Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

ZABALA MIRANDA, Jose (Bilbo, XVIII. mendea).

Karguak eta lanbideak

Bizkaiko Diputatua Gortean

Ibilbidea

Ezin izan dugu bildu haren bizitzaren berri askorik, baina Jaurerriko diputatu edo ordezkari gisa agertzen zaigu Gortean, 1745 arte «merkataritzaren transmigrazioaren» auzian esku hartzeko ardurarekin. Bizkaiak bertako merkataritzaren gainbehera geldiarazi nahi zuen, eta horretarako proposatzen zuen Bilbon ezartzea merkataritzarako eta nabigaziorako Konpainia bat, Buenos Airesko Trinitate Santuaren portuarekiko trafikoa antolatzeko.

1743ko irailaren 3an, Jaurerriari jakinarazi zitzaion herrialdean zabaldu zela inprimaki bat, honako izenburu hau zuena: Manifiesto, que al M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya, en su Junta General de Guernica, presenta su Diputado en la Corte de Madrid don José de Zabala y Miranda, con puntual relación del principio, progreso y estado de la pretensión de su orden entablada sobre establecer en la villa de Bilbao comercio y navegación por reglas de Compañía para la carrera de Buenos Aires u otras de la América. Anonimoa bazen ere, Zabalak egindakoa zen berriemaileen ustez, izan ere, Zabalak aurkeztu zuen Bizkaiak onartu ez zuen proposamen bat, merkataritzarako Konpainia bat zabaltzeko, joan-etorriak eginez Espainia Berriko Honduras eta hemengo Castro Urdialesen artean, eta zamaketako eta itsasontzien sartu-irteeretarako portua han finkatuz. Jaurerriaren iritziz, Zabalak «Batzar Nagusien aginduei muzin egin eta bere gogoaren arabera jokatu zuen».

Batzar Nagusia biltzeko deialdia zabaltzen zen bitartean, Probintziaren diputatuen eta gurasoen eskariari erantzunez, Pedro Fontecha Salazar jaunak idatzi zuen Zabalaren idatzia errefusatzeko agiria, izenburu honekin: Verídica y puntual representación al Muy Noble y Muy Leal Señorío de Vizcaya contra el Manifiesto de don José de Zabala y Miranda, en que se hace ver la verdad más pura y sincera defendida, la acertada dirección de los diputados generales acreditada, el celo y amor de sus patricios acrisolado, los nobles infanzones en su Junta general ilustrados, sobre no poderse ni deberse admitir el establecimiento de comercio y navegación para la carrera de Honduras en la América, con carga y descarga en el puerto de Castro Urdiales, que por reglas de fantasía quiso establecer con detrimento del Fuero, negociación y tráfico de Vizcaya, a expensas de sus naturales.

Aurrez aurrekoa ez zen han geratu, eta korrejidoreak esku hartu zuen, hala eskatu ondoren Jaurerriko sindiko prokuradore nagusi Agustín Vildosola jaunak. Zabalak, hala ere, Errege Kontseilura helarazi zuen auzia, eta hark agindu zuen, 1743ko azaroaren 1ean, Madrilera igortzeko Jaurerriak errefusatutako auzi originalak. Jaurerriak, ordea, argudiatu zuen ezen «bake eta lasaitasun publikoa aztoratzen zituen, eta libelo iraingarria zen, bai tratatzen zen auziaren muinagatik, bai instruitu behar zitzaizkion aurrekariak bide ezkututik ibili izanagatik ere, tartean zirelarik Bizkaiaren onura ez ezik, erresuma osoarena ere», eta Kontseiluaren aginduari pasea eta erabilera ukatu zizkion. 1744ko urtarrilaren 11n, korrejidoreak Jaurerriko Aldundiari jakinarazi zion Kontseiluaren agindu berri bat, non agintzen zen, sindikoaren erantzuna gorabehera, berari igortzeko jatorrizko auziari zegozkion paper guztiak «gobernuari zegokion auzia zelako, baliagarritasun publikokoa, eta Zabalak zuen agindua ukitzen zuelako, horregatik kexu baita Kontseilua», eta hala egin zen.

Auzia nahasi egin zen Kontseiluak agindu zuenean Gortean ager zitezen Nicolas Antonio Gacitua eta Antonio Joaquin Larrinaga jaun diputatuak, eta Jaurerriko sindiko Agustin Vildosola jauna. Auzia nahasi zen eta, tentsioa ere areagotu egin zen.

Testuinguru honetan, 1745eko martxoaren 13an, Jaurerrian hedatu zen paper bat, «un amante fiel hijo de Vizcaya» delako batek sinatua, eta izenburua zuena Luz a los ciegos de ignorancia o de pasión, que para desengaño común sobre las quimeras excitadas contra don José de Zabala y Miranda por los diputados y síndico que fueron del muy noble y muy leal Señorío de Vizcaya ofrece un amante individuo de él. Bertan jasotzen zen Kontseiluko Gobernuko eta Ganberako eskribaurik zaharrenaren zertifikazio bat, non agertzen zen, besteak beste, Madrilen agerrarazitako diputatuei eta sindikoari etxera itzultzeko baimena eman zitzaiela, Kontseiluak aginduz gero Gortean agertuko zirela zin egin ondoren; bidegabe erabilitako diruak itzuliko zituztela; Zabalaren aurka irekitako auzi kriminala artxibatuko zela, aldeak libre geratuz aurrera jarraitzeko Zuzenbide zibiletik; eta erregeak gaitzetsi zuela agertu zirenen jarduketa. Papera sinatzen zuenak baieztatzen zuenez, Zabalak erabateko garaipena lortu zuen, eztabaidatutako ohorezko puntu nagusian, eta aurkariek egin zizkioten irainen kalte-ordaina jaso zuen.

Testuinguru horretan, 1745eko apirilaren 25ean, erregeari eskari bat helarazi zioten Antonio Julian Orueta eta Pedro Joseph Mugertegi diputatuek. Txosten zabal batean eskatzen zioten monarkari haien aurreko diputatu zigortuei ezarritako zigorra, bidegabe erabilitako diruak Jaurerriari itzultzekoa, barkatzeko. Jaurerriaren txosten luzearen amaieran azaltzen zen ordurako erabat finkatua zen argudioa, alegia, bereizi ezinak zirela Bizkaiaren arreta eta kezka pizten zituzten helburuak: lehenengoa, erregeari zerbitzatzea, eta bigarrena, «haren ohore garbia mantentzea». Eta 1745eko uztailaren 11n, Errejimentuak (Probintziaren gurasoekin batera) Zabalari emandako ahala atzera botatzea erabaki zuen, haren izen eta ospe ona mantendu bazituen ere. Hark izan zituen ahalak Pedro Jose Mendieta Berganza jaunari eman zizkion, hura Madrilen bizi zelako eta Bilboko Kontratazioaren Etxeko prokuradorea zelako, eta agindu zion erregeari baimena eska ziezaion, La Plata ibaiarekiko merkataritzarako Konpainia antolatzeko.

Helegiteen elaborazio-prozesua burutzeko, 1746ko urtarrilaren 20an, Joseph Zabala jaunak Memorial zabal bat idatzi zuen gai horren inguruan: Los perjuicios que sufrían los pueblos del Señorío de Bizkaia por el despótico manejo de los diputados del mismo Señorío. Madrilgo Gobernu Kontseiluan aurkeztu zuen, eta bertan jakinarazten zizkion erregeari, zehaztasunez, patrizio bilbotarrek Jaurerriko gobernu orokorraren, eta zehatzago, Bilbo hiriko gobernuaren gainean gauzatzen zituzten irregulartasun ugari eta etengabeak. Horrekin, lehen helarazitako (1745eko apirilaren 30ean) apunte de dolencias delakoa osatu nahi zuen, eta haren aburuz haiek konpontzeko beharrezkoak ziren neurriak azaltzen zituen, bere betebeharra zelakoan, erregeari zerbitzua emateko «basailu eta patrizioen legeen arabera».

Madrilgo Gobernu Kontseiluan entregatu zuen Memorial hartan Zabalak salatzen zuen Bizkaiko boterea oligarkiaren esku geratzen ari zela, batez ere Bilbon, non hiriko jaun boteretsuenek lortu zuten, «hainbat trikimailu erabilita», beren eta ingurukoen eskuetan geratzea Jaurerriko enplegu guztiak, eta Aldundiaren eta Errejimentuen egoitzak Bilbon jartzea.

Salaketa horretan, azpimarragarria da kategoria berri bat sortzen dela, «Probintziaren gurasoak» izeneko kategoria. Zabala larritu zen gehiegikeria berri horren aurrean, izan ere, Aldundian biurtekoa egin ondoren, diputatuak igarotzen ziren «Probintziaren guraso» izatera, foruak ebazten zituen irizpide guztien kontra, eta «beren nahikeria eta helburu partikularrak, beste asmorik gabe». Une horretatik aurrera, Probintziaren gurasoak Aldundi eta Errejimentuetan integratzen ziren, diputatuen deiaren arabera eta, etorri ala ez, beren iritziak eragina zuen Jaurerriaren auzien ebazpenean, nahiz eta auzi horien ebazpena Gernikako Batzarren eskumena izan. Zabalaren ustez, guraso horien jarduerak kalte handiak ekartzen zizkion Jaurerriari, besteak beste, gobernu-organo baten eskumenari, alegia, Errejimentuaren eskumenari zegozkion auzietan, hura Batzarrak izendatzen baitzuen.

Zabalak kritikatu zuen beste gauzetako bat zen Jaurerriak bi urtez behin egiten zuen idazkari-izendapena, izan ere, izendapen horietan, oro har, «idazkari-ikuskapenaz ulertzen ez zuten» eskribauak aukeratzen ziren, eta karguak berritzen ziren «auzien eta aurrekarien kudeaketaz ikasten hasiak zirenean». Bestalde, haren irudiko, Jaurerriko lanpostuak bidegabe ugaritzen ari ziren, batez ere abokatu eta prokuradoreenak, «hainbesteraino ugaritzen ari dira, beren helburu bakarra da auzi biziatuak sustatzea, justifikatu ahal izateko beren defentsa bidegabeak, iruzurrak eta trikimailuak».

Zabala oso kritiko ageri zen, baita ere, Batzar Nagusien funtzionamenduarekin, Gernikako Batzarrera etortzen ziren Bilbotik kanpoko ordezkariek ez zutelako izaten informazio nahikoa tratatu beharreko gaiei buruz, Aldundiaren deialdietan ez baitzitzaien ematen batzarreko auzien gainean behar zen informazioa. Are gehiago, Aldundiak beretzat hartzen zituen Batzar Nagusiei zegozkien eskumenak. Esate baterako, Jaurerriaren ordezkaritza osoa Batzar Nagusietan elkartzea saihesteko, aitzakia jartzen zuten Batzarra elkartzea gastu handia zela, eta auzia Aldundian erabakitzen zuten. Gainera, «cuando les parece variar algún acuerdo de Juntas lo executan por el término de un mes o dos, que por este tiempo queda a su arbitrio la extensión de acuerdos, sin rúbrica de vocales, ni estos con copia fee haciente de ellos».

Zabalak esan zuenaren arabera, gehiegikeriazko eta ustelkeriazko giro haren errudun handienak Jaurerriaren kontsultoreak ziren, izan ere, «por todos estos artificiosos medios y otros, consiguen se venere en Juntas qualquier dictamen suyo y que se acuerde por ley ynviolable quanto llevan meditado desde Bilbao». Beren helburuak ziurtatzeko, «llevan ganados a los abogados consultores, que concurren a estas actas con pretexto de [ser] intérpretes de el fuero». Horrez gain, kontsultoreen etengabeko esku-hartzeagatik «se cerraban las puertas al recurso a la justicia e indemnidad de agravios que toda comunidad o individuo particular quisiera solicitar en Juntas a través de sus memoriales pues, sujetos estos a la censura de los consultores, no se anotaría ningún memorial de agravios que denunciase los causados por ellos mismos, los diputados o sus confederados».

Zabalak, salaketa egitetik harago, 28 puntuko arautegi berri bat ezartzea proposatu zuen, aldaketak eramanez erakunde bizkaitarren funtzionamendura, eta horiez gain, hamar konponbideren zerrenda luzea, haren ustez beharrezkoak, Jaurerriaren egoera politikoa eta ekonomikoa zuzentzeko.

Memorialaren irakurketak ondorioak izan zituen. 1746ko martxoaren 10ean erregeak El Pardotik Kontseiluari igorri zion, eta han erabaki zen, hilaren 14an, fiskalaren esku uztea. Haren erantzunak, 1746ko apirilaren 26an, arrazoia Zabalari ematen zion, «basailu eta patrizio onen legea» baliatu zuelako. Kontseiluak onartu zuen fiskalaren irizpena eta erregeari proposatu zion, ekainaren 3an, Gortearen bisitatzaile bat izenda zezan, «por lo comveniente que será se alle autorizado para la importancia de el asunto»…«y para asegurar el acierto en un negocio tan grabe y conducente a las regalías y beneficio de la causa pública de todo el Señorío y lo particular de la villa de Vilbao».

Erregeak, 1746ko azaroaren 27an, Pedro Samaniego Monterreyar Córdoba izendatu zuen bisitatzaile eta ministro. Bizkaira 1747ko urtarrilaren 7an iritsi, (Zabalaren memoriala argitaratu eta urtebetera) eta Errejimentuan elkartu zen Jaurerriko bi diputatu, 12 errejidore eta bi sindikoekin, Basabilbaso eskribauaren aurrean, Uribarri idazkaria ordezkatzen baitzuen hark. Errejimentuan erakutsi zizkien bisita haren gobernamendurako agindua eta instrukzioa.

Jaurerriak erregearengana jo zuen, diputatu nagusiek 1747ko urtarrilaren 11n sinatutako errepresentazio baten bidez, leporatu zitzaizkien erruetatik erator zitezkeen karguei erantzuna emateko, eta Bizkaiak erakuts zitzan Koroarekiko leialtasun eta obedientzia etengabeak. Eta maiatzaren 29an Errejimentuaren Batzarrera deitu ziren merinaldeak, hiribilduak eta hiriburua, erregeari helarazteko onartzen zela Jaurerriari eskatutako 30.000 pesoren dohaintza. Samaniegok amaitutzat eman zuen bere eginkizuna, eta Jaurerria errugabetu zuen, Zabalak aurkeztu zituen gehiegikeriazko akusazio larrietatik.

Fidel Sagarminagaren esanetan, Zabalak salatutako gehiegikeriak ezkutatu zitzaizkion bisitatzaileari, baina argitara atera ziren beste gehiegikeria batzuk, Enkarterrietan zenbait jauntxo handiren itzalpean egindakoak, eta Jaurerriko diputatuek ozenki salatu zuten Jaurerriaren egonezinaren egiazko arrazoiak ez zirela Bizkaiko foru-gorputzek egindako ustezko gehiegikeriak, ezpada Jaurerria 1733tik jasaten ari zen beste gehiegikeria batzuk, askoz ere larriagoak eta egiazkoak, hala nola berrikuntzak, bortizkeriak eta zapalkuntzak.

Aurrez aurreko horren ondorioz, Jaurerriak Koroarekiko (hari eskatu behar zion foruen berrespena) zuen fideltasuna argi jaso beharrez, Jaurerriko  kontsultore Pedro Fontecha Salazarren lana, Escudo de la más constante fe y lealtad, inprimatzeko agindua eman zen, 1748-1749an. Haren antz handikoa zen Fontechak berak 1743an idatzitako Verídica y puntual representación…

Obrak

Manifiesto, que al M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya, en su Junta General de Guernica, presenta su Diputado en la Corte de Madrid don José de Zabala y Miranda, con puntual relación del principio, progreso y estado de la pretensión de su orden entablada sobre establecer en la villa de Bilbao comercio y navegación por reglas de Compañía para la carrera de Buenos Aires u otras de la América. Jaurerrian hedatutako inprimakia.

Luz a los ciegos de ignorancia o de pasión, que para desengaño común sobre las quimeras excitadas contra don José de Zabala y Miranda por los diputados y síndico que fueron del muy noble y muy leal Señorío de Vizcaya ofrece un amante individuo de él. Bizkaiak hedatutako paper inprimatua (liburuxka).

Memorial de don Joseph de Zabala y Miranda sobre «Los perjuicios que sufrían los pueblos del Señorío de Vizcaya por el despótico manejo de los Diputados del mismo Señorío», AHN, Estatua, leg, 201 (1). Ayerbe Iribar, M.ª R. (arg.), «Defensa de las regalías y beneficio de la causa pública» de Don Joseph de Zabala y Miranda, Bizkaia, 1746. La Diadema del Rey. Vizcaya, Navarra, Aragón y Cerdeña en la Monarquía de España (siglos xvi–xviii), J. Arrieta, X. Gil eta J. Morales (koork.), Bilbo: EHU, 2017, 278.-304. or.

Bibliografia

Arrieta Alberdi, J., «Estudio introductorio», in Pedro de Fontecha y Salazar,Escudo de la más constante fe y lealtad [del Muy Noble y Muy Leal Señorío de Vizcaya], Bilbo: EHUko Argitalpen Zerbitzua, 2015, 189.-225. or.

Ayerbe Iribar, M.ª R. (arg.), «“Defensa de las regalías y beneficio de la causa pública” de Don Joseph de Zabala y Miranda, Vizcaya, 1746», in La Diadema del Rey. Vizcaya, Navarra, Aragón y Cerdeña en la Monarquía de España (siglos xvi–xviii), J. Arrieta, X. Gil eta J. Morales (koord.), Bilbo: EHU, 2017, 278.-304. or.

Aipamen bibliografikoa

Ayerbe Iribar, R. Mª., “Zabala y Miranda, José”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 399-403.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP