Karguak eta lanbideak
Hispaniar kronikaria eta Chaveseko apezpikua
Ibilbidea
Latindar historialaria, hispaniar jatorrikoa, Gallaeciakoa, aristokraziako familia batekoa. K.o. 400. urtearen inguruan jaio zen eta 469an hil zen. Ibilbide eklesiastikoa egitea hautatu, eta Aquae Flaviaeko (Chaves, Portugal) apezpikua izatera iritsi zen. Kargu horretarako, behar-beharrezkoak ziren bai trebetasun politikoa, bai trebetasun erlijiosoa. Biak erabiltzeko aukera izan zuen sueboak probintziara iristean. Sueboek lurralde hori beren kontrolpean jarri nahi zuten, eta erresuma bat sortu zuten horretarako. Diplomazia-lan garrantzitsuak egin zituen, sueboen eta Erromako boterearen artean —erabat ahulduta zegoen Erromaren boterea—, eta hispaniar-erromatarren ordezkaria izan zen beti sueboen aurrean. Hidazioren esperientzia konplikatuek eta K.o. v. mendean gertatutakoari buruz zuen ikuspegi negatiboak eragina izan zuten bere historialari-lanean. Izan ere, Hidazioren idatzietan, efektismo ezkorra nagusi da, eta garai baten amaieraren ideia transmititzen du. Kronika bat idatzi zuen, unibertsala izateko helburuz, baina Hispaniako gertaerak jorratu zituen gehien, gertaera horiek ezagutzen baitzituen ongien. Denbora luzez, historiografia modernoak gutxietsi zuen, bere adierazpenen tremendismoagatik eta arkeologiako aurkikuntzek —Hispaniako egoeraren ikuspegi positiboagoa ematen du arkeologiak— Hidazioren kontakizunekin bat ez zetozelako. Baina azken urteotan, Hidazioren lana errebalorizatu egin da.
449. urteko gertakarietan, apezpikuak adierazten du Rekiario errege sueboak Teodoriko errege bisigodoaren alaba batekin ezkondu zela, eta Gallaeciara itzultzeko bidean Vasconias lurraldea arpilatu zuela (Hyd. 140). Halaber, Hidazioren kronika da K.o. v. mendean Ebro ibaiaren haranaren erdialdean piztutako bagauden mugimenduari buruz hitz egiten duen iturri bakarra. Gertaera horrek eragin zuzena izan zuen baskoien lurraldean. Hispaniako bagaudak 441. urtean aipatzen dira lehen aldiz. Urte horretako gertaeretan, Hidaziok dio erromatar jeneral Asturiok bagauda asko —multitudo Bacaudae— suntsitu zituela Tarraconensis probintzian (Hyd. 125). Bagaudei buruzko bigarren pasartea 443. urtekoa da, eta, hor, aipatzen da erromatar dux Merobaudesek bagauda arazelitar batzuen ausarkeria zapaldu zuela —Aracellitanorum frangit insolentiam Bacaudarum— (Hyd. 128). Hidaziok aipatutako Aracelli hori baskoien Aracaelirekin identifikatu du historiografiak, Printzealdiaren garaiko zenbait iturritan aipatzen dena. Aracaeliren kokapena eztabaidagaia da oraindik ere: batzuen ustez, Uharte Arakileko Zamartzeko monasterioko aztarnategian kokatu behar da, eta beste batzuek, berriz, Erdi Aroko Araciel eremua dela defendatzen dute, gaur egungo Corellatik gertu. Iturrietan K.o. i. eta ii. mendeetan baskoiei esleitutako lurraldearen barruan daude Nafarroako bi udalerri horiek. 449. urteko gertaeretan, Hidaziok adierazten du Bacaudaeak, Basilio delako batek bilduta, foederati batzuk erail zituztela Tyriassonako (Tarazona, Zaragoza) elizan, eta hiriko apezpiku Leon eraso horretan jasandako zaurien ondorioz hil zela (Hyd. 141). Hilabete gutxi batzuk geroago, uztaileko gertaeretan, errege suebo Rekiario —hilabete batzuk lehenago Baskonia arpilatu zuen errege bera— Basiliorekin aliatu zen, eta, elkarrekin, Caesaraugustako eskualdea arpilatu zuten, eta, amarru baten bidez, Ilerda hiria (Lleida) konkistatu zuten, bai eta preso ugari harrapatu ere (Hyd. 142). Hispaniako bagaudei buruzko azken aipamena 454. urteko gertaeretan da. Data horretan, bisigodoen armada batek Tarraconensis probintziako bagaudak sarraskitu zituen, Erromaren izenean (Hyd. 158).
Azkenik, Chaveseko apezpikuak, bere lanean, adierazten du pirata herulo batzuek Cantabriako eta Vardulliako kostaldeak arpilatu zituztela 456an, beren baseetara itzultzeko bidaian, Lugoko kostaldean atzera egin behar izan ondoren, jendeak aurka egin zielako(Hyd. 164). Aipamen hori laburra bada ere, Hidaziok adierazitako erreferentziak zenbait gauza garrantzitsuren berri ematen digu. Lehenik eta behin, pirateria, Erromatar Inperioko Ipar Atlantikoko eskualdean, K.o. iii. mendetik aurrera gaitz endemikoa zena, Kantauri itsasoko kostaldera ere iritsi zela K.o. 456. urtearen inguruan, Bretainiatik segur aski. Heruloak germaniar jatorriko herri bat ziren, Danubio ibaiaren ingurukoak, baina, beste herri batzuekin aliatuta, Erromatar Inperioaren defentsak ahultzen jardun zuten K.o. iii. mendetik aurrera. Bigarrenik, eta hori ez dator bat historia tradizionalean azaldutakoarekin —hau da, Mendebaldea gainbeheran egon zela Erromatar Inperioaren eta haren hirien ahultasunagatik K.o iii., iv. eta v. mendeetatik aurrera—, pirata heruloek Gipuzkoako kostaldera ospila lortzeko nabigatzeko aukera probetxugarritzat jotzeak adierazten duela eremu hori oraindik ondo funtzionatzen zuen ekonomia-gunetzat hartzen zutela. Horrek esan nahiko luke Gipuzkoako kostaldeko guneek nolabaiteko bizitasuna izan zutela Antzinate Berantiar osoan, eta ez etengabeko krisialdi bat, eta arkeologiak ere hori berresten du. Hidazioren berriaren azken puntu interesgarria da kostaldean gens Vardulliarum delakoa bizi dela aipatzen duela (Chr. 171), eta erreferentzia hori guztiz anakronikoa da K.o. v. menderako, garai horretan erromanizazioa lurraldean sustraituta baitzegoen. Segur aski, Hidazioren -aipamen eruditua da hori, eta gune horrek une hartan zer-nolako politika- eta -administrazio-identitatea zuen ez zekielako egiten du aipamena, aurreko garai batzuetako iturriak erabilita, eta barduliarren etnonimoa erabiltzen du eremu horretako biztanleak adierazteko, iraganean herri hori hor bizi zelako, besterik gabe. Izan ere, mende batzuk geroago, «Fidelissima -Bardulia nunquam superata» leloa hautatu zen Gipuzkoako armarrirako, etnonimoa toponimo bihurtuta. Garrantzitsua da aipatzea barduliarrak kantabriarrekin lotuta ageri direla berriz ere, eta horri helduko zioten gerora teoria eusko-kantabristek.
Obrak
Chronicon de Hidacio, Macias, M. (itzulpena), Madrid, [1906] 2010. Hydatius, The Chronicle, Burgess, R. W. (itzulpena), Oxford: Oxford University Press, 1993.
Bibliografia
Arce, J.: Bárbaros y romanos en Hispania. 400-507, Madrid: Marcial Pons, 2005.
Bravo, G.: «Acta bagaudica (I): sobre quiénes eran los “bagaudas” y su posible identificación en los textos tardíos» in Gerión, 2 (1984), 251.-264. or.
Díaz Martínez, P. C.: El reino suevo (411-585), Madrid: Akal, 2011.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Torregaray, E.: «Roma en Gipuzkoa (ss. i a. C.-v d. C.)» in Aragón, A.; Etxeberria, I.: Síntesis de la Historia de Gipuzkoa, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 131.-171. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Hidazio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 89-90.





