Ibilbidea
Erromatar Inperio Berantiarrean, frankoek herri desberdinen multzo handi bat osatzen zuten, eta ez ziren nabarmendu v. mendeko migrazio-mugimendu handiak hastean. Herri-multzo horren zati handi bat foederati gisa kokatu zituzten erromatarrek Rhin ibaiaren iparraldeko eskualdean, baina mendearen erdialderako, Galian hedatzen hasiak ziren jada, erromatarren ahultasuna baliatuta. v. mendean, frankoen taldeak elkartzea lortu zen, dinastia merovingioaren agintepean, eta Galiako ipar-ekialdeko lur-zerrenda zabal bat okupatzea lortu zuten. Klovis I.a erregeak (482-511) lurralde-konkista horiek sendotu eta handitu zituen, Soissons inguruan Siagrio duxak gobernatutako eremua konkistatu baitzuen 486. urtean. Klovisek galiar-erromatar nobleziaren eta kleroaren babesa bereganatu zuen, paganismotik katolizismora zuzenean bihurtuta. Laster, armadekin ekialderantz eta hego-mendebalderantz aurrera egiten hasi zen, eta presioa eragin zuen Tolosako erresuma bisigodoaren mugetan. 507an, frankoek, bisigodoen -armada Vouilléko Guduan garaitu ondoren, Tolosako erresuma bereganatu -zuten eta beren mugak Pirinioetaraino hedatu zituzten, Septimania izeneko -lurraldea izan ezik (Narbonensis probintzia ohiaren mendebaldea). Barbaroen eta probintzietako erromatarren arteko bat-egitea oso handia izan zen, apezpikuek botere eta eragin politiko handia lortu zuten, eta laster lortu zen gizarte-homogeneizazio handia.
Hiltzean, Klovisek bere lurraldeak bere semeen artean banatuta utzi zituen, baina, hori horrela izanda ere, frankoek ez zioten hedatzeari utzi. Apurka–apurka, lurralde hauek konkistatu eta bereganatu zituzten: Proventza, eta Turingia eta Burgundia (ondoko erresumak), bai eta tokiko aristokraziaren kontrolpeko zenbait eskualde ere. Horrez gain, saxoien, bisigodoen eta beste herri mugakide batzuen aurkako kanpainak egin zituzten. Nolanahi ere, -jauregi-konspirazioak eta Klovisen ondorengoen arteko liskarrak gaitz endemikoa izan ziren, Klotario I.ak, Klovisen seme gazteenak, merovingioen erresuma guztiak bere agintepean bateratu zituen arte (558. urtea). Hiru urte geroago hil zen, eta, orduan, erresuma Klotarioren lau semeen artean banatu zen: Sigebertori Austrasia eta Reims utzi zizkion (Metz zen hiriburua), bai eta hegoaldeko zenbait hiri ere; Gontrani Burgundia utzi zion (Orléans zen hiriburua), bai eta hego-mendebaldeko hiri batzuk ere; Txilperiko Soissons hiriaren inguruko lurralde txiki baten errege izendatu zuten; eta, azkenik, Karibertori Neustria eskualdea utzi zion (Paris, Akitaniaren zati handi bat eta Novenpopulania), bai eta hego-ekialdeko zenbait lurralde sakabanatu ere. Nolanahi ere, Kariberto gazte hil zen, 567an, eta haren lurraldeak beste hiru anaien arte banatu zituzten. Horrela, banaketa berri horrekin, hiru politika-unitate eratuz joan ziren: Neustria, Austrasia eta Burgundia. Bitartean, mendebaldeko muturrean, errege frankoek ezin izan zuten Armorikako penintsula eraginkortasunez mendean hartu, eta eskualde horrek autonomia handia izaten jarraitu zuen —Bretainia izena hartu zuen Armorikak, bretoiak lurralde hori kolonizatzen ari baitziren aurreko mendetik—. Antzeko egoeran egon ziren baskoiak Galiako hego–mendebaldean, frankoek etengabeko ahaleginak egin baitzituzten hurrengo mendeetan, lurralde horretan nagusitasun iraunkorra ezartzeko.
Lurraldetasuna tarteko, aipatutako hiru erresuma merovingioek ez zuten bat egin, eta geografia-banaketa desorekatuak tentsioak eragin zituen, bai eta zenbait gatazka armatu sortu ere. 582. urterako, Neustriako errege Txilperikok Gontranen Akitaniako eta Novenpopulaniako lurraldeak bereganatu zituen, Bourges hiria izan ezik. Txilperiko 584. urtean hil zen, eta, orduan, Gundobaldo usurpatzailea —Klotario I.aren ustezko seme ez-legitimoa— Txilperikoren Akitaniako lurraldeen errege egin zen. Baina Austrasiako eta Burgundiako erregeek Gundobaldo garaitu zuten 585ean, eta garaipen hori mugak berriz aldatzeko baliatu zuten. Bi errege horiek, Andeloteko Itunaren bidez (587), lehen Karibertorenak izandako lurraldeak elkarren artean banatu zituzten, eta Soissonseko erresuma egoera nabarmen ahulagoan geratu zen. Hego-mendebaldean, hain zuzen ere, Gontranek Garona ibaiaren eta Pirinioen arteko lurralde gehienak bereganatu zituen, baina hiri batzuek (Lapurdo, Baiona barne) Austrasiako errege Txildeberto II.aren kontrolpean jarraitu zuten. Hala eta guztiz ere, hiru erresumen arteko tentsioak ez ziren arindu, eta, hurrengo urteetan, beste gatazka armatu eta -errege-hilketa batzuk gertatu ziren. Azkenean, 613an, Klotario II.a Soissonsekoak merovingioen lurraldeak bere agintepean elkartzea lortu zuen.
Klotario hiltzean (629), haren oinordeko Dagoberto I.ak Akitaniako hegoaldeko erdia eta Novenpopulania laga zizkion bere anaiorde Karibertori —aita bera baina ama desberdina zuten—, nahieran gobernatzeko, aita zenaren jaraunspenaren gaineko eskubideak eskatu ez zitzan. Karibertok Tolosan ezarri zuen bere gortea, eta lurraldearen mugak handitu zituen, baskoiak mendean hartuta. Kariberto 632an hil zen, eta handik hilabete gutxi batzuetara, haren seme Txilperiko ere hil zen, eta Dagobertok Akitaniako erresuma frankoen erresumara anexionatzea erabaki zuen. 639an, bretoiak eta baskoiak berriz mendean hartu eta zertxobait geroago —baskoien kasuan, arrakasta ez zen erabatekoa izan, baskoiek frankoen tropen zati bat garaitu baitzuten, borroka bakan batean—, Dagoberto hil egin zen, erresuma bere bi semeen artean banatu ondoren: Austrasia Sigeberto II.arentzat, eta Neustria eta Burgundia, berriz, Klovis II.arentzat.
Une horretatik aurrera, dinastia merovingioaren gainbehera hasi zen, hurrengo erregeak, gerra zibiletan, matxinadetan eta jauregi-konspirazioetan nahasita, beren betebeharrak eta eginkizunak beren emazteen, senideen eta, batez ere, jauregiko nagusiaren kargua betetzen zutenen esku lagatzen joan baitziren. Oro har, errege horiek gazteak eta izaera ahulekoak ziren, eta ez ziren gai eraginkortasunez gobernatzeko; horregatik, historiografia tradizionalak «errege alferrak» ezizena egotzi die. Hala, botere zentralaren ahultasuna eta merovingioen erresumen arteko etengabeko liskarrak baliatuta, zenbait eskualde periferiko gero eta autonomia-maila handiagoa lortuz joan ziren, hala nola Akitania: duke baten agintepean egon zen vii. mendearen bigarren erdialdetik aurrera. Akitaniako hurrengo dukeek botere handia biltzea lortu zuten, eta, praktikan errege frankoengandik ia independenteak ziren, eta iheslari politikoak hartzera eta merovingioen arteko gerra zibiletan alderdi baten edo bestearen alde egitera ere iritsi ziren. Halaber, duke horiek eragin handia zuten baskoiengan, eta ziur esan daiteke baskoiek dukerriko armadaren gehiengoa osatzen zutela viii. mendearen hasieratik. Dinastia merovingioak 751. urtera arte iraun zuen. Urte horretan kendu zuten tronutik Txilderiko III.a, azken errege merovingioa, eta karolingioek eskuratu zuten tronua. Familia horretako kideak jauregiko nagusiak izanak ziren luzaroan, hain zuzen ere, eta, horrela, frankoen erresumaren historiaren aldi berri bat hasi zen.
Merovingioen garaiko idazkietan, haien garaikide bisigodoen idazkietan bezalaxe tratatzen dituzte baskoiak. Pirinioen hegoaldeko egileek egiten zuten moduan, baskoiak aipatu zituzten egile frankoak ere errealitate -horretatik kanpoko ingurune kultural eta geografiko batean bizi ziren, eta -handik idatzi zituzten beren lanak. Egileek guztiz zehaztu gabeko errealitate bat adierazteko erabiltzen dute baskoia termino klasikoa, baina kultura greko–erromatar kristauan komunitate barbaroei aplikatzen zaizkien topiko literarioekin lotuta ageri da hitz hori; hau da, «menditarrak», «basatiak» eta «paganoak» dira egile horien erretorikan adierazten diren ezaugarriak. Bestalde, godoen kasuan bezala, baskoiek bigarren mailako posizioa dute frankoen idatzietan, baskoien ekintzak frankoen erresuman nolabaiteko eragina dutenean soilik aipatzen baitituzte. Egile merovingioentzat, baskoiak borrokatu eta kontrolatu beharreko biztanleria–multzoak ziren, kokapen estrategikoa zutelako frankoen eta bisigodoen erresumen artean, eta etsaitasunezko jarrera zutelako ondoko herriekiko. Errege merovingioek baskoiak konkistatzeko egindako ahaleginek erakusten dute errege horiek ez zirela gai izan Baskoniako biztanleak merovingioen munduan modu eraginkorrean eta iraunkorrean integratzeko. Horregatik, baskoiak biztanleria atzerritartzat hartzen zituzten, eta, beste batzuetan, berriz, merovingioen erresumako periferian kokatzen zituzten. Aipatutako iturri literario horiek erabil-tzean, kontuan hartu behar dugu baskoiei ematen zaien trataera aldatu egiten dela egilearen eta obraren izaeraren arabera. Esate baterako, Venantzio Fortunatoren olerkietan eta hagiografietan, baskoien komunitateari buruzko erreferentziak ikuspegi erretoriko eta literario batetik egiten dira, baina, aldi berean, baditugu informazio zehatzagoa ematen duten lan historiografikoak, hala nola Gregorio Toursekoaren Historiae direlakoak edo Fredegarioren kronika deituriko lana. Dena dela, idazki horietan guztietan, mendekotasun handia dago aurretik ezarritako joera narratiboekiko.
Bibliografia
Bachrach, B. S.:The anatomy of a little war. A diplomatic and military history of the Gundovald affair (568-586), Boulder-San Francisco-Oxford: Westview Press, 1994.
Dumézil, B.: Servir al estado bárbaro: del funcionariado antiguo a la nobleza medieval (siglos iv-ix), Granada: Universidad de Granada, 2017.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Rouche, M.: L’Aquitaine des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une region, Paris: Ecole des hautes études en sciences sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.
Wood, I.: The Merovingian Kingdoms 450-751, London-New York: Routledge, 1994.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 128-130.





