Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

ZABALETA, Miguel (Errenteria, Gipuzkoa, 1581 – Errenteria, Gipuzkoa, 1648).

Karguak eta lanbideak

Bikarioa eta Errenteriako Andre Mariaren Jasokundearen eliz parrokiaren onuraduna

Ibilbidea

1581eko apirilaren 6an jaio eta 1648ko abuztuan hil zen Errenterian (Gipuzkoa), batxiler graduatu zen eta bere jaioterriko Andre Mariaren Jasokundearen parrokiako bikarioa izan zen, 1606ko ekainetik, hirurogeita zazpi urte zituela hil zen arte. 1606tik bertatik onura oso bat izan zuen, eta handik urte gutxira haren bikariotzari erantsi zitzaion fruituen hamarrenaren zerga. Haren lan ospetsuenaren izenburua da Relación verdadera de la jornada que su Magestad el Rey don Filipe Tercero de España hizo a la Provincia de Guipúzcoa, eta 1616an argitaratu zuen Logroñon Matías Maresek. Haren Relación horrek Filipe III.ak 1615eko urriaren 30etik azaroaren 16ra egin zuen egonaldia kontatu zuen, eta Gipuzkoako ordezkariek egindako harrera, Ana Austriakoa eta Elizabet Borboikoa printzesak Bidasoa ibaian entregatu izanaren karietara.

Miguel Zabaleta Baltasar Etxaberen gogaidea da eta, neurri batean, Esteban Garibairena ere bai. Gipuzkoarrek Gaztela-Aragoiko errege-erreginei emandako zerbitzuak goraipatzen zituen, batez ere Errenteriako jendeek xvi. mendetik xvii. mende hasiera arte emandakoak. Zabaletak, garai hartako gipuzkoar apologista askok bezala, Gipuzkoak Monarkia Hispanikoan izan zuen papera goraipatu zuen, haren defentsako gotorleku nagusia zela esanez, eta nabarmendu zituen gipuzkoarren leialtasun ukaezina eta adorea, eta mendien eta meategien balioa. Lurraldearen sorreraren inguruko legendak bere eginez, eusko-iberismoa, tubalismoa, eta euskara Babiloniako 72 hizkuntzetako bat zela defendatu zituen. Kaparetasun unibertsala ere gipuzkoarren foruen eta pribilegioen gakoa zen, eta Miguel Zabaletaren diskurtsoan orobat. Alde batetik, odol-garbitasunarekin lotu zuen, oinarrian jarri zuen biztanleen erlijio-garbitasuna eta katolizismo sutsua, ontzat eman zuen Santiago apostolua Gipuzkoan barna bisita egin zuela, eta Tubalen ondorengoak ziren lehenengo espainolen herentzia kontserbatu zuen. Eta, beste alde batetik, atzerriko konkistatzailerik ez izatearekin lotu zuen (erromatar, godo nahiz musulman), egiatzat joz Vardulia Nunquam Superata, Gipuzkoako armarriak jasotzen duen esapidea. Gipuzkoaren antolaketa politiko eta foralaren defendatzaile suharra zen, garai hartako klase politikoaren eta instituzio gipuzkoarren adibide argia, eta Olibaresko konde-dukearen eta Filipe IV.aren erasoak etorri baino lehenagoko doktrina politiko klasikoaren adierazgarria da.

Obrak

Relación verdadera de la jornada que su Magestad el Rey don Filipe Tercero de España, hizo a la Provincia de Guipúzcoa; su recibimiento por ella: y entregas de las serenísimas doña Ana de Austria, Reyna de Francia, y madama Ysabela de Borbón princesa de España, en el río Bidasoa. Todo celebrado desde treynta de octubre, que en ella entraron, hasta diez y seis de noviembre, que salieron. Año de 1615, Logroño: Matías de Mares, 1616.

Bibliografia

De Tejada, F. E., eta Percopo, G., La Provincia de Guipúzcoa, Madrid: Minotauro, 1965, 97.-100. or.

Echegaray, C., Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1893, X. libk., 209.-210. or.

Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Diccionario Enciclopédico Vasco, Donostia: Auñamendi-Estornés Lasa Anaiak Argitaletxea 2003, LV. libk., 241.-242. or.

Estévez Rodríguez, X., «La historiografía guipuzcoana, desde Zaldivia a Gorosábel, sobre la adhesión de Gipuzkoa a Castilla», in Orella Unzué, J. L. (koord.), Gipuzkoa versus Castilla. Conquista, pacto y derechos históricos, 1200-2000, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2001, 57.-59. or.

Aipamen bibliografikoa

Echeberria Ayllón, I.,  Aragón Ruano, A., “Zabaleta, Miguel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 463-464.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP