Karguak eta lanbideak
Greziar biografoa eta saiakeragilea
Ibilbidea
Greziar biografoa eta saiakeragile horrek ospe handia izan zuen Erromatar Inperioan bere bizitza osoan (K.o. 46 – K.o. 120). Erromatar hiritarra zenez, magistratu-karguak izan zituen, tokiko gaietan esku hartu zuen, eta bere hiriko, Keroneako, enbaxadore ere izan zen. Bizitzaren amaieran, apaiz izan zen, Delfosen, aitortza handiko posizioan. Plutarkoren lanetatik nabarmenena eta ezagunena Bizitza paraleloak da. Lan horretan, greziar eta erromatar ospetsuen biografia konparatuak idatzi zituen, batzuen eta besteen on-gaitzak aztertzeko. Anekdotei eta itxura fisikoaren moduko xehetasunei garrantzi handiagoa ematen zien arren, Plutarkoren lanean zenbait pertsonari buruz gutxi ezagutzen den informazioa ageri da, kasu batzuetan biografia osoak ez baititugu. Bizitza horietan, Baskoniarekin lotutako bi albiste ageri dira, interpretazio-arazo handiak eman dituztenak eta historiografia modernoan eztabaida piztu dutenak, baskoien eta barduliarren bilakabide historikoaren inguruan; izan ere, albisteak ez dira beti bat etorri errealitate historikoarekin, eta, batzuetan, polemika antzuak sustatu dituzte.
Sertorioren biografian (21), Plutarkok Ponpeioren kanpainaren berri ematen du, eta erromatar jeneralak negua bakzeoen artean igaro zuela dio, bere armadarentzako dirurik gabe. Plutarkoren testuaren transmisioan zailtasunak izan dira, eta, horrez gain, Fontes Hispaniae Antiquae lanaren argitaratzaileak (A. Schulten) bakzeo horiek baskoiak zirela interpretatu zuen, Pompelo (Iruñea, Nafarroa) hiriaren sorrerarekin lotzeko (K.a. 75. urtearen inguruan). Hori dela eta, tradizioz, testu hori baliatu da Sertorioren Gerran Ponpeio baskoien lurraldetik igaro zela frogatzeko. Baina zalantzak daude, ez baitakigu Plutarkoren testuan aipatzen diren bakzeoak, benetan bakzeoak diren, ala baskoiak. Izan ere, testuaren transmisio-prozesuan zuzenketak egin dira, eta kontuan hartu behar da, gainera, Isidoro Sevillakoa apezpikutik aurrera bakzeoak terminoa baskoiak etnonimoaren bertsio kultutzat erabili zela latindar historiografian eta literaturan, eta baskoi terminoa herri-bertsioa izango litzateke.
Era berean, luzaroan eztabaidatu da Plutarkok adierazitako beste albiste bat egia den ala ez. Hain zuzen ere, erromatar lider eta jeneral Kaio Marioren biografian (K.a. 157-86), Plutarkok dio hark Bardialoiak errekrutatu zituela bere guardiarako, eta etnonimo hori barduliarrei zegokiela interpretatu ohi da. Horrelako errekrutatzeak egitea ohikoa zen Hispanian kanpainak egin zituzten buruzagi militarren artean, horren bidez ospe-elementu bat eta elementu exotiko bat bilatzen baitzuten nolabait, eta, batez ere, argi eta garbi azaltzea bertako biztanleen leialtasuna erromatar agintariekiko, atxikipen pertsonalaren bidez, gainera, buruzagiaren bizia babesteko eginkizuna baitzuten. Barduliarrak guardia pertsonalerako hautatuta, hori oso zalantzazkoa bada ere, bi helburu adierazi nahiko lirateke: batetik, barduliar horiei erakustea Erromari leial izan behar zitzaiola, eta, bestetik, erromatar sisteman sartzearen onuren adibide izatea komunitateko gainerakoentzat. Marioren barduliarren kasuak, egia bada, berezitasun bat dauka, Plutarkok argi adierazi baitzuen erromatar buruzagiaren guardia pertsonala douloiz osatuta zegoela —hau da, esklaboz—, eta horrek testuaren interpretazioa asko konplikatzen du. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar Augustok kalagorritarrak hautatu zituela bere guardia pertsonalerako, eta Calagurris (Calahorra, Errioxa) eremu horretan identifikatutako gune baskoietako bat zela.
Obrak
. Plutarco, Vidas de Sertorio y Pompeyo, Aguilar, R. M., eta PérezVilatela, L. -(sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Akal, 2004.
Plutarch’s Lives, VIII, Sertorius and Eumenes. Phocion and Cato the Younger, Cambridge MA-London: Harvard University Press, 1919; Lives. Caius Marius, Cambridge MA-London: Harvard University Press, 1920.
Bibliografia
García Moreno, L.: «Plutarco, “Vita Marii” 43. ¿Várdulos en la guardia de Cayo Mario?» in Euskal herriaren historiari buruzko biltzarra = Congreso de Historia de Euskal Herria = Congres d’Histoire d’Euskal Herria = Conference on History of the Basque Country, 1. libk. (De los orígenes a la cristianización), Txertoa: Bilbo, 1988, 173.-182. or.
Pina Polo, F.: «Sertorio, Pompeyo y el supuesto alineamiento de los vascones con Roma» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat Autònoma de Barcelona, 2009, 195.-214. or.
Torregaray, E.: «Vascones y vacceos: una historia de confusión» in Santos Yanguas, J.; Cruz Andreotti, G.;Fernández Corral, M.; Sánchez Voigt, L. (koor.): Romanización, fronteras y etnias en la Roma antigua: el caso hispano, Gasteiz: Universidad del País Vasco – Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013, 457.-475. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Plutarko”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 51-52.





