera adierazten ditu, Vasconia edo Guasconia terminoa erabiliz (1.3; 4.40)—. Egileak, esan dugun bezala, Guasconia edo Vasconia eskualdea Loira eta Garona ibaien arteko lurraldean kokatzen du —que antiquitus Aquitania dicebatur—, eta horko hiri garrantzitsuenak banan-banan aipatzen ditu, bai eta lurraldea zeharkatzen duten ibaiak ere. Gero, Spanoguasconia deskribatzen du, Pirinioetarantz doan lurraldea. Egileak, huts eginez, Spanoguasconiako hiru alde mendiz inguratuta daudela eta laugarrena itsasoak bustitzen duela dio. Pasarte berean, eskualdeko civitates nagusiak aipatzen dira (Lacura, Lactora; Autis, Auski; Censeramus, Saint-Lizier; Combinias, Saint-Bertrand-de-Comminges; Bigorrias, Bigorra; Elusa, Eauze eta Vasatis, Vasats) identifikatzeko zailak diren beste batzuekin batera (Landinorum, Aguisla, Vestianum, Sacer eta Sacerons). Testuko hutsune baten ondorioz, ez dakizkigu eskualdea zeharkatzen zuten ibaien izenak, Medulla hidronimoa (4.41) soilik iritsi baita gurera.
Hispaniari dagokionez, kosmografoak adierazten du zortzi probintziatan banatuta zegoela: Calletia, Asturia, Austrigonia, Iberia, Lysitania, Betica, Hispalis eta Aurariola (4.42). Hurrengo pasarteetan, egileak ez dio ordena zehatz bati jarraitzen Iberiar penintsula deskribatzeko. Azalpenaren hasieran, itsasotik gertuko hiri nagusiak aipatzen ditu, hala nola Ossaron (erromatarren Oiasso; Irun, Gipuzkoa), eta, gero, beste hiri garrantzitsuago batzuekin lehorreko bideen bidez lotuta dauden hiriak aipatzen ditu labur. Hala, Caesaraugustarako bidean dauden hirietatik, Turiasson (Tarazona, Zaragoza), Seglam (agian, erromatarren Segia, Zaragozako Ejea de los Caballeros udalerrian), Carta (agian, Cara, Santakaran, Nafarroa), Iturisa (Aurizberri, Nafarroa), Terracha (Pliniok aipatutako Tarraca izan daiteke) eta Pompelone (Iruñea) aipatzen ditu. Era berean, Gracuserantz (Alfaro, Errioxa) doazenetatik, Beldalin, Erguti (agian, Ptolomeoren Ergavica) eta Beturri (4.43; agian, beste iturri batzuetan ageri den Bituris) aipatzen ditu. Geroago, adierazten du kostaldeko Ossaroncivitasera doan bideak, besteak beste, honako leku hauek zeharkatzen dituela: Alantune (Itza Zendea?, Nafarroa), Alba (Durruma, Araba), Seustatio (Arkaia, Araba), Belegia (Iruña-Veleia, Araba), Sosobriga, Antequia eta Briviesca (4.45).
Ravenate lan paregabea da bere garairako, baina tentu handiz erabili behar da, anakronismo asko izan ditzake-eta, garai desberdinetako iturriak erabili zirelako. Hori dela eta, uste da kosmografoaren obrak ez duela lanaren azken idazketaren garaiko benetako egoera jasotzen. Toponimo eta hidronimo asko galdu egin dira, eta zailtasunak daude beste asko identifikatzeko, egileak oso argibide geografiko gutxi ematen baititu. Hispaniako zortzi probintzien zerrendari dagokionez, baliteke kosmografoak berak asmatua izatea, baina posible da, halaber, berregite anakroniko bat izatea, garai desberdinetako iturriak erabiliz egindakoa.
Obrak
«Ravennatis Anonymi Cosmographia» in Schnetz, J. (arg.): Ravennatis Anonymi Cosmographia et Guidonis Geographica, Leipzig: B. G. Teubner, 1940.
Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinate Berantiarrean eta Lehen Ertaroan. Material eta agiriak, Bilbo: UPV-EHU, 1992.
Bibliografia
Andreu, J.: «Ciudad y territorio en el solar de los “Vascones” en época romana» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 179.-228. or.
Canto, A.: «La tierra del toro: ensayo de identificación de ciudades vasconas» in Archivo Español de Arqueología, 70. libk., 175.-176. zk. (1997), 31.-70. or.
Ramírez Sádaba, J. L.: «Las ciudades vasconas según las fuentes literarias y su evolución en la tardoantigüedad» in Antigüedad y cristianismo: monografías históricas sobre la Antigüedad Tardía, 23 (2013), 185.-202. or.
Roldán, J. M.: Itineraria hispana. Fuentes antiguas para el estudio de las vías romanas en la península ibérica, Valladolid; Granada: Universidad de Granada, 1975.
Sayas, J. J.: «El municipio de Vasconia en el mundo Antiguo» in Iura Vasconiae, 2 (2005), 9.-44. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Ravennatis Anonymi Cosmographia”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 144-145.





