Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARAGOIKO EGILEAK ETA OBRAK

ZURITA Y CASTRO, Jerónimo (Zaragoza, 1512 – Zaragoza, 1580).

Karguak eta lanbideak

Historialaria

Ibilbidea

Zaragozan jaio zen, 1512ko abenduaren 4an, eta Miguel Zurita eta haren bigarren emazte Ana de Castro izan ziren bere gurasoak. Aita Fernando Katolikoaren eta Karlos V.a enperadorearen ganberako medikua izan zen. Alcaláko Unibertsitatean ikasi zuen, eta, han, prestakuntza sendoa jaso zuen hizkuntza klasikoetan eta erretorikan. 1530ean, enperadoreak Barbastro hiriko eta Almudévar hiribilduko merio izendatu zuen, bai eta bere ganberako zaldun ere. Gero, bere aitak karguari uko egin ondoren, Huescako baile izan zen. 1537an, Inkisizioko idazkariaren alaba Juana García de Olivánekin († 1549) ezkondu zen, Valladoliden —horri esker, koadjutore eta aitaginarrebaren ondorengo izan zen idazkaritza horretan—. Bost seme-alaba izan zituzten. Monzóngo Gorteek Aragoiko Erresumako kronikariaren kargua sortu ondoren (1547), diputatuek kargu hori betetzeko hautatu zuten 1548ko maiatzaren 31n.

Kronikariak, kargu horretan, erregearen baimena izan zuen Koroako artxibategiak eta liburutegiak kontsultatzeko. Horri esker, artxibategi eta liburutegietako funtsak kontsultatu ahal izan zituen Bartzelonan, Sizilian eta Erroman, besteak beste. 1526. urte aldera, amaituta zuen Anales lanaren lehen zatiaren idazketa, eta urte horretan bertan argitaratu zen lan hori. Filipe II. aren konfiantzazko gizona izan zen 1566tik 1571era, eta erregearen ganberako eta kontseiluko idazkari, Inkisizioko idazkari, Aragoiko Koroako erresumen protonotario, eta Zaragozako kontulari nagusi izendatu zuten, besteak beste. 1578an, Indices rerum ab Aragoniae Rebus Gestarum lana argitaratu zuen, erresumaren historiaren laburpen bat. 1579an, Anales lanaren bigarren zatia argitaratu zen, eta 1580an, berriz, Historia del rey D. Hernando el Católico lana. 1580ko azaroaren 3an hil zen, eta Zaragozako Santa Engrazia monasterioan hilobiratu zuten. Zuritaren liburutegia Zaragozako Aula Dei kartusiari eman zioten. Argitaratu gabeko lan eta balio historiko dokumentu ugari utzi zituen, gaur egun sakabanatuta edo desagertuta daudenak.

Anales lanean, albiste ugari daude Nafarroaren, Aragoiren eta haien monarken arteko harremanei buruz, Fernando Katolikoa tronuratzen den unera arte. Jatorrietara atzera egitean, Zurita, dokumentazioarekiko atxikipen handia zuenez, haren aurreko Aragoiko kronika-lanak alde batera utzi gabe ere, beste egile batzuek baino zuhurtzia eta zehaztasun handiagoz jokatu zuen, kontuan hartuta «aniztasun handia» zegoela «egile serioen artean lehenbizi Aragoiko mendietan sortu zen erresuma honen jatorriari eta hasierari buruz». Zuritaren ustez, erresumen antzinatasunari buruzko lehiak «zalantzan jarri du zein izan zen erresuma zaharrena, Sobrarbekoa —haren mende zegoen Aragoiko probintzia— ala Iruñekoa, geroago Nafarroako Erresuma izan zena. Egile bakoitzak egokia iruditzen zaiona hartzen du kontuan». Kristauen lehenbiziko erresistentziaren eta musulmanen aurrean izandako porrotaren gorabeherak kontatu ondoren, Eneko Aritzaren berri ematen du. «Bigorrako konderrian jaio zen», eta Iruñeko errege hautatu zuten 819an, eta «Aragoiko lehena». Lehenago, Vianako printzearen kronikari jarraituz, aipatzen du nola ezarri zituzten nafarrek eta aragoiarrek Sobrarbeko foruak, eta errege-erreginek foruen zina egin behar zutela hautatuak izan aurretik, eta, aldi berean, Aragoiko justiziaren kargua ezarri zela, «askatasunaren defentsa» bermatzeko; «hau da, foruei eta ohiturei eusteko».

Oso interesgarria da zer iritzi dituen Nafarroaren 1512ko konkistari buruz. Fernando erregearen historian, konkistaren aurretiko baldintza politiko guztiak xehetasun handiz azaltzen dira. De la incorporación del reino de Navarra en la Corona de Castilla… kapituluan, Nafarroako Erresumari eusteko argudio nagusiak adierazten ditu, eta, horien artean, garrantzi txikienekoa da Nafarroako errege-erregina zismatikoak izateagatik eskumikatu zituztela. Izan ere, Fernando erregeak, aita santuaren kondena alde batera utzita ere, «bere kontzientzia lasai eta bermatuta zuen erresuma horren defentsari eta ondorengotzari dagokionez, bere ondare propiokoa zen Aragoiko Erresuman bezalaxe». Horretarako, Zuritak honako hauek argudiatzen zituen: Vianako printze Karlos izan zela erresumaren zatiketaren erruduna, gurasoei ez obeditzeagatik; Joan II. ak frantsesen presioengatik laga ziola erresuma Gaston Foixkoaren emazte Leonorri, bere seme Fernandori laga beharrean; Nafarroako errege-erreginek Luis XII.arekin Bloisen sinatutako akordioaren helburua zela Germana Foixkoari — Fernando Katolikoaren emaztea eta Gaston Foixkoaren biloba— eragoztea Nafarroako errege-erreginek Frantzian zituzten jabetzak aldarrikatzeko aukera. Zuritarentzat, oinordetza hori, legitimoa ez zenez, Albretekoek erresuma galtzearen azken kausa izan zen azkenean, Jainkoaren probidentziak hala eraginda: «Aitaren zigorragatik, seme-alabak haien ondasunak gabe geratu ziren […] Hortaz, Jainkoak erabaki zuen eskubide zaharrak, Aragoi eta Gaztelako errege-erreginek eskuratu zituztenak —Analesetan aipatu direnak eta erregeak armen bidez konkistatu zituenak—, Austriako etxekoen eskuetara joango zirela». Eta horrez gain, beste argudio bat ere gehitu zuen: 1518an, Aragoiko Gorteetan, Germana erreginak laga egin zituela Leonor andrearen biloba izateagatik Nafarroako Erresumaren gainean zituen eskubideak.

Zurita da, zalantzarik gabe, une horretako historiografiako historialari gorenetako eta errespetatuenetako bat. xvii. mendeko egile baten esanetan, «Aragoiko historiaren aita izan zen, Herodoto Greziaren historiarena eta Livio Erromako historiarena izan ziren bezalaxe», bai jatorrizko dokumentazioa kontsultatzeko grinagatik, bai historiako gertaeren azterketa fin eta zorrotzagatik. Gertaera horiek estilo soil batez kontatzen zituen, hitz gutxirekin, Tazitoren erara, asko miresten baitzuen. Dena dela, bere iritziak ere adierazi zituen. Monarken aldekoa zen, oso, eta, batez ere, Fernando Katolikoaren aldekoa, baina monarkiarekiko zaletasun hori izanda ere, ez zion utzi monarkiaren jatorri eta oinarri kontraktuala defendatzeari.

Obrak

Los cinco libros primeros de la primera parte de los Anales de la Corona de Aragón, Zaragoza: Casa que fue de Jorge Coci que ahora es de Pedro Bernuz, 1562.

Los cinco libros postreros de la primera parte de los Anales de la Corona de Aragón, Zaragoza: Pedro Bernuz, 1562.

Indices rerum ab Aragoniae regibus gestarum, Caesaragustae: ex Officina Dominici a Portonarijs de Vrsinis, 1578.

Segunda parte de los Anales de la Corona de Aragón: los cinco libros primeros de la segunda parte de los Anales de la Corona de Aragón, Zaragoza: Domingo de Portonariis y Ursino, 1579.

Los cinco libros postreros de la segunda parte de los Anales de la corona de Aragón, Zaragoza: Domingo de Portonariis y Ursino, 1579.

Historia del rey don Hernando el Católico: de las empresas y ligas de Italia. Contiénense en este primer volumen los cinco libros primeros, Zaragoza: Domingo de Portonariis, 1580.

Los cinco libros postreros de la historia del rey don Hernando el Católico, de las empresas y ligas de Italia, Zaragoza: Domingo de Portonariis y Ursino, 1580.

Itinerarium Antonini Augusti…, Coloniae Agrippinae: in Officina Birckmannica, 1600.

Bibliografia

Canellas, A.: «El historiador Jerónimo Zurita» in Jerónimo Zurita. Su época y su escuela, Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 1986, 7.-22. or.

Gascón Pérez, J.: «El ideario político de Jerónimo Zurita. Una aproximación» in El Compromiso de Caspe (1412), cambios dinásticos y Constitucionalismo en la Corona de Aragón, Zaragoza: Ibercaja, 2013, 343.-350. or.

Redondo Veintemillas, G.: «Jerónimo Zurita, primer cronista oficial de Aragón (1512-1580)» in Revista de historia Jerónimo Zurita, 88 (2013), 11.-46. or.

Riba García, C.: Gerónimo Zurita. Primer cronista de Aragón, Zaragoza: El Noticiero, 1946.

Sarasa Sánchez, E.: «Los Anales de la Corona de Aragón de Jerónimo Zurita» in Jerónimo Zurita, 88 (2013), 61.-80. or.

Solano, F.: «La escuela de Jerónimo Zurita» in Jerónimo Zurita. Su época y su escuela, Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 1986, 23.-53. or.

Aipamen bibliografikoa

Usunáriz, J. M., “Zurita y Castro, Jeronimo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 682-684.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP