Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

VICARIO PEÑA, Nicolas Miguel Jacinto (baita ere VICARIO DE LA PEÑA, Nicolas) (Soscaño, Karrantza, Bizkaia, 1866ko maiatzak 8 – Karrantza, Bizkaia, 1941eko ekainak 22).

Karguak eta lanbideak

Legelari bizkaitarra eta historialaria 

Ibilbidea

Karrantza Haranean jaioa, Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean, eta doktoretza lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean (1890eko ekainaren 30an) Diversos sistemas hipotecarios. Juicio crítico de nuestro Derecho novísimo izenburu zuen tesiarekin. Lehen auzialdiko epaile karguan denboraldi labur bat igaro ondoren, jabetza-erregistratzaile izateko oposaketak egitea erabaki zuen, eta 1891n gainditu zituen. Lan horretan aritu zen bai euskal lurraldeetan bai lurralde horietatik kanpo ere, Ramalesen (Kantabrian, baina jaioterritik gertu) (1893-1907) eta Valladoliden (1930-1932); eta euskal lurraldean, Markinan (1910-1915), Gernikan (1915-1917), Durangon (1917-1926) eta Donostian egon zen. Azken hau erretiroa hartu aurreko azken destinoa izan zen. Abokatua eta testu juridikoen erredaktore ere jardun zuen. Ideologia kontserbadoreko katolikoa zen, prestakuntza intelektual sendoz hornitua, eta historiarekiko jakinmin eta zaletasun handia garatu zuen. Horri esker, Historiaren Errege Akademiako kide urgazle eta Bizkaiko Monumentuen Batzordeko kide izan zen. Nabarmendu behar da, halaber, ikerketa historiko, juridiko eta fiskaletako lehiaketetan parte hartu ohi zuela arrakasta handiarekin.

Legelari bezala, Bizkaiko eta Euskal Herriko Zuzenbidearen zenbait alderdi ikertu zituen, Foru Zuzenbide zibiletik hasita. Bere lehen lana Foru Zuzenbide zibilari buruzkoa izan zen. Zuzenbide horren ohiturazkoa izaera nabarmendu nahi zuen, zeren eta usadio eta ohiturak «kontzientzia eta herri-jakinduriaren adierazpen zehatza» baitziren. Ohiturazko Zuzenbideari eta herri-ekonomiari buruzko lana Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiak 1897an antolatutako lehiaketara aurkeztu zuen. Bigarren saria lortu zuen eta 1901ean argitaratu zen. Lan horren orrietan Bizkaiko Zuzenbide pribatuaren elementu nagusiak biltzen saiatu zen. Bizkaiko ohitura-zuzenbidearen oinarrizko nozio batzuk azaltzen zituen atariko testu baten ondoren, 1. kapituluan familia-eskubidea aztertzen zuen, non Bizkaiko familiaren ezaugarri sozioekonomikoak eta juridikoak azaldu zituen. Ondoren, jabetza-eskubidearen ezaugarriak jaso zituen, eta 3. kapituluan azaldu zuen testamentua egiteko askatasuna Bizkaiko oinordetza-zuzenbidearen funtsezko elementu gisa. Azkenik, kontratatzeko eskubidea aztertu zuen, ez zituen kontratu motak bakarrik aztertu, baita elkarte ereduak ere, hala nola, arrantzaleen kofradiak. Gaia ondo ezagutzen zuenez, Espainiako Kode zibilari eta Bizkaiko Zuzenbidearen Eranskin proiektatuari buruzko eztabaidan parte hartu zuten. Zehazki, Carlos de la Plazak idatzi eta Batzordeak onartutako testuari buruz iritzia eman zuen, izan ere, Plazaren proiektu hura jendaurrean jarri zen eztabaidarako eta informaziorako, nahi zuten pertsona eta korporazioek beren iritziak, ideiak edo iruzkinak bidal zitzaten. Batzordeak bost plegu jaso zituen, besteak beste, Nicolas Vicariok egindako koaderno potolo bat, 1899ko abenduaren 31n Karrantzan egina eta argitaragabea, Itziar Monasteriok 1995ean argitaratu zuen arte.

Hurrengo lanak euskal esparru juridikoko hainbat gairi buruzkoak izan ziren, non tokiko antolamendu juridikoaren alderdiak zehazten zituen, bai iraganekoak, bai oraingoak. Hala, euskal probintziek, oro har, eta Bizkaiak bereziki, egindako ekarpen fiskalak eta militarrak aztertu zituen, euskal lurraldeetako Foruen aurkakoentzat eztabaidagai izan ziren gaiak. Hainbat lan egin zituen ekarpen fiskal horiek aztertzeko, baina lehenengo lana Kontzertu Ekonomiko sortu berriari buruzko ikerketa izan zen, 1901ean Bilbon egindako lehen lore-jokoetan Bilboko El Sitio elkartearen sari berezia lortu zuena. Ikerketa hurrengo urtean argitaratu zen izenburu honekin: Los conciertos económicos en las Provincias Vascongadas. Vicario Peñak jarraitu zuen gai horrekin lanean, eta bigarren argitaraldia 1909an egin zen, 1906ko kontzertuaren berrikuspenaren ingurukoaz gehituta. Azterketa zorrotza egin zuen, eta negoziazioak eta arauak berreraiki zituen. Euskal kontzertuez gain, Nafarroako kasua ere azaldu zuen.

Ekarpen militarrak Donostiako hitzaldi batean azaldu zituen, Euskal Herriko Tradizioaren Jaietan. 1905ean argitaratu zen, Memoria anual del servicio militar de las Vascongadas izenburupean. Bertan, euskal lurraldeen ezaugarri komunak eta partikularrak aztertu zituen, 1876ko uztailaren 21eko Legearen atalasea gaindituz. Une hartan, «foru-erakundeen zuhaitz hostotsua puskatu zen», baina azpimarratu zuen eremu militarrean «abolizioa ez zela erabatekoa eta osoa izan», izan ere, Karlistaldian matxinatuen aurka borrokatu zuten boluntario taldeak salbuetsita geratu baitziren, eta mikelete eta miñoiek iraun egin baitzuten. Lan horretan, berriro erakutsi zuen dokumentuak erabiltzeko gaitasuna; izan ere, aipatutako salbuespen militar partzial horri buruzko arauak eta jurisprudentzia berriak eman zituen lanaren bukaeran.

Tarte horretan, Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiak antolatzen zuen Ohiturazko Zuzenbideari eta herri-ekonomiari buruzko lehiaketan parte hartu zuen berriro, 1901eko edizioan. Aurreko aldian ohiturazko mundua Bizkaiko ikuspegitik aztertu zuen, eta Zuzenbide pribatuari erreparatu zion; oraingoan, ordea, hiru euskal probintziak eta Zuzenbide publikoa aztertuko zituen. Lan horrekin lortu zuen lehiaketako lehen saria eta 1903an argitaratu zioten, Costumbres administrativas de la autonomía vascongada izenburupean. Bertan azaltzen zituen, euskal lurraldeen egitura juridiko eta instituzionala, batetik eta, ahalmen eta eskurantza administratiboak eta horien praktikak bestetik, foruak ezabatu eta kontzertu ekonomikoak ezarri zirenetik. Hiru zati zituen lanak, euskal autonomia baten existentzia azaltzeko sarrera batekin hasten zen. Ondoren, lehenengo zatian, hiru lurraldeetako diputazio probintzialen eskuduntzak azaltzen zituen. Eta azkenik, Bizkaiko kasua arretaz aztertzen zuen. Haren helburuak bi ziren, bat, euskal autonomia bazegoela erakustea, neurri handi batean kontzertu ekonomikoetan islatuta zegoena, eta bi, tokiko ohituretara jotzeko beharra, idatzizko araurik ezak eragindako hutsuneak betetzeko beharragatik, 1876ko uztailaren 21eko Legeak ez baitzituen indargabetu ohiturazko arau haiek.

Bere lanen arrakastarekin batera, ospe akademiko eta soziala lortu zuen, eta harremanak izan zituen garaiko beste legelari garrantzitsu batzuekin. Horren erakusgarri da Gregorio Balparda historialariarekin izan zuen harremana. Balpardak 1905ean eskatu zion Bilboko Zuzenbide eta Gizarte Zientzietako Akademian kontzertu ekonomikoei buruzko hitzaldia emateko, urte berean argitaratu zena. Urte batzuk geroago berriro ekin zion gai honi, Bizkaiko Aldundiak 1921eko azaroan deitutako monografia-lehiaketara aurkeztu zenean, 1926rako aurreikusita zegoen hurrengo kontzertu ekonomikoaren berrikuspena prestatzeko helburuarekin. Bizkaiko Aldundiak, besteak beste, nabarmendu nahi zituen kontzertu ekonomikoek Estatu osorako zituzten alderdi onuragarriak. Aldi hartan Vicario Peñak Fiat lux. Monofrafía sobre tributación comparada de Vasconia y de otras provincias españolas lanarekin parte hartu zuen. Hark ateratako ondorio nagusiak hauek ziren: euskal probintziek zergak ordaindu egiten zituztela (alderaketak egin zituen horretarako), baina euren aberastasunaren arabera, eta sistemak berez bazuela berritzeko eta negoziazioak egiteko behar ezinbestekoa. Ikerketa hura 1923an aurkeztu zuen lehiaketara, baina lehiaketa tirabiratsua izan zen, zenbait erreklamaziorekin, besteak beste, Vicario Peñarena. Horregatik, haren testua argitaragabe geratu zen, Eduardo A. Olearen lanari esker 2000. urtean argitaratua izan zen arte.

Jabetza-erregistratzaile gisa egindako lanak eta ikerketa- eta publizitate-lan itzelak ez ziren oztopo izan abokatu eta aholkulari juridiko izateko, eta zenbait irizpen idatzi zituen, horietako batzuk Enkarterriko erakundeen interesak defendatzeko. Aipatzekoa da bere parte hartzea Miguel Sainz Indo indianoak eratutako ongintza-fundazioen inguruan izandako eztabaidan; aldi hartan Karrantzako Udalaren alde egin zuen eta haren eskubideak eta administrazioa erreklamatu zuen. Vicario Peñak atxikimendu handia erakutsi zuen bere jaioterriarekiko eta Enkarterriarekiko. Izan ere, bere bizitzako azken urteetan geologiari loturiko zaletasun bitxia garatu zuen, eta baita Karrantzako haranari buruzko azterketa bat egin ere. Karrantzako historia bat utzi zuen idatzita, hil eta hogeita hamalau urtera argitaratu zena. Argitaratu gabe dauden beste lan batzuk ere idatzi zituen, hala nola «Derecho consuetudinario de Guipúzcoa». Hain zuzen ere, Karrantzan amaitu zituen bere azken egunak, gerra zibilean bando errepublikanoak preso hartuta egon ondoren, Julio Urkixok esan zuenez.

Nikolas Vicario Peña legelari gisa nabarmendu zen, eta bere ezaugarrietako bat bere lanean moldaerraza izatea zen. Euskal, Herriko eta, bereziki, Bizkaiko Zuzenbide publikoaren eta Zuzenbide pribatuaren alderdiak aztertzeko gai zen. Zuzenbidearen alorrean egin zuen lan eskergak, esparru akademikoa ere gainditu zuen, Foruen bizipenei eta euskal lurraldeak Estatuan kokatzeari buruzko eztabaida publikoan parte  hartu baitzuen. Beren lana aztertu duten ikertzaileek nabarmendu dute bazuela atxikimendua praktika juridikoarekin eta arau juridikoak aplikatzeko eta interpretatzeko moduarekin. Hala, kontzertu ekonomikoak aztertzean, haiek negoziatzeak zuen garrantzia azpimarratu zuen. Zuzenbide zibilari dagokionez, arreta berezia jarri zuen Bizkaiko Foru Berritik haratago zihoazen Bizkaiko beste Zuzenbide-iturri batzuetan, hala nola auzoetako usadioetan eta ohituretan.

Obrak

(Hautaketa). 

Derecho Consuetudinario de Vizcaya, Madrid: Imp. del Asilo de Huérfanos del Sagrado Corazón de Jesús, 1901 (berrarg. eta oharrak Itziar Monasterioren eskutik, Derecho consuetudinario de Vizcaya: observaciones al proyecto de Apéndice del Código civil para Vizcaya y Álava, Bilbo: Universidad de Deusto, 1995).

Los conciertos económicos en las Provincias Vascongadas, Bilbo: Elexpuru hnos., 1902 (berrarg. Bilbo: Imp. de Andrés P. Cardenal, 1909) [faks. berrarg.: Eduardo J. Alonso Olearen sarrerarekin, Foru Ogasunarem Klasikak bilduman, 2. zk., Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Institutua (Euskal Herriko Unibertsitatea), 1997].

Costumbres administrativas de la autonomía vascongada, Madrid: Imp. del Asilo de Huérfanos del Sagrado Corazón, 1903.

Memoria acerca del servicio militar de los Vascongados, leída en el salón de actos del Instituto de Guipúzcoa con ocasión de las «Fiestas de la tradición del pueblo vasco», Donostia: Imp. de la Provincia, 1905, 84 or.

Información sobre el concierto económico, Bilbo: Imp. de la Casa de la Misericordia, 1905.

El noble y leal valle de Carranza, Bilbo: Junta de Cultura de Vizcaya, 1975.

Fiat lux. Monografía sobre tributación comparada de Vasconia y de otras provincias españolas, Eduardo J. Alonso Olea (arg.), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia-Euskal Herriko Unibertsitatea, 2000.

Bibliografia

ALONSO OLEA, E. J., «Introducción», Fiat lux. Monografía sobre tributación comparada de Vasconia y de otras provincias españolas, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia-Euskal Herriko Unibertsitatea, 2000, XIII-XLIII. or.

MIGUEL ALONSO, A. (zuz.), Doctores en Derecho por la Universidad Central. Catálogo de tesis doctorales, 1847-1914, Madrid: Dykinson, 2018.

MONREAL ZIA, G., «Codificación civil y legislación foral de Bizkaia», AHDE, 83 (2013), 151-261. or.

ITURRIAK

Actas de las sesiones celebradas por la Comisión Especial de Codificación de Vizcaya, berrarg. Andres Maria URRUTIAren oharrekin, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2004.

KOLDO MITXELENA KULTURUNEA, Erreserba funtsa, J.U. 108205506. Nikolas Vicario Peñak Julio Urkixori idatzitako eskutitza, Karrantza, 1938ko apirilak 18, eta eranskinak.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP