Karguak eta lanbideak
Jauna eta bidaiaria
Ibilbidea
Rhin Behereko familia noble bateko kidea zen. Erromesaldi luze bati ekin zion hogeita bost urte zituela eta bere egunkarian deskribatu zuen: Koloniako Arnold von Harf jaunaren erromesaldia, Italian, Sirian, Egipton, Arabian, Etiopian, Nubian, Palestinan, Turkian, Frantzian eta Espainian zehar, 1496tik 1499ra bitartean egina, eta marrazkien bidez deskribatua eta azaldua. Hiru urte iraun zuen haren bidaiak. Koloniatik abiatu zen 1496ko azaroaren 7an eta 1499ko azaroaren 9an edo 10ean itzuli zen. Bidaia luze horretan, Erroma eta Kairo bisitatu zituen, Sinai mendian San Tomasen eta Santa Katalinaren hilobietan otoitz egin zuen eta Jerusalemen egon zen. Turkiara bidaiatu zuen eta, berriz ere, Jerusalemera, eta 1499an Veneziatik Santiago de Compostelara erromes joan zen, lehorreko ibilbide bati jarraituz eta, besteak beste, hiri hauetatik igaroz: Padua, Verona, Milan, Turin, Saint-Antoine-en-Viennois, Tolosa, Ortheze, Salbaterra Bearno eta Donibane Garazi. Pirinioak zeharkatu zituen eta Orreagatik sartu zen Penintsulan, eta, ondoren, Donejakue bide frantsesari jarraitu zion Compostela eta Finisterreraino. Itzulerako bidea Burgostik egin zuen, eta Hermann Küningek aipatutako beheko bidea erabiliz, Gasteiz, San Adriango tunela, Tolosa eta Irun igaro zituen, eta handik Koloniaraino.
Bidaiari buruzkokontakizun luze bat idatzi zuen —zenbait xehetasunetan xvi. eta xvii. mendeetako alemaniar zaldunen bidaien aitzindaria da— eta bere jaunari (Jülich kondea) eta haren emazteari (Sibylle von Brandenburg) eskaini zien. Idazlan horretan, garbi islatzen da Erdi Aro berantiarraren eta Errenazimentu goiztiarraren arteko haustura-egoera, eta, horren aurrean, egileak berak oso ikusle kritiko baten ikuspegia erakusten du.
Harff eta bere bidelagunek zaldiz egin zuten bidea Burgoseraino, eta han mandoz jarraitu zuten. Ibilbideari buruzko kalkuluen arabera, Veneziatik 2.100 kilometro inguru egin zituen. Kontakizun xehea eta zehatza da, lekuen arteko distantziak ematen ditu eta leku horiek erraz identifikatzen dira. Gainera, bi aldiz kontatzen du ibilbidea, bata igarotzen dituen lekuei buruzko iruzkin eta oharrak eginez, eta bestea etapei buruzko zerrenda huts bat emanez. Hainbat lekuren berezitasun geografikoak aipatzen ditu, baita ibaiak, zubiak eta gotorlekuak ere. Askotan, haserrea adierazten du, bidean etengabeko bidesariak ordaindu behar direlako, batez ere Pirinioen inguruko distantzia laburretan.
Hala ere, nabarmena da Espainian zehar egin zuen bidea ez zela atsegina izan: «Halaber, Orthezetik Santiago de Compostelaraino ez duzu ostatu onik aurkituko, ez zuretzat, ez zaldientzat. Jatekoa eta edatekoa bidean erosi beharko duzu, eta zaldiarentzat ez duzu aurkituko ez olorik, ez belarrik, ez lastorik». Bidaiaren egoera txarrez gain, itzulerako bidean, Burgostik hurbil, Arnoldi eta bidelagunei ezbehar bat gertatu zitzaien. Eraso, jipoitu eta zeukaten guztia kendu zieten, eta bi bidelagun hil egin zituzten: «orduan, espainiarrek kalte larria egin ziguten. Gure erromesetako bi hil zituzten. Nire zerbitzariak eta beste asko atxilotu zituzten, bultzaka eta kolpeka».
Etnologiaz interesatzen da emakume gaskoien burugainekoa deskribatzen duenean, edo Paskcayengo emakumeen jantziak: «Gaskoinian, emakumeek buruan adar-itxurako lihozko zapi luze bat daramate, bi arra luze direnak», «bestalde, Paskcayengo emakumeek ezohiko altuerako kofia biribilkatuak daramatzate, gizonezko fedegabeek egiten duten bezala, eta, gehienetan, oso ondo apaindutako larruak darabiltzate beti soinean. Neska guztiak, berriz, honela jantzita dabiltza kalean, lotsarik gabe: ile motza dutela eta buruzapirik gabe». Pascayen aipatzen duenean, badirudi bidaiariak Gipuzkoa aipatzen duela, izan ere, Santiago de Compostelatik itzultzean, Gasteiz igaro ondoren, Trianport (San Adriango tunela) aipatzen duenean: «Han bukatzen da Hyspanien, baita hango hizkuntza ere. Hortik aurrera, Paskayen eta euskara hasten dira», eta, ondoren, Ordizia, Legorreta, Tolosa… Iruneraino.
Bere ibilbidean, euskarazko zenbait hitz eta zenbaki bildu zituen: «Pascayengo hizkuntza idaztea oso zaila da eta hitz batzuk bildu ditut, hemen behean idatzita dagoen bezala:
Pascaysche hizkuntza: ogea “ogia”, arduwa “ardoa”, oyra “ura”, aragi “haragia”, gasta “gazta”, gaza “gatza”, oluwa “olua”, huetza (agian, iratzea izango da, baina von Harffek stroe itzultzen du, gaur egungo alemanez, Stroh “lastoa”), norda “nor da?”, schambat “zenbat da?”, hytzokosanma “etxeko jauna, ostalaria”, gangon dissila “egun on dizuela”, scatuwa ne tu so gausa moissa (esanahietako bat hau izan daiteke: “gazte eder hori, oheratu nirekin”).
Zenbatzeko: bat “bat”, bij “bi”, yron “hiru”, lae “lau”, boss “bost”, see “sei”, sespe “zazpi”, tzortzey “zortzi”, wedeatzey “bederatzi”, hammer “hamar”».
Nafarroan zehar egindako ibilbideari dagokionez, Orreagara iritsi zen, eta han ikusi zuen abadia deskribatzeko modukoa irudi zitzaion «Orreagako mendira igo ginen. Auritz salbuespen txiki bat da eta Orreagako mendian dago. Baina, lehenengo, Auritzetik gertu dagoen komentu garrantzitsu batera abiatu ginen, behartsu eta erromesentzako ospitale bikaina duen abadia handi batera. Komentuan, adar handi eta luze bat erakutsi ziguten, Errolan Handiaren ehiza-adarra omen zena», aurrera jarraitu zuen Ponte de Paradyss-etik (Zubiri?) eta Larrasoañatik, eta Iruñera iritsi zen. «Hiri hau handia eta ederra da, baina ez du inguruan ez harresirik, ez babes-hobirik. Iparraldean, hiria bukatzen den aldean, antzinako jauregi bat dago, eta, bertan, Nafarroako erregeak beti du gortea. Oraingo erregea hogei urteko gizon gazte bat da, Foixeko jaun-andreen semea (Joan III.a, 1477an jaioa, Nafarroako erregina Katalina Foixekoarekin ezkondua)». Bidaian aurrera egin zuen, leku hauek aipatuz: Gendulain, Gares «hiribildu txiki bat», Lizarra «hiribildu txiki eta luze bat», Urbiola «herri bat», Los Arcos «hiribildu txiki bat, mendi gainean gotorleku bat duena», Viana «hiribildu txiki bat, mendixka baten gainean». Eta Logroñora iritsi zen: «Hemen zaldiz zeharkatzen da harrizko zubi bat. Ibaiak Ebro du izena. Hemen amaitzen da Nafarroako Erresuma eta hasten da Espainiako lurraldea».
Compostelara behin iritsita, bidaiariak bere burua deskribatzen du ezkutu batez, erromesaldiz jantzita, eskuan pordoia, buruan kapela eta Apostoluaren aurren belauniko dagoela: «Halaber, Santiago de Compostela hiribildu txiki bat da, polita eta atsegina […]. Erdian, eliza eder eta handi bat dago, eta aldare nagusiaren gainean zurezko santu handi bat dago, Done Jakue beneratzeko. Buruan zilarreko koroa bat du, eta aldarearen atzetik igotzen diren erromesek beren buruan jartzen dute; horrek aukera ematen die hango biztanleei alemaniarron kontura barre egiteko». Nolanahi ere, ez zion itxura ona hartu Santiago de Compostelari; izan ere, Apostoluaren erlikien benetakotasunari buruzko elkarren aurkako iritziek asko atsekabetu zuten eta, hiritik gogo onez irten ondoren, Santiago de Compostelarako erromesaldia eskale, lapur eta traidoreentzat soilik zela gomendagarria ondorioztatu zuen.
Santiago de Compostelatik Finisterrera jarraitu zuen, baina ia ez zuen geldialdirik egin herri horretan. Ondoren, itzulerako bideari ekin zion, Burgos, Gasteiz eta Trianport (San Adriango tunela) igaroz, lehenago aipatu den bezala: «Han bukatzen da Hyspanien, baita hango hizkuntza ere. Hortik aurrera, Paskayen eta euskara hasten dira», eta, ondoren, Ordizia, Legorreta, Tolosa… Iruneraino, eta, handik, Frantziarantz, Koloniara heldu arte.
Harff 1505ean hil zen, bidaia luze hartatik itzuli eta handik zazpi urtera. Haren hilobiko hilarrian, inskripzio bat dago haren alde otoitz egiteko eskatuz: «Otoitz egin Jainkoari erromesaren alde».
Obrak
Die Wallfahrt von Arnold von Harff, Ritter: von Köln durch Italien, Syrien, Ägypten, Arabien, Äthiopien, Nubien, Palästina, Türkei, Frankreich und Spanien, wie er sie in den Jahren 1496 bis1499 vollendet, beschrieben and durch Zeichnungen erläutert hat. Eskuizkribu antzinakoarenaren arabera; 47 irudiak xilografian. Argitaratzailea: E. von Groote, Kolonia, 1860.
Bibliografia
Herbers, K., eta Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.), Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo», Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999, 214.-231. or.
Urquijo e Ibarra, J. de, «Sobre el tocado corniforme de las mujeres vascas. Siglo xvi», in Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria,13. libk., 4. zk. (1922), 570.-581. or.
Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª, eta Uría Ríu, J., Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 103.-104. or. eta 227.-233. or.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “Von Harff, Arnold”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 358-361.





