Karguak eta lanbideak
Historialaria eta Erromatar Inperioko funtzionarioa
Ibilbidea
Eutropio 320. urtearen inguruan jaio zen, familia aberats batean. Greziar izena izan arren, ez dakigu non jaio zen. Laster, administrazio- eta politika-ibilbide bikaina hasi zuen, Inperioko ekialdean zein mendebaldean, eta, batzuetan, enperadoreei lagundu zien haien kanpaina militarretan. 387. urtean, kontsul izatera ere iritsi zen, Valentiniano II.a enperadorearekin batera. Urte horretan bertan, Simakori idatzi zion, eta, hiru urte geroago, Libaniori. Une horretatik aurrera, ez dakigu ezer Eutropiori buruz, eta baliteke Libaniori idatzi zionetik gutxira hiltzea.
369. urtean Breviarium ab Vrbe Condita lana amaitu zuen, eta Valente enperadoreari eskaini zion. Eutropiok, lan horretan, Erromaren historia laburra biltzen du, jatorrietatik Eutropiok idazten duen garaira arte. Nolanahi ere, mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuari buruzkoa izan daitekeen pasarte labur bat dago liburu horretan: egileak esaten digu Marko Agripak, K.a. 39-38. urtearen inguruan, garaipen militar bat lortu zuela Akitanian (Brev. 7.5). Gertaera hori Apianok (Bel. Civ. 386) eta Dion Kasiok (48.49.2-4) egindako antzeko aipamenekin lotu behar da. Bi historialari horiek diotenaren arabera, jeneralak «zelta akitaniar» batzuen matxinada zapaldu zuen. Dirudienez, matxinadaren epizentroa l’Ermitage de Agén (Lot-et-Garonne) izan zen, nitiobrogeen oppidum bat; izan ere, aztarnategi horretan, Agriparen marka duten habailak eta artilleria aurkitu dira. Errepublikaren garairako, Eutropiok Livioren eta Flororen galdutako lanak erabili zituen. Breviariumak ospe handia lortu zuen argitaratu eta berehala, eta 380. urterako, jada bazegoen grekorako itzulpena. Zenbait egilek sarritan kontsultatu zuten lan hori Antzinate Berantiarrean eta Erdi Aroan.
Obrak
Eutropio y Aurelio Víctor, Breviario/Libro de los Césares, Flaque, E: (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, 1999.
Bibliografia
Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia, Gasteiz: UPV-EHU, 2017.
Larrañaga, K.: El hecho colonial romano en el área circumpirenaica occidental, Gasteiz: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.
Verdin, F.; Chataigneau, M. (kolab.): «Marcus Agrippa et l’Aquitaine» in Aquitania, 29 (2013), 69.-104. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Eustropio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 69.





