Karguak eta lanbideak
Ingeniari industriala, politikaria eta San Telmo Museoko zuzendaria
Ibilbidea
Francisco Lertsundi Hormaetxea militar isabeldarraren iloba izan zen. Osaba Ministroen Kontseiluko presidentea ere izan zen, 1853an. Fernandoren gurasoak Modesto Valle Iznaga (diputatu eta senatari kubatarra Gorteetan) eta Isabel Lertsundi Blanco Lersundiko kondesa izan ziren.
Fernando Valle Lertsundi, 1913tik, Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea zen eta, era berean, Gipuzkoako Monumentuen Batzordeko (1919) eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (1915) kidea.
Bai aipatu erakundeetan, bai 1918an sortutako Eusko Ikaskuntzan, historiarekin eta artxiboak antolatzearekin lotutako gaiez arduratu zen. Lan idatzietan, gehienbat, euskal leinuak eta pertsona ospetsuen genealogiak jorratu zituen; bereziki, Amerikaren kolonizazioari lotutakoak.
Alkate monarkikoa izan zen bere jaioterrian, hiru alditan: 1931n, 1934-1936an eta 1938-1940an. 1931ko apirilean, Bigarren Errepublikaren aldarrikapena zela eta, manifestu bat argitaratu zuen bere irizkideak Euzko Alderdi Jeltzalean sar zitezen premiatuta. EAJ, ordea, estrategia haren aurka agertu zen.
1938ko otsailaren 12an, Donostiako agintari frankista berriek San Telmo Museoko zuzendari izendatu, eta 1950era arte egon zen karguan. Lehenagotik ere, museoko patronatuari lotua egon zen.
Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa sortu zuen Oñatin, 1942ko uztailaren 10ean. Bada, Fernando huraxe sortzeko gestioetan parte hartu zuen.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea birsortu zela eta, 1943ko apirilean erakunde horretako presidenteorde izendatu zuten eta, 1961-1963 biurtekoan, presidente gisa jardun zuen.
Obrak
(Hautaketa).
«Adiciones al nobiliario de Lizaso», Euskal-Erria, LXIV (1911), 71-74, 125-129, 257-264, 318-320. or., LXV (1911), 411-415. or. (faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1979).
«Apuntes para un nobiliario de Guipúzcoa», Euskal-Erria, LXVIII (1913), 243-246, 310- 314. or., LXXII (1915), 378-383. or. (faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1979).
Juan de Garay, natural de Gordejuela, Buenos Aires: Unibertsitateko inprimategia, 1932.
LAFUENTE, R.-rekin, Irala: algunos documentos inéditos relativos al gobernador Domingo Martínez de Irala, a sus padres y hermana, Madrid: Tip. de Archivos, 1932.
«El origen de Cristóbal Colón», Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos, XX (1969), 103-121. or.
Bibliografia
GARCÍA ELOSUA, E., «Fernando del Valle Lersundi: un debarra polifacético», Deba, 89 (2014), 42-55. or.
ITURRIAK
DONOSTIAKO UDAL ARTXIBOA eta SAN TELMO MUSEOA.





