Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

Itzuli albisteetara

As Fabrikek Iura Vasconiaeren XXIII. Sinposioa hartu du, gure historian zeharreko nazioarteko harremanak aztergai hartuta

As Fabrikek, Mondragon Unibertsitateak Bilboko Zorrotzaurre uhartean duen campusak, hartu du aurten Iura Vasconiaeren urteko sinposioa. Bertaratutako ugariek hogei bat adituren hitzaldiak jarraitu zituzten; aditu horiek nazioarteko harremanak aztertu zituzten hainbat ikuspuntutatik, Vasconiako historian zehar gaur egunera arte. Bertaratuen artean izan ziren Manuel Lezertua arartekoa; Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa […]

As Fabrikek, Mondragon Unibertsitateak Bilboko Zorrotzaurre uhartean duen campusak, hartu du aurten Iura Vasconiaeren urteko sinposioa. Bertaratutako ugariek hogei bat adituren hitzaldiak jarraitu zituzten; aditu horiek nazioarteko harremanak aztertu zituzten hainbat ikuspuntutatik, Vasconiako historian zehar gaur egunera arte. Bertaratuen artean izan ziren Manuel Lezertua arartekoa; Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa —hark eman zien ongi etorria Sinposioko parte-hartzaileei As Fabrikera—; eta unibertsitateko irakasle zerrenda luze bat, Fakultateko ikasleez gain, baita eremu akademikoan gutxitan jorratu den arlo honetan interesatutako politikariak ere.

Sinposioak itunen, diplomaziaren eta nazioarteko harremanen bilakaera historikoa jorratu zuen, euskal lurraldeen eginkizunari eta horrek haien nortasunean eta erakunde-egituran izandako ondorioei erreparatuta.

Mikel Mancisidor Sinposioko zuzendariak laburbildu zuenez: “Erdi Arotik gaur egungo erakundeen nazioarteko jardunbideetara, jarraitutasunak eta etenak markatzen dituzten mendeak igaro dira. Bilakaera ez da lineala edo denborazkoa soilik; tresna juridikoen aniztasuna, erakunde-antolaketako formak eta esperientzia diplomatiko desberdinak uztartzen dituen ibilbidea ere bada, modu ustekabean elkarrekin erlazionatzen direnak eta, osotasunean ikusita, gure historiaren irakurketa konplexuagoa eta aberatsagoa ahalbidetzen dutenak”.

Iragana hobeto ezagututa, etorkizun handiagoa

“Maila honetako topaketa batek —gogorarazi zuen Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbideko irakasleak— iraganera hurbiltzeko aukera ematen digu, dogmatismorik gabe, presentismorik gabe, tabu diren gairik gabe, testu eta esperientzia bakoitzaren esanahi-aniztasunari beldurrik gabe”. “Historia zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta askatasun handiagoa dugu orainaldiak bizitzeko eta bizikidetzazko, justiziazko eta askatasunezko etorkizunak eraikitzeko. Iraganeko ahotsak errespetuz zenbat eta gehiago entzun, orduan eta etorkizun handiagoa dugu”, nabarmendu zuen Mikel Mancisidorrek Iura Vasconiaeren XXIII. Sinposioaren amaieran. Adituak hasi dira dagoeneko beren idatziak prestatzen Iura Vasconiae aldizkariaren XXIII. zenbakian argitaratzeko. Rosa Ayerbe irakasleak zuzentzen duen argitalpen hau guztiz finkatuta dago, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuan integratu da eta erreferentea da Zuzenbidearen historiaren alorrean, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Estatuan eta nazioartean ere.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP