Karguak eta lanbideak
Merovingioen Galiako poeta eta idazle latindarra, Poitierseko apezpikua izan zen 594. urtetik hil arte
Ibilbidea
Venantius Honorius Clementianus Fortunatus berak Duplavis deitzen zuen eskualdean jaio zen, Trevisotik gertu (Veneto, Italia). Hezkuntza klasikoa jaso zuen, Ravenan. Han, grekoko oinarrizko ezagutzak ikasi zituen eta poeta latindar pagano eta kristauen obren eragin handia jaso zuen. 566. urtearen hasieran, merovingioen Galiara joan zen; hain zuzen, Metz hirira, Austrasia erresumaren hiriburura. Laster, bere literatura-gaitasunengatik nabarmendu zen, eta urte horretako udaberrian, handikientzat eta apezpikuentzat idazten ari zen jada. Segiberto I.a erregearen ingurukoen artean sartzea lortu zuen, baina 567. urtearen amaieran edo 568aren hasieran, Neustriako Txilperiko I.aren gortean zegoen, Parisen. Hurrengo urtean, Poitiersera joan zen, eta han Radegunda erregina alarguna ezagutu zuen. Radegundak monasterio-komunitate bat sortuta zuen hiri horretan, eta, Venantzio iristean, Bizantzioko enperadore–enperatriz Justino eta Sofiarekin negoziatzen ari zen, Gurutze Santuaren zati bat Poitiersera eramateko. Poetak erreginari lagundu zion haren helburua erdiesten, eta, lortu ondoren, Venantiusek zenbait poema idatzi zituen, lorpen hori ospatzeko. 573. urtearen inguruan, Venantziok Gregorio Toursekoa ezagutu zuen eta oso lagun egin ziren. Hala, 588an, Metzera joan zen Toursekoarekin, Txildebertoren gortera, eta, han, poetak denbora-tarte batez geratzea erabaki zuen. 590eko hamarkadaren hasieran, Poitiersera itzuli zen eta apaiz ordenatu zuten, eta, 594an, apezpiku izendatu zuten eta kargu hori bete zuen hil arte. Ez dakigu noiz hil zen; agian vii. mendearen hasieran. Erdi Aroan, santutzat gurtu zuten, nahiz eta inoiz kanonizatu ez duten.
Venantzio Fortunatok zenbait obra idatzi zituen, baina haren lanen artean, ordena kronologikoari jarraitu gabe hamar liburutan (Carmina libri X) jasotako poema-bilduma nabarmentzen da. Bilduma hori, agian, Venantzio hil eta geroago osatu zen. Poemetako bat (569.-570. urtekoa) Justino enperadoreari eta Sofia enperatrizi eskaini zien, esker ona erakusteko, eta hor, bi gobernari bizantziarren balentriak goraipatu zituen, bereizita, eta haien ospea denek ezagutzen zutela dio Venantziok, poetak barbarotzat jotzen dituen zenbait herrik ere bai, eta kantabriarrak eta baskoiak aipatzen ditu herri horien artean (Carm. App. 2, 29-30 eta 83-84). Hurrengo urteetan, poeta italikoak Britania bisitatu zuen eta zenbait bidaia egin zituen Galia osoan zehar. Bertso batzuetan, Bordelen eta Tolosan egindako egonaldiak gogoratzen ditu (Carm. 1.6.8-20; 1.21; praef. sect. 4), baina baskoiei buruzko hurrengo aipamena 580. urtekoa da. Data horretan, Venantziok Txilperiko erregeari eskainitako poema bat idatzi zuen, Bernyko kontzilioa zela-eta, baina baskoien komunitateari buruz egiten duen aipamena ia aurrekoak bezain laburra da. Hain zuzen ere, adierazten du erregearen beldur zirela getak, baskoiak, daniarrak, euthioak, saxoiak eta britoiak, aitarekin batera gerran garaitu baitzituen (Carm. 9.1.73-74). Hori egia balitz, ez dakigu ziur noiz gertatuko zen Txilperikoren eta haren aita Klotarioren baterako garaipen hori baskoien aurka, frankoek bisigodoen aurka 541. urtean egindako kanpaina urruti samar geratzen baita; izan ere, Txilperikok kanpaina horretan parte hartzea ezinezkoa zen, bi urte lehenago jaio zelako. Aldiz, ante quem data 561. urtea izan daiteke (urte horretan hil zen Klotario erregea). 580ko hamarkadako uneren batean idatzitako beste poema batean, Venantzio Fortunatok animatzen du Galactorius, Burdigalako (Bordele) konde —comes— izendatu berria, ibilbide militarrean aurrera egitera eta erregearengandik duke —dux— titulua lortzera, haren agintepeko eskualdea defendatu ahal izateko, bai eta hedatzeko ere, beste urbs batzuk eta aberastasunak gerra bidez eskuratuz, kantabriarrak —cantaber— beldurtuz, eta baskoi nomadak —vasco vagus— armak uztera eta Pirinio malkartsuetatik ateratzera behartuz (Carm. 10.19.1-12).
Venantzio Fortunato Antzinate Berantiarreko azkeneko poeta handietako-tzat hartzen da, eta dinastia merovingioen garaiko Galian vi. mendearen -bigarren erdian izandako gerra zibilen lekuko izan zen. Venantzioren lekukotasuna ezinbestekoa da haren garaiko zenbait alderdi ulertu ahal izateko. Ikertzaile batzuen ustez, baskoiak aipatzen ditueneko pasarteek ez dute egiazkotasunik, mendean hartu beharreko komunitateei buruzko adierazpen erretorikoak baino ez direla pentsatzen baitute. Nolanahi ere, vi. mendeko baskoiei buruzko eta frankoekin zuten etsaitasunari buruzko erreferentzia goiztiarrenak dira, eta, horrexegatik, aipatutako bertso horien atzean benetako zerbait egon daitekeela pentsa dezakegu, hala nola nolabaiteko egonezina baskoien komunitateen artean. Eta, dirudienez, poeta italikoak izango zuen zerbaiten berri.
Obrak
Venantius Fortunatus, «Carmina», Reydellet, M. (arg.): Venance Fortunat. Poèmes. Tome I. Livres, I-IV, Paris: Les Belles Lettres, 1994; Venance Fortunat. Poèmes. Tome III. Livres, IX-XI, Appendice-In laudem sanctae Mariae, Paris: Les Belles Lettres, 2004.
Bibliografia
Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.
George, J. W.: Venantius Fortunatus. A poet in Merovingian Gaul, Oxford: Clarendon Press Oxford, 1992.
Larrea, J. J.: «Aux origines littéraires d’un mythe historiographique: l’identité basque au Haut Moyen Âge» in Banniard, H. (arg.): Langues et peuples d’Europe. Cristallisation des identités romaines et germaniques, Toulouse: CNRS, Université de Toulouse-Le Mirail, 2002, 129.-156. or.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Rouche, M.: L’Aquitaine: des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une region, Paris: Ecole des hautes études en sciences sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Venanzio Fortunato”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 131-133.





