Karguak eta lanbideak
Itsas gerlaria, politikoa, poeta satirikoa eta jakintsua
Ibilbidea
Matematika, Humanitateak eta Hizkuntzak ikasi ondoren, 1782ko abuztuaren 4an guardiamarina sartu zen, Espainiako Errege Akademiak Elogio de Alfonso el Sabio lana saritu zion urte berean, eta Gibraltarreko setioan parte hartu eta Espartel lurmuturrean borrokatu zen urte berean. Merezimendu horiengatik fragatako alferez kargura igo zen.
1786an sartu zen Historiako Errege Akademian. Harentzat idatzi zituen Diccionario Geográfico de España lanerako arau zuzentzaileak, eta Diccionario náutico batean ere lan egin zuen, inoiz argitaratu ez bazen ere. 1786an argitaratu zuen Plan de educación para la nobleza lana. Cadizko behatokian lan egin zuen eta 1789an egin zuen, Felipe Bauzarekin eta Vicente Tofiño itsasgizon eta matematikariarekin batera, Atlas marítimo de España lana, non posizio astronomikoak zehazten ziren eta lehenengo aldiz agertzen ziren Espainiako itsasertzeko nabigaziorako jarraibideak. 1787an argitaratu zuen Descripción de las islas Pithiusas y Baleares lana, eta handik bi urtera, 1789an, San Fernandoren Akademian sartu zen.
Itsasontziko teniente karguan zela parte hartu zuen, 1792 eta 1797 bitartean, Frantziako Errepublikaren aurkako Konbentzio Gerran, Toulon hiriaren okupazioan, eta hainbat misiorekin Italian. 1797an Jovellanosek izendatu zuen Reglamento de la Escuela de Pajes delako araudia prestatu zuen Instrukzio Publikoko Batzordeko kide. Godoyk Madriletik urrun nahi zuela-eta, 1798ko apirilaren 15ean Espainako itsas armadaren historia idazteko agindua eman zitzaion. Horretarako, Katalunian eta Euskal Herrian lan egin zuen, bidenabar beste komisio batzuk zituela. Zehazki, Godoyren gobernuari Gipuzkoako udal artxiboetatik ateratako informazioa ematea beren tesia frogatzeko, alegia, Gipuzkoa 1200an konkistatua izan zela eta haren foruak Gaztelako errege-erreginek emandako pribilegio hutsak zirela, noiz- nahi eman edo kentzen ahal zirenak. Era horretan sustatu nahi zuten Nafarroaren aldarrikapena, Irun, Lezo eta Hondarribia beretzat berreskuratzeko, izan ere —Rodrigo Rodriguez Garrazaren arabera—, «Godoyri komeni zitzaion Gipuzkoak foruen alde erakusten zuen erresistentzia handiagoa higatzea eta Nafarroari laguntzea, bere helburuekin errazago moldatzen zelako». Fragatako kapitain kargura igo zen 1805ean, eta 1807an argitaratu zuen Im- portancia de la historia de la marina española lana eta Pero Niño (1807) eta Juan Jose Navarro (1808) itsasgizonen biografiak. Azken urte horretan berean argitaratu zuen, gainera, La instrucción pública, único y seguro medio de la prosperidad del estado izeneko lana. Jean-Baptiste Torchet de Boismêlé abokatuaren Historia general de la marina de todos los pueblos izeneko lana itzuli zuen gaztelaniara, eta espainiar frantsestuen erregimenari lagundu zion Instrukzio Publikoko Batzordetik. Harentzat idatzi zuen Txosten ga- rrantzitsu bat, 1810eko urriaren 3an.
Interes frantsesak alde batera utzita, Cadizko Gorteetako Instrukzio Publikoko Batzordeko kide izan zen (Martin Gonzalez Navas, Eugenio Tapia, Diego Clemencin, Ramon Gil de la Cuadra eta Manuel Jose Quintanarekin batera) eta Quintana txostena sinatu zuen 1813ko irailean. 1812an Diario Militar egunkaria sortu zuen, eta 1813an argitaratu zuen Madrilen El peso-duro. Urte hartan sartu zen Historiako Errege Akademian, eta hainbat aldiz izan zen haren zuzendari.
Diputatu liberala izan zen Madriletik 1813an, eta 1814ko erreakzioak Sevillan konfinatu zuen. Han, Indietako Artxiboan lan egin zuen, eta Cadizen ere bai, han argitaratu baitzuen El Tontorontón y El Varapalo 1818an, eta aprobetxatu zuen argitaratzeko Estudio sobre la vida y obras de don Alonso de Ercilla izeneko azterlana. 1820an, berriro ere diputatua zela, hainbat irizpen argitaratu zituen urte hartan, eta Los ilustres haraganes, o Apología razonada de los mayorazgos izeneko lana ere bai.
1821ean hil zen, lan ugari argitaratu gabe utziz, nahiz haietako asko ondoren argitaratu ziren. Jakinmin intelektual eta lanerako gaitasun handiko gizona zen, obra izugarri handia egin zuena, eta horrez gain, Itsas armadaren ordenantza berrien idazketan esku hartu zuen, eta Historiako Errege Akademiaren berrantolaketan. Melchor Gaspar Jovellanosen ondoan lan egin zuen hezkuntza gaietan, eta lagunak izan zituen hainbat intelektual, besteak beste Juan Agustin Cean Bermudez, Villanueva, Nicolas Azara eta Goyaren inguruko jendea. Margolariak erretratua egin zion 1805ean eskurik gabe, berariaz hark eskatuta (ez omen zuen ordaindu nahi horrek eskatzen zuen aparteko prezioa). Poeta satiriko gisa, ezkontzaren aurkako diskurtsoak eta poema lizunak idatzi zituen, esaterako, Lo que es y lo que será.
Euskal Herriarekin harreman estua izan zuen, batik bat Gipuzkoarekin, bi aldiz bisitatu baitzuen (1800ko maiatza eta 1807ko udaberria bitartean). Juan Manuel Abascalek eta Rosario Cebrianek Vargas Ponceren eta Errege Akademiaren arteko loturari buruz egin duten azterlan bikainak erakusten du, ia egunez egun, haren ibilbidea Gipuzkoan, garai hartan, «Itsas armadaren Idazkaritzan zituen lagunek Kataluniatik kanpo nahi zuten [han baitzegoen] eta bazekiten Madrilen ez zuela nahi balidoak [Godoy]. Beraz, proposatu zioten, eta hark onartu zuen, iparraldeko probintzietara joatea hango artxiboak arakatu eta itsas armadaren historia osatzeko dokumentuak bilatzen jarraitzeko aginduarekin», izan ere, horixe zen Historiako Errege Akademiak emandako aginduaren azken xedea.
1800eko uztailaren amaierarako, Vargas Ponce Donostian zegoen, eta irailean hasi zen hango artxiboak arakatzen. 1803ra arte egon zen Gipuzkoan, eta 117 udal artxibo bisitatu zituen, baita Artxibo Nagusia ere. Gure egileen esanetan, «herri hau alderdi guztietatik sakon ezagutu nahirik, ez da herririk, ez mendirik, ez ibairik ere, ongi aztertu gabe utziko zuenik. Haren geografia, historia eta ekonomia politikoa osatzeko milaka eta milaka dokumentu bildu zituen, liburuki izugarri lodietan jasotzen direnak». Sei hilero jakinarazten zituen bere lorpenak eta dokumentu nagusien garrantzia, eta ondorioz, «zati horiek, egoki antolatuak, aurkibide estimagarria osatzen dute beren bilduma diplomatikoagatik, gaur 284tik gora liburukiz osatua folio tamainan, haien aurkibidea ere ongi osatua dela, piezaz pieza, beste hainbeste liburukitan, 8.ean». Eta zeregin horretan, Vargas Poncek funtsezko lana egin zuen, izan ere, hasieran interesatzen zitzaizkion dokumentuen edukia jasotzen lan egitea erabaki bazuen ere, laster bere lan egiteko era aldatu zuen eta agirien kopia edo transkripzio zehatza jasotzen hasi zen, bertako idazkari eta kopiatzaileen laguntzaz.
Bere agindua betetzeko hilabete ugari eman zituen dokumentuak kopiatzen, gehienak XVII. mendekoak, eta haren hitzetan «Itsas Ministerioa harro egon daiteke bere artxiboan duen gordailua inon den oparoena delako gauza zaharretan». Hilabete haietan Vargas Poncek lotura estuak izan zituen garai hartako historialari batzuekin, besteak beste, Juan Antonio Mogel euskal-iberistarekin, Errenteriako Jose Ignazio Gamon apaizarekin, Peñafloridako kondearekin eta Lardizabal familiarekin.
1802ko ekainerako Donostiatik alde egin zuen, eta Tolosan ezarri zen, non kopiatu zituen Artxibo Probintzialeko dokumentu ugari «ez nire bularraren eta begien atsekaberik gabe». Donostian aldi labur bat egin ondoren, Getariara joan zen abuztuan, eta irailera arte lan egin zuen hango artxiboa bere eskuz kopiatzen. Berriz ere Donostian aldi labur bat egin eta Zumaia, Deba, Zarautz eta Mutrikura joan zen, baina ez omen zuen gauza handirik aurkitu han.
Berriro ere Donostiara joan zen, lortutako materialak antolatzera, eta haiekin osatu zituen gaur egun neurri batean kontserbatzen diren serieak.
Aldi batez egon zen Errenteriako artxiboan, eta Gipuzkoako artxiboen azterketa amaitzeko bisitatu nahi zituen Bergara (uztailetik irailera), Eibar, Elgoibar, Orio (urrian) eta Azkoitia. 1803rako 117 artxibo bisitatu zituen, eta horrek kalte larriak eragin zizkion osasunean. 1803ko amaieran Madrilera itzultzeko baimena eman zitzaion, Historia de la Marina Española lanari buruzko azterketarekin jarraitzeko asmoz, Arandako kondeak 10 urte lehenago onartutako planaren arabera. Gipuzkoan egin zuen lehen aldi hartan idatzitako azken eskutitza Azpeitian idatzi zuen, 1803ko abenduaren 7an.
Madrilera itzulita, zenbait eginkizun bete izan zituen, batik bat, Estatu Mi- nisterioaren aginduz, gazteen hezkuntzaren inguruan eta apaizgaitegien eraikuntzan (haren bidez ezarri zen Bergarako Apaizgaitegiko solairu berria), Bidasoa ibaiaren gaineko jabetzaren inguruan (Frantziak ezbaian jarria) eta Pasaiako portuaren arazoaren inguruan (hango dokumentu batzuk 13.000 orri- tik gorakoak ziren). Gainera, ikerketa garrantzitsuak egin zituen Hondarribiaren eraberritzearen inguruan, eta orobat, oso garrantzitsua izan zen Gipuzkoako demografia aztertuz 1701 eta 1800 bitartean egin zuen lana. Ikerketak egin zituen Juan Sebastian Elkano, Colon eta Magallaesen inguruan, eta zuzeneko harremana izaten zuen Indietako Artxibo Orokorreko (Sevilla) artxibo-zain Cea Bermudezekin. Horiek guztiek, gehi Historiako Errege Akademiaren Zuzendaritzak, nahiko eginkizun eman zioten gure egileari urte haietan.
Baina Euskal Herriko adiskide eta berriemaileen txostenak eta dokumentuak jaso ahala (Gipuzkoaren historia osatu nahi zuen haiekin, baina ezin izan zuen burutu) eta langile nekaezinaren ospea zabaltzen ari zelarik (Nobleen Apaizgaitegiko zuzendari kargurako proposatu zuten, erregearen onespenarekin), Godoyk berriro ere atera zuen Madriletik eta Bizkaia eta Nafarroara bidali zuen, (1805eko maiatzaren 27ko errege aginduz), Pasaiari buruz Itsas Armadaren bide erreserbatutik Erregearen eskura jarritako planak gauzatzeko aitzakiarekin.
Euskal lurraldeetara etortzeko bigarren bidaia horri 1805eko ekainaren 6an ekin zion. Bidaia hartan Hondarribian eman zuen denbora luzea, agiri ugari, askotakoak eta garrantzitsuak, eskuratuz. Pasaiara joan zen, bere eskutik egiteko Donostia hiriarekiko mugen zedarritzea, eta abuztuaren amaieran Iruñera joan zen, bidean bi eguneko geldialdia eginez Tolosan, osasuna suspertzeko.
1806ko ekainerako berriro ere Hondarribian zen, han finkatu zuen bizi- lekua, eta berriro ere Pasaiako auziari heldu zion, ez baitzen guztiz konponduta, eta horretarako hainbat aldiz itzuli zen Iruñera. Azkenik, 1807ko ur- tarrilaren 15eko errege aginduaren bidez, bere eginkizunetik kendu zuten (Pasaiari buruzko auzia ebatzi gabe) eta Madrilera abiatu zen maiatzeko lehenengo hamabostaldian.
Era horretan amaitu zen euskal lurraldeetan egin zuen azken egonaldia. Beraz, bere bizitzako zenbait urte, bete-beteak, eman zituen lurralde hauetan, baina era berezian Gipuzkoan. Herrialdeari eta hango jendeari eskaini zizkien bere lanik garrantzitsuenetako batzuk, eta aitzindari izan zen haren artxiboen antolamenduan, non agiri nagusien kopiak egin zituen. Haietako asko Madri- lera eraman zituzten, eta Historiako Errege Akademian gorde, jatorrizko agiri ugarirekin batera. Hark egindako kopiak «gaur ordezkaezinak dira jatorrizko agiri batzuk galdu direlako». Gipuzkoaren kronista Karmelo Etxegaraik gore- tsi zuen haren lana «hark egindako agiri laburpenak garrantzitsuak dira oso, haietan subjektibotasuna sumatzen bada ere». Material horiek guztiak Historiako Errege Akademiaren eskuetan jarri ziren, eta gaur egun Vargas Ponce Bilduma osatzen dute. Bilduma horretatik, Gipuzkoarentzat bereziki garrantzitsuak dira 14. liburukia, (9-4187) eta hurrengoak, gutxienez 36.eraino (9-4209), haietan, herriz herri antolatuak, gordetzen direlako Gizpuzkoaren historia osatzeko ezinbestekoak diren agiri anitz.
Obrak
Rivadeneyraren Biblioteca de Autores Españoles, liburutegiaren 67. Liburukian haren lan inprimatuen eta eskuizkribuen katalogo bat gordetzen da. Aipagarriak dira.
Obras escogidas (Fernando Durán Lópezen argitalpena, hitzaurrea eta oharrak), Sevilla: José Manuel Lara Fundazioa (Clásicos Andaluces), 2012.
Haren lan argitaragabeen artean, Euskal Herriaren historia hurbiletik ukitzen dutenak honako hauek dira:
Disertación histórica sobre el río Bidasoa con su plano.
Informe histórico-político de cuanto contiene el puerto de Pasajes, y sus incidencias desde el siglo XIII.
Disertación histórico-legal que prueba el legítimo y no alienado derecho de España a la posesión y pesquería de Terranova.
Vida de Juan Sebastián de Elcano. Vida de los tres generales Oquendos.
Bibliografia
ABASCAL, J. R. eta CEBRIÁN, R., José Vargas Ponce (1760-1821) en la Real Academia de la Historia, Madril: Historiako Errege Akademia, 2010.
ANES ÁLVAREZ DE CASTRILLÓN, G., José Vargas Ponce. Estudios de vitalidad y mortalidad en Guipúzcoa en el siglo XVIII, Madril: Historiako Errege Akademia, 1982.
AYERBE IRÍBAR, M.ª R., El Doctor Camino en la Real Academia de la Historia: El Libro Becerro de San Sebastián (Códice del siglo XV) y el Inventario de papeles del Archivo del Monasterio de San Bartolomé de San Sebastián, Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 49 (2016), 653-680. orr.
DURÁN LÓPEZ, F., José Vargas Ponce, 1760-1821: Ensayo de una bibliografía y crítica de sus obras, Cádiz: Cadizko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 1997.
RODRÍGUEZ GARRAZA, R., Fuerismo, liberalismo y carlismo en la sociedad vasca (1770-1841), Euskal Herriaren historiari buruzko biltzarra, Donostia: Txertoa, 1988,
4. libk., 301-330. orr.
MARTÍNEZ NAVARRO, A., Las ideas pedagógicas de José Vargas Ponce en la Junta creada por la Regencia para proponer los medios de proceder al arreglo de los diversos ramos de la instrucción pública (ca. 1813), Historia de la Educación [Internet]. 2010ko martxoaren 10a. Eskuragarri hemen: http://revistas.usal.es/index.php/0212-0267/article/view/6877
SEOANE FERRER, R. [Marqués de Seoane], Correspondencia epistolar entre don José de Vargas y Ponce, y don Juan Agustín Ceán Bermúdez, durante los años 1803 a 1805, existente en los archivos de la Dirección de Hidrografía y de la Real Academia de la Historia, Alacant: Miguel de Cervantes Liburutegi Birtuala, 2007. Argitalpen digitala, Boletín de la Real Academia de la Historia. Tomo 47 (1905) oinarritzat hartuta, 5-60. orr. (Gipuzkoako herrietara egindako bisitetan ikusi zituen artelanei buruzko xehetasunez hornitua).
URRUTIKOETXEA LIZARRAGA, J. G., «José de Vargas Ponze y Guipúzcoa, precursores de la demografía histórica», Lurralde, 5 (1982), 145-170. orr.
ZAPIRAIN KARRIKA, D., Pasaia 1805-2005. 200 años de unidad. Con el informe de José Vargas Ponce (julio de 1804) transcrito y anotado por Juan Carlos Mora Afán, Pasaia: Udala, 2005.
ZUFIRÍA, J. de, «Documentos curiosos. Vargas Ponce en Guipúzcoa», Euskalerriaren Alde, 5 (1915), 475-476. orr.





