Ibilbidea
iii. mendearen erdialdean, Augustok diseinatutako politika- eta administrazio-egiturek agortze-sintomak erakutsi zituzten, egitura horien oinarriak zenbaitetan astindu zituztenean. Zutabe horietatik lehena botere militarra zen, mugak defendatzen zituzten legioetan irudikatzen zena. Botere hori zalantzan jarri zuten barbaroek etengabe egindako erasoek. Bigarren zutabeak, ekonomiak, beherakada handia izan zuen armadaren eta administrazioaren gastuen gorakada handiagatik. Azkenik, enperadorearen lidergoa, sistema funtzionarazten zuen elementua, mehatxupean egon zen etengabe, zenbait usurpatzaile eta porrot militar larriak tarteko. 284. urtetik aurrera, Diokleziano (284-305) eta Konstantino (306-337) enperadoreek egiturazko erreforma garrantzitsuak egin zituzten, Inperioaren biziraupena bermatzeko: indar armatuak berrantolatu, eta soldadu-kopuruak handitu zituzten; erreforma zentralizatzaileak aplikatu zituzten, eta horretarako, burokratizazio-prozesu sakona abiatu zuten, ekonomia- eta administrazio-erreformarako oinarriak jarri zituzten, eta probintzia-kopurua handitu zuten, haien kudeaketa judiziala eta fiskala hobetzeko;azkenik, dinastia inperialaren posizioa bermatzen zuen mezu ideologikoa eguneratu zuten, eta, horretarako, dinastia jainkotu, eta erakunde kolegiatu bihurtu zuten. Mezu ideologiko hori iv. mendearen amaieran osatu zuten, Teodosio enperadoreak kristautasuna -Inperioko erlijio ofizial bakartzat aldarrikatu zuenean.
Dioklezianok xedatutako lurralde-erreformatik aurrera, gobernadore zibilak arduratu ziren probintziak kudeatzeaz. Probintziak, berriz, diozesitan biltzen ziren. Maila handiagoko administrazio-unitateak ziren diozesiak, eta zaldunen ordenako vicarius batek gobernatzen zituen. Vicarius hori, berriz, pretorioko prefektuaren mende zegoen. Erreforma horien bidez, Erroma hiriak Inperioko politika- eta administrazio-zentroa izateari utzi zion, eta prefekturen hiriburuek ordeztu zuten. Augustoren Akitania hirutan zatitu zuten, eta Pirinioen eta Garona ibaiaren arteko lurraldeak Novenpopulania izeneko probintzia berri baten barruan geratu ziren —Eauze (Gers) zen hiriburua—, eta mendikatearen hegoaldeko isurialdea Tarraconensis probintziaren barruan jarraitu zuen. Galiako hegoaldeko probintziek Viennensis diozesia osatu zuten (gerora, Septem Provinciarum esango zioten), hiriburua Bordele izanik, eta Hispaniako probintziek eta Mauretania Tingitanak, berriz, Hispaniarum diozesia osatu zuten, hiriburua Mérida zela.Azkenik, Galietako prefekturak Galiako, Hispaniako eta Britaniako diozesiak biltzen zituen, eta hiriburua Augusta Trevirorum zen (Treveris, Alemania). Berregituraketa horren ondorioz, Treveriserantz joateko itsasoko eta lehorreko ibilbideak nabarmen sendotu ziren, Iter XXXIV Astorga-Bordele galtzada barne —baskoien eta Akitaniako lurraldeak zeharkatzen zituen—, eta Tarragona-Erroma ibilbidearen garrantzia, berriz, txikitu egin zen. Horri esker, mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuak egonkortasun eta oparotasun ekonomikoko garaia izan zuen, barbaroen migrazioak hasi arte (v. mendearen hasieran). Izan ere, gertaera horren ondorioz, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren egiturek gainbehera izan zuten.
Teodosio I.a enperadorea hiltzean (395. urtea), Inperioa bere bi semeen artean banatu zen: mendebaldea (pars occidentalis) Honoriorentzat izan zen, eta Ravena hiria izan zen Inperioaren egoitza; ekialdea (pars orientalis), berriz, Arkadiorentzat izan zen, eta Konstantinoplan zuen hiriburua. Hasieran, bi enperadorek erabateko sintonian gobernatutako inperio bakarraren ikuspegia sustatzen saiatu ziren, baina Mendebaldeko eta Ekialdeko inperioen arteko bereizketa politiko, kultural eta linguistikoa handituz joan zen v. mendean. 406. urteko azken egunean, Rhin ibaia izoztuta zegoela baliatuta, sueboen, bandaloen eta alanoen talde batzuek limesa zeharkatu zuten eta Galietan sartu ziren, beste talde barbaro batzuekin batera. Komunitate horiek Inperioaren barruan egoteak eta haiek egiten zituzten razziek eragin negatiboa izan zuten Inperioko ekonomian eta politikan, eta Erromako armadaren barruan usurpazioak gertatzea eta aurrera egitea erraztu zuten. Esate baterako, Konstantino III.ak Galietako ia prefektura osoa indarrez bereganatzea lortu zuen. Honorio enperadoreak Konstantino garaitu zuen, 411. urtean, baina ordurako, sueboak, bandaloak eta alanoak Hispaniako lurraldean kokatuta zeuden, eta Tarraconensis probintzia soilik geratu zen Inperioko autoritatearen agintepean (aginte nominala, behintzat). Honoriok, halaber, aurre egin behar izan zion bisigodoen mehatxuari; izan ere, herri horrek presioa eragin nahi zien erromatarrei, Inperioko lurraldeen barruan kokatzeko eta integratzeko, erromatarren aliatu gisa. Erromako agintarien botere militarra ahulduta zegoen, usurpatzaileen eta barbaroen aurkako borroketan egindako ahalegin handiagatik, eta 418. urtean, onartu behar izan zuten bisigodoak Aquitania Secunda probintzian herri federatu gisa kokatzea. Horrez gain, bisigodoen esku utzi zituzten Hispanian egin beharreko esku-hartze militarrak. Hala, 417.- 418. urte aldera, bisigodoek Hispaniako lurraldeetan zeuden alanoak eta bandalo silingoak suntsitu zituzten, eta geroago egindako kanpaina batzuetan, Ebro ibaiaren haraneko bagauden matxinadak zapaldu zituzten, eta, azkenik, sueboak Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean zokoratu zituzten. Urte gutxi batzuen buruan, Novenpopulania bereganatu zuten eta Hispaniaren zati handi baten kontrol faktikoa zuten, Penintsulan Erromaren zerbitzura egindako kanpainei esker. Azkenik, 473. urte aldera —data horretan, Mendebaldeko Erromatar Inperioa ez zen jada gai bere lurraldeak defendatzeko—, bisigodoek Tarraconensis probintzia bereganatu zuten, indarrez, erresistentzia oro zapalduta. 476. urte aldera, Mendebaldeko Erromatar Inperioko azken enperadorea tronutik kendu zutenean, bisigodoek lurralde asko zituzten kontrolpean: Novenpopulania, Loira ibairaino eta Proventzaraino heltzen ziren lurralde-eremu handiak, eta Hispania gehiena, honako hauek kenduta: Gallaeciako erresuma sueboa, Balear uharteak, eta tokiko agintarien esku zeuden Penintsulako beste eskualde batzuk.
Garai horretarako, mendebaldeko Pirinioen inguruko eskualdeari buruzko iturri idatzi ugari ditugu. Lehenik eta behin, lurraldearen administrazio–antolamenduaren eta bide-sarearen berri ematen diguten agiri ofizial eta -ez-ofizialak ditugu. Agiri horien edukia iii. edo iv. mendeari buruzko da, hala nola Notitia Dignitatum edo Antoninoren ibilbidea izeneko agiriena. Bigarrenik, zenbait lan historiografiko ditugu, eta lan horietan —batzuetan, ikuspegi ezkorra edo apokaliptikoa dute—, lurraldeko biztanleek aurre egin beharreko gorabeherei buruzko zertzeladak ematen dizkigute; batez ere, v. mendearen hasierako migrazioen ostekoak. Azkenik, zenbait egilek —kristauak dira gehienak— lurraldearen antolamendu eklesiastikoari eta lurraldearen apurka–apurkako kristautze-prozesuari buruzko informazioa ematen digute, eta topikoez betetako irudi literarioa sortzen dute baskoi pagano, barbaro eta menditarrari buruz. Irudi hori jarrera baten edo bestearen alde egiteko diskurtso erretorikoak dotoretzeko baliatzen dute egile horiek.
Bibliografia
Arce, J.: Bárbaros y romanos en Hispania. 400-507, Madrid: Marcial Pons, 2005.
— El último siglo de la España Romana, 284-409, Madrid: Alianza, [1982] 2009.
García Moreno, L.: El bajo imperio romano, Madrid: Síntesis, 1998.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Rouche, M.: L’Aquitaine des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une region, Paris: Ecole des hautes études en sciences sociales – Éditions Jean Touzot, 1979.
Torregaray, E.: «La Antigüedad Tardía en el País Vasco (siglos iii-iv d. C.)» in Barruso, P.; Lema, J. A. (koor.): Historia del País Vasco. Prehistoria y Antigüedad, Donostia: Hiria, 2006, 347.-377. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 63-65.





